Amy Beach

Wikipedia, Entziklopedia askea
Amy Beach

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAmy Marcy Cheney
JaiotzaHenniker (en) Itzuli1867ko irailaren 5a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaNew York1944ko abenduaren 27a (77 urte)
Hobiratze lekuaForest Hills Cemetery (en) Itzuli
Heriotza modua: bihotz-biriketako geldialdia
Familia
AitaCharles Abbott Cheney
AmaClara Imogene Marcy Cheney
Ezkontidea(k)Henry Harris Aubrey Beach (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Irakaslea(k)Ernst Perabo (en) Itzuli
Carl Baermann
Jarduerak
Jarduerakpiano-jotzailea eta musikagilea
Genero artistikoaopera
Musika instrumentuapianoa

IMDB: nm5648474 Spotify: 1QeC5GwDENQv78O3PCLeZB Musicbrainz: 2b7d0667-95d0-4004-930a-dcac2338a631 Discogs: 886433 IMSLP: Category:Beach,_Amy_Marcy Allmusic: mn0001227056 Find a Grave: 7699041 Edit the value on Wikidata

Amy Marcy Cheney Beach (1867ko irailak 51944ko abenduak 27[1]) musikagile eta piano-jole amerikarra zen. Musika klasikoan, eskala handian, arrakasta eduki zuen lehen emakumezko musikagile estatubatuarra izan zen. Berak konposatutako “Gaelic” sinfonia, Boston Symphony Orchestrak 1896an estreinatua, emakume amerikar batek konposatu eta argitaratu zuen lehen sinfonia izan zen. Europako prestakuntzarik gabe arrakasta izan zuen lehen konpositore amerikarretako bat izan zen eta bere garaiko Amerikako musikagile errespetatu eta txalotuenetako bat izan zen. Piano-jole moduan, Estatu Batuetan eta Alemanian eman zituen kontzertuengatik ospe asko izan zuen. Bere musika jo ohi zuen kontzertu hauetan.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak eta musika hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amy Marcy Cheney Hennikerren, New Hampshire, jaio zen 1867ko irailaren 5ean[1]. Bere aita Charles Abbott Cheney (Oren B. Cheneyren iloba, Bates Collegen sortzailea) izan zen eta ama Clara Imogene Marcy Cheney. Badirudi gaitasun artistikoa familiako kontua zela: "Clara piano jotzaile eta abeslari bikaina zen"[2], Amyk haur mirari baten seinale guztiak erakutsi zituen: Urte batekin berrogei kantu zehatz kantatzeko gai izan zen, bi urterekin kontramelodiak inprobisatzeko ahalmena zuen, eta hiru urterekin irakurtzen berak bakarrik ikasi zuen[3]. Lau urterekin, pianoarentzako hiru vals konposatu zituen West Henniker, NH-ko bere aitonen baserrian uda pasatzen ari zela[3]. Baserri hartan, baina ez zegoen pianorik, horren ordez, piezak mentalki konposatu zituen eta etxera itzuli zenean jo zituen. Musika entzunez soilik ere erreproduzitu zezakeen, lau ataleko kantuak barne. Familiak ahaleginak egin zituen bere musika interesak eta eskakizunak betetzeko. Amak Amyrentzat abestu eta musika jotzen zuen, baina familiako pianoa jo ez zezan saiatzen zen, haurraren nahi guztiak betetzeak gurasoen autoritatea kaltetuko lukeela uste baitzuen[3]. Amyk sarritan agintzen zuen etxean zein musikan jotzen zen eta nola, eta bere estandarrak betetzen ez bazituen haserretu egiten zen.

Amyk sei urterekin piano ikasketa formalak hasi zituen bere amarekin, eta laster Handel, Beethoven, eta Chopinen obren errezitaldi publikoak eskaini zituen, baita bere piezenak ere. Horietako errezitaldi bat The Folio arte aldizkarian argitaratu zen, eta hainbat eragilek kontzertu bira egitea eskaini zioten piano jole gazteari. Amyren gurasoek eskaera baztertu zuten, eta gerora Amyk bere esker ona adierazi zien erabaki honengatik[3].

1875ean, Cheney familia Chelseara joan zen bizitzera, Mystic River ibaiaren inguruko aldirietako bat, Bostonen beste aldean[3]. Amy Europako kontserbatorio batean inskribatzea gomendatu zieten, baina horren ordez tokiko prestakuntzarako aukeratu zuten, Ernst Perabo eta geroago Carl Baermann (Franz Liszten ikaslea izandakoa) kontratatu zituzten piano irakasle gisa[3]. 1881-82 urteetan, hamalau urteko Amyk, harmonia eta kontrapuntua ikertu zituen Junius W. Hill-ekin[2]. Hori izan zen bere ikasketa formal bakarra konpositore gisa, baina "teoriaren, konposizioaren eta orkestrazioaren inguruko ahal izan zituen liburu guztiak bildu zituen... bere buruaren irakasle izan zen... kontrapuntua, harmonia eta fugan"[3]. Gevaerten eta Berliozen orkestraketari buruzko frantsesezko tratatuak itzuli zituen ingelesera berarentzat soilik, konpositore gehienen bibliatzat hartzen zirenak[3].

Karrera goiztiarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amy Beach 1890 inguruan

Amy Cheneyk bere debut kontzertua hamasei urte zituela egin zuen, 1883ko urriaren 18an. Bostoneko Music Hallean jo zuen Adolph Neuendorffen gidaritzapean. Bertan Chopin's Rondo jo zuen eta piano bakarlaria izan zen Moschelesen 3. piano kontzertuan. Kontzertu honek onarpen orokorra izan zuen: Fried Block biografoak iruzkindu zuenez, "zaila da kritikoen erreakzio positiboagoarik imajinatzea debut baterako", eta ikusleak "muturreraino gogoko izan zuten"[3]. Bere ibilbideko hurrengo bi urteetan hainbat kontzertu eskaini zituen Chickering Hallen Boston Symphonyren 1884–85 denboraldiaren azken emanaldian protagonista izan zen[3].

Ondoren, Amyk Mendelssohnen kontzertu baten entseguan gertatu zena gogoratuko zuen: zuzendariak azkeneko mugimenduan orkestra geldiarazi zuen, bakarkakoa joko zuen nerabeari laguntzeko asmoz. Amy pianoaren zatia jotzen hasi zenean, ordea, piezaren agindutako denbora zehatz mehatz jo zuen: "Ez nekien niri segika zegoela, baina jakin nuen erritmoa geldotu zela eta orkestra denbora zuzenera bultzatu nuen"[3].

Ezkontza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte berean (1885) Amy ezkondu egin zen Henry Harris Aubrey Beach doktorearekin, bera baino hogeita lau urte nagusiagoa zen Bostoneko zirujau bat (berak 18 urte zituen)[4]. Honen ondorioz, bere izena kontzertuen programetan eta argitaratutako konposizioetan "Madame H. H. A. Beach" bezala argitaratua izan zen[5]. Amyren borondatea "bere egoeraren arabera bizitzea zen, hau da, gizarte eta arte mezenas gisa jokatzea. Pianoa inoiz ez irakastea adostu zuen, emakumearekiko lotura zabala zuen jarduera" eta "poltsiko-dirua" ematen zuena"[3]. Borondate honek bere ezkontza baldintzatu zuen. Honetaz gain, bere ikuskizunak urtean bi bakarrik izango zirela adostu zuen, eta bertan ateratako dirua karitatera bideratuko zela. Hori dela eta, bere burua konposiziora bideratu zuen ikuskizunetara gehiago, naiz eta bere idazkien arabera "lehenik eta behin, eta batez ere, piano-jotzailea nintzela pentsatu nuen"[3]) Bere buruari emandako konposizio hezkuntza baliagarria izan zen ere Amyrentzat, bere senar Beachek ez baitzuelako begi onez ikusten tutore batekin ikastea. Horrelako mugak garai hartako erdi eta goi mailako emakumeentzako ohikoak ziren.[6]

