Amy Winehouse
Amy Jade Winehouse (Southgate, Londres, Erresuma Batua, 1983ko irailaren 14a - Camden, Londres, 2011ko uztailaren 23a), kantari eta konpositore judu britainiarra izan zen, hainbeste musika genero (soul, jazz, rock and roll, ska) nahasteagatik ezaguna. “Akustikoki indartsua” eta “sakonki bere emozioak” espresatzeko gai zen kontralto ahotsa zuela esan izan da.
2003an Winehousek Frank lehen albuma kaleratu zuen; jaioterrian txalotua izan zen eta arrakasta komertziala lortu zuen, Mercury Prize sarietarako izendatu baitzuten. Back to Black bigarren albuma 2006an kaleratu zuen. Disko horrekin, Grammy Sarietarako izendatu zuten eta horietako bost irabazi zituen.
2011ko uztailaren 23an hilik aurkitu zuten Londresko Camden auzoko bere etxean[1][2].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Amy Winehouse 1983ko irailaren 14an jaio zen. Familia judutarra eta jazz musikaren tradiziokoa zen. Southgaten kanpoaldean bizi zen, Londresko iparraldean. Aita Mitchell (taxilaria) zuen, ama Janis (botikaria) eta neba bakarra zuen, Alex[3]. Aitak etengabe kantatzen zion etxean; Frank Sinatraren abestiak zituen kutunen. Amyk etxean kantatzeko ohitura hartu zuen, eta eskolan ezin zuten isildu.
Bederatzi urte zituen gurasoak banandu zirenean. Garai horretan sartu zen Susi Earnsheko antzerki eskolara eta lau bat urte egin zituen han. Hamar urte besterik ez zituen Sweet 'n' Sour rap banda sortu zuenean eta hamahiru Sylvia Young antzerki eskolara joaten hasi zenean, baina hiru urtera bota egin zuten handik, saiatzen ez zelako eta sudurrean piercing bat jarri zuelako. 1997an, Amy eta Sylvia Young eskolako hainbat kide The Fast Show seriearen atal batean atera ziren.
Hamahiru urte zituen lehen gitarra jaso zuenean eta urtebetera konposizioan hasi zen; ez zen denbora luzerik pasa, Londresko tabernetan aurkezten hasteko eta emakumez osatutako jazz banda bat ere egin zuen. Garai hartan Tyler James zuen mutil-lagun eta horrek Amyren maketa aurkeztu zion ekoizle bati; hamasei urterekin, Amyk karrera profesionala hasteko aukera izan zuen. Simon Fullerrekin sinatu zuen lehen kontratu bat, 2002an uko egin zion arren.
Island/Universaleko ordezkari Darcus Beesek entzun zuenean, Winehouse kontratatu behar zuela jakin zuen, baina inork ez zion ahots sendoko emakume hura nor zen esaten. Beese hilabeteak eman zituen haren bila eta, aurkitu zuenean, Nick Gatfield nagusiari aurkeztu zion. Izugarri gustatu zitzaion hari eta berehala sinatu zuten EMIrekin. Artea ezagutu zuen etorkizuneko ekoizlea izan zuena, Salaam Remi.
Arrakasta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Frank
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2003ko urriaren 20an atera zuten Frank albuma. Diskoa Salaam Remik ekoitzi zuen gehienbat eta jazz ukituak zituen, Winehousek idatzitako bi kanta salbu. Harrera ona egin zioten kritikariek eta Sarah Vaughan edo Macy Grayrekin alderatu zuten Amyren ahotsa. Platinozko diskoa lortu zuen Erresuma Batuan eta Mercury Music eta BRIT Awards sarietarako izendatu zuten.
2004an, Stronger Than Me singleak kanta garaikide onenarentzako Ivor Novello saria irabazi zuen eta Amy Glastonburyko jaialdian aurkeztu zen.
Back to Black eta arrakasta nazioartean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2006ko urrian Amyk bigarren album Back to Black atera zuen eta harrera ezin hobea lortu zuen, bai publikoaren eta baita kritikaren aldetik ere. 2007ko otsailaren 11n BRIT sari bat irabazi zuen “Britainiar artistarik onena” sailean; ekainean berriro Mercury Prize sarirako izendatu zuten Back to Black. Kantako singlea platinozko diskoa izan zen AEBetan.
2007ko MTV Video Music Awards sarietarako hiru izendapen lortu zituen. Azaroan izen bereko bilduma arrakastatsuaren berredizio Back to Black Deluxe Edition eta Told You I was in Trouble bere lehen DVDa kaleratu zituen.
