Alice Neel

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alice Neel

Bizitza
JaiotzaGladwyne (en) Itzuli1900eko urtarrilaren 28a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaNew York1984ko urriaren 13a (84 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Carlos Enríquez Gómez (en) Itzuli  (1925eko ekainaren 1a -
Hezkuntza
HeziketaMoore College of Art and Design (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, litografoa eta argazkilaria
Lantokia(k)Habana
Grezia
Errusia
Colwyn (Pennsylvania)
Filadelfia eta New York
Jasotako sariak
KidetzaAmeriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia
Works Progress Administration (en) Itzuli
Mugimenduaespresionismoa
anarkismoa
Errealismo soziala
Genero artistikoaerretratua
izadi hila
paisaia margolaritza
allegory (en) Itzuli
genero-margolana
biluzia
erretratua
hiri-paisaia
aliceneel.com
IMDB: nm0624156 Edit the value on Wikidata

Alice Neel (Merion Square, Pennsylvania, 1900eko urtarrilaren 28a - New York City, 1984ko urriaren 13a) estatubatuar artista bisuala izan zen. Bere koadroek lerroaren eta kolorearen erabilera espresionistagatik, zorroztasun psikologikoagatik eta intentsitate emozionalagatik nabarmentzen dira. Bere lanetan emakumeak begirada femenino batetik irudikaturik daude, eta gizonaren aldetik jasaten duten objektu bihurtzearen eta begirada maskulinoaren efektu desmoralizatzailearen jakitun dirudite.[1] Neelen lanak bere aurrekari maskulinoek sorturiko emakumeen irudikapen tradizional eta objektibatuak desafiatzen ditu[1] Barry Walkerrek, 2010ean Neelen lanaren atzera begirako erakusketa antolatu zuen Houstongo Arte Ederren museoko arte moderno eta garaikidearen kontserbatzaileak, adierazi zuen Neel "XX. mendeko erretratugile handienetako bat" zela.[2]

Bizitza eta lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alice Neel 1900eko urtarrilaren 28an[3][4] jaio zen Merion Square-n, Pennsylvanian. Bere aita George Washington Neel izan zen, Pennsylvaniako Trenbideko kontularia, eta bere ama Alice Concross Hartley Neel.[5] 1900. urtean bere familia Colwynera (Pennsylvania) joan zen bizitzera.[5] Bere anaia-arrebak Hartley, Albert, Lillian, Alice eta George Washington Jr ziren.[5] Hartley neba nagusia, zortzi urte besterik ez zituela, difteriaz hil zen Alice jaio eta gutxira.[6] Klase ertaineko familia zuzen batean hazi zen, emakumeentzako itxaropenak eta aukerak mugatuak ziren garai batean.[3][7] Bere amak honela esan zion: "Ez dakit zer egitea espero duzun munduan, neska bat besterik ez zara".[7]

1918an, institutuan graduatu ondoren, administrazio publikoko azterketetara aurkeztu zen eta ondo ordaindutako administrari lanpostu bat lortu zuen, gurasoei ekonomikoki laguntzea ahalbideratu ziona.[8] Neel hiru urtez egon zen lanean eta, aldi berean, gauez arte eskolak hartzen Filadelfian. Ondoren, 1921ean, Filadelfiako Emakumeentzako Diseinu Eskolako arte ederren programan matrikulatu zen (gaur egungo Moore College of Art & Design).[9] Bere ikasle lanetan inpresionismoa, garaiko estilo entzutetsuena, baztertu zuen eta, horren ordez, Ashcan Eskola errealistaren jarraitzaile bihurtu zen. Antza denez, eragin hau Ashcan Eskolako figurarik nabarmenetako batetik zetorkion, Robert Henri, Filadelfiako Emakumezkoen Diseinu Eskolan ere irakasten zuena.[10] Diseinu Eskola horretan (gaur egungo Moore College of Art and Design), bere margolaritza klasean bi urtez jarraian lortu zuen ohorezko aipamena Francisca Naiade Balano sarirako. 1925ean, Neelek pinturarik onenaren Kern Doge saria jaso zuen.[11] Filadelfiako Emakumeentzako Diseinu Eskolan graduatu zen 1925ean.[3][7] Neelek esan ohi zuen neskentzako eskola batera joatea aukeratu zuela, arteak eskaini behar zion arreta ez galtzeko beste sexuaren tentazioekin.

