Edukira joan

Angela Figuera Aymerich

Wikipedia, Entziklopedia askea
Angela Figuera Aymerich
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakÁngela Figuera Aymerich
JaiotzaBilbo, 1902ko urriaren 30a
HerrialdeaEuskal Herria
BizilekuaBilbo
Soria
HeriotzaMadril, 1984ko apirilaren 2a (81 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakolerkaria, idazlea eta haur literaturaren idazlea
Enplegatzailea(k)Espainiako Liburutegi Nazionala
Genero artistikoaPoesia deserrotua

Angela Figuera Aymerich (Bilbo, 1902ko urriaren 30a - Madril, 1984ko apirilaren 2a) XX mendeko idazle eta poeta garrantzitsua. Poesia Soziala mugimenduaren ordezkari nagusietako bat. Gaztelaniaz idatziz frankismoaren aurkako kritika, emakumearen errealitatea, amatasuna eta injustizia sozialak jorratu zituen modu sakon eta zuzenean..[1][2]

Bilboko urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bere kalearen kartela Bilboko Miribilla auzoan.[3]

Angela Bilboko Abando zabalgune berrian jaio zen, 1902ko urriaren 30ean. Kanpotik etorritako nahiko familia dirudun bateko alaba, bederatzi anai-arrebetatik nagusiena zen. Azken datu horrek hasiera-hasieratik markatu zuen bere izaera. Lehen-hezkuntza bukatu eta gero, Angela institutura joan zen. Garai hartan, ikasketekin jarraitzea ez zen batere arrunta, berea izan baitzen, hain zuzen, Penintsulan batxilergoa egiten zuen nesken lehenengo promozioa. Urte haietan jada nabaria zen Angelaren literaturarekiko zaletasuna, baita oztopoei aurre egiteko indarra ere: 1924an, Filosofia eta Letrak ikasteko asmoa azaldu zuen etxean, aitaren gogoaren aurka; ondorioz, bi urtez, Angelak ez zuen ikasketarik egin, harik eta berriz ekin zien arte. Zoritxarrez, ikasketak hasi eta gutxira, aita hil egin zitzaion, familia oso egoera ekonomiko larrian utzirik. Dirurik ezagatik, ikasketak burutzeko, Angelak haren lehengusu zen Julio Figueraren familiaren laguntza behar izan zuen.

Helburu horrekin, Madrilera joan zen urtebeterako. Denbora horretan, bide batez, Juliorekin zuen harremanean sakondu zuen, eta, karrera bukatu zuenerako, ezkongai ziren biak. Bilbon bueltan, orduan ere arazo ekonomikoek bere horretan jarraitzen zuten familian, eta horrek bultzatu zituen Madrilera bizitzera joatera; une hartan, idazleak 28 urte zituen. Espainiako hiriburura joanda ere, gauzak ez ziren errazak izan, baina hainbat lanetan aritu ziren Julio eta biak. 1932an, institutuko oposizioak gainditu zituen Angelak, eta Huelvara destinatua izan zen. Hara joan baino lehen Juliorekin ezkondu zen. 1935ean, haurdun gelditu eta gero, erditzeko unean umea hilik jaio zen.[1]

Figueratarren bizimodua erabat aldatu zen 1936ko estatu-kolpearen ondorioz. Bikotea Madrilen zegoela, Juliok errepublikaren aldeko ejertzitoan alistatzea erabaki zuen. Garai gogorrak izan ziren haiek. Baina dena ez zen txarra izan, urte horren abenduan, Juan Ramon semea jaio baitzen. Julio penintsulan zehar hainbat destinotan ibili zen, bere emaztea Madrilen zegoela. 1938an, azkenik, hirurak Murtziako Molina de Segura herrian biltzeko aukera izan zuten. Gatazkaren azkeneko hilabeteak bereziki gogorrak izan ziren, zeren eta Julio, komunistatzat jota, espetxeratua izan zen. Paradoxikoki, frankisten garaipenak askatasuna berreskuratzea ekarri zion Juliori.[1]

