Gerra Soziala

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aliatuen Gerra» orritik birbideratua)
Gerra Soziala
Italiar penintsula K.a. 100 aldean
DataK.a. 91-K.a. 88
LekuaItaliar penintsula
EmaitzaErromaren garaipen militarra, italikoen eskaera batzuk onartu ondoren.
Gudulariak
Erromatar Errepublika Aliatu italikoak
Buruzagiak
Publio Rutilio Lupo
Ponpeio Estrabon
Luzio Julio Zesar
Luzio Kornelio Sila
Kaio Papio Mutilo
Kinto Popedio Silo
Indarra
175.000 soldadu 130.000 soldadu

Gerra Soziala[1] edo Aliatuen Gerra[2] (latinez: Bellum Sociale) gatazka armatu bat izan zen, K.a. 91 eta K.a. 88 bitartean gertatutakoa, aurrez aurre jarri zituena Erromatar Errepublika eta haren aliatu italikoak, erromatar hiritartasun eskubidea lortu nahi zutenak.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Gerra Punikoa (K.a. 264-241) amaitu zenetik, Erromaren aginpidearen mende zegoen Italia. Bertako herri eta hiri anitz Erromaren aliatuak (latinez: socii) ziren, baina ez zuten eskubiderik erromatar hiritartasuna (latinez: ius civitates) edukitzeko. Mendekotasun horrek ondorioak zituen, besteak beste, epaiketetan, zergen ordainketan edota lur publikoen (latinez: ager publicus) erabileran. Bestalde, herri aliatuetako tropa laguntzaileak funtsezkoak ziren erromatar armadarentzat,[3] baina Erromak jasotzen zituen kanpaina militarretako onurarik handienak.[4]

K.a. 95ean, Licinia Mucia legea onartu zen, erromatar hiritartasuna lortzeko ustez iruzur egin zutenen aurkakoa. Horren ondorioz, italiar ugariri hiritartasuna kendu zitzaien, eta haien nahigabea areagotu zen. K.a. 92an, Marko Livio Druso aukeratu zuten plebearen tribuno. Hark erreforma sorta bat prestatu zuen egoera politikoa baretzeko, adibidez nekazaritzaren erreforma sakona, aristokraziak errefusatu zuena. Horrezaz gain, italiar aliatu guztiei erromatar hiritartasuna eskaintzea proposatu zuen, baina Senatua eta plebea aurka atera ziren.[4] K.a. 91ko urrian Druso bere etxean erahil zutenean, italiar aliatuak matxinatu ziren.

Gerraren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marsiar federazioaren denarioa.

Kinto Popedio Silo marsiarra eta Kaio Papio Mutilo samnita buru zirela, hirpinoak, lukaniarrak, marsiarrak, samnitak eta pizenoarrak Erromaren aurka altxatu ziren; 100.000 gizoneko armada eratu zuten, erromatar legioen antzera antolatua, eta Italia izeneko errepublika independentea aldarrikatu. Corfiniumen ezari zuten hiriburua, Erromatik ekialdera, senatuarekin eta txanpon propioa egiteko eskumenarekin. Gerraren hasieran, matxinada hedatzen saiatu ziren, bai hegoaldean, bai iparraldean, Lazio bakarturik uzteko.[4]

Erroma, berriz, armada berreraki beharrean gertatu zen eta, herri aliatuetako tropa laguntzaileez gabeturik, Sizilia, Galia, Hispania eta Afrikako soldaduak bildu zituen, erromatar hiritarrez osatutako 14 legiorekin batera. Publio Rutilio Lupo kontsulak iparraldera jo zuen, marsiarren eta pizenoarren kontra borrokatzera. Fronte horretan, Asculum inguratzea eta hartzea izan zuten xede nagusi, eta Ponpeio Estrabonen gain gelditu zen egiteko hori. Aldi berean, Etruriarako bidea itxi zieten marsiarrei. Erromako beste kontsulak, Luzio Julio Zesarrek, hegoaldean egin zien aurre samnitei, Campaniara hurbil ez zitezen.[4]

K.a. 90ean, erromatarrek desegigo batzuk pairatu zituzten. Iparraldean, Rutilio Lupo Liri ibaiko guduan hil zen, eta Ponpeio Estrabonek ezin izan zuen Asculum hartu. Hegoaldean, Nola eta Aesernia italikoen esku erori ondoren, Lukaniako, Apuliako eta Campaniako hiri gehienek bat egin zuten matxinoekin. Alabaina, Umbriak eta Etruriak neutral iraun zuten. Horiek horrela, lege batzuen bitartez, Erromak hiritartasuna lortzeko bidea ireki zien latinoei eta italikoei. Horren ondorioz, hiri italiko batzuk Erromaren aldera lerratu ziren. Hori erabakigarria izan zen gerraren bilakaeran.[4]

K.a. 89an, aipatutako legeak indarrean jartzearekin batean, Erromak ofensibak abiarazi zituen iparraldean eta hegoaldean. Batetik, Ponpeio Estrabonek Asculum hiria bereganatu zuen. Bestetik, Silak Bovianum, estatu italikoaren hiriburu berria, hartu zuen. Horren ondoan samnitek gerrari eutsi zioten arren, K.a. 88an azpiratuak izan ziren.[4]

Erromaren kontzesioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aliatuek, garaituak izan arren, euren xedea lortu zuten, italikoei erromatar hiritartasuna ematen zieten hiru lege onartu baitziren.

  • Lex Iulia de civitates latinis et sociis danda (K.a. 90). Erromak hiritartasuna eman zien leial iraun zuten eta hala eskatu zuten hiri italikoei. Lege honi esker, umbriarrak eta etruriarrak Erromaren alde jarri ziren.
  • Lex Plautia Papiria (K.a. 89). Erromak italiko guztiei eman zien hiritartasuna, baita altxatutakoei ere, bi hilabeteko epean pretorioaren erregistroetan izena ematen bazuen.
  • Lex Pompeia de Transpadanis (K.a. 89), latindar eskubidea Galia Zisalpinako hiri guztiei eman ziena. Po ibaiaren iparraldera zeuden hiriek jaso zuten onura, artean ez baitzuten eskubide hori.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Tazito. Analak eta Historiak I - Seigarren liburua. Itzultzailea: Xabier Amuritza; Klasikoen Bilduma, eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2021-1-12).
  2. Álvarez Pérez-Sostoa, Denis. Esklabo-iraultzak erromatar errepublikaren krisialdian: gizarte-gatazken eredu bat. Uztaro, 36 (2001), 25-39. or. (Noiz kontsultatua: 2021-1-12).
  3. García Soto, Itziar. Antzinako Erroma. Latina/Kultura Klasikoa, DBHKo 3.eta 4.maila, klasikoa.eimakatalogoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-13).
  4. a b c d e f Martinez Errondosoro, Aritz. Cuestión itálica y la Guerra de los aliados. Historiako Gradu Amaierako Lana, 2014-2015; zuzendaria: Antonio Dupla Ansuategui, addi.ehu.es (Noiz kontsultatua: 2021-1-13).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]