Protagonismoaren lorpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amy Beachen "Golden Gates" lana

Bere konposizio baten arrakasta handia bere “Mass in E-flat major” piezarekin iritsi zen, zeina 1892an, Handel eta Haydn Society orkestrak jo zuen[7]. 1815ean sortu zenetik orkestra honek ez zuen inoiz emakume baten pieza bat jo. Musika egunkarietako kritikoek Meza honi eman zioten erantzuna itzela izan zen: Beach Amerikako konpositore nagusienetako bat deklaratu zuten[3], bere pieza Cherubini eta Bachen piezekin alderatuz.[3]

Erantzun honen ostean, Beachek aurrerapauso garrantzitsua eman zuen musikaren historian: bere Sinfonia Gaelikoa (Gaelic Symphony), amerikar emakume batek egindako eta argitaratutako lehen sinfonia. 1896ko urriaren 30ean estreinatu zen, Boston Symphony orkestraren eskutik eta arrakasta izugarria izan zuen[8]. Hala ere, "sinfoniaren merezimendu edo akatsak zirenak zirela, kritikoak hauek konpositorearen sexuarekin erlazionatzeko saiakera izugarria egin zuten"[2]. George Whitefield Chadwick konpositoreak eskutitz bat idatzi zion Beachi, bera eta Horatio Parker sinfoniaren estreinaldian egon zirela eta bertan gozatu zutela esanez: “Beti sentitzen dut nire burua harro guretako edozeinen lan eder bat entzuten dudanean, eta horrela izan beharko zara hemendik aurrera -zuri gustatu ala ez – gutako bat[3]". Gu hori konpositore talde bat zen, era ez ofizialean New Englandeko Bigarren Eskola deitua. Talde honen partaide ziren, Chadwick eta Parker ez ezik, John Knowles Paine, Arthur Foote eta Edward MacDowell. Beachekin batera, Bostoneko Seiak izenez egin ziren ezagunak kolektiboki. Beach haien artean gazteena zen.

1900. urtean, Boston Symphonyk Beachen Piano Kontzertua estreinatu zuen, konpositoreak piano bakarlari gisa jo zuelarik[9]. Kritikaren arabera, pieza honek Beachek bere ama eta senarraren aurkako borrokak iradokitzen ditu, hauek bere bizitza musikala kontrolatzeko egiten zuten esfortzuen aurka.[3]

Ganbera musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Franz Kneisel biolinista nagusia zen Bostonen. 20 urte zituelarik, Wilhelm Gerickek, Boston Symphony Orchestrako zuzendariak, orkestrarako kontzertu-maisu gisa kontratatu zuen. Bostonera iritsi bezain laster, Kneisel String Quartet sortu zuen Boston Symphonyko beste hiru musikarirekin. (Taldeak 1917 arte iraun zuen arren, bitartean Kneisel New Yorkera joan zen bizitzera 1905. urtean). 1894an, Amy laukoteari batu zitzaion Robert Schumannen piano eta sokarako boskotea jotzeko[3].

1897ko urtarrilean Amyk Franz Kneiselekin batera jo zuen 1896ko udaberrian bere Sonata for Piano and Violin obraren estreinaldian[3]. Kritikaren harrera New Yorken mistoa izan zen, baina Europan hobea: Teresa Carreño konpositoreak eta pianojoleak Carl Halir biolin-jolearekin Berlinen jo zuen obra 1899ko urrian eta Amyri idatzi zion:

« Ziur nago inoiz ez dudala atsegin handiagorik izan nire bizitzan zure sonata ederra lantzean izan dudanarekin aldera daitekeenik, eta publiko alemaniarraren aurrean aurkezteko zortea izan dut... Bertan arrakasta ederra izan zuen eta hau publikoaren esanetan oinarrituta dago »


