Animalia-euri

Wikipedia, Entziklopedia askea
XIX. mendeko karikatura humoristikoa, non txakur eta katuen euria egiten duen.

Animalia-euria ohiz kanpoko fenomeno meteorologiko bat da. Zerutik hainbat animalia —orokorrean espezie bakar batekoak— erortzean datza. Prezipitazio atipiko honekin euri arrunta ere egin dezake. Fenomeno hau historian zehar herrialde askotan gertatu da. Testigantza asko erregistratu dira herrialde eta garai desberdinetan, eta askotariko kondaira eta eztabaidak sorrarazi dituzte.

Maiz euri horiek arrainek edo igelek osatzen dituzte, nahiz eta istorio batzuek hegazti espezieak ere aipatzen dituzten. Batzuetan hain gogorrak dira euriak, non animaliak triskatuta geratzen diren lurrean. Batzuetan kolpea eta gero bizirik jarraitzen dute, batez ere arrainek, eta horrek pentsarazten du lurra uztearen eta erorketaren arteko epea motz samarra izan dela. Igel-euriak deskribatzen dituzten testigantza batzuen arabera, igelek ez zuten zauririk ageri erori ondoren. Batzuetan animaliak guztiz izoztuta erortzen dira edo izotzezko blokeetan harrapatuta daude, eta horrek frogatzen du tenperatura 0 °C azpikoa zen altueretatik eroriak direla.

Testigantzak eta kondairak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aro arteko testu eta kondairak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

O. Magnusen 1555eko grabatua, non arrain-euria agertzen den.

Antzinako literaturan animalia-eurien testigantza ugari daude, edo askotariko objektuen jasenak, horietako batzuk organikoak.

Lehen testigantzak, hain zuzen ere, Antzinako Egipto garaikoak izan litezke, beti ere Alberto Tulliren papiro egiptoarra (zeinaren existentzia bera ere eztabaidagarria den)[1] balekotzat joko balitz. Izan ere, papiro horretan ohiz kanpoko fenomenoak erregistratzen omen dira; besteak beste, ufologiako literaturak OHEtzat jotzen duen fenomeno bat eta zerutik eroritako arrain eta hegaztien euri bat.[2] Biblian kontatzen da nola armada amorritaren gainean eroritako harri-euriari esker Josue eta bere armada garaile izan ziren. Bibliak mota horretako zeruko beste esku-hartze batzuk ekartzen ditu gogora, esate baterako, igelen agerpena Egiptoko hamar izurriteetako batean (Irteera 8, 5, 6).[3] K.a. IV. mendean, Ateneo idazle grekoak Peloponeson Keroneako hirian hiru egunetan zehar izandako arrain-euria deskribatzen du.[3] I. mendean Plinio Zaharra idazle eta naturalistak haragi-zati, odol eta artile jasa bat deskribatu zuen.[4] Azkenik, Erdi Aroan, fenomeno honen maiztasunaren ondorioz, batzuk arrainak zeruan heldu jaiotzen zirela eta berehala itsasora erortzen zirelako ustea izaten hasi ziren.[3]

Aro modernoko testigantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Singapurreko arrain euria, bertako biztanleek deskribatu zuten bezala.

Prentsa idatziari esker, lekukotasun asko sortu dira garai modernoan, eta horrek fidagarritasuna areagotzen du. Hona hemen adibide batzuk:

Singapourfish.jpg
  • 1578an, Norvegiako Bergen[5] hirian sagu hori handiak erori ziren.
  • John Collinges deituriko batek dioenez, Acle herrixka (Norfolk, Ingalaterra) apo zaparrada batek jo zuen. Bertako tabernari batek ehundaka baztertu omen zituen.

Hodeiak burrunba egin zuen bidean, geunden lekutik hirurogei toisetara. Gure helmuga Tolosa zen, eta bertatik zetozen bi zaldunek berokiak erabili behar izan zituzten ekaitzaren ondorioz. Ekaitzak harrapatu eta ikaratu egin zituen, izan ere, apo zaparrada baten biktima izan ziren! Bizkortu egin zuten haien martxa eta bizkor ibili ziren. Diligentzia aurkitu zutenean, gertatu zitzaiena kontatu ziguten. Orduan ikusi nuen, berokiak gure parean astindu zituztenean, apo txikiak erori zirela.

M. Pontusek, Cahorseko irakaslea, M. Aragori zuzendutako gutun zatia.

  • 1861eko otsailaren 16an, Singapurreko hiriak lurrikara jasan zuen, eta hiru egunez jarraian euri ugari egin zuen. Euriteen ondoren, Singapurreko biztanleek putzuetan milaka arrain zeudela ikusi zuten. Haietako batzuek zerutik erortzen ikusi zituztela esan zuten; beste batzuk, ordea, zuhurrago agertu ziren. Urak erretiratu zirenean, uholderik izan ez zen tokietan ere aurkitu zituzten arrainak lehortutako putzuetan .

