Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Markina-Xemein)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Andre Mariaren Jasokundearen eliza
Kultura ondasuna
Markina, Santa María de la Asunción exterior.JPG
Fatxada nagusia
Kokapena
kokapenmapa
Koordenatuak 43° 16′ 02″ N, 2° 29′ 35″ W / 43.26729983°N,2.49299983°W / 43.26729983; -2.49299983Koordenatuak: 43° 16′ 02″ N, 2° 29′ 35″ W / 43.26729983°N,2.49299983°W / 43.26729983; -2.49299983
Historia eta erabilera
Irekiera1510 (gregoriar)
Izenaren jatorria Mariaren Jasokunde
Elizbarrutia Bilboko elizbarrutia
Arkitektura
Estiloa Arkitektura gotiko
Ondarea
BIC RI-51-0005151

Andre Mariaren Jasokundearen eliza Markina-Xemeingo parroki-eliza da, Markina herriko ekialdean kokatua, erdigunetik pixka bat bereizita, garai bateko Xemeingo elizatean. Bi herrietako parrokia izan zen, 1952an herri biak behin betiko elkartu ziren arte. Badirudi jauretxearen eta lehengo komentuaren aurrekariak X. mendekoak direla. Hala ere, oraingo fabrika ez dator garaiarekin bat. Kokapena baino ez dator bat antzinako "Xemenigan" monasterioarekin.

2003ko ekainaren 20an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso eliza handia da; mila eta ehun metro karratu dauzka oinean eta gangek barruan duten garaiera 19 metrokoa da. Barruan espazioa honela dago eratuta: areto bakarra dauka, sei zutabe exentu, garai eta estu dauzkala. Alboko gangen garaiera erdiko gangen altueraren antzekoa da; beraz, ez da naberik antzematen eta espazio bakarra nagusitzen da.

Espazio-anisotopria hau azken ondorioetaraino heltzen da. Elizako buruak eta oinaldeak ohikoa izaten den berezitasunaren ordez nortasun-ezaugarri sinpleak dauzkate.

Fabrika modu jarraian egin zen eta, horren ondorioz, bateratasun formal handia dauka. 1510ean eman zuten eraikitzeko bultzada, eraikin zaharra zegoen kokalekuan eta mende erdi inguru iraun zuen eraikuntzak. Honako maisu hauek ibili ziren bertan lanean: Martin Albisua, Rodrigo Albiz eta Migel Elorriaga. Juan Emasabelek estali zituen gangak, 1564 aldera.

Sakristia, dorrea eta korua XVII. mendean zehar eraiki zituzten.

Fabrika osoa kareharri gris argikoa da eta barrualdea zarpeatua eta margotua dago.

Erdiko zutabeen gainera doa gangen zama, gainetik kateatuz doazen arkuen bitartez, zuzenean, zutabeek ez baitute kapitelik. Gangetako arkuak pixka bat zorrotzak dira. Hormetako euskarriak mentsulen bitartez egiten dira.

Gurutze-gangak alboetako nabeetako lehenengo hiru tarteunetan daude eta erdiko nabeko lehenengo bietan. Hala ere, koroan eta koruaren aurreko ganga nagusian marrazkia konplexuagoa da.

Beheko koruak gurutzeria sinplea dauka erdiko tarteunean eta ganga baidak alboetan.

Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpoaldea bolumen trinkoa eta horizontala da, piramide itxurako pinakuluetan errematatuta dauden hormabularrek apur bat aldatuta. Aurreko ikuspegia absideari dagokio, eta atzekoa dorreari. Ikuspegi biek ez dute aldatzen erdiguneko pertzepzio trinkoa, absideak nabeak duen garaiera berbera baitauka eta dorreak harri-mota aldatu egiten baitu azkeneko tarteunean.

Dorrea barrutik hutsa dago jauretxearekin batera egiten duen tartean eta zortzi metro duen nitxo handi bat sortzen du. Kanpaien gorputzak bi oin dauzka eta metalezko tenplutxo txiki batek errematatuta dago.

Elizataria bi hormabularren artean dago eta ganga batek estaltzen du. Sarrera bikoitza dauka; bi arku eskartzano dauzka.

Sakristiak bere garaian ganga eduki zuen. Hego-ekialdeko ertzera erantsita dago, beheko solairuan. XVIII. mendeko tiradera-altzaria dauka.