1900ean, Kneisel Quartetekin, Amyk Brahmsen Piano eta sokarako boskotea jo zuenen. Beachek piano eta sokarako bere boskote propioa sortu zuen 1905ean. "Beachen bizitzan zehar, obra hau berrogeita hamar emanaldi baino gehiagotan jo zuten, dozenaka hiritan, irratian eta hainbat soka laukotek. Emanaldi horien arteko askotan, konpositoreak pianoan jotzen zuen, batez ere 1916 eta 1917an ibilbide luzea egin zuenean Kneisel Quartetekin." Quarteten 33. eta azken denboraldia izan zen.[3]

Balkan Themes obran bariazioak, Beachen piano "bakarkako luzeena eta garrantzitsuena" izan zen 1904an konposatu zuen[3]. Garai hartan agintean zegoen Otomandar Inperioaren aurkako Balkanetako matxinaden ingurukoa zen.

Konposizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amy Beach 1917 urtean
Amy Beach 1917 urtean

"New Englandeko Bigarren Eskola" edo "Bostoneko Taldea"ren kidea izan zen, John Knowles Paine, Arthur Foote, George Chadwick, Edward MacDowell, George Whiting eta Horatio Parkerekin batera jotzen zuen bakarkako emakumezko bakarra da[10]. Bere idazkera, batez ere, hizkuntza erromantiko batean dago, askotan Brahms edo Rachmaninoffenarekin alderatuta. Geroago egindako lanetan esperimentatu zuen, tonalitatetik urruntzen, tonu eskala osoak eta harmonia eta teknika exotikoagoak erabiliz.

Beachen konposizioen barnean atal bateko opera bat, Cabildo[3], eta beste hainbat lan ezberdin aurki daitezke.

Lan sinfonikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaelic Symphony (1896) eta Piano kontzertua C-sharp minorrean idatzi zituen. Bal masque obrak, beste orkestra pieza batek, bakarrik pianorako bertsioa dauka. Bi pieza gehiago, Eilende Wolken eta Jephthah Daughter, ahosdun orkestrarako dira.

Abesbatza lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beachek abesbatzentzat egindako konposizio gehienak 4 ahots eta organo batek jotzeko idatzi zituen, baina gutxi batzuk orkestra eta ahotserako ere egin zituen, meza bat eta Frantzisko Asiskoaren Eguzki anaiaren kantaren moldaketa bat esaterako. Washingtoneko Capitol Hill Choral Societyk, 1998an argitaratu zuen Eguzki anaiaren kanta, Zazpi Komunio Erantzun eta beste pieza batzuk zituen diskoa, Betty Buchanan musika zuzendariaren gidaritzapean.

Orkestra, piano edo organo batekin batera abesteko beste hamarnaka lan ere baditu. Arthur P. Schmidt argitaratzailea kexu agertu zitzaion behin Beachi, bere "koroetarako piezek ia salmentarik ez zutelako".[3]

Ganbera-musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ganbera-musikako konposizioak biolina eta pianorako sonata bat, erromantze bat eta beste hiru pieza biolin eta pianorako, beste bat piano hirukote batentzako, soka laukote batentzako beste bat eta azken bat piano boskote batentzako dira.

Piano musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pianorako egin zituen piezen artean famatuenetako bat Balkan Themes obran bariazioak izan zen. Bere pianoarentzako obren hainbat grabaketa egin dituzte Kirsten Johnson (4 disko), Joanne Polk (3 disko) eta Virginia Eskin pianistek.

Abestiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

After, Amy Beachek Florence Earle Coatesen hitzekin egindako abestia
After, Amy Beachek Florence Earle Coatesen hitzekin egindako abestia

Bere alderdirik famatuena, hala ere, abestigintza izan zen. 150 abesti inguru idatzi zituen. Horietako bosten hitzak bereak dira, eta gainerako abestien letrak beste poeta batzuenak dira. “The Year’s At the Spring” abestia izango da seguruenik bere obra famatuena. Bere bizitzan zehar konposatutako kantuen bolumena eta ospea handia izan bazen ere, ez dago Beachen abestiak bakarrik dituen bildumarik.