Fenomenoaren azalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalpen zientifikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere garaiko kideek ez bezala, André-Marie Ampère fisikari frantziarrak animalien euriari buruzko testigantzak egiazkoak zirela zioen. Ampèrek zapoen euria azaltzen saiatzeko hipotesi bat bota zuen, ondoren onartua izan zena eta zientifikoek zorroztu zutena. Natur Zientzia Elkartearen aurrean, Ampèrek honako hau baieztatu zuen: garai zehatz batzuetan, zapo eta igel asko zelaietan ibiltzen dira eta haize bortitzek harrapatu eta distantzia handitara eraman ditzakete.[9]

Oraintsuago, itsas tragarroiekin zerikusia duen azalpen zientifiko bat eman da. Zehazki esanda, meteoro azpian pilatzen diren haizeak objektuak eta animaliak harrapatzeko gai dira. Hori tronbako depresioaren eta hara zuzendutako haizeek eragindako indarren konbinazioari esker gertatzen da.

Tornadoa animaliak harrapatzeko eta beren sorlekutik distantzia handira eramateko arduraduna izan daiteke.

Horrenbestez, tragarroi horiek edo tornadoek animaliak altuera handi samarretan garraiatuko dituzte. Gainera, distantzia handiak ibiliko dituzte. Haizeak azalera handietan dauden animaliak jasotzeko gai dira eta erortzen uzten dituzte denak batera leku zehatz eta lokalizatuetara.[10] Hau da, tornado eta tragarroi batzuek putzu bat erabat lehortu lezakete eta bertan dagoen ura eta fauna urrunago erortzen utzi lezakete.[11]

Zaparradetan ageri ohi diren animalien ezaugarriek, hain zuzen, hipotesi hori berresten dute. Txikiak eta arinak izan ohi dira; oro har, ingurune urtarrekoak. Animalia horien artean daude batrazioak eta arrainak.[12] Gainera, animalia-jasaren ostean ekaitza etortzen da sarri, eta hori ere hipotesiaren aldekoa da. Hala ere, xehetasun batzuk ezin izan dira azaldu. Esaterako, harrigarria da animalia batzuk erorketan ez hiltzea edo, are gehiago, erori ostean onik egotea. Bestalde, animalia-jasa bakoitzean espezie bakarra agertu ohi da eta, oro har, tartean ez da egoten ez algarik, ez beste landarerik. William R. Corlissek horrela adierazi zuen:

… dena delako garraio sistemak arrain edo igel espezie bakarra hautatu nahi izaten du, edo eguneko menuko beste edozein animalia.[13]

Texaseko meteorologia-radar baten Doppler irudia. Ekaitz batek hegan doan saguzar talde bat nola harrapatzen duen erakusten du. Kolore gorriak adierazten du animaliak lainorantz doazela.

Animalia hegalarien kasuan, itxurazko anomalia horrek badu azalpenik. Baliteke traganarruak hegaldi betean doan txori-talde jakin bat harrapatzea, bereziki migrazio garaian. Eskuineko irudiak adibide zehatzago bat erakusten du: ekaitzak harrapatutako saguzar talde bat.[14] Irudia National Weather Service agentziako meteorologia-radar batek atera zuen Del Rion (Texas), eta kasu batzuetan fenomenoa aurreikus daitekeela frogatzen du. Irudian, saguzarrak eremu gorrian daude, hots, haizea radarretik urruntzen den tokian (radarra puntu zuria da; beheko eskuin-bazterrean dago), eta tornado bati lotutako mesozikloira sartzen ari dira (eremu berdera). Halako fenomenoak txoriekin gertatu ohi dira, ezinbestean.

Kasu batzuetan, balizko arrain-jasei beste azalpenen bat eman izan zaie. Esaterako, Francis de Laporte de Castelnau naturalista frantsesak esan zuen 1861eko Singapurreko arrain-jasa arrain katuen migrazio garaian gertatu zela. Haren arabera, animalia horiek gai dira putzu batetik bestera mugitzeko lur gainean arrastaka, aingiren gisan (belardi hezeetan kilometro ugari egin ditzakete aingirek) edo lutxoen moduan (lutxoak urak hartutako eremuetara joan ohi dira ugaltzera).[15] Beraz, azaldu zuen euria egin bezain laster arrainak lurrean azaldu izana kasualitatea baino ez zela. Izan ere, animalia horiek ihintzak hezetutako lurraren gainean mugitu ohi dira, edo, bestela, zaparradaren edo uholderen baten ostean.

Antzinako azalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientziak aspalditik baztertu izan ditu eskaini zaizkion hainbat azalpen; gehiegizkoak, fidagarritasun gutxikoak edota frogaezinak direla kontsideratzeagatik, alegia. 1859an, Mountain Ash herrian (Gales)[16] gertatutako arrain-euri baten lekukoak espezimen bat bidali zuen London Zoora. J.E. Grayk, British Museumeko zuzendari ohiak, honako hau adierazi zuen: «gertakariak ikusita, ziurrenik broma bat izango da: Mr. Nixonen langileren batek arrainez beteriko balde bat hustuko zion buru gainean, eta hark pentsatuko zuen arrainak zerutik jausten zitzaizkiola».[17]

Logikoki, luzaroan egon ziren animalia-euriak azalpen zientifikorik gabe eta denbora tarte horretan garatzen zihoazen hipotesiak fenomenoa azaltzeko egindako saiakera logikoetatik zentzugabekeriaraino iritsi ziren. K.a. IV. mendean, Teofrasto izenez ezagutzen den greziar filosofoak igel-eurien existentzia ukatu zuen. Izan ere, hark azaldu zuen igelak ez zirela jausten euria egiten zuen bitartean, baizik eta bigarren hori zela, hots, euria, lurretik aterarazten zituena. XVI. mendean, Reginal Scot hipotesi bat ematera ausartu zen. Bere aburuz, «egia da izaki batzuk berezko sorkuntzatik datozela eta ez dutela zertan gurasorik eduki behar. Esate baterako [...] jatorririk ez duten igel bitxi hauek. Euriak ekarri zituen. Izaki horiek euri-zaparradetatik jaiotzen dira …».[18] XIX. mendean, pentsatzen zen ur-lurrunketak igelen arrautzak hodeietara eramaten zituela, bertan eklosionatu eta euri-jasa baten bitartez lurrera erortzen zirela.[19]

Bestelako azalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Objektu Hegalari Ezezagunak (OHE)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fenomenoaren azalpen ez-zientifikoen artean estralurtarren[20] esku-hartzea argudiatzen duten interpretazio paranormalak aurki daitezke. Hain zuzen ere, autore askok deskribatu dituzte bisitari horiek animali kopuru handiak lastatzat hartu, eta alde egin aurretik, gure planetara isurtzen. Hori horrela, odol- eta haragi-euriak bisitariek egindako hautaketa batekin lotuta egongo lirateke; biltegiak arintzearekin, alegia.

Jainkoen opari edo zigor?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Naturaz gaindiko azalpenak ere badira, erlijioari lotuak. Lurrera erortzen den objektu edo animalia zein den, fenomenoa zigortzat hartzen zuten, armada amorritari Itun Zaharrean eroritako harrien kasuan, esaterako; edo ontasun jainkotiarreko probidentzia-ikurtzat, jan daitezkeen animaliak erortzen direnean.

Teleportazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Era berean eta hari espekulatiboari eutsiz, espazio-denborako anomaliak zirela-eta, animaliak beste dimentsio batzuetatik etortzen zirela ere esan izan da. Azalpen horiek teleportazioa erabili ohi dute batzuetan, animaliak berez egon beharko liratekeen lekutik kanpo zergatik dauden azaltzeko. Charles Hoy Fort kazetariak garatu zituen ideia horiek. Forten arabera, iraganean objektuak leku batetik bestera bat-batean mugitzeko gai zen indar bat existitzen zen. Indar hori jada ekintza berezietan besterik ez da agertzen, arrain-eurietan, besteak beste. Forten beste iradokizun bat Sargazo Itsaso goren baten existentzia da,[21] lurreko objektuak xurgatzen eta jaurtitzen dituen zerutar biltegi bat, hain zuzen.

Animalia-euria kulturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«It’s raining cats and dogs»[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esamolde ingeles horren hitzez hitzezko itzulpena ‘txakur eta katuen euria ari du’ da, eta euskarazko ‘euria goian behean ari du’ izango litzateke haren baliokidea. Esamolde hori da, beharbada, fenomenoari egindako erreferentziarik ezagunena, eguneroko hizkeran agertzen zaiguna. Esamolde hori estreinakoz Jonathan Swiften 1731ko A Complete Collection of Genteel and Ingenious Conversation obran ageri da. Hala ere, haren jatorria ezezaguna da.[22] Espekulazio baten arabera, catadoupe frantziar arkaismoaren moldaketa bat izan liteke. Arkaismo horrek ‘zaparrada’ edo ‘ur-jauzia’ esan nahi du. Beste espekulazio batek dio Erdi Aroan eurite indartsuek teilatuak garbitzen zituztela, txakur eta katuen gorpuak lurrera botaz.[22][23]

Badaude animalien euriteei erreferentzia egiten dieten esamoldeak beste hizkuntza batzuetan, baina edozein kasutan, ez da existitzen esamolde hauek errealitatean oinarrituta dauden frogarik. Alemanez, esaterako, "txakurkumeak ari du" (Es regnet junge Hunde) esan daiteke; eta polonieraz, "igelak ari du" (Leje zabami)

Zinema eta literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalien euriteei buruzko dokumentaziorik osoena, Charles Hoy Fort kazetari estatubatuarrari zor zaio, zeinak bere bizitza azalpenik gabeko fenomenoei eman zien. New Yorkeko Liburutegi Publikoak Fortek idatzitako hirurogeita hamar fitxa baino gehiago gordetzen ditu, zeinetako zati handi bat animalien euriteen kasuak diren. Forten beraren omenez sorturiko Elkarte Fortearrak azalpenik gabeko fenomeno bitxien bila jarraitzen du. Paul Thomas Andersonek, Forten jarraitzaile eta zinema zuzendari estatubatuarrak, Magnolia filmaren sekuentzia batzuk Fortek kontatutako gertakarietan oinarritu zituen; igel eurite bat barne. Le Dernier Combat filmean, Luc Besson frantsesaren lehen film luzean, arrain eurite bat agertzen da, baita Mendekatzaileak telesailaren egokitzapena den Jeremiah Chechiken izen bereko filmean eta Joshua Goldinen Wonderful World filmean ere. Oraindik orain, Fargo telesailak, izen bereko filmean oinarritua dagoenak, Duluth(Minnesota) hirian kokatutako arrain eurite baten sekuentzia hartzen du barne.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Antiguos Astronautas - Artículos del Mes» web.archive.org 2008-10-16 Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  2. «The Tulli Papyrus» www.catchpenny.org Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  3. a b c Les grandes énigmes. Larousse 1992 ISBN 2-03-505300-5. PMC 463554100. Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  4. Historia natural (II. liburua).
  5. Les grandes énigmes. Larousse 1992 ISBN 2-03-505300-5. PMC 463554100. Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  6. Les grandes énigmes. Larousse 1992 ISBN 2-03-505300-5. PMC 463554100. Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  7. Benavides, Jorge. (2018-10-05). «El Computador en el Desarrollo de la Lectura en Inglés» dx.doi.org Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  8. Senar, Juan Carlos; Polo, Vicente; Uribe, Francesc; Camerino, Montse. (2000-01). «Status signalling, metabolic rate and body mass in the siskin: the cost of being a subordinate» Animal Behaviour 59 (1): 103–110. doi:10.1006/anbe.1999.1281. ISSN 0003-3472. Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  9. «Faune et flore de la France d'autrefois» www.france-pittoresque.com Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  10. (Ingelesez) Supernatural – Supernatural. Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  11. «Revista Hablemos/Lo que la lluvia regala a Yoro» web.archive.org 2012-04-02 Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  12. «BBC - Wiltshire - Weather - name of story» web.archive.org 2007-02-24 Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  13. W. R. CORLISS: Handbook of unusual natural phenomena, 1995.
  14. «Bat-eating Supercell (SPC Cool Image)» www.spc.noaa.gov Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  15. Comptes Rendus hebdomadaires des séances de l’Académie des Sciences, 52: 880-881, 1861 (frantsesez).
  16. «X-Project: It's Raining Fish!» www.xprojectmagazine.com Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  17. Fort, Charles, 1874-1932.. (2005). El libro de los condenados mil hechos malditos ignorados por la ciencia. (1a. ed. argitaraldia) Círculo Latino ISBN 84-96129-35-7. PMC 434491739. Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  18. Scot, Reginald, 1538?-1599,. The discoverie of witchcraft. ISBN 0-486-22880-0. PMC 986565. Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  19. «Pluies de grenouilles - Croyances et legendes du temps qu'il fait» alertes-meteo.com Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  20. «MYSTERIOUS FALLS FROM THE SKY!» web.archive.org 2008-01-08 Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  21. (Gaztelaniaz) Océano Atlántico. 2020-12-10 Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  22. a b (Ingelesez) Martin, Gary. «'Raining cats and dogs' - the meaning and origin of this phrase» Phrasefinder Noiz kontsultatua: 2020-12-15.
  23. Franza, Jackie. (2006). It's Raining Cats And Dogs: Making Sense of Animal Phrases. BowTie press.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]