Aljeria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Aljeriako Herri Errepublika Demokratikoa
الجمهورية الجزائرية الديمقراطية الشعبي
ⵟⴰⴳⴷⵓⴷⴰ ⵜⴰⵎⴻⴳⴷⴰⵢⵜ ⵜⴰⵖⴻⵔⴼⴰⵏⵜ ⵜⴰⵣⵣⴰⵢⵔⵉⵜ
Tagduda Tadzayrit Tugduyant Tagherfant
Bandera Armarria
Goiburua: من الشعب و للشعب
(Herriaren eta Herriarentzako Iraultza)
Ereserkia: Kassaman
Hiriburua
eta hiri handiena
Aljer
Hizkuntza ofiziala(k) arabiera, amazigera
Herritarra aljeriar[1]
Gobernua Errepublika demokratikoa
 -  Presidentea Abdelaziz Bouteflika
 -  Lehen ministroa Ahmed Ouyahia
Independentzia Frantziatik
 -  Aljeria Frantsesa 1830eko uztailak 5 
 -  Independentzia 1962ko uztailak 5 
Geografia
 -  Guztira 2,381,741 km2 (10.)
 -  Ura (%) baztergarria
Biztanleria
 -  2018[2] zenbatespena 42.200.000 (32.)
 -  Dentsitatea 15,9 bizt./km2 (208.)
Dirua Aljeriako dinarra (DZD)
Ordu-eremua UTC (UTC+1)
Aurrezenbakia 98
Internet domeinua dz

Aljeria[1] (arabieraz: الجزائر‎, al-Jazāʼir; amazigeraz: ⴷⵣⴰⵢⴻⵔ, Dzayer; frantsesez: Algérie), ofizialki Aljeriako Herri Errepublika Demokratikoa[1] (arabieraz: الجمهورية الجزائرية الديمقراطية الشعبية‎; amazigeraz: ⵜⴰⴳⴷⵓⴷⴰ ⵜⴰⵎⴻⴳⴷⴰⵢⵜ ⵜⴰⵖⴻⵔⴼⴰⵏⵜ ⵜⴰⴷⵣⴰⵢⵔⵉⵜ, Tagduda tamegdayt taɣerfant tadzayrit); frantsesez: République algérienne démocratique et populaire), Afrika iparraldeko estatu burujabea da, Mediterraneo itsasoaren ertzean kokatua. NBEko, Afrikar Batasuneko eta Arabiar Ligako kide da ia 1962an independentzia lortu zuenetik. Konstituzioaren arabera, estatuaren definizioa islamiarra, arabiarra eta amazigh (berberea) da. 2.381.741 kilometro koadro ditu luze-zabalean, eta 42 milioi biztanle zituen 2018an.[2] Hiriburua Aljer da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Aljeriako geografia»

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljeria iparraldeko Afrikako Magreb eskualdean dago, Mediterraneo itsasoaren ertzean, ipar latitudeko 19° eta 37° artean, eta ekialdeko longitudeko 9° eta 12° artean. Iparraldean Mediterraneoa du, Tunisia ipar-ekialdean, Libia ekialdean, Niger hego-ekialdean, Mali eta Mauritania hego-mendebaldean, eta Mendebaldeko Sahara eta Maroko mendebaldean. Afrikako herrialderik handiena da Hego Sudanen independentzia gertatu zenetik.

Eskualde naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljeriako eskualde natural nagusiak hauek dira:[3]

  • Ipar-mendebaldean Tell-eko Atlasa dago, Marokoko mugatik Soummam ibairaino, Kabiliako mendiak eta Bejaiako lautada barne. Herrialdearen bihotza da, bertan baitaude herri eta hiri nagusiak. Muino eta zabaldiz osatua, oso eskualde emankorra da. Nekazaritzako lurrik hoberenak 100 kilometroz hedatzen dira Aljertik ekialderantz, Mitidjan eta Bejaiako lautadan. Jalkin lur horietan mahasti eta garrazki sail bikainak daude. Xelif ibaiaren harana eta barnealdeko beste ibar batzuk, berriz, elkorrak dira, eta uda beroegiak dituzte nekazaritzarako. Kabiliako mendietan herri txiki eta txiroak daude, ibar bihurrietan ostenduak.
  • Goi Ordokiak 600 kilometroz hedatzen dira Marokoko mugatik ekialderantz; iparraldean Tell-eko Atlasa dute, eta hegoaldean Saharako Atlasa. 1.100 eta 1.300 metro arteko garaiera dute mendebaldean, eta 400 metrokoa besterik ez ekialdean. Oso eskualde idor eta laua da, jalkinez estalia.
  • Saharako Atlasa garaiagoa da Tell-eko Atlasa baino. Hiru mendigunek osaturik dago: Djabel Ksour Marokoko mugatik gertu, Djabal Amur, eta Ouled Naïl Aljerren hegoaldean. Mendilerroan sortzen diren errekek hornitzen dituzte basamortuaren iparraldeko oasietako putzuak, hala nola Biskra, Laghouat eta Bexarkoak.
  • Sahara basamortuak Aljeriako azaleraren lau bosten hartzen ditu, Saharako Atlastik hegoaldera Niger eta Maliko mugetaraino. Erg edo harea eremuek basamortuaren laurdena hartzen dute; zabalena Ekialdeko Erg Handia da. Gainerako gehiena hamada izeneko zabaldi harritsuak dira, eta hego-ekialdean Hoggar eta Tassili n'Ajjer mendigune garaiak daude.
  • Ipar-ekialdeko Aljeria eskualde trinkoa da, mendilerro, haran eta lautada ugarik zeharkatua; mendebaldean ez bezala, geografia-ezaugarri horiek kostarekiko perpendikularrak dira. Hegoaldean, Aures mendiguneko arroil eta gailurrek ezin sartuzko babeslekua eratzen dute, historian zehar garrantzi handia izan duena. Itsasbazterra menditsua bada ere, zenbait hiri daude lautada bakanetan, hala nola Bejaia, Skikda eta Annaba. Barnealdean, labore sail handiak daude Sétif eta Konstantina probintzietako zabaldietan.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasertzeko erreka batzuk daude herrialdearen ipar-ekialdean, esaterako Soummam, Medjerda, Rhummel, Sebaou, Aïn El Hammam, Hamiz, Macta eta Mazafran. Ibai nagusia, ordea, Xelif da. 725 kilometroko luzera du, eta Aljeriako ipar-mendebaldea zeharkatzen du; Tell-eko Atlasan du iturburua, eta Mediterraneora isurtzen da Mostaganemetik hurbil. Tell-etik hegoaldera ez da ur-gorputz iraunkorrik. Basamortuan aldi baterako aintzira ugari dago, gaziak gehienak, hala nola Chott ech Chergui eta Chott el Hodna.[4]

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Algeriako klimak Köppen sailkapenaren arabera

Iparraldean, Tell-eko Atlasan, klima mediterraneoa da, uda bero eta negu epelekin. Aljeriako eskualderik euritsuena da, urtean 400-1.000 milimetro euri jasotzen baitira, gehiago ekialdean mendebaldean baino. Prezipitazio handienak iraila eta abunduaren artean gertatzen dira.[3] Udako batez besteko tenperaturak 21 °C eta 24 °C artekoak dira, eta negukoak 10 °C eta 12 °C artekoak. Udan, siroko izeneko haize idorra eta guztiz beroak jotzen du Saharatik iparralderantz. Hegoalderantz joan ahala, klima idorrago bilakatzen da: Goi Ordokietan eta Saharako Atlasan urteko prezipitazioak 200 eta 400 milimetro artekoak dira.[4]

Saharak basamortuko klima du, oso beroa, idorra eta haizetsua. Tenperatura gorabeherak arinduko dituen lurrunik ez dagoenez, hedadura termikoa oso handia da, eta hogeita hamar gradurainoko aldea ere egon daiteke egunetik gauera; urtaroen arteko aldea ere oso handia izaten da, tenperatura gorenak berrogeita hamar gradu zentigradukoak dira udan, eta beherenak, berriz, zero gradukoak neguan.[5] Bestalde, oso euri gutxi egiten du, urtean 130 milimetro baino gutxiago,[4] eta euriak oso irregularrak izaten dira gainera.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Aljeriako historia»

Antzinako Aljeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Djemilako erromatar hondakinak

Antzinako hainbat bizilekuk adierazten dutenez (Ternifin, Machta al-Arbi), antzinatik izan zen Aljerian zibilizazio berbere bat. Lehen datu historikoak, ordea, K. a. 1000 inguruan bertako kostaldean egokitu ziren feniziarrengandik datoz. Hiri horiek Kartagoren mende gelditu ziren K. a. VI. mendean. Barnealdea, ordea, berbere edo numidiarren esku egon zen beti nahiz, elkarren arteko harremanen ondorioz, feniziarren eragina izan zuten erlijioan eta zibilizazioan.

Erromatarrek konkistatu ondoan (K. a. I. mendea), kostaldea berehala erromatartu bazen ere, berbereek erasoari eutsi zioten, eta erromatartzea galarazi zuten. Ipar Afrikako kostalde guztiaren antzera, II. mendearen bukaeratik aurrera, erromatartzea eta kristautzea batera joan ziren. Erromatar Inperioaren azkenetan (IV. mendea), Eliza Katolikoa izan zen, egoerari aurre eginez, egitura eta batasuna gorde ahal izan zuen erakunde bakarra. 429tik 533ra bitartean, kostaldea bandaloen esku egon bazen ere, barrualdeko eskualde berbere burujabeak indartu ziren. 533. urtean, bandaloei nagusitu arren, bizantziarrek ezin izan zuten menderatu Aljeriako ekialdea.

Arabiarren konkista eta dinastia berbereak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mansourah-ko meskita, XIV. mende hasiera

647an Egiptotik abiatu eta 711n konkistatu zuten Berberia (Ipar Afrika) arabiarrek, jazarri zitzaizkien Kusayla eta Kahina buruzagi berbereak menderatu ondoan. Berehala islamera bihurtu ziren berbereak (VIII. mendearen hasieran) eta Ipar Afrika herrialde omeiatar bihurtu zen. 742. urtean, ordea, Aljeriako mendebaldeko erreinu berbere asko musulmanen arteko berdintasun osoa predikatzen zuen kharijismo aldera lerratu zen, islamaren barnean, arabiarrek zuten lehentasunari aurre eginez. Aljeriako ekialdea, ordea, Ekialdeko Kaliferria eta islamaren ortodoxia aldezten zuten aglabtar gobernarien esku geratu zen, Kairouan hiriburu. Ekialdeko berbereen, hots, kabiliarren aginpidearen laguntzaz, fatimitarren dinastia arabiar xiiak aglabtarrak egotzi eta aginpidea eskuratu zuen.

Ziridar dinastia berberearen ondoan, hamaditek, berbereak hauek ere, aginpidea hartu eta islamaren ortodoxia ezarri zuten. Mendeku gisa, fatimitarrek Banu-Hilal, Banu-Sulaym eta Banu-Maqtil buruzagi arabiarren tribuak ekarrarazi zituzten eta, egin zituzten sarraskien ondoren, Aljeriaren arabiartzeari ekin zioten: XI. mendean, arabiera ordokietako hizkuntza nagusia zen. XI. mendearen erdialdean, Maroko hegoaldetik zetozen almorabide ortodoxoek Aljerreraino sartu eta zibilizazio hispano-moriskoaren mendean ezarri zuten Aljeriako mendebaldea. Haien ondoren nagusitu ziren almohadeek aginpide bakarra bermatu zuten Aljeria osoan, XIII. mendean hiru dinastia berbereren artean banatu zen arte.

Turkiarren konkista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andaluziako errekonkistaren ondoren, Aljeriako kostaldeko hainbat porturen jabe egin ziren espainiarrak XVI. mendearen hasieran (Oran eta Aljer tarteko). Abdalwadiarrek nagusitasun hura onartu bazuten ere, biztanleria musulmanak otomandarrei laguntza eskatu zien eta, Bizargorri anaiak buru, espainiarrak egotzi zituzten. Karlos V.aren setioari eutsi eta abdalwadiar dinastia eraitsi ondoan, Aljeria Otomandar Inperioaren mende geratu zen 1554an. Turkiako eta Aljeriako itsaslapurrei esker, Aljer hiria izugarri aberastu zen XVII. mendean, baina XVIII. mendean nabarmen ahuldu zen. Otomandar Inperioko sultan nagusiaren agindupean betiere, gudaroste buruzagiek hautaturiko dey batek gobernatzen zuen Aljeriako Erregeorderria. Hiru herrialdetan banatua zegoen, herrialde bakoitza dey baten kargu zegoela. Herri eta hirietako gobernua kaiden esku zegoen. Turkiarren batasuna, ostera, ez zen benetakoa, dey-aren kontrolpean zegoen aldea, lurralde hartako zati bat baizik ez baitzen.

Frantsesen konkista eta kolonizazioa (1830-1962)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konkista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen hasieran, armada ingelesak itsaslapur turkiarrei eraso zien eta Aljer hainbat alditan bonbardatu eta hartu zuen. 1827. urtean, egoera hura normaltzeko prestatu zen bilera batean, Hussayn dey-ak Deval kontsul frantsesari eginiko laidoen aitzakian, itsas armada frantsesa Aljer hirian sartu zen, Karlos X.ak hala aginduta, 1830eko ekainaren 14an, eta 300 urtez han nagusi egondako turkiarrak egotzi zituen. Karlos X.a 1830eko uztailaren 29an erregetzatik eraitsi baino lehen, Oran eta Bône eskualdeak hartu zituzten frantsesek. Erresistentzia, ordea, berehala bildu zen Abdelkader El Djezairi buruzagiaren inguruan. Abdelkader-ek gerra santua deklaratu zuen frantsesen aurka, eta 1843 arte eutsi zien konkistatzaileen osteei.

Abdelkader-ek Maroko aldera jo behar izan zuen, eta Aljeriara itzultzeko egindako saioa hutsean gelditu zen, gudaroste frantsesa Marokoko sultanaren tropei nagusitu baitzitzaien (Isly, 1844). 1845. urtean, ordea, Aljeriako mahdi batzuek bultzaturiko altxamentuez baliatuta, Abdelkader itzuli egin zen, eta frantses gudarosteari nagusitu zitzaion, Sidi Brahimeko Guduan, baina ez zuen kabiliarrak bere ingurura biltzea lortu. Marokoko sultanak bertan behera utzita, Abdelkader errenditu egin zen 1847an. 1857an bukatu zen frantsesen Aljeriako konkista, hegoaldeko oasi-aldea eta Kabilia mendean hartu ondoren. 1871. urtean, altxamendu berri bat piztu zen Kabilian, baina berehalako zapalkuntzak moztu zituen indar abertzaleen bide guztiak. XIX. mendearen bukaerako espedizio militarrek bermatu zuten Sahara barneko okupazio frantsesa.

Kolonizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziar konkistaren kronologia

Lehen frantsesak heldu zirenean, bi miloi aljeriar inguru ziren; 1872. urtean, 2.125.000 aljeriarrek eta 245.000 europarrek osatzen zuten Aljeriako biztanleria. 1954. urtean, Aljeriak 9.530.000 biztanle zituen, 8.450.000 musulman eta 1.080.000 ez-musulman. Konkista hasi zenetik, hazkunde nabarmena izan zen etorkinen kopuruan: 1840an 35.000 europar ziren, eta 1936an milioia ingurura iristen ziren (frantsesak %50, espainiarrak %30). Hasiera batean esku pribatuen kontua izan bazen ere, 1841etik aurrera administrazio frantsesak bultzatu zuen Aljeriako kolonizazioa, laborantza lurrak eskainiz Frantziako biztanleei. Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da Frantziako Bigarren Errepublikak Aljeria “frantziar lurralde” bihurtu eta hiru departamendutan banatu zuen.

1871ko altxamenduen ondorioz, Frantziako Hirugarren Errepublikak Kabilia eta Aljeria osoan lurralde handiak beretzat hartu eta frantsesen artean banatu zituen; frantses iraun nahi zuten alsaziar eta lorrenatarrei 100.000 hektarea egokitu zitzaizkien. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, mahats-zorrien herdoilak Frantzia hegoaldeko mahatsondoak guztiz jo zituelarik, Aljeria aldera eraman zuten mahatsa, eta bertan landatu zuten. Ardo ekoizpenari begira, kolonoak eramaten hasi ziren berriro agintari frantsesak eta 50 urteren buruan lortu zen produkzioa guztiz altua izan zen (21 milioi hektolitro, 402.000 hektareatan, 1938an).

Arabiarrak kafe batean, Aljer, 1899

1900eko abenduaren 9ko lege batek nolabaiteko autonomia ekonomikoaz hornitu bazuen ere (Délégations financières izeneko biltzarra), eremu politikoan Aljeriak ez zuen inolako aginpiderik (15 diputatu eta 8 senatari, 1946ko urriaren 5eko legearen ondoan), eta erabaki guztiak metropoliko gobernuari zegozkion. 1930. urtean, kolonizazio mende baten ondoren, 2.400.000 hektarea laborantza-lur zegoen europarren eskuetan, horietako 1.700.000 erakunde ofizialek kudeatuak. Hurrengo urteetan lur gehiago eskuratu zituzten europarrek: 1954. urtean, 2.720.000 hektarea zeuden europarren eskuetan eta 7.612.000 musulmanenetan, eta landu zitezkeenak 6.500.000 hektarea ziren guztira. Zerealek uzta urriak eskaintzen zituztela eta, europarrek ardogintzara jo zuten, metropolikoa baino ugariagoa izaki (ardogintzak, langile ugari behar izatez gainera, kanpoko salmenten %51 ekarri zuen 1938. urtean, esaterako). Aljeria nekazari herria zen batez ere, eta kolonia interesak horretara moldatu ziren. Burdin hobi eta fosfato meatzeei esker eginiko aurrerapenekin ere, industria urria zen. 1959-1962 urteetan, petrolio gordina bertako aberastasun handiena bihurtu zen arte, ez zen benetako abiada ekonomikorik izan Aljerian.

Nazionalismoaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ben Badis, erreformismo musulmanaren liderra

Estatu batu gisa, Aljeria gisa, burujabetasuna inoiz izan ez zuen lurralde honetan, mendetan zehar bertako berbereen eta VII. mendetik aurrera kanpotik etorri ziren arabiarren arteko borrokek amairik ezagutu ez zuten herrialdean, ez zirudien nazio ideiak benetako errorik finka zezakeenik aljeriarren artean. Musulmanei frantses herritartasuna ukatzen zitzaielarik, 1936. urtera arte, elite musulmanaren nahikunde bakarra europarren estatus berbera izatea zen. 1936an, Léon Blum lehendakari frantsesak 20 000-25 000 musulmani frantses herritartasuna eskainiz aurkeztu zuen asimilazio egitarauak Aljeriako kolono eta parlamentuaren beraren gaitzespena jaso zuen, elite musulmanak eta ulemek onartu ondoren. Horren ondorioz, Frantziatik banatzearen aldeko garra piztu zen aljeriarren artean.

1942an tropa aliatuak Ipar Afrikan lehorreratu ondoren, burujabetasunaren ideia gorpuztuz joan zen eta 1943. urtean, Ferhat Abbas buruzagi abertzaleak eman zuen argitara bere Aljeriar Herriaren Agiria. 1945eko maiatzean, agintaritza frantsesak nolabaiteko berrikuntzak agindu bazituen ere, kalera irten zen aljeriar herria bere eskubideak aldarrikatzera. Frantziako gobernuaren zapalkuntza latzaren ondoren, higikunde abertzale guztiak galarazi ziren. 1946. urteko amnistia eta gero, Ferhat Abbasek Union Democratique du Manifeste Algérien delakoa eratu zuen eta Messali Hadjik Mouvement pour le Triomphe des Libertés Democratiques higikundea. Parisek, bitartean, estatutu berezi bat eman zion Aljeriari, eta bertako biltzarra eratu zuen 1947an. Biltzarkideak hautatzeko, bakoitzak %50 hartzen zuten bi talde osatu ziren: musulmanak batean, eta %88 europar eta % 12 musulman bestean. Politika federalista baten oinarriak finkatu nahi izan baziren ere, errealitatea guztiz bestelakoa zen, benetako aginpide politikoa metropoliko erakundeen (Gobernua eta Armada) esku baitzen. MTLDko burkide batzuek (Hocine Aït Ahmed, Ahmed Ben Bella eta Mohamed Khider, haien artean) Iraultzarako Batzordea osatu zuten 1954an, eta altxamendua urte bereko azaroaren 1ean hasi zen.

Aljeriako Gerra (1954-1962)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziar indarrek hildako aljeriar miliziano abertzaleak

Higikunde nazionalistak Kairon eratu zen Nazio Askapenerako Frontera (FLN) bildu ziren gehienbat. Bitartean, Pierre Mendès France lehen ministroaren gobernuak gupida gabeko zapalkuntza agindu zuen. Jacques Soustelle gobernadore nagusiak musulmanak herritartasun osoaren jabe izango zirela adierazi zuen 1955ean, eta Robert Lacostek, kargu horretan ordezkatu zuen gobernadore berriak, su-etena erdiesteko agindua jaso zuen 1956an, negoziazioei ekingo zietelako agindupean. Bake irtenbidea inoiz baino hurbilago zegoenean, ordea, Frantziako Aireko Armadak Marokotik Tunisiara zihoan hegazkin bat bidean intertzeptatu eta Aljerren lur hartzera behartu zuen 1956ko urrian. Hegazkinean zihoazen bost buruzagi nazionalista, Ben Bella tarteko, detenitu zituzten frantsesek.

FLNk hildako zibil musulmanak, Bejaia 1956

1957. urtean, Jacques Massu jeneralaren paraxutistek izugarrizko sarraskia egin zuten Aljerren, Aljerreko Gudua izena eman zitzaion operazio batean. Nazioartean guztiz kondenatu zen Tunisiako Saqiet sidi Yusuf herriaren bonbardaketak eta militarren portaerak banatu egin zuten Frantziako herri iritzia, gerraren aurka zeudenak eta militarrei eusten zienak elkarren aurka jarriz De Gaullek. Aginpidera iritsi zenean, 1958ko abenduan, Aljeria frantsesen esku mantentzeko borondatea agertu bazuen ere, 1959ko irailean aljeriarren autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatu zuen eta Aljeriako Errepublikako behin-behineko gobernuarekin lehen negoziaketak hasi ziren. 1960ko ekainean, lehen su-etena egitea erabaki zen.

1961eko apirilean, Maurice Challe, Edmond Jouhaud, André Zeller eta Raoul Salan jeneralen putsch-ak ez zuen arrakastarik izan eta handik aurrera, Salan jeneralaren Organisation Armée Secrète (OAS) erakunde terroristak aljeriarren kontrako borrokari ekin zion, gobernu frantsesak eta Aljeriako behin-behineko gobernuak Eviango Hitzarmenak eta betiko su-etena ekarri zituzten negoziaketetan ziharduten bitartean (1962ko martxoa). Frantsesek, musulmanek parte hartzerik izan ez zuten erreferendumaren bitartez, Eviango akordioak berretsi eta gero (1962ko apirila), milioitik gora frantses eta europarrek (pied-noirs direlakoek) utzi zuten Aljeria.

Aljeria burujabea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferendum bidez, Aljeria estatu independente bihurtu zen 1962ko uztailaren 1ean. Askatasuna iritsi bezain laster hasi ziren, ordea, behin-behineko gobernuaren eta Ahmed Ben Bellaren inguruko bulego politikoaren arteko gatazkak. Arian-arian, Ben Bellaren ikuspuntuak nagusitu ziren: 1962ko irailaren 20an lehen Biltzar Konstituziogilea osatu ondoan, gobernu buru izendatu zuten Ben Bella, eta urtebete geroago, 1963ko irailaren 15ean, errepublikako presidente. Elkarren arteko barne gatazkak bazter utzita, bat egin zuten politiko aljeriarrek, mugak zirela eta, Marokorekin zituzten ezinkonponduei aurre egiteko.

Alderdi bakarra egin zuten FLNren I. batzarrean, 1964ko apirilean, barne joerak onartu baziren ere, 1965eko ekainaren 19an Houari Boumedienek zuzenduriko estatu kolpeaz, alderdiko ezker muturreko kideak egotzi eta lehendakariaren ahalmenak handiagotu zituzten. Boumedienen agintepean, 1966. urtean nazionalizazio programari hasiera eman (petrolioa eta gas naturala, 1968an) eta Frantziarekiko elkarkidetza hitzarmenak sinatu ziren. 1976. urtean, Mendebaldeko Saharako Polisarioren alde agertuz, Marokorekiko auzia larriagotu zen, eta Saharako mugetan gatazkak ere izan ziren. 1977-1978 urteetan, Saharako arazo honek eta Frantzian zeuden langile etorkin aljeriarren egoerak zaildu egin zituen Aljeriaren Frantziarekiko kanpo harremanak.