1890eko hamarkadaren hasieran, Beach abesti folklorikoekiko interesa erakusten hasi zen. Interes hau bere hainbat kiderekin partekatu zuen, eta interes hau laster bihurtu zen Amerikako musikako lehen mugimendu nazionalista. Mugimendu honi Beachek egin zion ekarpena folk musikan inspiratutako hogeita hamar abesti inguru izan ziren, eskoziar, irlandar, balkaniar, afroamerikar eta amerikar jatorrikoak barne.[11]

Idazkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beach musika intelektual bat izan zen eta aldizkari, egunkari eta beste argitalpenetarako idatzi zuen. Aholkuak eman zizkien musikari eta konpositore gazteei - batez ere emakume konpositoreei. Gai ezberdinen inguruan jardunez, Beachek bere iritziak eman zituen hainbat artikuluetan, esate baterako, "Idatzi nahi duen neskarentzako"[12], eta "Emozioa inteligentziaren aurka musikan"[13]. 1915ean Konposatzaile gazteentzako hamar mandamenduak izeneko obra bat idatzi zuen, non bere auto-irakaskuntzaren printzipio ugari adierazi zituen[3].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) «Nashua Telegraph Newspaper Archives, Feb 7, 1977, p. 20» newspaperarchive.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-27).
  2. a b c «Mrs. H.H.A. Beach» Open Music Library (Noiz kontsultatua: 2019-03-27).
  3. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x Fried,, Block, Adrienne. (1998). Amy Beach, passionate Victorian : the life and work of an American composer, 1867-1944. Oxford University Press ISBN 142373761X. PMC 252545576. (Noiz kontsultatua: 2019-03-27).
  4. (Ingelesez) «Oakland Tribune Newspaper Archives, Jan 7, 1945, p. 17» newspaperarchive.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-27).
  5. (Ingelesez) «WOMEN OF HISTORIC NOTE» Washington Post 1997-03-09 ISSN 0190-8286. (Noiz kontsultatua: 2019-03-27).
  6. Hensel, S. (Sebastian); Mendelssohn-Bartholdy, Felix; Hensel, Fanny Mendelssohn. (1881). The Mendelssohn family, (1729-1847) from letters and journals, by Sebastian Hensel. New York, Harper & brothers (Noiz kontsultatua: 2019-03-27).
  7. (Ingelesez) Allen, David. (2015-05-22). «Handel and Haydn Society Celebrates 200 Years» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-03-27).
  8. 1894-1995., Slonimsky, Nicolas,. (1994). The concise edition of Baker's biographical dictionary of musicians.. (8th ed.. argitaraldia) Schirmer Books ISBN 002872416X. PMC 28710250. (Noiz kontsultatua: 2019-03-27).
  9. (Ingelesez) Latham, Alison, ed. (2011-01-01). The Oxford Companion to Music. Oxford University Press  doi:10.1093/acref/9780199579037.001.0001/acref-9780199579037. ISBN 9780199579037. (Noiz kontsultatua: 2019-03-27).
  10. (Ingelesez) Villamil, Victoria Etnier. (2004-10-05). A Singer's Guide to the American Art Song: 1870-1980. Scarecrow Press ISBN 9781461655992. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  11. Block, Adrienne Fried. (1990). «Amy Beach's Music on Native American Themes» American Music 8 (2): 141–166.  doi:10.2307/3051947. ISSN 0734-4392. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  12. «To the Girl Who Wants to Compose. Mrs. H.H.A. Beach - "The Etude" Music Magazine, November, 1918» etudemagazine.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  13. (Ingelesez) «Bibliography» AMY BEACH (1867-1944) 2015-07-21 (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).