Kuba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1924an, Neelek Carlos Enríquez, goi mailako klaseko margolari kubatarrra, ezagutu zuen PAFA - Pennsylvania Academy of the Fine Arts (Peensylvaniako Arte Ederretako Akademia) museoak zuzendutako Chester Springs-eko udako eskolan.[4] Bikotea 1925eko ekainaren 1ean ezkondu zen Colwynen, Pennsylvanian,[9] eta Neel segituan joan zen Habanara[3][7] Enríquezen familiarekin bizitzera. Habanan, Kubako abangoardia berriak, idazle, artista eta musikari gazte talde batek, abegi ona egin zion Neeli. Inguru hartan, Neelek bere kontzientzia politikoaren oinarriak eta bizitza osoko berdintasunarekiko bere konpromisoa garatu zituen.[12] Neelek geroago esan zuen bere lehen bakarkako erakusketa Habanan egin zuela, baina ez dago hori baieztatzen duen datarik edo tokirik. 1927ko martxoan, Neelek bere senarrarekin erakusketa bat egin zuen Arte Ederren XII. Aretoan. Erakusketa horretan Eduardo Abela, Víctor Manuel García Valdés, Marcelo Pogolotti eta Amelia Peláezek ere parte hartu zuten, guztiak Kubako abangoardiako mugimenduaren partaide.[13] Garai hartan, Neelek zazpi zerbitzari zituen eta etxe handi eta dotore batean bizi zen.[3]

Zailtasun pertsonalak, arte-gai[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neelen alaba, Santillana, 1926ko abenduaren 26an jaio zen Habanan.[9] 1927an, baina, bikotea Estatu Batuetara itzuli zen New Yorken bizitzera.[3] Han, Santillana, urtea bete baino hilabete lehenago, difteriak jota hil zen.[3] Umearen heriotzak eragindako traumak Neelen koadroen edukian eragin nabarmena izan zuen, eta hasiera eman zien bere ibilbide osoan berezkoak izango zituen gaiei: amatasuna, galera eta antsietatea. Santillana hil eta gutxira, Neel bere bigarren umeaz haurdun geratu zen.[9] 1928ko azaroaren 24an jaio zen Isabella Lillian, Isabetta, New Yorken.[9] Isabettaren jaiotza inspirazio iturri izan zen Neelentzat Well Baby Clinic (Haurrentzako klinika) margolana egiteko. Koadroa amen eta haien haurtxoen erretratu goibela da, amatasun klinika batean, haurtzaindegi bat baino gehiago eroetxe bat gogorarazten duena.

1930eko udaberrian, Charles senarra, Parisen bizitzeko leku baten bila atzerrira zihoala aditzera eman zuen arren, Kubara itzuli zen, Isabetta berarekin eramanez. Enríquez kanpoan egon zen bitartean, Neelek New Yorkeko bere apartamentua alokatu zuen, eta Ethel V. Ashton eta Rhonda Myers bere lagun margolarien estudioan lan egiteko bidaiatu zuen.[14]

Bere senarraren eta alabaren galerak eragindako minaz, Neelek nerbio-krisi masibo bat jasan zuen eta Philadelphia General Hospital-ean ospitaleratu egin zuten; bertan, bere buruaz beste egiten saiatu zen.[3]

Zoroetxean ere segitu zuen pintatzen. Alicek gizaki dohakabea maite zuen. Doakabea maite zuen heroiaren baitan eta heroia dohakabearengan. Uste dut hori ikusten zuela gu guztiongan. - Ginny Neel, Aliceren erraina[3]

Urtebete geroago, 1931n, egonkortzat jo zutenean, Neel erietxetik irten zen eta gurasoen etxera itzuli zen. Bere lagun min eta ohiko modeloari, Nadya Olyanovari, egindako bisita luze baten ondoren, New Yorkera itzuli zen.

Depresio Handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

New Yorken, Neelek bertako pertsonaiak margotu zituen, horien artean, 1933an, Joe Gould idazle xelebrea, Professor Seagull ezizenez ezaguna. Gould hainbat zakilekin irudikatu zuen, bere ego puztua eta bere nortasunagatik eta desio asegabeengatik zuen desengainua adierazteko. Margolan hau, bere lehen lanetatik gorde izan den bakarretako bat, Londresko Tate Modern arte-aretoan erakutsi izan da.

