Andrew Mountbatten-Windsor
Andrew Mountbatten-Windsor (izen osoa: Albert Christian Edward Mountbatten-Windsor[1][2]; Londres, 1960ko otsailaren 19a), urte askoan Erresuma Batuko Andres printzea eta Yorkeko dukea (Prince Andrew, Duke of York ingelesez) bezala ezaguna, Erresuma Batuko Isabel II.a erreginaren eta bere senarraren, Edinburgoko dukea Felipe printzearen hirugarren haurra da, bigarren semea.
Yorkeko Duke, Invernesseko konde eta Killyleagh baroi tituluak izan zituen 1986an Sarah Fergusonekin ezkondu zenetik 2025eko urriaren 17ra arte, orduan uko egin baitzion titulu horiek erabiltzeari, bere anaiarekin, Karlos III.a erregearekin, akordioa lortu ondoren. 2025eko urriaren 30ean hasi zen, erregeak hala eskatuta, haren titulu guztiak formalki kentzeko prozedura, printzearena barne, eta harrezkero Andrew Mountbatten-Windsor esaten diote Erresuma Baruan.[3][4][5][6]
Jeffrey Epstein aberats eta sexu-abusatzailaren adiskide izan zen, eta horri lotutako polemika handiak izan ditu, eta horrek bere ospeari kalte egin dio etengabe. 2026ko otsailaren 19an atxilotu zuen britainiar poliziak, «kargu publiko bat betetzean bidegabeko jokabidea» izan zuelakoan, Epstein artxiboetan sekretuak filtratu zituelako zantzuak zeudelako, ez nonbait adin txikikoei sexu abusuak egiteagatik.[7][8]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andres printzea Buckingham Jauregian jaio zen, eta, jaio zenetik, erreginaren seme zenez, printze titulua jaso zuen, errege-gorentasun trataerarekin.
Bere aita Felipe printzea izan zen, Edinburgoko dukea, eta honen aita (Andresen aitona beraz) Greziako eta Danimarkako Andres printzea izan zelarik, haren omenez jaso zuen Andrew/Andres izena.
Ezkontzatik dibortziora
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1986ko uztailaren 23an, Andres printzea Sarah Fergusonekin ezkondu zen Westminsterreko Abadian. Ohitura monarkiko britainiarra denez, ezkontza egunean erreginak Yorkeko duke, Inveresseko konde eta Killyleagh baroiaren tituluak eman zizkion. Era berean, bere emazteak York-eko dukesa titulua jaso zuen. Harreman horretatik jaio ziren haren alabak:
- Beatriz printzesa, 1988ko abuztuaren 8an jaioa. 2020ko uztailaren 17an ezkondu zen Edoardo Mapelli Mozzi kondearekin (1983ko azaroaren 19an jaioa).
- Eugenia printzesa, 1990eko martxoaren 23an jaioa. 2018ko urriaren 12an ezkondu zen Jack Christopher Stamp Brooksbank-ekin, Brooksbank baronet tituluaren ondorengo zuzena, Leicesterreko kondeen ahaide.
1992an, Andres eta Sarah banandu egin ziren, eta 1996an dibortziatu, noblezia-tituluetan oinordekorik utzi gabe. Sarahk errege-gorentasunaren tratamendua galdu zuen, baina Yorkeko dukesa titulua atxiki zuen: 2025etik ez da erabiltzen titulu hori nonbait.
Jeffrey Epsteinekin loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Virginia Giuffrek, Jeffrey Epstein aberatsaren sexu abusuen biktimetako batek, 2001ean Ingalaterrako Andres printzearekin sexu harremanak izatera behartu zutela adierazi zuen. 2025ean suizidatu egin zen.
Giuffrek kontatu zuen nola eraman zuten Londresera Estatu Batuetatik 17 urte zituenean. Bere kontakizunaren arabera, Epsteinek eta bere bikotekideak, Ghislaine Maxwellek Londresko Tramp klubera eraman zuten Ingalaterrako Andresekin topo egiteko. Horrela deskribatu zuen gertatua Giuffrek: "Autoan, Ghislainek esan zidan Andresekin Jeffreyrekin egin zuen gauza bera egin behar zuela, eta horrek gaixotu egin ninduen".
Jeffrey Epstein 2019ko uztailean espetxeratu zuten eta hila agertu zen abuztuan bere ziegan, agintariek suizidiotzat jotako heriotza. Gertaera horiek Andres printzearen inguruko eskandalua goritu zuten, eta printzeak erabaki zuen publikoki BBCren Panorama programan azalduta bere burua defendatu zezakeela. 2019ko urrian egindako elkarrizketa harreman publikoen aldetik desastre hutsa izan zen Andresentzat. Emily Maitlis kazetariak egindako elkarrizketa liburuetarako, eta telesail baterako (A Very Royal Scandal) eta film baterako (Scoop) ere materiala izan zen gerora, hainbestekoa izan zen inpaktua.[9]
Elkarrizketa entzutetsuaren ondoren, Virginia Giuffrek Printzearen aurkako demanda jarri zuen New Yorkeko auzitegi zibil batean. Demanda 2022ko otsailean ebatzi zen Andrew printzearekin, Giuffreri jakinarazi gabeko kopuru bat ordainduz eta bere erakunde bati dohaintza eginez gainditu zuen kinka printzeak.[10][11] Akordio judizial horrek ez zion bakerik ekarri Giuffreri, eta traumak jota jarraitu zuen bere suizidiora arte (2025).[12]
2022ko urtarrilaren 13an, Erresuma Batuko Errege Etxeak iragarri zuen Andres printzeari bere titulu militar eta erregetza-babes guztiak kendu eta erreginari itzuliko zizkiola, eta ez zuen aurrerantzean gorentasun tratamendua erabili.[13][14]
2025eko urriaren 17an, Andresek uko egin zion, gainera, Yorkeko duke titulua eta bere titulu aristokratikoak guztiak erabiltzeari. Baina hori hala izanik, printze izendapenarekin jarraitu zuen beste bi astez, hori ere kentzeko prozedurari ekiten ziola esan arte Karlos erregeak. [15][16] Harrezkero, hedabide britainiarretan unanimitatez izen-deiturekin esaten zaio.
2026ko otsailaren 19an, bere 66. urtebetetze egunean, atxilotu egin zuten kargu publikoan jokabide okerra izan zuelakoan. Hamabi orduren ostean, Poliziaren zaintzatik askatu zuten.[17]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «A statement from Buckingham Palace [Una declaración del Palacio de Buckingham»] www.royal.uk 2025-10-30.
- ↑ «No longer a prince, Andrew Mountbatten-Windsor gains a hyphen in his name» AP News 2025-11-12.
- ↑ «A statement by Prince Andrew» Royal Family Txantiloi:Fecha.
- ↑ Prince Andrew gives up royal titles including Duke of York after ‘discussion with king’. The Guardian.com 2025-10-17.
- ↑ Ana Mateu Cifre. (Txantiloi:Fecha). «Carlos III fulmina al príncipe Andrés: le retira todos sus títulos y honores por el caso Epstein» Libertad Digital.
- ↑ Mark Landler. (Txantiloi:Fecha). «El príncipe Andrés será despojado de su título real» The New York Times.
- ↑ «Detenido el expríncipe Andrés de Inglaterra, vinculado al caso Epstein, por "conducta indebida en el cargo público"» RTVE.es 2026-02-19.
- ↑ Arrestan al expríncipe Andrés, hermano del rey Carlos III, bajo sospecha de mala conducta en un cargo público. 19 de febrero de 2026.
- ↑ (Ingelesez) Nanji, Noor. (2024-09-10). «Emily Maitlis says Prince Andrew 'lost respect' after interview» www.bbc.com (kontsulta data: 2026-02-21).
- ↑ Weiser, Benjamin. (February 15, 2022). «Prince Andrew Settles Sexual Abuse Lawsuit With Virginia Giuffre» New York Times.
- ↑ «Prince Andrew settles US civil sex assault case» BBC News February 15, 2022.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Muere por suicidio Virginia Giuffre, la mujer que denunció a Jeffrey Epstein y al príncipe Andrés de Inglaterra por abusos sexuales» BBC News Mundo 2025-04-26 (kontsulta data: 2026-02-20).
- ↑ «El Príncipe Andrés, despojado de sus títulos militares y patrocinios reales» abc 2022-01-13.
- ↑ Príncipe Andrés: el duque de York ya no será llamado su Alteza Real al perder títulos militares y patrocinio real. 13 de enero de 2022.
- ↑ El príncipe Andrés renuncia al título de duque de York. 2025-10-17.
- ↑ Príncipe Andrés: 5 frases por las que la entrevista del hijo de Isabel II con la BBC es considerada por muchos un "desastre mediático" para la Casa Real británica. .
- ↑ «Arresto de Andrew Mountbatten-Windsor: investigan nexos de espionaje y corrupción con Jeffrey Epstein» Univision.