Gerra zibilaren amaieran, Figuera familiaren egoera ez zen batere ona: titulazioak eta lanik gabe, galtzaileen bandoan, familiaren ondare guztia galduta, Julio paludismoak jota, espetxeratua izateko beldurrez. Egoera hartan, egokiena Madrilera itzultzea zelakoan, hala egin zuten, eta, bertan, berrikotik hasi ziren. Urte haiek aztarna nabarmena utzi zuten Angelaren poesian. Berrogeita hamargarren hamarkadan, Figueratarrak errealitate berrian, hau da, gerra ondorengo frankismo latzean, aurrera atera ziren, ekaitzaren ondoren bezala, lasaitasunean. Testuinguru hartan, Angelak idazteari ekin zion. Aktibitate hori ez zen berria harentzat, gazte garaietatik poesia egiteko zaletasun handia baitzuen. Orduan, baina, aldaketa handi bat gertatu zen: bere poemak argitaratu zituen. Lehen liburuak Mujer de barro (1948) izenburua izan zuen, eta bigarrenak Soria pura (1949), zeina berreskuratutako bizitza horren isla baitzen. Bi liburu horiek “etapa subjetibo” bezala definitu zituen Angelak. Bertan elementu herrikoiez betetako poesia aurkitzen dugu. Gaien artean zeuden erotismoa, amatasuna, paisaia eta horren inguruko sinbolismoa. Hurrengo liburua 1950ean argitaratu zuen, Vencida por el ángel, eta harekin aurrekoekiko erabateko haustura egin zuen: idazlearen hitzetan, errealitatearen atea ireki egin zen, eta, horrekin batera, bere poesiaren etapa berri bati eman zion hasiera, konpromisoarena alegia, “etapa kezkatua” idazlearen hitzetan.[1]

Udak Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prozesu horretan, eragin berezia izan zuten Blas de Oterok eta Gabriel Celayak; hiruron artean adiskidetasun handia sortu zen. Urte horietan, opor-garaietan, Angela Bilbora itzuli zen. Han, neba bat gelditzen zitzaion, Rafael Figuera margolaria. Rafaelen eskutik Bilboko idazle eta artista esanguratsuak ezagutu zituen Angelak: Angel Ortiz Alfau, Mario Angel Marrodán, Jorge Oteiza, Gregorio San Juan, Rafael Zarco, Federiko Krutwig eta beste asko. Urte batzuk geroago, Gabriel Aresti ere ezagutu zuen. Hurrengo liburuetan, gero eta gehiago ireki zen errealitatearen kezketara, hasieran, arazo metafisiko eta erlijiosoekin nahastuta, ikuspegi existentzialistatik. Horrela, El grito inútil (1952), Los dias duros (1953) eta Víspera de la vida (1953) argitaratu zituen. Poema horietan, olerkariak oso garbi azaldu zuen beste mundu baten aldarrikapena eta horren alde lan egin beharra.[1]

Poesia eta disidentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

50eko hamarkadaren bigarren parteak jarri zuen Angela zurrunbiloaren erdian. Urte haietan, bere iritzi disidenteak jarrera erradikalagoak hartu zituen. Batetik, 1956an, Parisera joan zen ikasketak egiteko asmoz. Bidaia aprobetxatuz, Pablo Nerudarekin elkarrizketatu zen. Bestetik, urte berean, bukatutzat jo zuen liburu berri bat, Belleza cruel, baina Angelak garbi zuen zentsurak ez ziola osoa argitaratzen utziko. Azkenik, bere liburu ezagunena eta polemikoena izan zena Mexikon argitaratu zuen, 1958an, erbesteratutako Unión de Intelectuales Españoles zelakoak sarituta eta León Felipe idazlearen hitzaurre garrantzitsu batekin. Beraz, Belleza cruel zentsuraren baimenik gabe atera zen, eta, ondorioz, klandestinoki zabaldu behar izan zen frankismopean. Handik gutxira, Julio Figuerak lana lortu zuen Asturiasen, eta hara joan zen Angela ere. 1962an, Toco la tierra argitaratu zuen, baina nekea nabarmena zen berarengan. Idazlea gero eta ahaztuagoa aurkitzen zen. 1979ra arte ez zuen beste libururik argitaratu; orduan egin zuen haurrei zuzendutako eta Julioren eraginez argitaratutako lana: Cuentos tontos para niños listos. Azkenik, gaixondo luze baten ondoren, 1984eko apirilaren 2an hil zen, komunikabideetan kasik aipamenik izan gabe. Angela hil ondoren, argitaratu zen bere azken liburua, hura ere haurrei zuzenduta, Canciones para todo el año.[4]

Bere poesiaren inguruko balorazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angela Figuerari buruzko balorazio orokor bat egiterakoan, garbi dago hark utzitako obra ez dela oso handia, apenas hamar liburu eta zenbait itzulpen-lan. Dudarik gabe, poesiaren baliorik handiena ez datza kantitatean, sakontasunean baizik. Angelaren poesia guztiz egiatia da, eta, segur aski, horixe da bere ezaugarri nagusia. Bestalde, Angelak oso une gogorretan idatzi zuela esan beharra dago, frankismoko urte gordinetan, alegia. Une historiko hartan, benetako erro bihurtu zen bilbotarraren figura: emakumea gizonen artean idazten, ama eta amona emakumearen paper aktiboagoa errebindikatzen, Euskal Herriko alaba Madrilen… Haren inguruan elkartu ziren frankismoaren disidenteen figura eta taldeak, kanpo eta barruko erbesteratuak. Hori guztia idazle handi baten aurrean gaudela ahaztu gabe.[1]