Depresioaren garaian, Neel Works Progress Administration (WPA - Obren Aurrerapenaren Administrazioa) erakundearentzat lan egin zuen lehen artistetako bat izan zen.[15] 1933. urtearen amaieran, astean 30 dolar eskaini zizkioten Public Works of Art Project-en (PWAP - Arte Publikoaren Proiektua) Whitney Museoan parte hartzeko.[16] Neelek PWAP eta WPAn parte hartu zuenean, bere lanak nolabaiteko onarpena lortu zuen artearen munduan. Garai honetan bere estiloa errealista zen, eta gaiak, nagusiki, Depresioaren garaiko kale eszenak eta pentsalari eta buruzagi komunistak ziren. Bere erretratuetako batzuk Ella Reeve "Mother" Bloor sindikalista, Kenneth Fearing poeta eta nobelagilea, eta Pat Whalen irlandar sindikalista izan ziren.[10] Erromantze bat izan zuen Kenneth Doolittle izeneko marinel heroinomanoarekin. 1934an, Doolittlek 350 akuarela, margolan eta marrazki erre zizkion.[3] Garai horretan, bere senar Karlosek berriz elkartzea proposatu zion; azkenean bikotea ez zen bildu, baina dibortzioa ere ez zuten ofizialki eskatu.[17]

Neelen mundua osatzen zuten Communist Party USA (Estatu Batuetako Alderdi Komunista) alderdiko artistak, intelektualak eta buruzagi politikoak bere margolanetako gai bihurtu ziren.[10] Bere lanak subertsioa eta sexualitatea loriatzen zituen, maitalez eta gorputz biluziez osaturiko eszena apetatsuak irudikatuz. Horren adibidea, 1935ean egin zuen akuarela, Alice Neel and John Rothschild in the Bathroom; bertan margolaria eta Rothschild idazle eta kazetaria, biluzik agertzen dira komunean txiza egiten.[3] 1930eko hamarkadan, Neelek ospe handia lortu zuen artista bezala hiriko erdiguneko intelektualen eta Alderdi Komunistako liderren artean. Neel Alderdi Komunistako kide inoiz izan ez zen arren, beti mantendu zuen komunismoaren idealekiko hurbiltasuna eta begikotasuna. 1930eko hamarkadan, Neel New York-eko Spanish Harlemera joan zen eta bertako bizilagunak margotzen hasi zen, batez ere, emakumeak eta haurrak.

Biluzi femeninoen erretratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neelen ustez, 1930eko uda bere bizitzako garai "emankorrenetako bat" izan zen, bere lehen biluzi femeninoak margotu zituen garaia izan baitzen. Alabak galdu zituenean eta senarra banandu zenean sentitu zen ahulen. 1930eko udazkenean nerbio-krisi bat izan zuen eta ospitaleratua izan zen.[15] Orduan, Neelen gaiak aldatu egin ziren; jende arruntaren, senitartekoen, lagunen, ezezagunen eta arte kritikarien erretratuak alde batera utzi eta biluzi femeninoak margotzen hasi zen. Mendebaldeko artean, emakumeen biluziak beti erakutsi zuen "emakumea" zaurgarri, anonimo, pasibo eta adin gabekotzat, eta gizonezkoen begiradaren objektu nagusi gisa.[1] Neelen biluzi femeninoek, ordea, uko egiten zioten ikuspegi horri eta "gorputz femeninoaren nozioa eta estandarrak satirizatzen zituzten".[1] Artearen historialariek uste dute Neelek bere irudikapen femeninoak ideologia idealista nagusitik askatu ahal izan zituela eta lehen falta zuten nortasun eta botere berria eman ziela. "Lerro adierazkorrak, paleta sutsua eta intentsitate psikologikoa" erabiliz, Neelek ez zuen giza gorputza modu errealistan irudikatzen; hala ere, erretratuetan lortzen zuen errealismoa bere modeloen barnea eta ikuspuntu psikologikoa ulertzeko eta duintzeko moduan zegoen.[1] Horregatik, gaur egun arte kritikari askok erretratu zintzo eta egiatitzat jotzen dituzte Neelen biluzi femeninoak; bere garaian, ordea, lanok artearen munduan kontrako kritikak jasan zituzten, emakumearen paper tradizionala zalantzan jartzen zutelako. Neelek emakumeak pertsonen arteko elkarrekintzan edo espazio publikoetan margotzen zituen, XIX. mendeko emakume artista gehienek betetzen zuten eta lan egiten zuten "feminitatearen esferei" gordintasunez aurre eginez.[10] Beste era batera esanda, Neelek bere margolanekin emakumeak etxean eta eguneroko bizitzan betetzen duen rolaren arauak desafiatu zituela uste zabala da.

Neelen lehen erretratu femeninoetako bat Ethel V. Ashtonena da (Tate Modern, Londres, 1930). Neelek bere eskolako laguna eserita, makurturik, irudikatu zuen, ikusleari zuzenean begietara so eginez.[18] Ethelen begiez esan ohi da "hunkigarriak" direla eta beldur sentsazioa adierazten dutela. Neelek bere laguna eskala desitxuratu batean margotu zuen, "zaurgarritasunaren eta beldurraren" ideia areagotuz. Margolariak hau esan zuen irudiari buruz: "Ia-ia barkamena eskatzen ari da bizitzeagatik. Begiratu, gainera, zelako altzariak eraman behar dituen aldi oro". "Altzariak" esanez, artistak "izter astunez, sabel lodiaz eta bular esekiez ari zen".[19] Pinturaren elementu formalak, argia eta itzala, pintzelkadak eta kolorea iradoki baino ez dira dira egiten lanari patetismoa eta umorea gehitzeko, baina halako moduan ezen tonu berezi bat transmititzen duten, zaurgarritasuna, alegia. Pintura 43 urte beranduago Ikasle ohien erakusketa batean aurkeztu zen, eta han, arte kritikari askok eta publiko orokorrak gogor kritikatu zuten.[1] Pinturaren aurreko erreakzioa erabateko arbuiozkoa izan zen, emakumezkoen biluziak irudikatzeko ezarrita omen zeuden arauen aurka zihoala uste baitzen. Ethelek berak, margolanaren emakume biluziak, erakustaldian ikusi zuen koadroa eta "amorraturik irten zen bertatik".[1] Emakume biluziaren pintura ez zen ez sexuala ez lausengatzailea emakume formarentzat. Hala ere, Neelen helburua ez zen emakumeen gorputza modu idealistan margotzea, berak modu egiazko eta zintzoan margotu nahi zuen gorputz hori. Horregatik, margolari errealistatzat zeukan bere burua.

Gerra osteko urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neelen hirugarren umea, Hartley, 1941ean jaio zen. Aita Alicen maitalea, Sam Brody intelektual komunista, izan zen. 1940ko hamarkadan, Neelek ilustrazioak egin zituen Masses & Mainstream hilabetekari komunistan, eta erretratuak margotzen jarraitu zuen bere etxean, hiriaren inguruetan. 1943an, Works Progress Administration-ek Neelekin lan egiteari utzi zion, eta horregatik, handik aurrera artistak arazo handiak izango zituen bere bi seme-alabak behar bezala zaintzeko.[20] Garai horretan, Neelek dendetan lapurtzen zuen, eta gizarte-laguntzaren babesa behar izaten zuen hilabete amaierara iristeko.[21] 1940 eta 1950 artean, Neelen artea galeria gehienetatik kanpo zegoen, erakusketa bat baino ez zuen izan, 1944an. 1950eko hamarkadan, Neelek New Playwrights Theatre antzokian ikuskizun bat izan zuen Mike Golden idazle komunistari esker, pintorearen adiskidea baitzen eta haren lan sozial errealista miresten zuelako. 1959an, Neel, Robert Frank argazkilari eta dokumental egileak eskatuta, haren Pull My Daisy (1959) film beatnik-ean agertu zen Allen Ginsberg gaztearekin batera. Hurrengo urtean, bere lana lehen aldiz ARTnews aldizkarian erreproduzitu zen.

Haurdunen biluzi femeninoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960ko hamarkadaren erdialdean, Neelen lagun asko haurdun geratu ziren, eta horrek emakume biluzi horietako batzuk margotzera bultzatu zuen. Erretratuetan zintzotasunez nabarmentzen dira, ezkutatu gabe, erditzearekin batera gertatzen diren aldaketa fisikoak eta antsietate emozionalak. Zergatik pintatzen zituen emakume haurdunen biluziak galdetu ziotenean, Neelek honela erantzun zuen:

Gai honek ez nau erakartzen, bizitzako gertaera bat besterik ez da. Bizitzaren zati oso garrantzitsua da, baina ez zaio jaramonik egin. Sentitzen dut gai hau erabat legitimoa dela, eta jendeak, apaltasun faltsu batengatik, edo koldarra delako, ez du inoiz erakusten, baina bizitzaren oinarrizko errealitate bat da. Gainera, plastikoki, oso zirraragarria da... Giza esperientziaren parte dela uste dut. Primitiboek honetaz zerbait egin zuten, baina margolari modernoek ihes egin diote, emakumeak beti objektu sexual gisa irudikatuak izan direlako. Haurdun dagoen emakume batek apustu bat egin du; ez dago salgai.[22]

Neelek, "Bizitzako oinarrizko gertaerak" margotzea aukeratu zuen, eta, irmoki defendatu zuen gai honen duintasuna biluzietan irudikatua izateko,[23] bere garaiko gainerako artisten ustearen kontra. Ann Temkin artearen historialariaren ustez, emakume haurdunen biluziek ahalbidetu zioten Neeli "emakumeak Madonna orban gabearen eta puta arriskutsuaren arteko espektroan polarizatzen dituen dikotomi faltsua suntsitzea"[23], haren erretratuak errealitatean, baina ez artean, ikusten diren emakume arruntenak baitziren.

Biluzi hauetako bat Margaret Evans Pregnant (1978) da, gaur egun bilduma pribatu batean dagoen margolana. Margaret, aulki batean eserita eta tente margotu zuen, horrela bere sabela, are gehiago erakustera beharturik, oihalaren erdigune bihurtu zuen. Aulkiaren atzean ispilu bat zegoen, ikusleari modeloaren buruaren eta lepoaren atzealdea ikusteko aukera ematen ziona; baina, hala ere, islaturikoak ez zuen batere antzik Margareten aurreko erretratuarekin. Pinturaren atal berezi honen atzean zer ezkutatzen den ezezaguna da oraindik, baina Jeremy Lewison artearen historialariak dioenez, irudia "haurtzainaren eta haren zahartzea aurreikusten duen artistaren konbinazio misteriotsu bat da, eta aditzera ematen du isla emakume zahar eta jakintsuago batena dela, agian Margaret eta Neelen konbinazio bat.[24] Pamela Allarak dioenez, Neel "artista-soziologo moduko bat izan zen, hilzorian zegoen erretratu hobetuaren generoa berpiztu eta birzuzendu zuena, objektibotasuna subjektibotasunarekin, errealismoa espresionismoarekin, bat egitean. Neelek ulertu zuen ezin dela behatzaile objektibo bat izan pertsona baten habitusa bisualki interpretatzean, hau da, pintorearen irudikapenek, nahitaez, beraren erreakzioa barne hartuko dutela."[25]

Neelen autorretratua eta azken margolanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neelek bere burua margotu zuen bere bizitzako 80. urtean, bere estudioko aulki batean eserita. Erabat biluzik agertu zen. Bere betaurrekoak zeramatzan eta pintzelari eusten zion eskuineko eskuan eta trapu zahar bati bestean. Bere ile urdinek eta azal biluziaren tolestura eta zimurrak bere zahartzaroa agerian uzten zuten.[23] Aulkian eserita margotzen ari zen bitartean, bere gorputza ikusleari begira zegoen, burua ikuslearengana jiratzen zen bitartean. Erretratua 1980an amaitu zuen, baina bost urte lehenago hasi zen margotzen, tartean denbora batez utzita izan zuelarik. Hala ere, bere seme Richardek amaitzera animatu zuen, eta bere 80 urteen hasieran berrekin zion lanari, New Yorkeko Harold Reed Galerian egindako autoerretratu erakusketa batean parte hartzera gonbidatu baitzuten.[23] Bat ere konbentzionala ez zen Neelen autoerretratu hau erakutsi zenean, arreta handia erakarri zuen.[23] Neelek bere burua zintzotasunez pintatu zuen, bere bularrak eta sabel eroriak erakutsiz, denek ikus zitzaten. Beste behin ere, bere azken pinturan, aurre egin zien artean irudikatua izateko zer zen onargarri zehazten zuten arau sozialei. Bere autorretratua hil aurreko bere azken lanetako bat izan zen. 1984ko urriaren 13an, Neel bere familiarekin hil zen New Yorkeko apartamentu batean koloneko minbizi baten ondorioz.[18]

