Edukira joan

Ana Erasun Ariztegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ana Erasun Ariztegi

Bizitza
JaiotzaIturen1963ko urtarrilaren 10a (63 urte)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Talde etnikoaEuskalduna
Hezkuntza
HeziketaNafarroako Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakhezitzailea
KidetzaWikiproiektu:WikiEmakumeok

Twitter: AnaErasun Edit the value on Wikidata

Ana Erasun Ariztegi (Ituren, Nafarroa, 1963ko urtarrilaren 10a) Euskalgintzarekin, herrigintzarekin eta euskarazko hezkuntzarekin lotutako jardueretan arizale da. Bere ibilbidean, euskararen garapena, herrigintza eta hezkuntza sistemaren gaineko gogoeta izan ditu ardatz.

Miguel eta Pilarren 5 seme-alabetatik laugarrena, seme baten ama da. Mendaurpeko Aurtitz auzoan jaio zen, etxean bertan, herriko emaginaren laguntzaz.

Haurtzaroa naturarekin estuki lotutako giroan igaro zuen, bizitzaren erritmoak eta sinesmenak ahoz transmititzen zizkioten. Inguruko zaharrek irakatsi zioten naturako elementuek bizi-indarra zutela: eroritako hortza berritzeko, sutara botatzen zen, «Tori zaharra eta ekarri berria» esanez; Asurako behorra deitutako hodeitza ekaitzaren iragarle zen; muskerrek, batzuetan, buru gainera jauzi egiten zuten; eta Orantzaroren iruditeria beldurgarria zen. Geroago ezagutuko zuen Olentzero, panpin edo pertsonaia eta etxez-etxeko kantu-eskea.

Eskolan hasi aurretik, osaba gor-mutua izan zuen lehenbiziko maisu. Harekin ikasi zuen, sei urte bete arte, espazioaren antolaketa: herriko etxeen kokapena, etxe bakoitzari eta herritar bakoitzari zegozkien keinuekin. Halaber, arto aleak erabiliz, oinarrizko kalkulu eragiketak egiten ikasi zuen osaba eta ahizpa helduagoekin. Ikaskuntza eredu horrek; manipulatiboa, praktikoa, bisuala eta hartu-emanean oinarrituak bere hezkuntza-ikuspegian eragin sakona utzi zuen.

Sei urterekin eskolatu zen. Eskolatzea ez zen soilik ikaskuntza formalera egokitzea, baizik eta ordura arteko jakintza-mundutik beste errealitate batera igarotzea. Haurtzaro gehiena telebistarik gabe bizi izan zuen, eta sutondoko kontaketak izan ziren bere iruditeria eta memoria kolektiboa elikatu zutenak. Horien artean, Mendaurko baseliz-aterpea eraisteko Gotzainaren aginduari herritarrek planto egin ziotela,[1] emigrazio ideologikoko portugaldarren laguntzan aritzen zirela etxekoak, Tren Txikitoan ibiltzen zirela edo Oltzorrotzeko tontorrean Nafarroako Erresumaren gaztelua egon zela entzuten zituen.

Etxean, irrati klandestinoak (La Pirenaica,[2] Radio Francia Internacional[3]) entzutea gaueroko errituala zen. Horrek errepresioaren kontrako kontzientzia goiztiarra ekarri zion: erbesteratutako osaba-izebak zituzten familian, baita fusilatutako hiru herritar ere eta Emakume Abertzale Batzaren talde lokala. Testuinguru horretan hazi zen, memoria historikoa, erresistentzia isila eta komunitatearen garrantzia barneratuz.[4]

Sei urte bete zituenean hasi zuen eskolatze formala Iturengo Herriko eskolan. Nesken eskola segregatua zen, eta irakasle bakar batek 6 eta 14 urte bitarteko berrogei ikasle zituen bere ardurapean. Ikasketa prozesua gaztelaniazko murgiltze sisteman egin zuen; maistrak euskaraz komunikatzeko baimena ematen zien egoera ez-formaletarako. Bere atautxik kontatu zion Iturengo eskolan hezkuntza euskalduna galerazi zutela, bera ikasle zela.

12 eta 14 urte bitarteko ikasketak Doneztebeko San Miguel eskolan egin zituen, Malerrekako neska-mutikoekin batera. Eguneroko errutina etxeko lanekin uztartzen zuen: goizero etxeko behien esnea esneketariari eman, eta ondoren hartzen zuen Doneztebera eramaten zuen autobusa.

Ondoren, Batxillergo ikasketak Oronoz-Mugairiko Valle del Baztan ikastetxean egin zituen, Iruñeko Navarro Villoslada institutuaren menpeko ikastetxean. Han, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako gazteekin batera ikasi zuen, eskualdeko gazteen arteko ezagutza eginez.

Unibertsitate ikasketak Iruñean egin zituen, Escuela Universitaria de Formación del Profesorado de Educación General Básica de Navarra Magisteritza eskolan, Euskal Filologia espezialitatean. Aldi berean, euskalduntze-alfabetatze ikasketak egin zituen Arturo Kanpion euskaltegian, hizkuntzaren erabilera soziala eta irakaskuntzarekiko konpromisoa sendotuz. Alfabetatu ahala, bere inguruan motibatuta zeuden helduak euskaratzen aritu zen, bolondres.

Frantses ikasketak CCC akademiaren “Polyglophone” metodoarekin hasi eta Baionako Merkataritza Ganbaran sakondu zituen.

Lanbide ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1984tik 1988ra helduen euskara irakasle aritu zen Iruñeko Hizkuntza eskolan.[5]

1989tik 2001era, Haur eta Lehen Hezkuntzako haurren irakasle izan zen Nafarroako hainbat herritan: Sunbillan, Burlatan, Lekunberrin, Larraintzarren, Leitzan, Elizondon, Beran eta Igantzin.

2001etik 2023ra Irungo Txingudi Ikastolan hainbat eginkizunetan: LHko irakasle, Euskararen Normalizazio arduradun, HIP irakasle, EUSLE eta Zuzendari. Ikastolaren antolaketan, hizkuntza eta hezkuntza proiektuen garapenean eta eguneratzean parte hartu du, komunitatearen parte-hartzea sustatuz. Euskara, euskal kultura eta aniztasunaren trataera izan dira bere gidalerro nagusiak, esaterako, “euskara kohesiorako gako” esperientzia sistemikoa azaldu zuen Rosa Mari Aranorekin Ulibarri[6] Hiztun bila 2018an.[7]  

Txingudi Ikastolak 50 urte ekitaldien eta argitalpenaren koordinatzailea izan zen 2012-13an.[8]

  • Auzolanean eraikitako ametsa – Irunero.[10]

Lan kolektiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkuntza ibilbideaz gain, euskararen normalizazioa, lan kolektiboa eta auzolana izan ditu bere jardunaren iparrorratz. 2008ko Argia astekarian Seaskako lehendakariorde gisa egindako elkarrizketan, Seaska, Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartea, komunitatearen eta erabaki kolektiboen emaitza dela argi eta garbi azpimarratu zuen.[12]

Seaskaren baitan, 2006-2019 bitartean, guraso gisa, egitura parte-hartzaileetan jardun zuen, eta han komunitatean oinarritutako hezkuntza prozesuen funtzionamenduan murgildu zen. Esperientzia horretan, gurasoen, irakasleen eta irakasle ez diren langileen arteko lankidetza, erabakiak elkarrekin hartzea eta kolektibismoa eguneroko praktikan nola aplikatu daitezkeen ikasi zuen. Horrela, hezkuntza komunitarioa eta parte-hartze aktiboa bere lan eta ikasketa filosofia bilakatu zituen.

Seaskaren Integrazio Batzordeko[13] (Lapurdi, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastoletan eskolaratuak diren ahalmen urriko haurren guraso eta adiskideen elkartea) eragile izan zen. Ikastolen komunitatean inklusioa sustatuz, haurren hezkuntza aukerak zabaltzea eta behar bereziko ikasleen laguntza bermatzea izan zituen helburu.[14][15][16]

2019an Iparra-Hegoak omendu zuen Seaskaren Integrazio Batzordea [17]

Komunikazioa eta argitalpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013an "Txingudi Ikastolak 50 urte" argitalpenaren koordinatzailea izan zen.[8]

2008-2022 bitartean, Jaitzubia aldizkariaren zuzendari izan zen. [11]

2025ean elkartegintzaz kolaborazioak egin ditu Ipar Euskal Herriko Hitzan.[18][19][20]

Jubilazioa eta euskal kultura hauspotzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hendaian bizi den jubilatua izanik, Euskara eta herriko kultura sustatzeko ekarpenak egiten ditu, adibidez:

  • 2023an, Euskara ehuntzen Hendaiako Mintzalagunan.[21]
  • 2024an, Irakurzaletasuna sustatzeko “Irakurraldia”n.[22]
  • 2025ean Baleak elkarteak Hendaiako hainbat elkarteekin partaidetzan antolatzen duen Sagarno Egunean.[23]
  • 2024tik Oiartzungo WikiEmakumeak lantaldean parte hartzen du. Taldea WikiEmakumeok proiektuaren baitan antolatu da eta bere xedea Wikipedian dagoen genero arrakala murriztea da eta Euskarazko Wikipedia elikatzea.
  • Bertsolaritza, inauteriak, Herri-ondarea eta herritarren historia gustuko ditu. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako memoria kolektiboari tiraka lekukotasunak bildu eta zabaltzen aritzen da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Villanueva, Oscar Elorza. (viernes, 19 de abril de 2019). «Monteadicción: Mendaur ( Desde Aurtiz por la calzada con descenso por Zarañeko Arpea )» Monteadicción (kontsulta data: 2025-12-17).
  2. (Gaztelaniaz) Radio España Independiente. 2025-09-28 (kontsulta data: 2025-12-17).
  3. (Gaztelaniaz) Radio París. 2025-09-23 (kontsulta data: 2025-12-17).
  4. «Ana Erasun Ariztegi - Behe bidasoa» Antxetamedia.eus (kontsulta data: 2025-12-17).
  5. «Hasiera» Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala (kontsulta data: 2025-12-17).
  6. Hizkuntza Normalizazioko Ulibarri Programa. Ulibarri.
  7. ehb jardunaldiak. (2019-07-01). 05 Ana Erasun eta Rosa Maria Arano. (kontsulta data: 2025-12-17).
  8. a b Txingudi ikastola 50. urteurrena. Hondarribia: Txingudi ikastola, 1-124 or. ISSN SS-1643-2013..
  9. «50 urte eta gero» Txingudi ikastola bloga (Txingudi ikastola): 1..
  10. Auzolanean eraikitako ametsa – Irunero. 2014-02-19 (kontsulta data: 2025-12-17).
  11. a b (Gaztelaniaz) Yumpu.com. «Jaitzubia 26» yumpu.com (kontsulta data: 2025-12-17).
  12. «“Ez dugu beti fakir izan nahi”» Argia (kontsulta data: 2025-12-17).
  13. «Hasierako orria» Integrazio Batzordea (kontsulta data: 2025-12-17).
  14. (Frantsesez) «Integrazio Batzordea repart en campagne» SudOuest.fr 2017-05-18 (kontsulta data: 2025-12-17).
  15. (Frantsesez) BHAT, Virginie. (2017-05-09). «Integrazio Batzordea lance une nouvelle levée de fonds» www.mediabask.eus (kontsulta data: 2025-12-17).
  16. 2018 03 29 goizberri kultu. (kontsulta data: 2025-12-17).
  17. «Giro ona nagusi Iparra-Hegoan» Goierriko Hitza 2019-04-02 (kontsulta data: 2025-12-17).
  18. «Herri elkarteen bizia, zia eta boga!» iparraldekohitza.eus (kontsulta data: 2025-12-17).
  19. «Txotx eta hurrup!» iparraldekohitza.eus (kontsulta data: 2025-12-17).
  20. «Ipar Euskal Herriko Hitza» iparraldekohitza.eus (kontsulta data: 2025-12-17).
  21. «Noiznahi eta nonahi mintzapraktikan aritzeko deia egin dute Hendaian eta Hondarribian - Behe bidasoa» Antxetamedia.eus (kontsulta data: 2025-12-17).
  22. «Akelarreren Irakurraldia bueltan da bost urteren ondotik, Aurelia Arkotxaren testuekin - Hendaia» Antxetamedia.eus (kontsulta data: 2025-12-17).
  23. «Hendaiako Sagarno Eguna larunbatean ospatuko dute - Hendaia» Antxetamedia.eus (kontsulta data: 2025-12-17).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]