Altxamendu Espartakista

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Tiroteoa Altxamendu Espartakistan zehar.

Altxamendu Espartakista (alemanez: Spartakusaufstand) bezala ezagutzen da, 1919ko urtarrilaren 5 eta 12aren artean Berlinen eman zen greba orokorra eta borroka armatua.

Terminoaren erabilera jeneralizatu egin da, egiatan Espartakisten Ligak, geroago Alemaniako Alderdi Komunista bihurtu zenak, ez zuen langileen eta soldaduen altxamendua hasi, ezta ere zuzendu, altxamendua behin hasita zegoenean harekin kooperatu baizik.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1918ko Urrian iraultza nahia sortu zen Alemanian, Hohenzollerndarren uzkailtzearen ondoren eta Weimarko errepublika izendatu zenetik.

Gobernu berriak, Friedrich Ebert buruan zutela, barne ordena mantentzen saiatzen zen, burgesia eta klase ertainaren arteko gatazkak baretzen eta fronte batu bat erakusten saiatzen zen munduko potentzien begitara. Bide batez, proletalgoaren iraultza ekiditen zuten, nahiz eta sozialista erradikalenak errusiar boltxebikeak imitatu nahi izan. Horretarako, Eberten gobernuak tropa desmobilizatuak eta langile eta soldaduen sobieten sortzaileak kontrolpean izan beharra zituen, erregimenarentzat oztopo bat ez izateko. Beste alde batetik, Errusiar Iraultzaren albisteak ziurgabetasuna sortu zuen Alemanian; izan ere, Leninek zuzendutako boltxebikeek gobernu deskonposatu bat aprobetxatu zuten erregimenean aldaketa bat eragiteko. Ondorioz, Ebertek eta bere ingurukoek hori gertatzea saihetsi nahi zuten.

Langileen altxamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lubaki moduko bat Berlingo kaleetan.

Altxamendua 1918ko abenduan hasi zen Alemaniako Lehen Kongresu Sobietarrean, Berlinen. Bere ordezkariak, Langile eta Soldaduen Kontseiluko kideak, eta Alemaniako Alderdi Komunistaren eraginpean, Gabonak baino lehenago egin zuten Paul von Hindenburg Mariskalaren kargugabetzea.

Friedrich Eberten gobernu sozialdemokratak eskari hauek ezeztatu zituen, Hindenburg mariskalak ordezkatutako armadak lagunduta eta lasaitasun tentso bat mantenduz 1918. urteko azken egunetan. Hala ere, urtarrilaren 5ean, ezkertiar erradikalenak, Espartakisten Ligak lagunduta, Vörwarts egunkariaren sedea hartu zuten.

Ostera, lehen mugimendu iraultzailea Lehen Kongresu Sobietarreko masek hasi zuten, boltxebikeen jarraitzaile ziren langile eta soldaduek nagusituta. Hauek greba orokorra ezarri zuten Berlinen eta Eberten gobernuaren uzkailtzea lortu zuten, nahiz eta momentu hori altxamendurako horretarako desegokia izan Alemaniako Alderdi Komunistarentzat. Hain zuzen, buru komunista zen Rosa Luxemburgek zion, 1919ko Alemaniako egoera ez zela 1917ko Errusiakoaren berdina eta soldadu desmobilizatuekin ezinezkoa zela gobernua uzkailtzea lortuko zuen borrokalari masa batzea. Beste alde batetik, erregimen boltxebike errusiarrak ezin zieten komunista alemaniarrei lagundu, ez baitzeuden horretarako egoera onean.

Hori gutxi balitz, Eberten gobernua, langileen ordainketaren eta baldintzen hobekuntzen ziurgabetasun hori lasaitzen saiatzen ari zen. Gobernuak zioen, Woodrow Wilsonek zuzendutako Estatu Batuetako gobernuak laguntza ekonomikoa emango ziela nahigabe sozial horrekin amaitzeko; horrek langileen errebuelta nahia izugarri jaitsi zuen.

Faktore guzti hauek izanda ere, Karl Liebknecht buruak erabaki zuen garaia zela. Roxa Luxemburg ez zegoen horretaz seguru, baina hala ere esan zuen dudarik gabe lagunduko zuela kausa hau hasi orduko.

Gobernuaren erreakzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altxatutakoek gobernuaren dimisioa eskatu zuten, beraz Ebertek armadaren laguntza eskatu zuen.

Armadaren kontraerasoa 1919ko urtarrilaren 9an hasi zen, Walther von Lüttwitz generala buru zutela eta Freikorps antikomunistek lagunduta. Altxatutako langileen borrokak, "Aste Odoltsua" izenez ezagututakoari eman zion hasiera, hainbat egunetan zehar Berlingo kaleak guda-zelai bihurtuz. Langile espartakistek, fabriketan lubakituta zeudenak, ez zuten beste langile eta soldaduen laguntza handirik jaso, beraz ezin izan zuten denbora askoan eutsi. Gauzak horrela, pixkanaka-pixkanaka hauek hiltzen edo harrapatzen joan zen gobernua.

Rosa Luxemburgen hileta.

Urtarrilaren 15eko arratsalderako, Berlingo altxamendu komunistak porrot egin zuen eta espartakistek hartutako hiriko puntu guztiak berreskuratuta zituen gobernuak. Ligako bi buru nagusiak, Luxemburg eta Liebknecht, harrapatuak eta erailduak izan ziren. Hilketa hauek gatazka asko piztu zituzten Alemania guztian zehar.