Kate Millett[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alice Neelek Kate Millett margotu zuen 1970ean. Margoa sortzeko argazkiak erabili behar izan zituen, Millettek Neelentzat posatzeari uko egin ziolako.[26] Neelen pintura 1960ko hamarkadako mugimendu feminista modernoan inspiratu da.[27] Garai hartan, eta mugimendu haren barnean, Kate Millettek 1970ean, Sexual Politics (Sexu politika) idatzi zuen[28], feminismo erradikalaren funtsezko lana. Alice Neelen karrera loratzen hasi zen mugimendu artistiko feminista gertatu zenean, eta Kate Milletten pinturak ikono feminista bat irudikatu zuen.[29] Neelek bere burua "arima-bildumagiletzat" hartzen du, eta Milletten aura boteretsua harrapatu zuela esan daiteke. Neelek erretratu hau margotu zuen emakumeek aukera berdintasunaren alde borrokatzen zuten garai batean, baina, aldi berean, ez ikusiak zirenean; horregatik, aitzindari baten bila zebiltzan emakumeentzat sortu zuen erretratu hau. Margolan paregabe honetan, Kate Millett ikusleari zuzenean so dago, eta bere begirada indartsua da erabat. Neelek Millett bere buruarekiko konfiantzazko zentzu nagusi batez dohatu zuen erretratu honetan. Kate Millett Time aldizkarian agertu zen 2017ko irailaren 25ean. Aldizkariak "emakume apaiz nagusia" deitu zion eta Sexual Politics liburua feminismoaren biblia zela adierazi zuen.

Esker ona[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960ko hamarkadaren amaieran, Neelen lanarekiko interesa areagotu egin zen. Emakumeen mugimenduaren bultzadak pintorearekiko arreta handiagoa ekarri zuen, eta Neel ikono bihurtu zen feministentzat. 1970ean, Time aldizkariaren azalerako Kate Millett aktibista feminista margotzeko enkargua jaso zuen. Millettek uko egin zion Neelen aurrean esertzeari; horregatik, aldizkariaren azala argazki batean oinarritu zen.[30]

1970eko hamarkadaren erdialdean, Neelek ospea eta izen ona lortu zituen artista estatubatuar garrantzitsu bezala. Amerikako Akademiak eta Arte eta Letren Institutuak 1976an kide izendatu zuten.[10] 1979an, Jimmy Carter presidenteak National Women's Caucus for Art (Artearen aldeko Emakumeen Batzorde Nazionala) erakundearen saria eman zion, bere lorpen bikainengatik. Neelen ospea bere gorenean zegoen 1984an hil zenean.

Andrew Neelek, Alicen bilobak, zuzendu zuen Alice Neel dokumentalean, 2007ko Slamdance Zinemaldian estreinatua, Neelen bizitza eta lanak agertzen dira. Filma New Yorkeko zinema-aretoetan estreinatu zen urte horretako apirilean.

Erakusketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1943an, Ethel Ashtonen erretratu biluzi femeninoa lehen aldiz erakutsi zen erakusketa baten, pintura sortu eta 13 urtera, eta kritika gordinak jaso zituen arte kritikarien eta publiko orokorraren aldetik.[1] 1974an, Neelen lanen atzera begirako erakusketa bat egin zuten Whitney Museum of American Art (Amerikar Artearen Whitney Museoa) museoan,[3] eta, beste bat, museo berean, hil ondoren, 2000ko udan. 1980an, New Yorkeko Harold Reed Galleryn autoerretratu erakusketa batean parte hartzera gonbidatu zuten, non lehen aldiz bere autoerretratua erakutsia izan zen.[25]

Europan Neelen lanei eskainitako lehen erakusketa Londresen egin zen 2004an Victoria Miro Galleryn. Jeremy Lewison, Taten lan egin zuena, izan zen erakusketaren bildumaren komisarioa.[3] 2001ean Filadelfiako Arte Museoak haren artearen atzera begirako bat antolatu zuen, "Alice Neel" izenekoa.[31] Texasko Houstongo Arte Ederren Museoak ere atzera begirako erakusketa bat antolatu zuen 2010ean, "Alice Neel: Painted Truths" izenekoa.[32] Erakusketa hori Londresko Whitechapel Gallery-n eta Malmöko (Suedia) Moderna Museet Malmö-n ere antolatu zen.[33]

2013an, artistaren akuarela eta marrazkien lehen aurkezpen garrantzitsua Nordiska Akvarellmuseet-en erakutsi zen, Skärhamn-en (Suedia).[34] Moore College of Art-ek Neel ikasle ohiaren lanaren bakarkako erakusketa bat antolatu zuen 1971n.[35]

2017an, Hilton Alsek "Alice Neel, Uptown" erakusketa ondu zuen Londresko Victoria Miro Galleryn (2017ko maiatzaren 18tik uztailaren 29ra).[36][37] Hamburgoko Deichtorhallen-ek, Alemanian, "Alice Neel - Bizitza modernoaren margolaria" erakusketa aurkeztu zuen 2017ko urriaren 10etik 2018ko urtarrilaren 14ra.[38]

Bere ibilbide osoa barne hartzen duen Neelen obraren atzera begirako bat, 2021eko martxoan inauguratu zen Metropolitar Museum of Art-en.[39] "Alice Neel: People Come First" izenburupean, erakusketak 100 lan baino gehiago aurkezten ditu eta New Yorkeko Neelen obraren erakusketarik handiena da, bi hamarkadatan lehena.[40] Erakusketa bera Bilboko Guggennheim museoan eskeini zen 2021ko irailaren 17tik 2022ko otsailaren 6ra arte.[41]

Bildumak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alice Neelen lana munduko museoetako bilduma nagusietan erakusten da, besteak beste:[34]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h (Ingelesez) Bauer, Denise. (23/1994). «Alice Neel's Female Nudes» Woman's Art Journal 15 (2): 21-26.  doi:10.2307/1358600. (Noiz kontsultatua: 2021-09-28).
  2. (Ingelesez) «BBC - Art Screen - Films / Alice Neel» BBC (Noiz kontsultatua: 2021-09-28).
  3. a b c d e f g h i j k l m (Ingelesez) Mackenzie, Suzie. (2004-05-29). «Heroes and wretches» the Guardian (Noiz kontsultatua: 2021-10-01).
  4. a b (Ingelesez) Gaze, Delia. (1997). Dictionary of women artists. Fitzroy Dearborn Publishers, 1007 or. ISBN 1-884964-21-4. PMC 37693713. (Noiz kontsultatua: 2021-10-01).
  5. a b c "Alice Neel: Biography - 1900-1919" Alice Neel webgunea.Wayback Machine-n 2016ko martxoaren 4an artxibatua. (2021ko urriaren 1ean kontsultatua)
  6. «Alice Neel: American Painter» The Art Story (Noiz kontsultatua: 2021-10-01).
  7. a b c d Southgate, M. ThereseSouthgate. (2011). The art of JAMA III : covers and essays from the Journal of the American Medical Association. JAMA & Archives Journals, American Medical Association, 96 or. ISBN 978-0-19-975383-3. PMC 617637963. (Noiz kontsultatua: 2021-10-01).
  8. Munro, Eleanor C.. (2000). Originals : American women artists. (1st Da Capo Press ed. argitaraldia) Da Capo Press ISBN 0-306-80955-9. PMC 49931561. (Noiz kontsultatua: 2021-10-01).
  9. a b c d e "Alice Neel: Biography - 1920s" Alice Neel webgunea. Wayback Machine-n 2016ko martxoaren 4an artxibatua. (2021ko urriaren 1ean kontsultatua)
  10. a b c d e Bauer, Denise. (22/2002). «Alice Neel's Feminist and Leftist Portraits of Women» Feminist Studies 28 (2): 374.  doi:10.2307/3178749. (Noiz kontsultatua: 2021-10-01).
  11. Lewison, Jeremy (2010). Alice Neel: Painted Truths. Yale University Press. 259. or.
  12. Meyer, Gerald (2009). "Alice Neel: The Painter and Her Politics" (PDF). Columbia Journal of American Studies. 9. zk. 149-187. or. 2021eko urriaren 3an kontsultaturik.
  13. Lewison, Jeremy (2010). Alice Neel: Painted Truths. 259. or.
  14. Lewison, Jeremy (2010). Alice Neel: Painted Truths. 261. or.
  15. a b (Ingelesez) Hoban, Phoebe. (2010-04-22). «Portraits: Alice Neel’s Legacy of Realism» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  16. Parsons School of Design (1977). New York City WPA art: then 1934-1943 and ... now 1960-1977. New York: NYC WPA Artists. OCLC 5208196.
  17. "Alice Neel: Biography - 1930s" Alice Neel webgunea. Wayback Machine-n 2016ko martxoaren 4an artxibatua. (2021ko urriaren 3ean kontsultatua)
  18. a b Hoban, P. (2010), Alice Neel: The Art of Not Sitting Pretty (89. or.) NY St. Martin's Press.
  19. Schor, M. (2009). A Decade of Negative Thinking: Essays On Art, Politics and Daily Life (104. or.) Durham, NC: Duke University Press.
  20. "Alice Neel" Archived March 19, 2015, at the Wayback Machine, Smithsonian Institution's National Portrait Gallery. 2021eko urriaren 3an kontsultatua.
  21. Solomon, Deborah. "The Nonconformist", The New York Times. 2018ko ekainaren 13n Wayback Machine-n artxibatua, 2021eko urriaren 3an kontsultatua.
  22. Alice Neel [Motion picture on DVD]. 2007. Arts Alliance America
  23. a b c d e Allara, P. (1994), Mater of Fact: Alice Neel's Pregnant Nudes, The University of Chicago Press, Vol. 8(2), 6-31. or.
  24. Jeremy Lewison, Painted Truths: Showing the Barbarity of Life: Alice Neel's Grotesque.
  25. a b Allara, P. (2006), "Alice Neel's Women From the 1970s: Backlash to Fast Forward", Woman's Art Journal, Vol. 27(2), 8–10. or.
  26. (Ingelesez) «Millett, Kate» National Women’s Hall of Fame (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  27. Mead, Kate Millett Foreword by Catharine A. MacKinnon Afterword by Rebecca. (2016-02). Sexual Politics. Columbia University Press ISBN 978-0-231-54172-5. (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  28. Sexual Politics. Columbia University Press.
  29. (Ingelesez) O'Callaghan, Claire. (2013-07-31). «What is a feminist icon?» Feminist Studies Association (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  30. Solomon, Deborah (2010eko abenduaren 29a). "The Nonconformist". The New York Times. 2014ko martxoaren 6an Wayback Machine-n artxibatua. 2021eko urriaren 3an kontsultatua.
  31. "Exhibitions - 2001". Philadelphia Museum of Art. 2014ko azaroaren 29an Wayback Machine-n artxibatua. 2021eko urriaren 3an kontsultatua.,
  32. "Painted Truths". Museum of Fine Arts Houston. 2014ko azaroaren 29an Wayback Machine-n artxibatua. 2021eko urriaren 3an kontsultatua.
  33. "Alice Neel: Painted Truths". News. www.AliceNeel.com. 2013ko abenduaren 25ean artxibatua. Wayback Machine-n artxibatua. 2021eko urriaren 3an kontsultatua.
  34. a b Zwimer, David. "Alice Neel. Biography." 2014ko otsailaren 3an Wayback Machine-n artxibatua. 2021eko urriaren 3an kontsultatua.
  35. Hoffman, Sharon G.eta Mott, Amanda M.. (2008). Moore College of Art & Design. (1. argitaraldia) ISBN 978-0-7385-5659-8. PMC 212842994. (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  36. "Alice Neel, Uptown" Victoria Miro Gallery. 2017ko uztailaren 2an Wayback Machine-n artxibatua. 2021eko urriaren 3an kontsultatua.
  37. Adams, Tim, "Meet the neighbours: Alice Neel's Harlem portraits" The Observer. 2017ko maiatzaren 18an Wayback Machine-n artxibatua. 2021eko urriaren 3an kontsultaturik.
  38. "Alice Neel: Painter of Modern Life al Deichtorhallen, Hamburg". Victoria Miro. 2017ko abenduaren 1ean Wayback Machine-n artxibatua. 2021eko urriaren 3an kontsultatua.
  39. (Ingelesez) Smee, Sebastian. (2021). «Alice Neel was the greatest American portraitist of the 20th century. Her work continues to astonish» Washington Post (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  40. (Ingelesez) Smith, Roberta. (2021-04-01). «It’s Time to Put Alice Neel in Her Rightful Place in the Pantheon» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  41. Astiz, Iñigo. «Alice Neel artistaren atzera begirakoa zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  42. (Ingelesez) «Neel, Alice» www.nga.gov (National Gallery of Art) (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  43. «Alice Neel» npg.si.edu (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  44. «Collections : Alice Neel» www.philamuseum.org (Philadelphia Museum of Art) (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  45. (Ingelesez) «Geoffrey Hendricks and Brian» SFMOMA (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]