Andrea del Castagno

Wikipedia, Entziklopedia askea
Andrea del Castagno

Bizitza
JaiotzaSan Godenzoc.1421
HeriotzaFlorentzia, 1423 (2/3 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: izurri bubonikoa
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
Lantokia(k)Florentzia
Lan nabarmenak
MugimenduaItalian Renaissance (en) Itzuli
Genero artistikoapizkundea

Andrea del Castagno, jaiotza izena Andrea di Bartolo di Bargilla (Castagno , c.1421 - Florentzia, 1457ko abuztuaren 19a), Quattrocentoko italiar margolaria izan zen. Florentziako humanismoaren jarraitzaileetako bat izan zen[1], Masaccio, Brunelleschi eta Donatelloren eragina jaso zuena. Pintura eta marrazki bikainak egin zituen, baina, Giorgio Vasariren arabera, izaeraz erretxina zen, eta ankerkeriaren eta zorroztasunaren isla garbia dira bere obrak[2]. Emozioen indarra eta irudien naturaltasuna hobekien adierazi zuten Pizkundeko margolarietako bat izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andrea di Bartolo di Bargilla Castagno herrixkan jaio zen, Florentziatik gertu. Hiri honetan hasi zen margolaritzan, baina ez dago haren prestakuntzari berri askorik. Aditu batzuen arabera, Fra Filippo Lippi eta Paolo Uccelloren ikaslea izan zen. Haren lehenbiziko lanetako bat Podestàko jauregiko fatxadako Urkatuak da[3].

1442an Veneziara alde egin zuen, eta han San Zakarias elizako San Tarasio kaperako freskoak margotu zituen. Venezian askatu berriak ziren gotikoaren dotoretasunarenik, eta Andrea del Castagnok irudikatu zituen santuak eta Aita betierekoak errealitate berri baten iruditzat hartuko ziren, ziur asko. Irudiek hondoa eteten dutela dirudi, eta Donatello edo Masaccioren koadroetako energia nabarmentzen zaie, baina era berean ageri dira Ucelloren geometrismoa edo Domenico Venezianoren kromatismoa, nahiz eta geroago haien eragina baztertuz joan zen. Lehen aldi horretan, muturreraino eraman zituen Masaccioren ekarpenak: irudiek harrizko eskulturak ematen dute, eta pertsonaiak gorputz sendo eskultorikokoak eta dramatismo handikoak dira.

Florentzian behin betiko finkatu zen 1444. urtean. 1445-1450 bitartean, Santa Apolonia komentuko jangela dekoratu zuen: Azken afaria, Gurutziltzaketa, Ehorzketa, Piztuera. Fresko monumentalak dira, arranditsuak eta indar handikoak. Formen harmonia eta konposizioen ordenamendu neurtuaren bidez, ikuslearengandiko nolabaiteko distantzia lortzen du; tentsio dramatiko bizia adierazten du, Azken Afaria lanean, marmolaren distiren eta esfinge misteriotsuen bidez, eta pertsonaien energiaren eta bizitasunaren bidez. Masaccioren eragina nabarmentzen zaie, ilusionismorako joeran, baina perspektiba zientifikoa ere erabili zuen.

Aipagarria du, orobat, Gizon eta Emakume Ospetsuak deituriko obra, Villa Carducci-n (Legnaia) margotua. Florentziari ospea eta aintza eman zioten militarrak, handikiak, olerkariak (Dante, Petrarca eta Boccaccio adibidez), Bibliako sibilak eta erreginak agertzen dira irudietan. Estatuen tankerako gorputzak dira, harroak eta arranditsuak, gorespen humanista adierazten dutenak; tentsio dramatiko handia lortu zuen gorputzaren mugimenduaren eta aurpegiko keinuen bidez. Gizabanakoaren heroitasuna azpimarratzen dute, halaber, larruzko ezkutu baten gainean margoturiko David-ak (artzain gazteak etsaiari eta izadiko indarrei irabazten die), eta San Sebastian-en irudiak, zeinean martiritza giza zintzotasunaren irudia baita.

Annunziatako elizan Hirutasun Santua San Jeronimo eta beste bi santurekin margotu zuen. Fresko honetan ordu artekoetan baino gehiago behartu zituen formak, dramatismo handiagoa emate aldera. San Jeronimo Hirutasunari begira agertzen da, bi santu dituela alboetan; santuaren aurpegiko keinu latzak, azal zimurrak, bizitza aszetiko gogorraren erakusgarri dira. Laztasuna adierazteko ahalmen horri esker lortu zuen, ziur asko, bere azken obra ezaguna egiteko enkargua: Niccolo da Tolentino zaldi gainean (1456), Florentziako katedralerako eskatua, Ucellok 1436an margoturiko Giovanni Acuto condottieroa zaldi gainean erretratuaren bikotea[3].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. De Fusco, Renato. El quattrocento en Italia. in: 441. orrialdea, Ediciones Itsmo. books.google.es (Noiz kontsultatua: 2015-10-03).
  2. Vasari, Giorgio. Vida de los más excelentes pintores, escultores y arquitectos. blogs.enap.unam.mx (Noiz kontsultatua: 2015-10-03).
  3. a b Andrea del Castagno. virtualuffizi.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-03).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Andrea del Castagno Aldatu lotura Wikidatan