Edukira joan

Andresa Landa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Andresa Landa
Bizitza
JaiotzaOtxandio1870eko azaroaren 30a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaOtxandio1956ko ekainaren 25a (85 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakfilantropoa

Andresa Landa Axpe (Otxandio, Bizkaia, 1870eko azaroaren 30a[1] – Otxandio, Bizkaia, 1956ko ekainaren 25a) emakume ongilea izan zen, bere izena daraman fundazioari esker jaioterrian hainbat kultur egitasmo ahalbidetzeko bidea zabaldu zuena.

Pedro eta Maria Luisa otxandiarren hamargarren alaba izan zen, gazteena eta San Andres egunez jaiotzeak erabaki zuen bere izena. Otxandioko kale nagusian bere bizitza osoa eman zuen emakume honek heriotzarekin batera erakutsi zuen jaioterriarekiko zuen atxikimendua: bere borondateari men eginez, ondorengoek haren izena daraman fundazioa sortu zuten, kultura eta hezkuntza alorreko hainbat egitasmo bultzatzeko asmoarekin.

Erabilpen anitzeko Andresa Landa eraikina, Otxandioko Samartoi kalean.

1963ko irailaren 26an erregistratu zen Andresa Landa Axpe Fundazioa, sorrera dokumentuak argitzen duen bezala hezkuntza alorra sustatzeko xedearekin eta baita “herri-kultura eta Otxandioko eta udalerri mugakideetako ondare kultural eta historiko-artistikoa babestekoarekin” ere.[2] BOEn jasotzen den bezala, egunero meza bat errezatuko zen Andresaren arimaren alde, eta Fundazioak aportatzen zituen banketxe-akzio eta ondasunak haur-eskola bat eraikitzeko, aniztasun funtzionaleko umeen laguntzarako eta neska ezkongai zein ezkonberrien prestakuntzara bideratuko ziren.[3][4]

Otxandioko Samartoi kalean altxatu zen haur-eskola modura erabili zen Andresa Landa eraikina, hasierako sasoietan ikastola izan zena. Aldi batez herriko ikasle guztiak bertan egon ziren, eskola berriaren eraikitze lanek iraun zuten denbora tartean.[2] Ordutik aurrera erabilpen anitza eman zaio bi solairuko etxe honi: batez ere batzar toki eta entsegu leku da, bertan batzen direlarik abesbatzako kideak, dantza taldeko neska-mutikoak, margo-eskolako artistak… Ludoteka izateaz gain, euskarazko klaseak ere eman izan dira bertan. Inguratzen duen eremua herriko gaztetxoenek estima handitan dute biltze eta jolasleku gisa.[5][6]

Andresa Landa nagusi ezagutu zutenei, berba gutxiko andre txikitxo bat datorkie akordura, urteek murriztutakoa eta Artekale 8ko bere etxeko leihoan gogoratzen dute, kaleko joan-etorriari begira. Umeen jolasleku zen plazatik gertu egonda, hauen olgeta bihurtu zen bere atariko tinbrea jotzearena: sarrerako ateetan aldabak nagusi ziren sasoian, berea izan zen lehen etxe tinbreduna, gaztetxoen gozamenerako. Trin-trin-trin! jo eta arin ihesari ematea izaten zen arratsalde pasari emozioa jartzen zion gauzetako bat.

Ezkongabea eta emakume elizkoia eta fededuna izan zen, sasoiko gizarteak agindu bezala. Elizan aulki propioa zuela gogoratzen duenik bada, tertziopeloz forratutakoa, belaunikatzeko zein esertzeko balio zuen belaunalki dotorea.

Familiak lantegi bat izan zuen Otxandion, Landa izenarekin merkaturatutako baskulak egiten zituena: bi platertxo eta erdian fiel zeritzon orratza, generoa eta pisuen arteko oreka zehazten zuena.

Bere ondorengoen kargu egon da Andresa Landa Fundazioa eta beraren gurariari jarraituz herritarren proiektu eta premia desberdinak diruz eta abarrez hornitu dituzte: besteak beste, koruarenak, batukada taldearenak, dantza talde zein herriko jubilatuenak, Durangaldeko txistulari egunekoak… [7]

Fundazioaren ekimenez, 2003an "Otxandio, Oleta, Gatzaga, Legutio eta Ubideko euskal herri-kantak" izenburuko liburu bikoitza ere argitaratu zuten Emilio Julian Donado Urigoitiak eta Pedro Jose Landa Lazkanok, iloba eta fundazioaren patronatuaren kideak.[8][9]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]