Amorru (gaixotasuna)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Josu (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 23:12, 27 urtarrila 2016
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Amorrua edo errabia gaixotasun infekziosoa da, nerbio-sistema kaltetzen duena. Birus batek eragiten du, ARN motakoa, amorruaren birusa hain zuzen ere.

Louis Pasteurek sortu zuen eritasun honen aurkako txertoa 1885ean.

Eragilea

Amorruaren eragilea Errabdobirusen taldeko birusa da. Birus hauek ARN dute material genetiko gisa eta simetria helikoidaleko kapsidea.

Prebalentzia

Amorruaren kasu gehienak garapen bidean dauden herrialdeetan gertatzen dira, hots, Afrikan, Asian eta Hego Amerikan. Amorruaren ondorioz mundu osoan 45.000 lagun inguru urtero hiltzen direla kalkulatzen da.

Euskal Herrian amorrua aitortu beharreko gaixotasuna da, azken 30 urteetan kasu bakar bat agertu ez den arren.

Infekzioa

Txertatu gabeko txakurrak amorruaren bektoreak izan daitezke.

Amorrua zoonosia da, hau da, animaliek transmititutako gaitza. Amorruaren birusak animaliak infektatzen ditu, eta hauek bektore moduan jarduten dute. Animalia gaixoen listuan agertu ohi da birusa, eta haginkada baten bidez pasatzen da gizakira.

Animalia basatiak zein etxeko animaliak amorruaren bektoreak izan daitezke. Batez ere otsoak, txakurrak, azeriak, mofetak, mapatxeak, katuak eta saguzarrak (azken hauek aerosolen bitartez ere kutsa dezakete).

Haginkada egin ondoren birusa inokulazio puntuan ugaltzen da, eta hortik -poliki bada ere- nerbio-sistemara abiatzen da. Hilabeteak pasatzen dira birusa nerbio-sisteman sartu arte, eta fase horretan gaixoak ez ditu sintomak garatzen, edo sintoma arinak besterik ez. Bizkarrezur-muinera iristerakoan, aldiz, birusa azkar abiatzen da garunerantz. Bertan, neuronak kaltetzen ditu eta entzefalitisa sortzen du. Honek, muskuluen espasmoekin batera, gaitzaren ondorio larriak dakartza, heriotza eragingo dutenak.

Sintoma klinikoak

Amorruak jotako gaixoa

Aipatu denez amorruaren inkubazio epea oso luzea izan daiteke, urtebeteraino. Batzuetan, berriz, lehenago bukatzen da, bi hilabeteetan. Inkubazio epea nerbio-sistemara ailegatu arte birusak behar duen denbora izaten da, sintomarik gabeko epea.

Garunera iristerakoan lehenengo sintoma nabariak agertzen dira, neurologikoak batik bat: sukarra, ondoeza, antsietatea, depresioa, eztarriko espasmoak, gehiegizko listu-ekoizpena, buruko-asaldura handia..., koma egoera batekin bukatzen direnak. Heriotza arnas aparatuaren paralisiak eragin ohi du.

Tratamendua

Tratatu ezean amorrua hilgarria da beti. Birusaren aurkako tratamendu bakarra immunizazioan datza. Animalia amorratuaren haginkadaren ondoren immunizazio bikoitza duen tratamendua aplikatzen da:

  • immunizazio aktiboa bultzatzeko hildako birusez egindako txertoa erabiltzen da, 5 dositan jarria
  • amorruaren aurkako immunoglobulina ematen zaio gaixoari, gizakitik lortutako immunoglobulina espezifikoa, alegia. Immunizazio pasiboa da hori, jasotako antigorputzek birus arrotza suntsi dezaten.

Gaitzaren inkubazio epea luzea denez, immunizazio aktiboa oso eraginkorra da, txertoa jartzen denetik 3-4 asteetan antigorputzak sortzen baitira. Birusa nerbio-sistemara iritsi denean, aldiz, immunizazioak ez du ezertarako balio.

Profilaxi mailan etxe-abereen txertaketak oso eraginkorra dela erakutsi du, herrialde garatuetan amorrua desagerrarazi baitu.

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Amorru (gaixotasuna) Aldatu lotura Wikidatan