Edukira joan

Angelica Rozeanu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Angelica Rozeanu

Bizitza
JaiotzaBukarest1921eko urriaren 15a
Herrialdea Errumania
 Israel
Talde etnikoajudua
HeriotzaHaifa2006ko otsailaren 21a (84 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: zirrosia
Hezkuntza
Hizkuntzakerrumaniera
hebreera
Jarduerak
Jarduerakmahai-tenislaria
Jasotako sariak

Angelica Rozeanu (Bukarest, Errumania, 1921eko urriaren 15aHaifa, Israel, 2006ko otsailaren 22a) mahai-teniseko jokalaria izan zen, kirol horren historiako jokalaririk onenetarikoa.[1][2] 1950ean irabazi zuen lehen aldiz munduko txapelketa, eta sei munduko txapelketa irabazi zituen jarraian, gerora ere gainditu gabeko balentria. Edozein kiroletan munduko titulua lortu zuen lehen emakume kirolari errumaniarra izan zen.[3][4] Asiarra izan barik, munduko titulua eskuratu duen azken jokalaria da.[5]

Bukaresten, Errumanian, jaio zen 1921an, familia aberats batean. Aita mahasti baten jabea zen eta ama etxekoandrea. Txikitan, tenisa, txirrindularitza zein igeriketa kirolen zale amorratua zen. Zortzi urte zituela hasi zen mahai-tenisean jolasten, eskarlatinarekin gaixorik egon zen bitartean.

Mahai-tenislari ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1933an, 12 urterekin, Errumaniako Kopa irabazi zuen. 1936an Errumaniako txapelketa nazionala irabazi zuen eta hurrengo 21 urteetan (1936-1957, Bigarren Mundu Gerra alde batera utzita) Errumaniako emakumezkoen txapelduna izaten jarraitu zuen. Bere lehen nazioarteko garaipen handia 1938ko Hungariako Irekia izan zen.[5][6][4][3]

Sei aldiz izan zen munduko txapeldun bakarka (1950, 1951,1952, 1953, 1954, 1955), hiru binakakoan (1953, 1955, 1956) eta beste hiru binakakoan (1951, 1952, 1953). Taldekako munduko txapelduna izan zen Errumaniako selekzioarekin bost aldiz (1950, 1951, 1953, 1955, 1956), zilarra bitan (1952, 1957) eta brontzea bitan (1939, 1948). Guztira hogeita hamar domina irabazi zituen munduko txapelketetan, horietatik hamazazpi urrezkoak, bost zilarrezkoak eta hamabi brontzezkoak. Gainera, bi aldiz izan zen Europako txapelduna bakarka, eta zilarrezko hiru domina eta brontzezko hiru lortu zituen.[2][5][1]

Judua izateak arazo eta irain izugarriak sortu zizkion, batez ere Bigarren Mundu Gerran eta haren ostean. 1957an senarrak Israelera emigratzea erabaki zuen, baina Angelicak berarekin ez joatea erabaki zuen. 1960an Vienara bidaiatu zuen, eta bertan Bukarestera ez itzultzeko erabakia hartu zuen; dena utzi zuen, domina eta garaikur guztiak barne, eta bere alabarekin Israelera emigratu zuen, handik aurrera bere etxe berria izan zenera. 1960 eta 1961ean Joko Makabeoetako mahai teniseko txapelketa irabazi zuen eta Israelgo txapelduna izan zen 1960 eta 1962 artean.[6][5][4]

2006ko otsailaren 22an hil zen Haifan, gibeleko zirrosiak jota, 84 urte zituela.[7]

Sariak eta aintzatespenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1950ean Errumaniako Mahai Teniseko Batzordeko presidente izendatu zuten, eta kargu horretan aritu zen 1960. urtera arte.
  • 1954an Errumaniako kirolari baten ohorerik handiena jaso zuen: Kirolaren Maistra Benemeritu delakoaren titulua.[4]
  • 1981ean, International Jewish Sports Hall of Famen sartu zen.[8]
  • 1995ean ITTFren Mahai Tenisaren Ospearen Aretoan sartu zuten.[1]
  • 2015ean, Europako Mahai Tenisaren Ospearen Aretoan.[9]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c The ITTF Hall of Fame. ITTF Museum.
  2. a b ITTF Statistics: Rozeanu-Adelstein Angelica (Rou). ITTF.
  3. a b Prima campioana mondiala a Romaniei. jurnalul.ro 1 de marzo de 2004.
  4. a b c d Sobovitz, Jacov. (1 de marzo de 2009). «Angelica Adelstein-Rozeanu» Jewish Women: A Comprehensive Historical Encyclopedia (Jewish Women's Archive).
  5. a b c d Ian Marshall. (22 de febrero de 2006). «Angelica Rozeanu (1921-2006)» ITTF News (ITTF).
  6. a b Adelstein-Rozeanu, Angelica. Jews In Sports Online.
  7. Romanian-born table tennis great Rozeanu dies aged 84. The Star Online 22 de febrero de 2006.[Betiko hautsitako esteka]
  8. Angelica Adelstein-Rozeanu. International Jewish Sports Hall of Fame.
  9. «Angelica Rozeanu» European Table Tennis Hall of Fame (European Table Tennis Union).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]