Aljeriako geografia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Koordenatuak: 60° 00′ N, 95° 00′ W / 60.000°N,95.000°W / 60.000; -95.000

Aljeriako geografia
Algeria Topography.png
Osoa 2.381.741 km²
Lehorra 2.381.741 km²
Ura 0 km²
Latitudea 28°0' N
Longitudea 3°0' E
Mugak
Maroko 1.900 km
Mali 1.359 km
Libia 989 km
Tunisia 1.034 km
Niger 951 km
Mauritania 460 km
Mendebaldeko Sahara 41 km
Itsas erreklamazioak
Ondoko eremua 12 itsas milia
Arrantza-eremu esklusiboa 32-52 itsas milia
Muturreko garaierak
Puntu beherena -40 m (Chott Melrhir)
Puntu gorena 2.908 m (Tahat)

Aljeria Afrika iparraldeko estatua da, Magreb eskualdekoa. 2.381.741 kilometro koadroko eremua hartzen du, alegia Afrikako estatuetan handiena eta mundu osokoetan hamargarrena.

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljeria iparraldeko Afrikako Magreb eskualdean dago, Mediterraneo itsasoaren ertzean, ipar latitudeko 19° eta 37° artean, eta ekialdeko longitudeko 9° eta 12° artean. Iparraldean Mediterraneoa du, Tunisia ipar-ekialdean, Libia ekialdean, Niger hego-ekialdean, Mali eta Mauritania hego-mendebaldean, eta Mendebaldeko Sahara eta Maroko mendebaldean. Afrikako herrialderik handiena da Hego Sudanen independentzia gertatu zenetik.

Eskualde naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljeriako eskualde natural nagusiak hauek dira:[1]

  • Ipar-mendebaldean Tell-eko Atlasa dago, Marokoko mugatik Soummam ibairaino, Kabiliako mendiak eta Bejaiako lautada barne. Herrialdearen bihotza da, bertan baitaude herri eta hiri nagusiak. Muino eta zabaldiz osatua, oso eskualde emankorra da. Nekazaritzako lurrik hoberenak 100 kilometroz hedatzen dira Aljertik ekialderantz, Mitidjan eta Bejaiako lautadan. Jalkin lur horietan mahasti eta garrazki sail bikainak daude. Xelif ibaiaren harana eta barnealdeko beste ibar batzuk, berriz, elkorrak dira, eta uda beroegiak dituzte nekazaritzarako. Kabiliako mendietan herri txiki eta txiroak daude, ibar bihurrietan ostenduak.
  • Goi Ordokiak 600 kilometroz hedatzen dira Marokoko mugatik ekialderantz; iparraldean Tell-eko Atlasa dute, eta hegoaldean Saharako Atlasa. 1.100 eta 1.300 metro arteko garaiera dute mendebaldean, eta 400 metrokoa besterik ez ekialdean. Oso eskualde idor eta laua da, jalkinez estalia.
  • Saharako Atlasa garaiagoa da Tell-eko Atlasa baino. Hiru mendigunek osaturik dago: Djabel Ksour Marokoko mugatik gertu, Djabal Amur, eta Ouled Naïl Aljerren hegoaldean. Mendilerroan sortzen diren errekek hornitzen dituzte basamortuaren iparraldeko oasietako putzuak, hala nola Biskra, Laghouat eta Bexarkoak.
  • Sahara basamortuak Aljeriako azaleraren lau bosten hartzen ditu, Saharako Atlastik hegoaldera Niger eta Maliko mugetaraino. Erg edo harea eremuek basamortuaren laurdena hartzen dute; zabalena Ekialdeko Erg Handia da. Gainerako gehiena hamada izeneko zabaldi harritsuak dira, eta hego-ekialdean Hoggar eta Tassili n'Ajjer mendigune garaiak daude.
  • Ipar-ekialdeko Aljeria eskualde trinkoa da, mendilerro, haran eta lautada ugarik zeharkatua; mendebaldean ez bezala, geografia-ezaugarri horiek kostarekiko perpendikularrak dira. Hegoaldean, Aures mendiguneko arroil eta gailurrek ezin sartuzko babeslekua eratzen dute, historian zehar garrantzi handia izan duena. Itsasbazterra menditsua bada ere, zenbait hiri daude lautada bakanetan, hala nola Bejaia, Skikda eta Annaba. Barnealdean, labore sail handiak daude Sétif eta Konstantina probintzietako zabaldietan.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soummam ibaiaren estuarioa, Bejaia

Itsasertzeko erreka batzuk daude herrialdearen ipar-ekialdean, esaterako Soummam, Medjerda, Rhummel, Sebaou, Aïn El Hammam, Hamiz, Macta eta Mazafran. Ibai nagusia, ordea, Xelif da. 725 kilometroko luzera du, eta Aljeriako ipar-mendebaldea zeharkatzen du; Tell-eko Atlasan du iturburua, eta Mediterraneora isurtzen da Mostaganemetik hurbil. Tell-etik hegoaldera ez da ur-gorputz iraunkorrik. Basamortuan aldi baterako aintzira ugari dago, gaziak gehienak, hala nola Chott ech Chergui eta Chott el Hodna.[2]

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldean, Tell-eko Atlasan, klima mediterraneoa da, uda bero eta negu epelekin. Aljeriako eskualderik euritsuena da, urtean 400-1.000 milimetro euri jasotzen baitira, gehiago ekialdean mendebaldean baino. Prezipitazio handienak iraila eta abunduaren artean gertatzen dira.[1] Udako batez besteko tenperaturak 21 °C eta 24 °C artekoak dira, eta negukoak 10 °C eta 12 °C artekoak. Udan, siroko izeneko haize idorra eta guztiz beroak jotzen du Saharatik iparralderantz. Hegoalderantz joan ahala, klima idorrago bilakatzen da: Goi Ordokietan eta Saharako Atlasan urteko prezipitazioak 200 eta 400 milimetro artekoak dira.[2]

