Andere (Neandertala)
Andere Euskal Herrian aurkitutako Neandertalen leinuko hominino zaharrenetariko bati emandako izena da. Hezurrak Karrantzako El Polvorín leizean aurkitu ziren, Asier Gómez Olivencia paleontologoak gidatutako indusketa batean. Fosilen datazioa zaila bada ere, orain dela 150.000 urte baino gehiago eskualdean bizi izan zen Neandertal baten (edo agian gehiagoren) hezurrak direla uste da. Bere erradioa Atapuercako Sima de los Huesosen aurkitutakoaren antzekoa denez, agian zaharragoak dira hezurrak[1]. Fosilak 1983 eta 2000. urteetan egindako bi indusketetan aurkitu baziren ere, ez ziren 2020ra arte sailkatu[2], beste animalia batzuekin nahastuta baitzeuden[3].
Aurkikuntzaren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jose Miguel Barandiaranek egin zituen lehen indusketak kobazuloan, 1931n, eta maiz jo dute bertara ikerlariek eta espeleologoek geroztik. Anderen lehen arrastoak, hain zuzen ere, 1983an egindako bilketan batu zituzten, eta 2000. urtean bildutakoak dira beste arrasto batzuk. Bizkaiko Arkeologia Museoan egon dira azken urteetan, kobazuloan topatutako leize hartz eta hienen hezurrekin batera. 2020an hasi zen Gomezek gidatutako ikerlari taldea El Polvorineko aztarnategian bildutako faunaren fosilak aztertzen, eta orduan egin zuten aurkikuntza[1].
Orduan erabaki zuten kobazulora itzultzea. 2021ean hasi zituzten ikerketak bertan, eta giza aztarna gehiago eta datazioan lagungarri izan zitezkeen bestelako elementu batzuk ere topatu zituzten. Hemezortzi aztarna dira guztira, oraingoz. Museoan identifikatu zituzten haietako bederatzi, eta beste bederatziak, berriz, 2021. eta 2022. urteetan egindako indusketa lanetan topatu zituzten[1][4].
Andereren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurkitutako hezurrak izaki berdinarenak zirela uste dute adituek, nahiz eta hori zehaztea oraindik ez den posible. «Momentuz hezurrak ez dira errepikatu, guztiak dira heldu batenak, eta gutxi gorabehera tamaina koherentea daukate. Horregatik uste dugu gizaki bakarrarenak direla, eta, beste aurkikuntzekin egindako konparazioak eginda, uste dugu emakume batenak direla»[1]. Aurkitutakoak, erradioaz gain, garezur-zatiak, bi falange eta beste hezur batzuen zatiak dira, tartean saihetsak[4], baina ez dago pelbisik, beraz emea ote den esatea zailagoa da[5], baina altueragatik (1,5 eta 1,6 metro artean kalkulatu da[1]) eta beste hezur batzuen alderaketagatik uste dute emea dela.
Datazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Datazio zuzena ez da posible, baina gutxienez 150.000 urte dituzten hezurrak dira. Lezetxikin aurkitu zen hezurra orain dela 164.000 urtekoa zen gutxienez[6][1], baina kasu honetan adituek uste dute zaharragoa dela oraindik. Kobazuloan aurkitutako hezurrak ez ziren hienek edo gizakiek bertan metatutakoak, baizik eta lekuan bertan hildakoak. Bi hartz espezieren hezurrak aurkitu dira, Ursus spelaeus batetik, eta oraindik zaharragoak diren Ursus deningerirenak bestetik[3]. Azken hauen hezurrak inguruko kobazulo batzuetan ere aurkitu dira, 300.000 urte ingurukoak[5].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f «Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak izan daitezkeenak topatu dituzte Karrantzan» Berria 2024-06-12 (kontsulta data: 2024-11-05).
- ↑ (Ingelesez) Gómez-Olivencia, Asier; Pablos, A; Arlegi, M; Arriolabengoa, M; Pantoja-Pérez, A; Rodríguez-Almagro, M; Villalba de Alvarado, M; Sala, N. (2022-10-27). «The Sima I of the Polvorín (Karrantza, Biscay): a new site with neandertal lineage fossil remains in the eastern cantabrian region (Northern Iberian Peninsula)» PaleoAnthropology 2022 (2) doi: . (kontsulta data: 2024-11-05).
- ↑ a b Rodríguez-Almagro, Manuel; Gómez-Olivencia, Asier; Villalba de Alvarado, Mónica; Arsuaga, Juan Luis; Sala, Nohemi. (2024-01-01). «Taphonomic study of the cave bears (Ursus cf. deningeri and U. spelaeus) from the Sima I of the El Polvorín cave (Northern Iberian Peninsula)» Quaternary Science Advances 13: 100171. doi: . ISSN 2666-0334. (kontsulta data: 2024-11-05).
- ↑ a b (Ingelesez) Gómez-Olivencia, Asier; Arriolabengoa, Martin; Aramendi, Julia; Arlegi, Mikel; Balzeau, Antoine; Crevecoeur, Isabelle; Galán, Julia; López-Polín, Lucía et al.. (2024-01-01). «A new site with Neandertal lineage fossil remains: the Sima I of the Polvorín cave (Karrantza, Biscay, Northern Iberian Peninsula)» Bulletins et mémoires de la Société d’Anthropologie de Paris. BMSAP 36 ((s)) doi: . ISSN 0037-8984. (kontsulta data: 2024-11-05).
- ↑ a b Ana, Galarraga Aiestaran. (2024-06-12). «Neandertal arkaiko baten fosilak aurkitu dituzte Karrantzako El Polvorínen» Zientzia.eus (kontsulta data: 2024-11-05).
- ↑ de-la-Rúa, Concepción; Altuna, Jesús; Hervella, Monserrat; Kinsley, Leslie; Grün, Rainer. (2016-04-01). «Direct U-series analysis of the Lezetxiki humerus reveals a Middle Pleistocene age for human remains in the Basque Country (northern Iberia)» Journal of Human Evolution 93: 109–119. doi: . ISSN 0047-2484. (kontsulta data: 2024-12-02).