Annaleen eskola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Annaleen eskola (frantsesez: École des Annales), 1929an Lucien Febvre eta Marc Bloch frantziarrek sortutako historiografia korronte bat da, XX. mendeko frantziar historioagrafia ia osoan nagusi izan dena, eta Mendebaldean hedapen zabala izan duena. Izena Annales d'histoire économique et sociale (Ekonomia eta gizarte historiaren analak) aldizkaritik datorkio, 1994tik Annales. Histoire, Sciences sociales berrizendatua, hartan korronte honetako lehen planteamenduak argitaratu baitziren. «Annaleen eskolari» Historia Garaikidearen ikerketa burutzekoan jada ez zaizkio politika gertaera edo gizakia bera ohiko protagonistatzat interesatzen, aldiz, hasieran batean, gizarte egitura eta prozesuekiko jakinmina du, eta ondoren Gizarte Zientzien metodologia lanabesen bere hurbilketak ikertzea ahalbideratu dizkion gai multzo zabala. Korronte honetako historialaria konpontzeko arazoak edo erantzuteko galderak aurkezten dituen historia idazteko modu baten jarraitzailea da, zientzia zehatzetatik hartutako jokaera, eta bestalde, gizarte zientzietatik ere bai. Gainera, historiografia klasikoak ez bezala, historialari hauek iraganari buruz zehatz-mehatz idazten ez direla ari jabetzen dira, hura interpretatzen baizik, beren berezko kontzeptu eta subjektibitatean oinarrituz, bai eta teorietan, honela lan egiten ari diren fenomeno historikoaren beren bertsioa idatziz.

Iturriei dagokionez, Annaleen eskolak edukitzea zilegizkoak diren baliabide koputua areagotu zuen. Agiri idatziak beren oinarri enpirikoan elementu oso garrantzitsua izaten jarraitzen duten arren, ikerketan proba erabilgarriak izan litezkeen gainontzeko elementu guztiak ere barne hartzen dira. Adibidez, igitaiak nekazaria deskribatzen du, jazkerak anderea eta musika-tresnak musikaria.

Geografia, gizarte, ekonomia, kultura, demografia, psikologia, etnografia eta politika historia ekoitzi zen, baina azken hau era klasikotik modu oso ezberdinean.

Annaleen eskolaren korronteak XX. mendean garatutako gizarte zientzien ikerketen analisian berebiziko garrantzia du, eta historiagintzaren disziplinan metodologia eta ikuspuntu mota ugari agertzeko bidea irekia laga zuen. Baina mendearen amaieraldera, disziplina atomizazio honek metodologia eta epistemologia gatazka bat piztuarazi zuen, ondorioz kritika postmodernoaren krisia agertuz.