Andralizeta baserriko hilketak
Andralizeta baserriko hilketak | |
---|---|
Mota | erailketa |
Data | 1924ko abenduaren 4a |
Kokaleku | San Gregorio (Ataun) |
Pertsona hilak | 3 |

Andralizeta baserriko hilketak 1924ko abenduaren 4an izan ziren. Andralizeta baserriko Jose Ramon Arratibelek, osasun mentaleko arazoak zituen Ataungo 30 urteko gazteak, ankerki hil zituen ama, koinata eta bost urteko iloba bat. Andralizeta baserria Ataungo San Gregorio auzoko zaharrenetariko bat zen.[1] Gertaerek oihartzun handia izan zuten Euskal Herrian.
Gertakariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]benduaren 4ko goizean, kontrolik gabeko bat-bateko haserrealdi batean, egunkariek argitaratu zutenez, gazteak aizkorakadaz hil zituen bere ama elbarria, Maria Josefa Arratibel, 58 urtekoa eta Aia auzoko Errondo baserrikoa;[2] bere koinata, Josefa Antonia Aierdi, 31 urtekoa eta San Gregorio auzoko Sorozabal baserrian jaioa, eta bere 5 urteko ilobetako bat, Filomena Arratibel Aierdi, Andralizetan jaioa. Antza denez, neskatoak krimen hirukoitza ikusi eta ukuilura ihes egin zuen, baina osabak aurkitu eta hil egin zuen.[1]
Hildako neskatoaren ahizpaordea, Anastasia Arratibel Begiristain, hamar urte ingurukoa, sarraskitik salbatu zen, egun hartan San Martin auzoko bere eskolatik etxera ohi baino beranduago iritsi baitzen.[1]
Prentsan argitaratu zenez, hiltzaileak aizkora bat hartu eta amaren buru gainera bota zuen indarrez, eta ia burua moztu zion. Gero bere koinata jo zuen arma hiltzaile berarekin buruan, eta hura ere segundo gutxitan hil zen. Neskari burezurra erdibitu zion.[1]
Ihesaldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Krimen hirukoitzaren egileak bere baserritik ihes egin zuen. Antza denez, Leizadi mendiko baso batean ezkutatu zen. Ingurua oso ondo ezagutzen zuen arren, handik bost egunera aurkitu zuen Sometentgo Felix Ceberio, bere txakurraren laguntzaz. Iheslaria kobazulo batean zegoen. Mikeleteen bi agenteri deitu zien eta akusatua atxilotu zuten. Jose Ramonen egoera fisikoa atxilotu zutenean «penagarritzat» jo zen prentsan.[1]
Epailaren aurrean Jose Ramonek krimenen egile zela aitortu zuen, baina ziurtatu zuen ez zekiela ama, koinata eta iloba hil zirenik. José Ramón heriotza-zigorrera kondenatu zuten, baina epaileak zituen buru-nahaste larrien ondorioz, Ondarretako espetxean (Donostia) ez sartzea erabaki zuen, Santa Agedako psikiatrikoan (Arrasate) baizik. Handik ere ihes egin zuen 1929ko apirilaren hasieran. Ihesak alarma piztu zuen herritarren artean, baina, azkenean, hiltzaileak, arropa txikituta eta gosez hilda, bere burua entregatu zuen egun gutxira. Azkenean, psikiatrikoan hil zen. Bere iloba Anastasiak sarritan nerbio-krisiak izan zituen, eta amesgaiztoak zituen osabaren mehatxuengatik sentitzen zuen beldurragatik.[1]
1992ko martxoan Andralizeta baserriak sute handia jasan zuen eta erabat suntsituta geratu zen.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g (Gaztelaniaz) Diario Vasco. (2025-02-28). «El triple parricidio a hachazos en un caserío con pasado mitológico» Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ https://artxiboa.mendezmende.org/eu/busque-partidas-sacramentales/ver.html?id=381253&sacramento=b&bp%5Bsacramento%5D=b&bp%5Bnombre%5D=María+Josefa+&bp%5BapellidoPrimero%5D=Arratibel&bp%5BapellidoSegundo%5D=&bp%5Bmunicipio%5D=&bp%5Banio%5D=&bp%5BanioMargen%5D=&bp%5BpadreNombre%5D=&bp%5BpadreApellidoPrimero%5D=&bp%5BpadreApellidoSegundo%5D=&bp%5BmadreNombre%5D=&bp%5BmadreApellidoPrimero%5D=&bp%5BmadreApellidoSegundo%5D=