Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Errenteria)
| Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Errenteria) | |
|---|---|
| Errenteriako hirigune historikoa | |
| Kokapena | |
| Herrialdea | |
| Probintzia | |
| Udalerria | Errenteria |
| Koordenatuak | 43°18′44″N 1°53′55″W / 43.3123°N 1.8987°W |
![]() | |
| Historia eta erabilera | |
| Eraikuntza | XVI. mendea - |
| Izenaren jatorria | Mariaren Jasokunde |
| Erlijioa | katolizismoa |
| Arkitektura | |
| Estiloa | pizkundetar arkitektura barrokoa neoklasizismoa |
| Ondarea | |
| Eraikitako euskal ondare nabaria | 1 |
Andre Mariaren Jasokundearen eliza Errenterian dagoen parrokia eliza nagusia da. Eliza Errenteriako hirigune zaharreko kaleetan nagusi zen goragune txiki baten gainean eraiki zen, eta Erdi Aroko eliza zahar bat 1512an erre ondoren, geroagoko eraikina sortu zen horrela 16. mendean.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]21, mendean ezagutzen dugun bezala, XVI. mendeko eraikina da, funtrsean.
Lehenago zegoen hiribilduko jatorrizko parrokiaz ez dakigu asko arkitekturaren aldetik, baina datu historikoak badaude. Badakigu eliza hau izan zela probintziako alkate nagusi Pedro de Arriagak 1384an Errenteria eta Oiartzunen arteko liskarrak konpontzeko laudoa eman zuen tokia. Era berean, 1432an gaskoieraz idatzitako arbitraje-epaia eman zen tenpluan, alde batetik Baiona eta Lapurdi eta bestetik Donostia, Hondarribia eta Errenteria zirela, elkarren arteko borrokak konpontzeko eta kalte-ordainak zehazteko.
1491n, Errege-erregina Katolikoek Errenteria eta Oiartzun bereiztea erabaki zuten, eta, ondorioz, bakoitzak bere parrokia-elizari zegozkion hamarrenak bereizi zituzten. 1512an, Leon X.a aita santuak emandako bulda bati esker, zatiketa behin betiko burutu zen, Oiartzungo San Esteban eliza eta Errenteriako parrokia kanonikoki zatituta geratu ziren. 1512an halaber su hartu zuen elizak, Gaztelak Nafarroa inbaditu zuelarik, indar frantsesak sartu baitziren Gipuzkoan eta tropa horrek eman zion su eliza honi.
1523an egungo Jasokundeko Andre Mariaren eliza berreraikitzen hasi ziren. Eraikuntzari dagokionez, bi etapa bereiz daitezke: 1523-1542, oinplano gotikoa nagusi zela; eta 1542-1573, "euskal gotikoa" esan izan zaion estilokoa.
Kanpoaldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eliz atari nagusian ordena dorikoko apainketa nabari da.
Kanpandorrearen azpialdean Mikelazulo deritzon tunela edo arkua dago. Dorrearen errematea 1825ean berritu zuen Juan Bautista Huizik. Dorre honek existentzia oso laburra izan zuen, 1897an 21. mendean elizak duen erremate neogotikoak ordezkatu baitzuen, Ramon Kortazarren zuzendaritzapean eraikitakoak.
Barrualdea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru habearte ditu, eta hiru abside altuera berekoak, zortzi zutabe lodi eta sendo nabarmentzen direlarik eraikinari eusten. Exekuzioan hainbat estilo edo fase aurkitzen dira. Horrela, absidea eta lehen lerroko zutabeak gotikoak dira, eta hurrengoek kolomadi klasiko bat osatzen dute.
Elizako eskultura eta figurazio-apaindurak elizak bere historian metatu dituen ondorengo estiloen gustuen araberakoak dira.
Alboko hormetan hiru kapera daude alde banatan: Pietatearena, San Inaziorena eta Arimen kaperak alde batean eta Joan Bataiatzailearena, San Antoniorenaeta San Migelena bestean. Presbiterioa zirkuluerdi-formakoa da, eta Ama Birjinaren Jasokundeari eskainitako erretaula nagusia han du, elizaren adbokazioa nabarmenduz.
Alde batean eta bestean, XX. mendearen lehen laurdeneko Jesusen eta Mariaren Bihotz Santuei eskainitako aldareak daude.
Erretaula nagusia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erretaula nagusi neoklasikoa Francisco Azurmendik egin zuen 1777-1784. urteetan Ventura Rodríguezen trazari jarraituz. Oinplano kurboa du, ahurra, eta absidearen murru erdizirkularrari egokitzen zaio. Gorputz bakarra eta errematea ditu, eta idulki handien gaineko zutabe korintiar pareatu erraldoiek antolatzen dute gorputz bakarra. Zutabeek taulamenduari eusten diote, eta taulamendua erdiko kalean atzeraematen da. Erdiko kalean erdi-puntuko nitxoa irekitzen da eta bertan titularraren irudia dago. Pilastra artekatu pareatuek eusten diote frontoi kurbodun taulamenduari, eta azken hori muturretako pilastren gainean hausten da. Frontoiaren errematean boladun akroterak daude izkinetan; usoa eta izpi distiratsuak gailurrean.
