Angela Merkel
Angela Dorothea Merkel, jaiotzez Angela Dorothea Kasner (Hanburgo, 1954ko uztailaren 17a) alemaniar politikaria da, CDUko kidea. Alemaniako kantzilerra izan zen 2005eko azaroaren 22tik 2021eko abenduaren 8ra arte. Alemaniako lehenengo emakumezko kantzilerra izan zen. Munduko emakumerik boteretsuena zela iritzi zuen Forbes aldizkariak 2019an.[1]
Lehen urteak eta ikasketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Angela Dorothea Kasner Hanburgon jaio zen, 1954ko uztailaren 17an.[2] Aita, Horst Kasner, artzain luteranoa zen, eta ama, Herlind Jentzsch, ingeles eta latin irakaslea. Angelak hiru hilabete zituelarik, familia Ekialdeko Alemaniara aldatu zen, aita Quitzow herrira igorri baitzuten. 1957an, azkenik, Templinen (Brandenburgo) kokatu ziren. Bertan egin zituen lehenbiziko ikasketak.[3]
1973-1978 bitartean, Fisika ikasi zuen Leipzigeko Karl Marx Unibertsitatean. 1977an, Ulrich Merkel ikaskidearekin ezkondu zen; bost urte geroago dibortziatu baziren ere, Angelak senar ohiaren abizena atxiki zuen.[3] 1986an, doktoregoa kimika kuantikoan lortu zuen Ekialdeko Berlingo Zientzien Akademian.[4] Garai hartan ezagutu zuen Joachim Sauer fisikaria, eta 1998an ezkondu ziren.
Bizitza politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1989an Berlingo harresia erori ondoan, Esnaldi Demokratikoa (alemanez: Demokratischer Aufbruch) alderdian sartu zen, eta CDUn 1990eko abuztuan. Alemaniaren bateratzearen osteko lehenbiziko hauteskundetan, 1990eko abenduan, Bundestageko diputatu hautatu zuten.[3] 1991eko urtarrilean, Emakume eta Gazteria ministro izendatu zuen Helmut Kohlek; honek paratu zion "ekialdeko neskatxa" ezizena.[2]
Ingurune eta Segurtasun Nuklear ministroa izan zen 1994-1998 bitartean, eta 1995eko martxo-apirilean Berlinen egindako Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketari buruzko Konferentziako lehendakaria izan zen.[5] Helmut Kohlek 1998ko iraileko hauteskundeak galdu ondoren, aldaketa sakona izan zen CDU alderdian, eta Merkel idazkari nagusi hautatu zuten.[6] Bi urte geroago, alderdiaren presidentetza hartu zuen, Wolfgang Schäublek dimisioa eman ostean. Haren hautaketarekin, bere irudia berritu nahi izan zuen CDUk, emakumea ez ezik, Ekialdeko Alemaniakoa eta protestantea baitzen; ordura arteko buruzagiak, aldiz, gizonezkoak, katolikoak eta Mendebaldekoak izan ohi ziren.[7]
CDUko presidente izan arren, lanak izan zituen bere boterea sendotzeko. Izan ere, 2002an CDU-CSU batasun kristau-demokratak Bavierako lehen ministro Edmund Stoiber aukeratu zuen kantzilergai, Merkelen kaltetan.[8] CDU-CSUk hauteskundeak galdu ondoren, Merkel oposizioaren buru bilakatu zen.[3]
2005eko maiatzeko hauteskundeetan, Merkel izan zen kristau-demokraten hautagaia eta, alde txikiaz izan bazen ere, nagusitu zitzaion Gerhard Schröder sozialdemokratari: CDU-CSUk botoen % 35,2 eta 226 eserleku eskuratu zituen; SPDk botoen % 34,2 eta 222 eserleku.[9] Baina aldea ez zen gobernua eratzeko adinakoa, eta bi alderdi horiek gobernu koalizio handiaren aukera planteatu zuten; negoziazio luzeen ondoren, akordioa erdietsi, eta azaroaren 22an Angela Merkel aukeratuko zuten kantziler.[10]
Alemaniako kantziler
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2005eko azaroaren 22an Angela Merkel Alemaniako kantziler hautaturik, koalizio gobernua osatu zuten CDUk eta SPDk. Hurrengo lau urteetan, egoera ezberdinetara egokitzeko gaitasun handia erakutsi zuen. Gobernukide sozialdemokratak hainbat kuota sozial jarri zizkion haren politika kontserbadoreari. Nazioartean erreferente bilakatu zen, batez ere G8koan eta Europar Batasunean presidentetza izan zuenetik.[11]
2009ko iraileko hauteskundeetan, Merkelen alderdiak lortu zuen garaipena, bozen % 33,8 eta 239 eserleku eskuraturik. Aurreko agintaldian ez bezala, Alderdi Liberalarekin (FDP) osatu zuen gobernu koalizioa.[12] Euroguneko zorraren krisia izan zen bigarren agintaldi horretako gertakari nagusia. 2011n, herrialdeko zentral nuklear guztiak 2022. urterako ixteko plana aurkeztu zuen legebiltzarrean, eta onartua izan zen.[13] 2013an jakin zenez, AEBek Angela Merkelen telefonoa zelatatu zuten; Merkelek berehala deitu zion Barack Obama estatubatuar presidenteari, azalpenak eskatzeko.[14]
2013ko iraileko Bundestageko hauteskundeetan, CDU-CSU gailendu zen berriz ere, botoen % 41,5 eta 311 eserleku lorturik; SPDk botoen % 25,7 eta 193 eserleku atera zituen.[15] Horiek horrela, Angela Merkel hirugarren aldiz hautatu zuten kantziler, kontserbadoreen eta sozialdemokraten akordioari esker.[16] Koalizio handia osatzearen truke, lanbide arteko gutxieneko soldata bat ezartzea onartu zuen Merkelek.[17] 2015ean Europan larritu zen Errefuxiatuen krisian, mugak ixtea ez zela aterabidea adierazi zuen kantzilerrak, eta erantzun solidarioa eskatu;[18] izan ere, urtarriletik irailera 577.000 iheslari hartu zituen Alemaniak.[19]
2017ko hauteskundeetan laugarrenez izan zen nagusi, nabarmen behera egin arren: botoen % 32,9 eta 246 eserleku bereganatu zituen.[20] 2018ko martxoaren 14an hartu zuen berriz ere kantziler kargua, alderdi sozialdemokratarekin akordioa sinatu ondoren.[21]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Jones, Nicolette; Garrett, Brianne; Burho, Erika. The World’s 100 Most Powerful Women. forbes.com (kontsulta data: 2020-9-29).
- ↑ a b Merkel, Alemania bereganatzea lortu duen ekialdeko politikaria. eitb.eus (kontsulta data: 2020-9-28).
- ↑ a b c d Petrikowski, Nicki Peter. Angela Merkel. Encyclopædia Britannica, inc., britannica.com (kontsulta data: 2020-9-28).
- ↑ Germany: Angela Merkel becomes second-longest-serving chancellor. dw.com (kontsulta data: 2020-9-28).
- ↑ Kontsentsurako deiarekin hasi da klimari buruzko konferentzia. Euskaldunon Egunkaria, 1995ko martxoak 29, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-9-28).
- ↑ Niebel, Ingo. Kohlen ondorengo aroa CDUn. Euskaldunon Egunkaria, 1998ko azaroak 15, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-9-28).
- ↑ Merkelen hautaketarekin, bere irudia berritu nahi du CDUk. Euskaldunon Egunkaria, 2000ko martxoak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-9-29).
- ↑ Beck, Martin. Eskuineko karta jokatzen. Euskaldunon Egunkaria, 2002ko urtarrilak 16, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-9-29).
- ↑ Official final result of the 2005 Bundestag elections. Federal Statistical Office Germany, web.archive.org (kontsulta data: 2020-9-30).
- ↑ Gobernu akordioa hitzartu dute Alemaniako kristau-demokratek eta sozialdemokratek. Berria, 2005eko azaroak 11, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-9-30).
- ↑ Mujika, Amagoia. Alemaniako legebiltzarrerako hauteskundeak. Bazkideari begira. Berria, 2009ko irailak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-10-1).
- ↑ Angela Merkel Alemaniako kantziller hautatu dute, berriro. Berria, 2009ko urriak 28, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-10-1).
- ↑ Merkelen plan nuklearra onartu du Legebiltzarrak. Berria, 2011ko uztailak 1, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-10-1).
- ↑ Obamari deitu dio Merkelek, bere telefonoa ere zelatatu ote duten jakiteko. Berria, 2013ko urriak 24, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-10-1).
- ↑ September 22, 2013 Bundestag Election Final Results - Federal Republic of Germany Totals. electionresources.org (kontsulta data: 2020-10-4).
- ↑ Angela Merkel kantziler hautatu dute hirugarren aldiz. Berria, 2013ko abenduak 17, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-10-4).
- ↑ Merkelek gutxieneko soldata ezartzea onartu du, SPDrekin gobernua osatzeko. Berria, 2013ko azaroak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-10-4).
- ↑ Makazaga, Xabin. Merkel: «Hesiek ez gaituzte babestuko». Berria, 2015eko urriak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-10-4).
- ↑ Merkelek ukatu egin du Alemaniak gainezka egin izana. Berria, 2015eko urriak 9, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-10-4).
- ↑ Merkel laugarrenez nagusi, nabarmen behera eginda. Berria, 2017ko irailak 25, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-10-4).
- ↑ Angela Merkelek laugarren agintaldia hasi du Alemaniako kantziler gisa. Berria, 2018ko martxoak 15, CC BY-SA 4.0, berria.eus (kontsulta data: 2020-10-4).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Alemanez) Webgune personala, angela-merkel.de
- (Alemanez) Alemaniako kantzilerraren webgune ofiziala, bundeskanzlerin.de
- (Alemanez) Instagrameko kontua, instagram.com