Back to Black kanta erabateko arrakasta izan zen eta kritika onak jaso zituen. Rolling Stone aldizkariak album horretan indie eta hip hop kantarien indarra zuela esan zuen.
Erresuma Batutik kanpo, espero ez zen arrakasta jaso zuen diskoak, Espainian adibidez. 2007ko martxora arte atzeratu zen herrialde hartan Back to Black, eta duda askorekin[4].
Gailurra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2008ko otsailaren 10ean Grammy Sarietako gaua ospatu zen; Winehouse izendatuta zegoen sei sarietatik bostetan irabazlea izan zen: artista berri onena, urteko grabaziorik onena, urteko abestirik onena, emakumezko pop interpretaziorik onena (Rehab kantarekin) eta Back to Black albuma pop saileko onena izan zen; aldiz, kantaria ezin izan zen ospakizunera joan, lehen momentuan AEBek bisa ukatu ziotelako “narkotikoen gehiegizko erabileragatik”; geroago erabakia zuzendu bazuten ere, galan parte hartzeko beranduegi izan zen. Azkenean satelite bidez kantatu zuen, Londresetik.
Heriotzaren ondoren: Lioness: Hidden Treasures
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Amyren heriotzaren ondoren, Back to Black mundu osoko zerrendetan sartu zen eta, 2011ko uztailaren 24an 59.a izan zen Erresuma Batuan, salgai zazpi ordu besterik ez zeramanean. Hurrengo astean berriro izan zen lehena, laugarren aldiz. Kanadan, hil eta gero, albumaren 2.500.000 kopia saldu ziren, 13.a herrialde hartan. Beste astebete eta 6.era iritsi zen, beste 5.000 kopiarekin.
Abuztuaren 25ean, Official Charts Companyk Back to Black Erresuma Batuan XXI. mendeko album salduena izan zela iragarri zuen, 3,26 milioi kopia saldu baitziren.
Abenduaren 5ean, abeslaria hil ondorengo lehen albuma atera zen: Lioness: Hidden Treasures eta 2002az geroztik grabatutako bertsioez osatu zuten. Aurrena single bat atera zuten, Body & Soul, Tony Bennettekin duetoa eginez eta, 2011ko azaroaren 18an, berriz, bigarrena, Our Day Will Come, 2007an estudioan grabatutakoa zena. Erresuma Batuan bakarrik 194.000 kopia saldu zuten lehen astean. AEBan, albuma 5.a izan zen Billboard 200ean, 144.000 ale salduz.
2012an, Winehouse 26.a izan zen VH1en musikako ehun emakume hoberenen zerrendan.
Droga arazoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arazorik handiena drogak izan zituen. Elkarrizketa askotan esan zuen depresio, drogomenpekotasun eta elikadura arazoak zituela. 2005ean droga kontsumo aldi gogorra izan zuen, umore aldaketa handiak eta pisu galera pairatu zituen. Urte amaieran eta 2006ko lehen hiletan, Back to Black diskoaren grabaketarekin bat egin zuen beste kontsumo aldi gogor bat izan zuen. 2007ko abuztuan, Europan egin behar zituen zenbait ekitaldi bertan behera utzi eta ospitalera sartu behar izan zuen heroina, extasis, kokaina, ketamina eta alkohola zirela-eta[5].
2007ko urrian, Blake Fielder Civil bere bikotekidearekin Norvegiako hotel batean marihuana kontsumitzen harrapatu zuten[6]. Abenduaren 2an abeslariaren argazkiak goizeko ordu txikietan bere etxetik kanpo oinutsik eta ia biluzik zebilela interneten agertu zen eta txutxu-mutxuetako egunkarietan 2008ko urtarrilean zabaldu zuten bideo baten cracka erretzen agertzen zen. 23 egun geroago bere diskoetxeak iragarri zuen desintoxikazio zentro batean sartzekoa zela bere kabuz, menpekotasunari aurre egiteko [7].
2008ko maiatzean, Amyk Rock in Rio jaialdian parte hartu zuen Lisboan. Ordu erdiko atzerapenarekin oso itxura eskasaz igo zen eskenatokira, dardarka eta ahotsik gabe[8].
2009ko apirilean Amy zegoen hotelaren barrualdean biluzik korrika egiten aurkitu zuten, Karibeko Santa Luzia uhartean. Amyri ez zitzaion gustatu hoteleko jabeek toplessik ezin zuela egin esan izana eta orduan arroparik gabe ibiltzeari ekin zion.
2009ko uztailean Blake Fielder-Civil bere senarrarengandik bereizteko eskaera egin zuen.
27en kluba
[aldatu | aldatu iturburu kodea]27 urteko adinarekin zendu zenez, 27en kluba izenekoan sartu zuten, mito bilakatu diren beste hainbat musikariren gisara: Brian Jones, Jimi Hendrix, Janis Joplin, Jim Morrison eta Kurt Cobain[9].
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Albumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2003: Frank
- 2006: Back to Black
- 2011: Lioness: Hidden Treasures
Kantak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2003 "Stronger Than Me"
- 2004 "Take the Box"; "In My Bed" / "You Sent Me Flying"; and "Fuck Me Pumps" / "Help Yourself"
- 2006 "Rehab"
- 2007 "You Know I'm No Good"; "Back to Black"; "Tears Dry on Their Own"; eta "Love Is a Losing Game"
- 2008 "Just Friends"
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Urtea | Saria | Kategoria | Bilduma/Kanta | Emaitza |
|---|---|---|---|---|
| 2004 | Ivor Novello | Garaiko abestirik onena | Stronger than me | Irabazle |
| 2007 | Brit Awards | Britainiar emakumezko kantaririk onena | Rehab | Irabazle |
| 2007 | Brit Awards | Britainiar bildumarik onena | Back to black | Hautagai |
| 2007 | Ivor Novello | Garaiko abestirik onena | Rehab | Irabazle |
| 2007 | Mercury Sariak | Britainiar bildumarik onena | Back to black | Hautagai |
| 2007 | MTV Europe Music Awards | Abestirik adiktiboena | Rehab | Hautagai |
| 2007 | MTV Europe Music Awards | Urteko bilduma | Back to black | Hautagai |
| 2007 | MTV Europe Music Awards | Kantariek aukeratutako abeslaririk onena | Berau | Irabazle |
| 2008 | MTV Europe Music Awards | Urteko artistarik onena | Berau | Hautagai |
| 2008 | Grammy Sariak | Urteko grabaketa | Rehab | Irabazle |
| 2008 | Grammy Sariak | Urteko bilduma | Back to black | Hautagai |
| 2008 | Grammy Sariak | Urteko abestia | Rehab | Irabazle |
| 2008 | Grammy Sariak | Artista berririk onena | Back to black | Irabazle |
| 2008 | Grammy Sariak | Emakumezko pop artistarik onena | Rehab | Irabazle |
| 2008 | Grammy Sariak | Ahots pop bildumarik onena | Back to black | Irabazle |
| 2008 | NME Sariak | Artistarik onena | Berau | Hautagai |
| 2008 | NME Sariak | Urteko gaiztoa | Berau | Hautagai |
| 2008 | NME Sariak | Txartoen jantzitakoa | Berau | Irabazle |
| 2008 | World Music Awards | Emakumezko bakarlaririk onena | Rehab | Irabazle |
| 2008 | Igor Novello | Abest eta letrarik onena | Love Is a Losing Game | Irabazle |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Amy Winehouse abeslaria hilda aurkitu dute Londresko etxean»[Betiko hautsitako esteka], Berria.
- ↑ (Ingelesez)http://www.dailymail.co.uk/tvshowbiz/article-2018020/Amy-Winehouse-dead-London-flat-drug-overdose.html
- ↑ (Ingelesez)https://web.archive.org/web/20110812214611/http://www.people.com/people/amy_winehouse/biography
- ↑ (Gaztelaniaz)http://elpais.com/diario/2011/07/24/cultura/1311458403_850215.html
- ↑ (Ingelesez)http://www.dailymail.co.uk/tvshowbiz/article-476254/EXCLUSIVE-Amy-Winehouses-mother-explains-feels-powerless-stop-troubled-daughter-s-descent-hell-addiction.html
- ↑ (Gaztelaniaz)http://elpais.com/elpais/2007/12/29/actualidad/1198914530_850215.html
- ↑ (Gaztelaniaz)https://web.archive.org/web/20131212052317/http://www.eluniversal.com.mx/notas/504966.html
- ↑ (Gaztelaniaz)http://www.elmundo.es/elmundo/2008/05/31/cultura/1212237792.html
- ↑ (Gaztelaniaz)http://www.elperiodico.com/es/noticias/ocio-y-cultura/amy-winehouse-muerte-intoxicacion-etilica-alcohol-1196991
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Abeslariaren webgune ofiziala.