Erretaula osatzen da zurezko eta marmolezko sagrario exentu batez, hiru harmailatako basamentu baten gainean dagoena. Erretaula horrek oinarrian sekzio biribila du, eta pilastra artekatuen aurrean lau zutabe. Pilastrek errematean hegodun irudiak dituzte eta kiribilduen gaineko koroak barruan dosel eta kortinadun edikulua du.
Erretaularen eskultura Alfonso Bergazena da, gai nagusienak estukoz egin zituen. Ama Birjinaren Jasokundea irudikatzen duen irudia erretaularen nitxo bakarrean dago. Errematearen aldean Hirutasun Guztiz santua dago, albo bietan aingeru bana, eta beste bi aingeru nitxoaren edo hormakonkaren gainean daude eta horren barruan titularra dago.
Erretaula eta tenplua erabat egokitzen zaizkio elkarri, eskemaren diseinua bakuna eta argia da, ondo egokiturik kanon klasikoei; eskultura ere oso kalitate handikoa, egitura horri ondo moldatua. Erretaula, beraz, koherentzia handiko multzoa da eta Euskal Herriko erretaulagintza neoklasikoaren onenetarikoa da
Animen edo Koroatzaren erretaula
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ama Birjinaren Koroatzearen erretaula, Animen erretaula eta Jasokundearen eta Koroatzearena ere deitua erretaula flandriar jatorrikoa da. XVI. mendearen hasierakoa, maisu flandriar ezezagun bati egozten zaiona.
Gorputz bakarra dauka erantsitako predela neogotikoarekin, eta pilare gotiko estilizatuek hiru kale nagusi eta bi kalearte lekutzen dituzte. Kale bakoitzean azpi-frisoa ageri da filigranazko apainketaz eta hondoetan dekorazio arkitektonikoa gainjarritako arkutxoez. Kalearteak hiru eszenatan zatitzen dira, apainketa aberatseko arku karpanel eta trilobulatuez kokatzen direnak.
Erretaulak garatzen duen programa ikonografikoa berezitasun handikoa dugu: "Jasokundea"ren gaia dauka kapera nagusian eta "Mendekoste" eta "Azken Afaria" ebanjelio eta epistolaren kaleetan, hurrenez hurren. Epistola aldeko kaleartean monako-gaiak eta Andre Maria tronuan eserita azaltzen dira; ebanjelio aldeko kalearteak, aldiz, ez ditu hondoak baino gordetzen.
Estiloaren ikuspuntutik begiratuta, erretaula honetan tradizio gotikoa eta eredu pizkundetar berriak batzen dira: lehendabizikoa marko, hondo eta arkitekturaren egitura eta garapen xehatuan agertzen da; eta bigarrenak, berriz, erdi puntuko arkuetan, konposizio-argitasunerako joeran, eta gotikoan ezohizkoa den ikonografiaren aukeraketan ikus daitezke.
Gorputz nagusiko polikromia erretaula egin zen sasoikoa edo geroxeagokoa izango da, kronologikoki XVI. mendearen hastapenetan kokatzen delarik. Kale nagusietako erliebeek garai hartako xehetasun eta teknika polikromoen lagin osatua jasotzen dute: urre-kolorea gorri matearekin eta beste konbinaketa kromatiko batzuekin elkartuz; azken hauek euren dotoretasuna urdin, okre eta gorrien erabilpenaren bidez lortzen dute.
Errenteriako Ama Birjinaren Jasokundearen erretaula hau pieza aparta dugu, bere antzinatasunarengatik nabarmentzen da eta, tipologia zein arte aldetik, originaltasun handia duen triptiko-erretaula eskultoriko baten adibide bihurtu zaigu, beste triptiko gotiko batzuk baino egitura aurreratuagokoa izanik. Erliebe nagusien kalitatea bikaina da, tankera gotikoan ohizkoa ez den programa ikonografiko berezi batekin eragin pizkundetar nabaria azalduz.
Beste ondasun nabarmen batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erretaula aipagarri gehiago ere badira elizan: Ebanjelioaren edo ezkerreko aldean, San Ignazioaren eta Pietatearen erretaulak; Epistolaren edo eskuineko aldean Joan Bataiatzailearen (edo Familia Sakratuaren) ererretaula, San Antonioren aldarea eta San Migelen erretaula. Beste bi erretaula neogotiko ere badira, Jesusen Bihotzari eta Mariari Bihotzari eskainiak.[1]
Elizan gordetzen den ondasunen artean, nabarmentzen dira halaber Ambrosio Bengoetxeak egindako tabernakulu edo sagrarioa, Kalbario bat, eta Maria Magdalenaren irudi bat.
Donostiako Elizbarrutiko museoan eliza honetan egondako pieza aipagarriak ere badira, Santa Ana eta Andre Mariaen eskultura bat, 15. mendekoa eta jatorri flandestarrekoa; eta San Migel plateresko bat.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Eliza elurtua atzekaldetik ikusia.
- Elizaren dorrea teilatu artean.
- Eliz ataria.
- Mikelazulo deritzon tunela.
- Erretaula flandestarra.
- Habeartea pulpituarekin eta presbiterioan erretaula nagusia.
- San Migelen erretaula.
- Ambrosio Bengoetxearen tabernakulua.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- ↑ Vazquez & Muro (2016). 87-89 or.
Biblliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Vazquez Escudero, Elena; Muro Arriet, Koro (2016). Nuestra Señora de la Asunción de Rentería. Errenteriako Udala.