Chadli Bendjediden agintaldia (1979-1988)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boumedienen heriotzaren ondoren, Chadli Bendjedid koronela izendatu zuten FLNko idazkari nagusi, lehenbizi, eta Aljeriako presidente, gero, 1979ko otsailaren 7an. Bendjediden politika, hamaika urtean zehar, bere aurrekoak egindako guztia pixkanaka eta zuhurki aldatzen saiatzea izan zen. Zailtasunez jositako aroa izan zen; agintaldiaren hasiera aldera Aljeriaren geroa baldintzatuko zuten bi gertakizun jazo ziren: berbereen kultura arloko eskaeren plazaratzea (1980), eta erakunde islamisten jaiotza (1981). Ekonomia liberalizatu nahian, enpresa publikoak “berregituratzeari” ekin zion, eta bide hori, azkenean, pribatizazioan amaituko zen. Nekazaritza legeak ere aldatu zituzten, eta lurrak, herritar askoren borondatearen kontra izanik ere, antzinako lurjabeei itzuli zitzaizkien. Kanpo harremanei dagokienez, Aljeria Frantziara hurbildu zen eta hitzarmen garrantzitsuak sinatu zituzten bi herrialdeek, gas hornikuntza eta hornikuntza orokorren kontratuak tartean zirela. Magrebeko auzoekiko harremanak ere hobetu ziren: anaitasun hitzarmenak sinatu zituen Tunisiarekin eta Mauritaniarekin eta, 1983an, Marokorekiko harremanak normaldu zituzten.

Islamismoaren leherketa (1988-1992)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljeriako 1991ko legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak      daturik ez      erabaki gabe      FISek gehiengorik gabe      FISek %50      FISek gehiengoa

1988an, beste bost urterako lehendakari hautatua izan ondoren, Chadli Bendjedidek konstituzioa aldatzea proposatu zuen, eta erreferendumean onartu zen 1989ko otsailean. Irekitze neurri kontrolatu batzuk aurreikusten ziren erreforma horretan: sozialismoaren aipamenak bertan behera utzi ziren eta alderdi aniztasuna onartu zen. Atzerrian zeuden liderrak itzuli ziren –Hocine Aït Ahmed eta Ahmed Ben Bella, esate baterako–, eta 60 alderditik gora eratu ziren. Orobat, emakume eta kultura elkarte asko ezkututik irten zen, eta hedabideek askatasun osoz adierazten hasi ziren haien ideiak. Mugimendu islamistak Salbaziorako Islamiar Frontea (FIS) izenekoaren baitara bildu ziren. Atentatuak ugaldu ziren eta borroka gero eta ageriagoa egin zen islamisten eta modernotasunaren zaleen artean.

1990eko ekainean, FISek udal hauteskundeak irabazi zituen eta eskuratu zituen udaletan (udalen erdi inguru) xaria edo islamiar legea aplikatzen hasi zen eta, ondorioz, emakumeen aurkako erasoak eta liskarrak ugaldu egin ziren. 1991ko maiatzean, FISek, hauteskunde legearen deuseztapena lortzeko asmotan, greba orokor bat eta matxinadak antolatu zituen. Gudarosteak esku hartu zuen, setio egoera ezarri eta buruzagi islamistak atxilotu egin zituzten. 1991ko azaroan, militarren postu baten aurka islamistek egindako erasoarekin hasi zen hauteskunde kanpaina; abenduan, legebiltzarrerako hauteskundeak, lehen itzulian, FISek garbi irabazi zituen, 323 eserlekuetatik 188 irabaziz. Gudarosteak, demokrata batzuen sostenguarekin, prozesua geldiaraztea eta hauteskundeen bigarren itzulia baliogabetzea erabaki zuen. 1992ko urtarrilean, Bendjedid dimititzera behartu ondoren, Estatuko Goi Batzordeak Mohamed Boudiaf jarri zuen estatuko buru, 27 urte haietan Marokon atzerriratua bizi izan zen iraultza garaiko buruzagi historikoa. Larrialdi egoera ezarri zen, FIS deuseztatu zuten, eta 12.000 militante islamista Saharako espeetxetan sartu zituzten. Boudiaf saiatu zen ordenari eusten eta ekonomia indartzen, baina 1992ko ekainaren 29an bere zaintza pertsonaleko kide batek hil zuen.

1984an berriro presidente hautatu zuten Bendjedid eta, 1986an, konstituzio berria ezarrarazi zion legebiltzarrari, non haren aldiko politika berresten baitzen: ekimen pribatua indartzea, eta arabiartze eta islamiartze politika, familia jokamolde jakin batzuetan islatzen zena. Berehala egin zioten aurka feministek eta modernotasunaren zaleek. 1985-1986tik aurrera, petrolioaren eta dolarraren jaitsierek gizarte arazoak larriagotu egin zituzten. Greba eta manifestazio asko egin ziren: bizitza garestitzearen aurka, etxe faltaren eta miseriaren aurka, lurrak pribatizatzearen aurka eta abar, eta, horiekin batera, gogortu egin ziren berbereen politika eskaerak eta, batez ere, islamistenak. Aldi horren faserik gogorrena 1988ko urrian izan zen. Sei egunez iraun zuten kale istiluek eta matxinadek bai Aljerren eta bai lurralde guztian, eta gudarostearen zapalkuntzak, ehunka hildako ez ezik, traumatismo handia eragin zuen herritarren artean, gazteengan, batez ere.

Gerra zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Aljeriako Gerra Zibila»
1997–1998 bitartean 50 hildako baino gehiago eragin zituzten sarraskiak. Gehienak Islamiar Talde Armatuak hartu zituen bere gain

Boudiafen hilketaren ondoren, lehenik Ali Kafi, eta 1994ko urtarriletik aurrera Liamine Zeroual izan ziren Aljeriako estatuburuak. Pixkanaka-pixkanaka, indarkeria egoera etengabea benetako gerra zibil bilakatu zen. Sei urtez, 100.000 hildako inguru izan ziren, nazioarteko erakundeek kalkulatzen dutenez (26.000 ofizialki onartuak), militarrak eta islamistak zenbatu gabe; hildako militarren kopurua sekretua da eta, Barne Ministerioaren arabera, 20.000 islamista inguru izan ziren hilak. Atentatuen helburuak aldatzen joan ziren denbora igaro ahala. Hasieran, armadako kideak hiltzen zituzten, gero imamak eta FISeko hautatuen ordezkoak, gero intelektualak, kazetariak, politikariak, epaileak eta ehun bat atzerritar, fraideak eta Orango artzapezpikua barne. Estatuaren sinboloak sistemaz erasotzen ziren: Aljerreko aireportua, kasernak, bankuak, ikastetxeak, etab.

1995etik aurrera, bonba-autoak, polizia-kontrol faltsuak eta gudarostearen aurkako segadak ugaldu ziren, eta 1996ko azkenaldeaz geroztik sarraski sistematikoak egin zituzten herrixka eta auzoetan, nazioarteko iritzi publikoan sekulako eragina eta zirrara sortu zutenak. Gainera, 1995etik aurrera, talde islamista armatuak beren kabuz antolatzen hasi ziren eta bi korronte nagusi eratu ziren, elkarren aurka ere borrokatzen zirenak. Alde batetik, Salbamenerako Armada Islamista (AIS) zegoen, FISetik sortua, eta bestetik Islamiar Talde Armatua (GIA). Agintariek autobabeseko talde edo milizien antolakuntza bultzatu zuten eta 200.000 gizon armatu zituzten, eta hori, kasu askotan, indarkeria areagotu zuen faktore bat izan zen.

Egoera horretan, aljeriar gobernuak ekonomia politika zorrotzari eutsi zion, Nazioarteko Diru Funtsaren, Munduko Bankuaren, Europar Batasunaren eta inbertsioak egin nahi zituzten askoren diru laguntzak jasotzen zituen bitartean, nahiz eta gizarte kostu guztiz gogorra ordaindu: enpresa asko itxi egin ziren –publikoak, batez ere–, langabeziak eta prezioek gora egin zuten, diruak balioa galdu zuen... Bi negoziazio ahalegin izan ziren, indar politikoen artean, krisialditik nolabait ateratzearren: bata 1994an, Erroman, eta bestea 1996an, baina biek porrot egin zuten.Demokraziaren aldekoak, bestalde, elkarren aurkako bi joeretan biltzen ziren. Alde batetik, erradikalak, antzinako komunistak eta berbereen eskarietatik sortutako RCD taldekoak, eta bestetik, elkarrizketazaleak: Hocine Aït Ahmeden FFS (Indar Sozialisten Frontea) eta Ahmed Ben Bellaren MDA (Aljeriako Demokraziarako Mugimendua).

1995eko azaroan, berriro Liamine Zeroual lehendakari hautatu ondoren, aljeriar politikaren berregituraketa bizkortu egin zen: konstituzioa berriro erreformatu zen, 1996ko azaroaren 28an, eta 1997ko urtarrilean RND (Batzar Nazional Demokratikoa) alderdia sortu zen, Zeroual bera buru zuela. Alderdi berri horrek urte hartako ekaineko legebiltzarreko hauteskundeak eta urriko udal hauteskundeak irabazi zituen. Islamista moderatuei ateak ireki zitzaizkien, eta islamiartze eta arabiartze politikari ekin zioten (1998ko uztaileko legea), nahiz eta lege horrek arazoak sortu zituen Kabilian.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1997ko urrian AISek, GIAren jokabide odoltsuarekin ikaratuta, baldintzarik gabeko su-etena aldarrikatu zuen. Testuinguru horretan, Zeroual presidentearen agintaldia laburtzeko erabakiak (1998ko irailaren 11n iragarri zuen) erabat ezustean harrapatu zituen, bai begiraleak, bai Aljeriako alderdi politikoetako liderrak. Hauteskunde kanpaina nahiko askea izan ondoren, bazirudien Aljeriako bizitza politikoa aldatzeko aukera izango zela. Baina boto zenbaketaren bezperan, hauteskundeetara aurkeztutako zazpi hautagaietatik sei erretiratu egin ziren, Abdelaziz Bouteflikaren aldeko “iruzur masiboak” izan zirela salatuz, Bouteflika jotzen baitzuten agintearen hautagai. Emaitza ofizialen arabera –oposizioak onartu ez bazituen ere– geratu zen hautagai bakarrak botoen %73,8 lortu zituen, eta parte-hartzea %60koa izan zen. 2002rako gerrilla talde gehienak desagertuta edo suntsituta zeuden (amnistia programa bati esker, asko), gune batzuetan gatazkan jarraitzen zuten arren.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljeria errepublika presidentzialista da. Presidentea da estatuburua, eta 5 urteko agintaldirako hautatzen da zuzeneko sufragioaren bidez. Gobernuburua, berriz, lehen ministroa da. Botere betearazlea gobernuaren esku dago, eta botere legegilea parlamentuaren esku. Parlamentuak bi ganbera ditu: Nazio Kontseilua (144 jarleku) eta Herri Biltzar Nazionala (462 jarleku).[6]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljeria 48 wilaya edo probintziatan banatua dago. Probintzia hauek administrazio barruti bana osatzen dute, probintzia batzarra dute (Wilaiako Herri Batzarra edo Assemblée populaire de wilaya), eta bakoitza wali (Frantziako prefetaren antzera) baten agindupean dago, Errepublikako presidenteak izendatutakoa. Wilaya hauek daira barrutietan azpibanatuak daude, eta hauek udalerritan. Wilaya eta daira bakoitzak hiriburuaren izena darama. Azken banaketa 1984an egin zen:

# Wilaya Eremua (km2) Biztanleria mapa # Wilaya Eremua (km2) Biztanleria
1 Adrar 402.197 439.700
Algeria, administrative divisions (+northern) - Nmbrs (geosort) - monochrome.svg
25 Konstantina 2.187 943.112
2 Chlef 4.975 1.013.718 26 Médéa 8.866 830.943
3 Laghouat 25.057 477.328 27 Mostaganem 2.269 746.947
4 Oum-El-Bouaghi 6.768 644.364 28 M'Sila 18.718 991.846
5 Batna 12.192 1.128.030 29 Mascara 5.941 780.959
6 Béjaïa 3.268 915.835 30 Ouargla 211.980 552.539
7 Biskra 20.986 730.262 31 Oran 2.114 1.584.607
8 Béchar 161.400 274.866 32 El Bayadh 78.870 262.187
9 Blida 1.696 1.009.892 33 Illizi 285.000 54.490
10 Bouïra 4.439 694.750 34 Bordj Bou Arréridj 4.115 634.396
11 Tamanrasset 556.200 198.691 35 Boumerdes 1.591 795.019
12 Tébessa 14.227 657.227 36 El Taref 3,339 411,783
13 Tlemcen 9.061 945.525 37 Tinduf 58.193 159.000
14 Tiaret 20.673 842.060 38 Tissemsilt 3.152 296.366
15 Tizi Ouzou 3.568 1.119.646 39 El Oued 54.573 673.934
16 Aljer 273 2.947.461 40 Khenchela 9.811 384.268
17 Djelfa 66.415 1.223.223 41 Souk Ahras 4.541 440.299
18 Jijel 2.577 634.412 42 Tipaza 2.166 617.661
19 Sétif 6.504 1.496.150 43 Mila 9.375 768.419
20 Saïda 6.764 328.685 44 Ain Defla 4.897 771.890
21 Skikda 4.026 904.195 45 Naâma 29.950 209.470
22 Sidi Bel Abbès 9.150 603.369 46 Ain Timouchent 2.376 384.565
23 Annaba 1.439 640.050 47 Ghardaia 86.105 375.988
24 Guelma 4.101 482.261 48 Relizane 4.870 733.060

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialdeak 42 milioi biztanle zituen 2018an.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %29,3 dira, 15-24 urte bitartekoak %15,3, 25-54 urte bitartekoak %42,9, 55-64 urte bitartekoak %6,8 eta 65 urtetik gorakoak %5,6. Bizi itxaropena 77 urtekoa da; 75,6 urtekoa gizonezkoena eta 78,4 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[6]

Biztanleriaren dentsitatea Aljeria iparraldean

Biztanleriaren %91 lurraldearen %12 hartzen duten kostaldeko eremuetan bizi da, hirietan nagusiki, gobernuak hirietarako migrazioa eteteko ahaleginak egin dituen arren. Kostaldeko zerrenda horretan daude hiri handi guztiak eta industriaren inguruan sortutako porturik garrantzizkoenak. Giza kontzentrazio handienak Aljerren eta Kabilian daude. Erdialdean, Aljeriako Sahararen eremurik aktiboena aurkitzen da: Mzab eta Ouargla izeneko oasi handiak. Oro har, zenbat eta hegoalderago, orduan eta urriago dira biztanleak.

Aljeriarrek oso garesti ordaindu zuten ekonomia sozialista batetik liberalismo basatienera azkar pasa izana, eta gerra zibil mozorrotu bat sartu zen tartean; alde batetik, berbereen eskaerak ez ziren onartu eta, bestalde, musulman tradiziozaleak gizartea erabat islamizatzearen eta arabiartzearen aldekoak dira. Gizarte aldaketa bortitz horiek, beraz, nor bere nortasunean ixtea eragin dute, eta gizarte tentsio ikaragarriak sortu dituzte. Gatazka horiek kontuan hartu beharra dago islamismo aljeriarraren izaera guztiz bortitza ulertu nahi bada. Egoera horren beste ondorio bat emigrazioa izan da. 2013an, 1.770.000 aljeriar bizi ziren beren lurraldetik kanpo, %82 Frantzian.[7]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljeriako eremu amazigeradunak

Aljeriar gehienak, bai amazigera-hiztunak, bai arabiera-hiztunak, berbere etniakoak dira.[3] Hala ere, biztanleriaren %15ek (kabiliarrek batez ere) bakarrik hartzen du bere burua berebertzat.[6] Mendebaldeko Saharako 173.000 errefuxiatu bizi dira Tindufeko iheslarien esparruetan.[8]

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konstituzioaren arabera, amazigera eta arabiera dira hizkuntza ofizialak. Biztanleen %14-23k amazigera du ama hizkuntza, eta %76-85ek arabiera.[9][10] Frantsesa oso hedaturik dago, eta 16 milioi frantses-hiztun inguru daude.[11]

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Islama da erlijio ofiziala, eta biztanle gehienak musulman suniak dira.[6]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljeria zeharkatzen duten gasbideak

Ez dira herrialde asko igaro hain azkar independentzia aurreko nekazaritza ekonomia azpigaratu batetik (nekazaritza koloniala salbuetsita, etekin onak ateratzen baitzituen) industria astunean oinarritutako ekonomiara eta, azkenik, indarrean zegoen produkzio aparatu guztia hankaz gora bota zuen liberalizazio batera. Houari Boumedieneren agintepean, Aljeriako Saharako petrolio eta gas natural erreserba handietatik ateratako mozkinei esker (1971n nazionalizatu zituzten erreserbak) industria sare garrantzitsua eraiki zuten eta, horrekin batera, hornikuntza eta azpiegitura politika handinahi bat. Estatu monopolio handiak sortu ziren aberastasun nagusiak ustiatzeko eta esportatzeko: hidrokarburoak, burdina, fosfatoak… Hiri ertainak eta portuak (Arzew, Skikda, Bejaia, Annaba, etab.) industriagune garrantzitsuenen inguruan eraiki ziren.

Baina, Boumedieneren aroa amaitu zenean, berehala azaleratu ziren sistemaren akatsak: gestio txarraren eraginez eta kanporako irteerarik gabe lantegiak ahal zutenaren erdia ekoiztera pasa ziren, nekazaritza ez zen gauza biztanleen premiei erantzuteko, eta hala, hidrokarburoen esportaziotik ateratako sarrera gehienak jakiak inportatzeko erabili behar izan ziren. Chadli Bendjediden agintaldia markatu zuten ezaugarriak, bestalde, zorpetze ikaragarria (25 mila milioi dolar baino gehiago), petrolioaren prezioaren beherakada eta dolarrararen 1985-1986ko beheraldia izan ziren.

Aljeriak, bere independentziaz hain kezkaturik egonik ere, 1991. urtean hitzarmen bat egin behar izan zuen Nazioarteko Diru Funtsarekin eta, mila milioi dolarreko maileguaren truke, hainbat neurri hartuko zituela agindu behar izan zuen: diru politika zorrotzagoa, aurrekontu orekatuagoak egitea, eta monetaren prezioa doitzea (% 50eko debaluazioa eskatzen zioten). Neurri horiekin batera, beste erreforma batzuei ere ekin zitzaien: sektore publikoaren berregituraketa (hainbat sail estatutik bereiziz), inbertsio pribatuetara irekitzea –atzerrikoak ere barne direla–, pribatizazioak, nekazaritzaren deskolektibizazioa, eta merkataritzaren eta zerbitzuen liberalizazioa. Aljeriar ekonomia irekitzera eta liberalizatzera zuzendutako erreforma plangintza horrek, ordea, gizarte kostu handiak izan zituen: sektore publikoko 200.000 enplegatu baino gehiago kaleratzea, soldatak izoztea, prezioak 30 baino gehiago igotzea (lehen premiako elikagaiak barne), dinarra %40 baino gehiago baliogutxitzea eta biztanleria puztua zuten herriak asko pobretzea.

Hidrokarburoen sektoreari dagokionez, krisiak ez zuen ukitu, ezta gerra zibilak ere. Aldiz, gora jarraitu zuen, gudarosteak babes berezia eskaini baitzion. 1993tik aurrera egindako aurkikuntza berriei esker, batetik, gas erreserbak hazi egin ziren, munduko erreserba handienetan 6. tokian kokatzeraino, eta petrolio ekoizpena, berriz, 1,2 mila milioi tonatik 1,7 mila milioi tonara pasa zen; petrolio esportazioak ere nabarmen igo ziren. Kanpotiko inbertsioek ere on handia egin zuten sektore horretan, batez ere Aljeria, Maroko, Espainia eta Portugalen artean (gerra zibila bete-betean zegoela, 1994-1996an) eraikitako Magreb-Europa gasbideak, zeinaren bitartez Europa hegoaldea hornitzen baita gas aljeriarrez. 2000. urte inguruaz gero, Aljeria ateratzen hasi zen liberalizazio prozesu horretako fase gogorrenetik, petrolioaren prezioaren igoerari, kanpo zorra murrizteari eta kanpo inbertsioei esker.

Aljeriako ekonomia-adierazleak[6]
Adierazlea Balioa
BPG (PPP) 632,9 mila milioi USD (2017)
Per capita errenta (PPP) 15.200 USD (2017)
BPGaren hazkundea %2 (2017)
Inflazioa %5,6 (2017)
Langabezia-tasa %11,7 (2017)
Kanpo-zorra 8,163 mila milioi USD (2017)
Zor publikoa BPGaren %25,8 (2017)
Esportazioak 33,15 mila milioi USD (2017)
Inportazioak 49,99 mila milioi USD (2017)
Petrolio ekoizpena 1,348 milioi upel egunean (2016)
Petrolio erreserbak 12,2 mila milioi upel (2017)
Gas natural erreserbak 4,504 bilioi metro kubo (2017)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c   Euskaltzaindia, 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0038.pdf .
  2. a b c "Statistiques Sociales: Démographie", ons.dz
  3. a b c   Helen Chapin Metz, ed, Algeria: A Country Study, U.S. Library of Congress, countrystudies.us, http://countrystudies.us/algeria/. Noiz kontsultatua: 2018-8-24 .
  4. a b c   Algérie: Géographie, el-mouradia.dz, http://www.el-mouradia.dz/francais/algerie/geographie/geographie.htm. Noiz kontsultatua: 2018-8-27 .
  5.   Tropiko arteko klimak, Lur Entziklopedia Tematikoa, euskara.euskadi.eus, http://www.euskara.euskadi.eus/r59-luredir/eu/contenidos/articulo/c1301/eu_d1301090/1301090.html. Noiz kontsultatua: 2018-8-27 .
  6. a b c d e   Algeria, cia.gov, https://www.cia.gov/library/publications/the-world-factbook/geos/ag.html. Noiz kontsultatua: 2018-9-18 .
  7.   840.000 Algériens ont quitté le pays sous Bouteflika contre 110.000 dans la décennie 90, HuffPost Maghreb, 2014-09-20, huffpostmaghreb.com, https://www.huffpostmaghreb.com/2014/09/20/algerie-immigration-annee_n_5854048.html. Noiz kontsultatua: 2018-9-18 .
  8.   Sahrawi Refugees in Tindouf, Algeria: Total In‐Camp Population, usc.es, http://www.usc.es/export9/sites/webinstitucional/gl/institutos/ceso/descargas/UNHCR_Tindouf-Total-In-Camp-Population_March-2018.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-9-18 .
  9.   Leclerc, Jacques, Algérie: Situation géographique et démolinguistique, tlfq.ulaval.ca, http://archive.wikiwix.com/cache/?url=http%3A%2F%2Fwww.tlfq.ulaval.ca%2FAXL%2FAFRIQUE%2Falgerie-1demo.htm. Noiz kontsultatua: 2018-9-18 .
  10.   Délégation générale à la langue française et aux langues de France, Languages of Algeria, ethnologue.com, http://archive.wikiwix.com/cache/?url=http%3A%2F%2Fwww.ethnologue.com%2Fshow_country.asp%3Fname%3DDZ. Noiz kontsultatua: 2018-9-18 .
  11.   [http://archive.wikiwix.com/cache/?url=http%3A%2F%2Fwww.dglf.culture.gouv.fr%2Fpublications%2FReferences12_la_langue_francaise_dans_le_monde.pdf La langue française dans le monde], dglf.culture.gouv.fr, http://archive.wikiwix.com/cache/?url=http%3A%2F%2Fwww.dglf.culture.gouv.fr%2Fpublications%2FReferences12_la_langue_francaise_dans_le_monde.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-9-18 .
  12.   Algeria:cities, citypopulation.de, http://www.citypopulation.de/Algeria-Cities.html. Noiz kontsultatua: 2018-8-26 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Aljeria Aldatu lotura Wikidatan