Alice Liddell

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alice Liddell

Bizitza
JaiotzaWestminster1852ko maiatzaren 4a
Herrialdea Erresuma Batua
BizilekuaCuffnells (en) Itzuli
HeriotzaWesterham (en) Itzuli1934ko azaroaren 16a (82 urte)
Hobiratze lekuaChurch of St Michael and All Angels (en) Itzuli
Familia
AitaHenry Liddell
AmaLorina Reeve
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakmodeloa eta argazki-modeloa

Find a Grave: 8716 Edit the value on Wikidata

Alice Pleasance Liddell Hargreaves Taylor (Westminster, 1852ko maiatzaren 4aKent1934ko azaroaren 15a) haurtzaroan Lewis Carrollen laguna izan zen eta Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian zein Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena liburuetarako bere inspirazio iturria.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alice Lidell (eskubian) Edith eta Lorinarekin
Alice Liddell 20 urterekin
Alice 80 urterekin

Alice Liddell Henry Liddell eta Lorina Hannahren laugarren alaba izan zen. Bere aita 36 urtez Oxfordeko Christ Churcheko deana izan zen. Alice baino nagusiagoak ziren bere anaia Harry (1847an jaioa) eta Arthur (1850an jaioa eta 1853an hila) eta Lorina izeneko ahizpa zaharra, 1849an jaioa. Aliceren ostean beste sei alaba izan zituzten, horietako bat, Edith, Aliceren lagunmina.

Alice jaio zenean bere aita Westminster Schooleko deana zen, baina laster Oxfordera mugitu ziren bizitzera, Alicek lau urte zituenean. Oxforden bizi zirela Liddell familiak harremana egin zuen Charles Lutwidge Dodgsonekin (ezagunagoa bere literatura izenagatik: Lewis Carroll), Christ Churchen irakasle zena. Dodgson eta Alice Liddell lehenengo aldiz 1856ko apirilaren 25ean ezagutu ziren, neskak oraindik lau urte ez zituela[1].

Charles Dodgson eta Liddell familiaren arteko harremana urtetan zehar hedatu zen, bereziki Alice, Lorina eta Edith umeekin. Hauen argazki asko egin zituen Dodgsonek, argazkilariaren maitalea baitzen, eta Oxford inguruan askotan joaten ziren txangoak egitera. Alicek horrela aipatzen zituen paseo horiek:

« Dodgson jaunaren ipuinetako asko Oxfordetik gertu egiten genituen ibaiko txangoetan kontatu zizkigun. Uste dut Aliceren hasiera udako arratsalde batean kontatu zigula, egun bat non Eguzkia hain zen beroa, ezen ibaian behera zeuden larre batzuetan lehorreratu ginela eta sortu berria zen belar-meta baten ondoko itzaletan gorde ginela. Han, hirurok errepiaktu genuen gure esaldi zaharra: kontaiguzu istorio bat, eta horrela hasi zuen bere kontakizuna, beti gozagarri. Batzuetan, gu amorrarazteko edo benetan nekatua zegoelako, Dodgson jauna bat-batean gelditzen zen eta esaten zigun: hau da dena, hurrengorarte: ah, baina hau da hurrengo aldia!, esaten genuen hirurok aldi berean, eta bera konbentzitzeko hainbat tentaldiren ostean, narrazioak aurrera egiten zuen berriro ere »


Txango hauetan Dodgsonek, Alicek hala eskatuta, ondoren Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian bilakatuko zenaren lehen bertsioa sortu zuen. Idatziz 1863ko Gabonetan oparitu zion Aliceri. Hala ere, oparia jaso aurretik, ezezaguna den arrazoiren batengatik, Dodgson eta Liddell familiaren arteko harremanen izozte bat gertatu zen. Hortik aurrera Alice eta Dodgson noizbehinka baino ez ziren elkar ikusi. 1892ra arte elkarri gutunak idazten zizkioten[1].

Alice txikia zenean "Penmorfa" izeneko etxe baten ematen zituen oporrak, Llandudnoko kostaldean, Gales iparraldean. Lorina ("Ina") Liddell 1874an ezkondu zen. 1876ko ekainaren 30ean Edith hil zen, peritonitis baten edo elgorriaren ondorioz.

Alice Leopoldo Printzearen lagun egin zen honek Christ Churchen ikasten zuen bitartean. Biografia ezberdinen arabera Leopoldok interes erromantikoa zuen Alicerengatik, baina hau ez da ziurra. Beste iturri batzuek diote benetako interesa bere ahizpa Edithek sortzen ziola. Izan ere Viktoria Erreginaren semea Alemaniako Helena Waldeck eta Pyrmontekoarekin ezkondu zen. Hala ere euren lehen alabari Alice izena jarri zioten eta Alice Liddellen lehen semeari Leopold. Leopolden aitapuntakoa Leopoldo Printzea izan zen. Edithen heriotzean ere, Leopold gorpua eraman zuenetako bat izan zen[2].

Christ Churcheko beste ikasle batekin ezkondu zen Alice, Reginald Gervis Hargreaves, enpresario baten semea. 1880ko irailaren 15ean ezkondu ziren Westminster abadian. Alice goi sozietateko emakume bilakatu zen, Hampshireren zuten Cuffnells etxean errezepzioak eginez. Emery Downeko Emakumeen Institutuko lehenengo lehendakaria izan zen[3]. Hiru seme izan zituzten: Alan Knyveton Hargreaves, Leopold Reginald "Rex" Hargreaves eta Caryl Liddell Hargreaves. Lehenengo biak Lehen Mundu Gerran hil ziren. Reginald Hargreaves 1926ko otsailaren 14an hil zen. Semerik txikienarekin bakarrik geratu zen, bizitza garestiaren zalea, eta etxe handi batekin, gastu handiak ematen zituena. Alicek 1863an Lewis Carrollek oparitutako eskuizkribua saldu zuen, 15.400 Libera esterlina lortuz salmenta horrengatik. Erosketa A.S.W. Roschenbachek egin zuen, eta honek Eldridge R. Johnsoni saldu zion ondoren. Johnsonek Columbia Unibertsitatean publikoki erakutsi zuen Lewis Carrollen jaiotzaren mendeurrenean, 1932an.

Columbiako Unibertsitateak Alice Liddell ospakizun honetara gonbidatu zuen. Alicek jada 80 urte zituen, baina AEBra bidaia egin zuen bere ahizpa Rhoda eta bere seme Carylekin batera. Unibertsitateak honoris causa doktoretza eman zion. Bidaia honetan Peter Llewelyn-Davies ezagutu zuen, James Matthew Barriek Peter Pan idazteko erabili zuen inspirazioa.

1934ko azaroaren 16an hil zen, Westerhamen alokatutako etxe batean. Bere familia etxea, Cuffnells, hotel bilakatu zen bere heriotzaren ostean eta eraitsi egin zuten Bigarren Mundu Gerraren ostean.

Jatorrizko eskuizkribua AEBko bilbiofilo elkarte batek erosi zuen Eldridge R. Johnson hil ostean eta britainiar herriari oparitu zioten "Hitler bere lekuan denbora luzez laguntzarik gabe mantendu zuen herri noblearekiko eskertza gisa". Gaur egun British Museumeko Liburutegian dago[1].

Lewis Carrollekin harremana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alice Liddellen argazkia, Lewis Carrollek egina

Liddell eta Dogsonen arteko harremanak hainbat eztabaida piztu ditu. Biografo batzuen arabera Dodgsonek interes sexuala izan zezakeen umearekiko, baina ez dago honen inguruko ebidentziarik[4]. Dodgsonek Liddell familia ezagutu zuenean 1855an lehenengo Harry anaia nagusiarekin egin zuen harreman ona, eta ondoren Harry eta Lorina eramaten zituen ontzian ibaian txangoak egitera[1]. Harry eskolan hasi zenean Edith eta Alice gehitu ziren txangoetara. Dodgsonek ipuinak kontatzen zizkien, askotan fantastikoak. Bere hobbyetako bat argazkilaritza zen, eta ohikoa zen euren argazkiak egitea[5]. Aliceri batez ere argazkiak egiten zizkiola aipatu izan da, baina ez dago inongo frogarik. Dodgsonen egunerokoan haserrea eragin zuten datetako orrialdeak falta dira[6].

1863ko ekainean Liddell familiaren eta Dodgsonen arteko harremana bat-batean eten zen. Ez dakigu arrazoia, eta familiak ez zuen inoiz gaiaren inguruko aipamenik egin. Biografoen espekulazioek diote 11 urte zituen Alicerekin ezkontzeko eskaria egin ziola familiari[1], baina, berriro ere, espekulazioaren eremuan esandako esaldiak dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Cohen, Morton N. (1998-01-01). Lewis Carroll. Anagrama ISBN 8433907808. (Noiz kontsultatua: 2017-05-04).
  2. (Ingelesez) Zealand, National Library of New. Papers Past | Nelson Evening Mail (Nelson Evening Mail, 1876-09-22). (Noiz kontsultatua: 2017-05-04).
  3. (Ingelesez) Southern Life – Latest News Around the World. (Noiz kontsultatua: 2017-05-04).
  4. (Ingelesez) Douglas-Fairhurst, Robert. (2015-01-01). The Story of Alice: Lewis Carroll and the Secret History of Wonderland. Harvill Secker ISBN 9781846558610. (Noiz kontsultatua: 2017-05-04).
  5. Lewis Carroll (Charles Lutwidge Dodgson) Photography Collection. (Noiz kontsultatua: 2017-05-04).
  6. The Lewis Carroll Society Website - Charles Dodgson's Diaries. (Noiz kontsultatua: 2017-05-04).