Datu klimatikoak (Aljer, 1976–2005, klima mediterraneoa)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 16.7 17.4 19.3 20.9 23.9 28.2 31.2 32.2 29.6 25.9 20.8 17.9 23.7
Batez besteko tenperatura (ºC) 11.1 11.7 13.2 14.9 18.1 22.2 25.1 26.0 23.6 20.1 15.3 12.6 17.8
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 5.5 5.9 7.1 8.8 12.3 16.1 18.9 19.8 17.6 14.2 9.8 7.2 11.9
Pilatutako prezipitazioa (mm) 81.4 72.7 55.0 58.4 41.9 8.5 4.5 8.2 28.3 58.8 89.6 91.0 598.3
Prezipitazio egunak (≥ 0.1 mm) 11.4 10.6 9.7 9.1 7.3 2.5 1.5 2.5 5.3 8.6 11.1 12.1 91.7
Iturria: World Meteorological Organization[3]

Saharak basamortuko klima du, oso beroa, idorra eta haizetsua. Tenperatura gorabeherak arinduko dituen lurrunik ez dagoenez, hedadura termikoa oso handia da, eta hogeita hamar gradurainoko aldea ere egon daiteke egunetik gauera; urtaroen arteko aldea ere oso handia izaten da, tenperatura gorenak berrogeita hamar gradu zentigradukoak dira udan, eta beherenak, berriz, zero gradukoak neguan.[4] Bestalde, oso euri gutxi egiten du, urtean 130 milimetro baino gutxiago,[2] eta euriak oso irregularrak izaten dira gainera.

Datu klimatikoak (Bordj Badji Mokhtar, basamortuko klima beroa)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 26.0 29.3 32.7 37.0 40.4 43.5 42.9 41.9 41.0 37.1 31.5 27.1 35.9
Batez besteko tenperatura (ºC) 18.7 21.4 24.7 28.8 32.6 36.0 35.6 34.8 33.8 29.8 24.2 19.9 28.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 11.4 13.6 16.8 20.7 24.8 28.6 28.4 27.8 26.6 22.6 17.0 12.7 20.9
Pilatutako prezipitazioa (mm) 1.1 0 0 0 0.9 2.2 5.8 15.9 10.1 2 0 0 38
Iturria: climate-data.org[5]

Naturgune babestuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljerian 9 parke nazional eta 2 parke kultural daude:

Izena Sorrera urtea Eremua (km²) Probintzia IUCN kategoria WDPA zenbakia
Tassiliko Parke Kulturala (Tassiliko Parke Nazionala lehen) 1972 138.000 Illizi II 12352
Theniet El-Hadeko Parke Nazionala 1983 (1929) 34,25 Tissemsilt II 9739
Djurdjurako Parke Nazionala 1983 185 Tizi Ouzou, Bouira II 4118
Chréako Parke Nazionala 1983 265,87 Blida, Médéa II 9740
El-Kalako Parke Nazionala 1983 800 El Tarf II 9741
Belezmako Parke Nazionala 1984 262,5 Batna II 9742
Gourayako Parke Nazionala 1984 32 Béjaïa II 9747
Tazako Parke Nazionala 1985 37,2 Jijel II 9743
Ahaggarko Parke Kulturala (Ahaggarko Parke Nazionala lehen) 1987 45.000 Tamanrasset II 23177
Tlemcengo Parke Nazionala 1993 82,25 Tlemcen II 101170
Djebel Aissako Parke Nazionala 2003 244 Naâma II 72354

     Parkea Unescoren biosfera erreserba baten barnean dago

Datu orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapena: Afrikaren iparraldean, Mediterraneoaren ertzean, Maroko eta Tunisiaren artean[6]

Koordenatu geografikoak: 28°0' N 3°0' E

Azalera:

  • osoa: 2.381.741  km²
  • lehorra: 2.381.741 km²
  • ura: 0 km²

Herrialdearen mugak:

denetara: 6.734 km[6]

Erresuma mugakideak:

Itsasbazterra: 998 km[6]

Lurraldea: gehiena goi ordoki eta basamortua; Atlasa iparraldean dago, eta Hoggar mendigunea hegoaldean; itsasertzeko lautada meharra eta etena.[6]

Muturreko garaierak:

Baliabide naturalak: petrolioa, gas naturala, burdina, fosfatoak, uranioa, beruna, zinka[6]

Lurren erabilera:

  • nekazaritza lurrak: %17,4
  • oihanak: %0,82
  • beste: %81,8 (2014)[6]

Lur ureztatua: 13.600 km² (2014)[6]

Arrisku naturalak: lurrikarak mendiguneetan; luizi eta uholdeak euriteetan; lehorteak.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Helen Chapin Metz, ed Algeria: A Country Study U.S. Library of Congress, countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2018-8-24.
  2. a b c Algérie: Géographie el-mouradia.dz . Noiz kontsultatua: 2018-8-27.
  3. World Weather Information Service–Algiers World Meteorological Organization . Noiz kontsultatua: 2018-9-19.
  4. Tropiko arteko klimak Lur Entziklopedia Tematikoa, euskara.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2018-8-27.
  5. Climate data for: Bordj Badji Mokhtar climate-data.org . Noiz kontsultatua: 2018-9-19.
  6. a b c d e f g h i j Algeria cia.gov . Noiz kontsultatua: 2018-8-27.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]