Angelaren lehenengo poesian, gehiena argitaratu gabea, modernismoaren eragina nabaria da. Gerra ondoren, bere hasierako liburuetan, Juan Ramón Jiménez idazlearen sinbolismoaren eragina zuzena da. Antonio Machadoren presentzia ere ikusten da, baina eragile baino gehiago erreferente. Vencida por el ángel liburuarekin, existentzialismoa agertu zen Angelaren poesian. Dena dela, laster, kezka sozialek eragindako elementuak ikusi ziren; horiek izan ziren bere poema ospetsuenak, eta, ondorioz, poeta sozial bezala sailkatu izan da askotan. Urte haietan, “euskal poesiaren triunviratoa” aipatzen zen: Blas de Otero, Celaya eta Angela Figuera. Dena dela, sailkapen hori ez da batere egokia, zeren Angelak bazekien poesiak ezin zuela gizartea aldatu. Etapa guztietako Angelaren poesiak erraza dirudi, nahiz eta gero ez den hala. Hiztegiaren aldetik, kaleko hizkera jaso zuen sarritan, jendearengana errazago ailegatzeko.[1]

  • Mujer de barro, (1948).[5]
  • Soria pura (1949).[6]
  • Vencida por el ángel (1951).[7]
  • El grito inútil (1952).[7]
  • Los días duros (1953).[7]
  • Víspera de la vida (1953).[7]
  • Belleza cruel (1958).[8]
  • Toco la tierra. Letanías (1962).[9]
  • Obras completas (1986), 2014an edizio berritua.[10]

“Lan Osoak” eta aurreko olerki bildumatan ez dauden poema solte batzuk bildu dira hainbat lan eta argitalpenetan.

Haurrentzako poesia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Cuentos tontos para niños listos (1979).[11]
  • Canciones para todo el año (1984).[12]

Euskaraz argitaraturikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Gabriel Aresti: Zuzenbide debekatua, Lehen poemak. Gabriel Arestiren Literatur Lanak, 1. Donostia: Susa, 1986.
  • Luigi Anselmi: Euskaratutako poemak: Urloa, "Armagabea", "Ez baldin bazara une batez hil", "Gari-uztarik gorenak egun soil bat badirau ere" eta "Miguel Hernandez-i hainbat urte geroago".
  • Pablo Gonzalez de Langarika eta Sebastian Gartzia Trujillo: Ahotsa, Hitzak, Hizkuntzak. Euskal Olerki-antologia liburuan. Bilbo: Euskaltzaindia (2010).
Angela Figuera kaleko ume-parkea Bilbon.

Euskal Herriko zenbait hiritan bere izena daramaten leku eta eraikinak daude.

  • Mercedes ACILLONA (koord.): Homenaje a Ángela Figuera. Letras de Deusto, 106 zk., Bilbo, 2005ko urtarrila.martxoa.[14]
  • María BENGOA: La poeta Ángela Figuera. Bilbo: BBK, 2003.[15]
  • Carmen CIRIA SANTOS. "Ángela Figuera Aymerich (Bilbao, 1902-Madrid,1984)":
  • Juan Antonio GONZALEZ MARQUEZ (ed.). El Instituto La Rábida: ciento cincuenta años de educación y cultura en Huelva. Huelva: Diputación Provincial, 2007. 2 liburuki. ISBN 978-84-8163-427-3.[16]
  • Jo EVANS: Moving reflections: Gender, Faith and Aesthetics in the Work of Ángela Figuera Aymerich. London, Tamesis Book, 1996.[17]
  • Pablo GONZALEZ DE LANGARIKA eta Jose Ramon ZABALA AGIRRE: Angela Figuera Aymerich. Poesía entre la sombra y el barro. "Bilbaínos recuperados" bilduma. Bilbo: Muelle de Uribitarte, 2012. ISBN 978-84-939946-2-4.[18]
  • Mario Ángel MARRODÁN : Creadores líricos vascos con breve estudio crítico y antología. II. liburukia. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1978. 11-17 eta 53-78 orrialdetan.[19]
  • María SÁNCHEZ-SAORÍN: Flor, no: Florezco - Género y reflexión poética en la obra de Ángela Figuera Aymerich. Madril: Torremozas, 2025, 2025. ISBN 978-84-7839-945-1.[20]
  • José Ramón ZABALA AGIRRE: Angela Figuera: una poesía en la encrucijada. Donostia: Filosofia eta Letrak, Deustuko Unibertsitatea, 1994 .[21]
  • Pepa MERLO, Peces en la tierra : Antología de mujeres poetas en torno a la Generación del '27, Sevilla, Fundación José Manuel Lara, 2010, 352 p. (ISBN 978-84-96824-60-7).[22]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 4 5 6 7 (Gaztelaniaz) Agirre, Zabala; Ramón, José. (1991-05-03). Angela Figuera (1902-1984): una poesía en la encrucijada. (kontsulta data: 2025-09-02).
  2. ↑ (Gaztelaniaz) Maraña, Félix. (2025-04-04). «Poeta, maestra y mediadora cultural» El Correo (kontsulta data: 2025-04-05).
  3. ↑ (Gaztelaniaz) González Oliver, Javier. (2007). Calles y rincones de Bilbao. Bilboko Udala, 135 or. ISBN 978-84-88714-99-2..
  4. ↑ Gipuzkoako Foru Aldundiaren edukiak.
  5. ↑ (Gaztelaniaz) Aymerich, Angela Figuera. (1951). Mujer de barro. A. Aguado (kontsulta data: 2026-08-16).
  6. ↑ (Gaztelaniaz) Aymerich, Ángela Figuera. (1949). Soria pura. Jura (kontsulta data: 2026-08-16).
  7. 1 2 3 4 (Gaztelaniaz) Aymerich, Angela Figuera. (1953). Los días duros: Vencida por el ángel. Víspera de la vida. El grito inútil. A. Aguado (kontsulta data: 2026-08-16).
  8. ↑ (Gaztelaniaz) Aymerich, Angela Figuera. (1978). Belleza cruel. Livraria Apostolado da Imprensa ISBN 978-84-264-2727-4. (kontsulta data: 2026-08-16).
  9. ↑ (Gaztelaniaz) Aymerich, Angela Figuera. (1962). Toco la tierra: letanías. Ediciones Rialp (kontsulta data: 2026-08-16).
  10. ↑ (Gaztelaniaz) Aymerich, Angela Figuera. (1986). Obras completas. Hiperión ISBN 978-84-7517-196-8. (kontsulta data: 2026-08-16).
  11. ↑ (Gaztelaniaz) Aymerich, Ángela Figuera. (2000). Cuentos tontos para niños listos. Hiperión ISBN 978-84-7517-656-7. (kontsulta data: 2026-08-16).
  12. ↑ (Gaztelaniaz) Aymerich, Ángela Figuera. (2001). Canciones para Todo el Año. Hiperión Ediciones ISBN 978-84-7517-657-4. (kontsulta data: 2026-08-16).
  13. ↑ (Gaztelaniaz) «Angela Figuera Aymerich Kalea - Callejero de Vitoria-Gasteiz - Callejero.net» vitoria-gasteiz.callejero.net (kontsulta data: 2023-08-27).
  14. ↑ (Gaztelaniaz) Homenaje a Ángela Figuera. Universidad de Deusto 2005 (kontsulta data: 2026-08-16).
  15. ↑ (Gaztelaniaz) Bengoa, María. (2003*). La poeta Ángela Figuera: (1902-1984). BBK ISBN 978-84-8056-215-7. (kontsulta data: 2026-08-16).
  16. ↑ (Gaztelaniaz) Márquez, Juan Antonio González. (2007). El Instituto La Rábida: ciento cincuenta años de educación y cultura en Huelva. Diputación de Huelva, Servicio de Publicaciones ISBN 978-84-8163-427-3. (kontsulta data: 2026-08-16).
  17. ↑ (Ingelesez) Evans, Jo. (1993). Moving Reflections: Gender, Faith and Aesthetics in the Work of Angela Figuera Aymerich. University of Cambridge (kontsulta data: 2026-08-16).
  18. ↑ (Gaztelaniaz) Aguirre, José Ramón Zabala; Fernández, Pablo González de Langarika. (2012-06). Ángela Figuera, poesía entre la sombra y el barro. Muelle de Uribitarte Editores, S.L. ISBN 978-84-939946-2-4. (kontsulta data: 2026-08-16).
  19. ↑ (Gaztelaniaz) Marrodán, Mario Ángel. (1977*). Creadores líricos vascos de hoy: Anglea Figuera Aymerich. La Gran Enciclopedia Vasca ISBN 978-84-248-0390-2. (kontsulta data: 2026-08-16).
  20. ↑ (Gaztelaniaz) Sánchez-Saorín, María. (2025). Flor, no: florezco : género y reflexión poética en la obra de Ángela Figuera Aymerich. Ediciones Torremozas ISBN 978-84-7839-945-1. (kontsulta data: 2026-08-16).
  21. ↑ (Gaztelaniaz) Aguirre, José Ramón Zabala. (1994). Angela Figuera: una poesía en la encrucijada. Universidad de Deusto ISBN 978-84-86897-23-9. (kontsulta data: 2026-08-16).
  22. ↑ (Gaztelaniaz) Merlo, Pepa. (2010). Peces en la tierra: antología de mujeres poetas en torno a la Generación del 27. Fundación José Manuel Lara ISBN 978-84-96824-60-7. (kontsulta data: 2026-08-16).