Barruan, hilerrira doazen kontrahormen arteko horma zulatuz Gaitan Aiala kapera dago. Erdi puntuko arkua, eta bi gorputz horizontaleko eta hiru bertikaleko burdinsarea dauzka. Aro modernokoa da.

Erretaula nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldarea eta erretaula nagusia.

Erretaula nagusia plateresko-pizkundekoa da, XVI. mendeko bigarren laurdenekoa (1526-1530[1]). Erretaula bera Joan Aialak egina bide da, eta eskulturak Diego Ruizek, nahiz eta Beaugranten, Martin Basaberen eta Jose Arrokiaren ekarpenik ere baden. Kaletan antolaturik dago: hiru kale eta lau kalearte, zutabe bana alde banatara. Tarteko kaleek kale nagusien gainean egiten dute aurrera. Behetik gora, berriz, bankua eta lau atal, eta atikoa guztiaren buru.

Egituraren nondik norakoak, goitik beherakoan, kaleak banatzen dituzten zutabeek zehazturik daude, eta horizontalean, berriz, atal bat eta bestea banatzeko erlaitz eta taulamenduek. Bankuko zutabeak korintiarrak dira; fustearen beheko herena apaindurik daukate; eta erretaularen goiko mailetan, ordena bat baino gehiago daukate gainjarririk; hor goran, fuste zilindro-itxurakoak eta balustradunak ageri dira, batean bat bestean bestea. Txirla bana dago etxetxo gehienen gainean, eta, goiko aldean, txirla itxurako frontoi bat kalbarioaren alde banatara. Erretaula oso apaindurik dago. Harpe-itxurako apainketak dira: fantasiazko animaliak, aingeruak, pitxarrak eta hainbat landare-mota. Sagrarioa erretaula baino geroagokoa da, hobi erakusle modukoa da, oina erdizirkulokoa, zutabe batzuk ditu alde banatara, eta puntu erdiko arku bat dauka goran amaieran. Gainean, erdiko kalean, antzeztoki barrokoa daukagu, Jose Arrokiak egina. Hor dago Xemeingo Andre Mariaren irudia.

Ikonografia dela-eta, erretaula honek ere donanteen tradizioari eusten dio. Bankuan dauden beste honako lau eszena hauekin batera: "Jesus hil dela-eta negarrez", "Jesusen bihotza", "Maria Magdalena" eta "Jesukristo tenplura azaldu zenekoa". Tarteko kaleetan, lau ebanjelistak, apostoluak eta herrian gurtzen diren hainbat santu. Kaleetan, berriz, hara zer ageri den: lehen ataleko albokoetan, "Arantzezko koroa jarri ziotenekoa" eta "Kalbarioko bidean lurrera erori zenekoa"; bigarrenean, "Jaiotza" eta "Erdainkuntza"; eta "Deikundea" eta "Garbikundea" hirugarrenean. Markina-Xemeingo Ama Birjinaren hobi barrokoak lehenengo bi atalak betetzen ditu. Gainean, "Pietatea" eta "Jasokundearen" irudi gotikoa, XV. mendekoa. Azkenik, atikoan, kalbario bat guztiaren buru.

Polikromia erretaularen garai berekotzat jo daiteke. Zati arkitektonikoa urre-kolorekoa eta zuria da, italiar eraginpeko ereduek agintzen zuten moduan; eskulturetan, berriz, tapaki eta tunikek badauzkate gorri-urdin koloreko ukitu batzuk. Azal-pintaketak mate-kolorekoak dira batez ere, eta eszena batzuetan estofaturik eta esgrafiaturik ere bada.

Itxura Pizkundekoa du bete-betean: hainbat etxetxotan banaturik; kale nagusi zenbait, indarturik, eta tarteko beste hainbat kale, aurrera doazela; ordena bat baino gehiago bata bestearen gainean jarrita; balustradun zutabeak; pilastrak, tinpano okerrak eta frontoiak; eta apainketa ederra eta polikromia. Horregatik guztiagatik, eta nahiz eta amaitu eta gero beste ukiturik ere egin zioten (XVI. mendean bertan eta gero XVIII.ean), Bizkaian denik eta Lehen Pizkundeko erretaularik bete-betekoena da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa