Andre Maria eliza (Valtierra)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Andre Maria eliza
Valtierra - Iglesia de Santa Maria 2.JPG
Andre Maria elizaren fatxada nagusia.
Kokapena
kokapenmapa
Koordenatuak 42° 11′ 51″ N, 1° 38′ 07″ W / 42.1975°N,1.63528°W / 42.1975; -1.63528Koordenatuak: 42° 11′ 51″ N, 1° 38′ 07″ W / 42.1975°N,1.63528°W / 42.1975; -1.63528
Historia eta erabilera
Izenaren jatorria Mariaren Jasokunde
Elizbarrutia Iruñea eta Tuterako artxidiozesia
Arkitektura
Estiloa Pizkundetar arkitektura

Andre Maria eliza Valtierrako parroki eliza da, XVI. mendean eraikia herriko meskita zaharraren hondakinen gainean eraikia. Bertako erretaula nagusiak balio handia du, besteak beste Juan Antxeta eta Lope Larreakoak landua.

Elizak bi deitura ditu: Andre Mariaren Jasokundea eta San Ireneo apezpiku eta martiria.

1999eko ekainaren 7an, Nafarroako Gobernuak Sailkatutako Kultura Ondasun izendatu zuen erretaula nagusia.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinplanoa latindar gurutze itxurakoa da, luzerako hiru nabek eta transeptuak osatua, bost zatiko burualdearekin. Alboko nabeak kaperatan banatuak daude. Ganga gotiko-pizkundetarrek nerbio konplexuak dituzte, ebaketa biribileko zutabeetan batzen direnak. Euste arkuak (toralak, formeroak eta zeharkakoak) zorrotzen eta erdi puntukoen artekoak dira. Barneko paramentu eta ganga betegarriak zuriz zarpeatuak daude.

Adreilu aparejuak, Nafarroako Erriberan ohikoa erlijio eraikinetan, kanpoalde soila eta apaindura gutxikoa eratzen du. Lan artistiko bakarra fatxada nagusian dago, mendebalderantz. Honek tenplu klasiko itxura du, toskanar ordenako lau pilastra prismatikoz, taulamenduz eta frontoi okuludunez osatua. Sarrea ateburuduna da eta gainean leiho bat du erlaitz eta frontoi erdizirkularrekoa.

Dorrea, esker aldean atxikia, igo ahala zabalera txikituz doazen bost gorputz prismatikoz osatua, erlaitzek banatua. Beheko lauak oinplanoa laukia dute eta goikoak oktogonala, okulu eta arku itsuz hornitua.

Erretaula nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretaula nagusia, plateresko-manierista

Elizako elementu interesgarriena erretaula nagusia da, XVI. mende amaieran eraikia, aurretik zegoen erretaula gotiko bat ordezkatzeko. Pizkundetar estilokoa da, behealdea platereskoa zaharragoa baita, eta goialdean manierista. Bi azpi-estiloak harmonian daude, oreka handiko artelana osatuz.

Agirien arabera, Juan Martínez de Salamanca maisuak 1577an hasi zuen, baina 1580an hil eta beste hainbat maisuk hartu zuten parte, hala nola Juan Antxeta azpeitiarrak, Blas Arbizuk eta Lope Larrea aguraindarrak. Erretaula 1598an amaitu zen eta Valtierrako biztanleek ordaindu zuten guztiz.

Erretaula oso urreztatua eta polikromatua dago. Lau gorputzez, hiru gorputzartez eta bederatzi kalez osatua dago, hiruko taldetan. Behealdean pradela du eta goialdean frontoiz osatutako atikoa, alboetan daudenak zatituak. Antolaketa konplexu honetan programa ikonografiko aberatsa dago garatua, santu, Elizaren doktore eta ebanjelioko pasarte ugari agertzen direla. Honela banatzen dira: 3 eskultura multzo, 16 taila handi, 2 taila txiki, 20 erliebe handi eta 22 erliebe txiki, horietatik lau soingain. Kale nagusian hiru eskultura multzo nagusiak daude.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Andre Maria eliza (Valtierra) Aldatu lotura Wikidatan
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa