Amorphophallus titanum

Wikipedia, Entziklopedia askea
Amorphophallus titanum
Iraute egoera

Galzorian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaAlismatales
FamiliaAraceae
GeneroaAmorphophallus
Espeziea Amorphophallus titanum

Amorphophallus titanum Indonesiako oihan hezeetan bizi den landare espezie bat da, Araceae familiakoa. Munduko adar bakarreko infloreszentzia handiena ateratzen du. Lorategi botaniko ugaritan landatu da eta haietan loratzea ere lortu da.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amorphophallus titanum izenak "zakil amorfo erraldoia" esan nahi du. Ustel usain oso desatsegina jariatzen duenez indonesieraz bunga bangkai esaten zaio, "hilotz lorea".

Habitata eta aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sumatra uhartearen mendebaldean soilik bizi da modu basatian[1]. Oihanetako argiunetan agertzen da kareharrizko muinoetan[2]. 1878. urtean Odoardo Beccari naturalista italiarrak deskribatu zuen. Dagoeneko Munduko Lorategi Botaniko askotan aurkitzen da eta Londresko Kew Errege Lorategi Botanikoan loratu zen Sumatratik kanpora lehen aldiz, 1889an[3].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bost metrotako altuera hartu dezakeen landarea da. Lorerik gabeko fasean zuhaitz itxura izaten du gainaldean adarkatu egiten dena eta hostoak ateratzen dituena. Lurrazalean erraboila garatzen du[4].

Loraldi fasean landarea galdu egiten da eta lurrazaleko erraboil horretatik metro beteko zurtoina ateratzen du. Zurtoinaren gainean hosto bakarra hazten da eta lorezko pedunkulo handi bat, espadize esaten zaiona. Hosto hori hasiera batean berdea da kanpoaldean eta gorri bizia barnealdean, goialdean more bihurtzen dena. Lorea hazi ahala hostoa ere handitu egiten da kanpai itxura hartuz.

Erraboilak 50 kg-ko pisua hartzen du batazbeste baina 2006an Bonn-eko lorategi bateko erraboila 117 kg pisatzera iritsi zen. Errekorra New Hampshireko Gilforden dagoen A. titamnum landareak du, 2010. urtean 138 kg pistau baitzituen[5].

Lorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bonngo Unibertsitateko Lorategi Botanikoetako Amorphophallus titanum.

Berrogei urte bizi da landarea eta hiru edo lau aldiz baino ez du lorea ateratzen. Hala eree Lorategi Botanikoetan baldintza egokienetan zainduta bi urtetik behi ematen du lorea, hori ikusi da Bonnen eta Konpenhagen ere bai[4]. Bonen kasu berezi bat gertatu zen, erraboil berak hiru lore eman zituen aldi berean[4].

Infloreszentzia garatzen hasten denean egunero 10 cm inguru egiten du gora, guztira 2'5 metro inguru luzatu arte. Une horretan metro bateko diametroa eta 75 kg inguruko pisua hartzen du. Loreak hiru egun inguru irauten ditu[3].

Infloreszentziak berak kono luze baten itxura hartzen du eta hosto bakar batek inguratzen du. Espadize esaten zaion infloreszentzia hori heltzerakoan horixka bihurtzen da. Lore arrak goialdeak kokatzen dira eta emeak (pistiloa baino ez direnak) behekaldean. Lore arrak emeak baino egun bat beranduago irekitzen dira, autopolinizazioa ekiditeko. Arratsaldean irekitzen da espadizea eta gau guztia irekita mantentzen da. Tarte horretan lore emeak polinizatzeko gertu daude.

Loreak irekitzen direnean espadizeak tenperatura 37ºC-tara igotzen du eta erritmikoki ustel usain indartsa jariatzen du, animalien sarraskietaz elikatzen diren intsektuak erakartzeko[6]. Goizaldean usaina gogorragoa da, kakarraldoak erakartzeko[4].

Fruitua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polinizatu den loreak baia itxurako fruitu gorria ematen du.

Loraldi ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inoizko landare handiena 2013ko maiatzean erregistratu zen, Bonngo Unibertsitatean, 3'20 metrotako altuera hartu zuen, hauetatik 2'74 metro zegozkion loreari[7].

Loraldi ezagunak
Tokia Urtea Altuera
Erresuma Batua Kew Lorategiak (Londres) 1889
Herbehereak Wageningen 1932
Ameriketako Estatu Batuak New York 1937
Alemania Bonn 2000
Indonesia Bogor 2004 3'17 m
Ameriketako Estatu Batuak Gilford (New Hampshire) 2010 3'10 m
Alemania Bonn 2013 3'20 m

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Barthlott, W. & W. Lobin. (1998). Amorphophallus titanum. – A Monograph. F. Steiner Verlag, Stuttgart (= Trop. subtrop. Pflanzenwelt Vol, 99, Acad. Science. Mainz), 226 or..
  2. «Amorphophallus titanum {Araceae} Titan Arum, Corpse Flower, Bunga Bangkai» web.archive.org 2012-05-02 (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).
  3. a b «Titan Arum—FAQ | Chicago Botanic Garden» www.chicagobotanic.org (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).
  4. a b c d «Eastern Illinois University :: H.F. Thut Greenhouse - Titan Arum» www.eiu.edu (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).
  5. (Ingelesez) «Tallest bloom» Guinness World Records (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).
  6. «Botanic Garden Bonn» web.archive.org 2008-01-28 (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).
  7. (Ingelesez) Barthlott, W.; Szarzynski, J.; Vlek, P.; Lobin, W.; Korotkova, N.. (2009). «A torch in the rain forest: thermogenesis of the Titan arum (Amorphophallus titanum)» Plant Biology 11 (4): 499–505.  doi:10.1111/j.1438-8677.2008.00147.x. ISSN 1438-8677. (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]