Annan Plana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Annan Plana
Motaproposal (en) Itzuli
Honen izena daramaKofi Annan
HerrialdeaZipre

Annan Plana edo Zipre bateratzeko plana Nazio Batuen Erakundeak XX. mendearen hasieran Zipreko gatazka konpontzeko proposatu zuen egitasmoa da. Planak orduko idazkari nagusiaren izena jaso zuen, Kofi Annanen izena hain zuzen ere.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Zipreko gatazka#Bilakaera historikoa»

XXI. mendea behatzaileak ustekabean harrapatu zituen mugimendu batekin hasi zen. Rauf Denktaşek Glafkos Kliridisi aurrez aurreko bilera bat proposatzeko idatzi zion 2001eko azaroaren 8an. Eskaintza onartu eta 2001eko azaroan eta abenduan bi gizonen arteko zenbait bilera informal egin ziren. 2002ko urtarrilaren 14an bake prozesu berri bat hasiko zen NBEren babespean.

Bi presidenteen hasierako helburua ekainaren hasierarako akordio batera iristea zen. Hala ere, elkarrizketak laster motelduko ziren. Geldialditik irteteko ahaleginean, Kofi Annan (NBEko idazkari nagusia) uhartera joan eta bi buruzagiekin elkartu zen behin baino gehiagotan. Akordio batera iristeko etengabeko ezintasunaren ondorioz, Segurtasun Kontseiluak idazkari nagusiari eskatu zion bi aldeei konponketa-eredu bat aurkezteko. Azkenean, 2002ko azaroaren 11n, Annanek NBEko bake planaren jatorrizko bertsioa aurkeztu zuen; proposamen hori izango zen etorkizuneko negoziazioen oinarri[1].

Negoziazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egitasmoa hainbat aldiz berrikusi ondoren, 2003an elkarrizketak kolapsatu ziren Rauf Denktaş plana herritarren botoaren mende jartzearen kontra agertu zenean.

Handik hilabetera, 2003ko apirilaren 16an, Ziprek Europar Batasunera Atxikitzeko Ituna sinatu zuen Atenasen[2][3]. Denbora agortzen ari zen, uhartea EBean sartu baino lehenago eman baitzitzaion irtenbidea gatazkari. Recep Tayyip Erdoğan Turkiako lehen ministroaren eta Kofi Annanen arteko bilera ondoren, bateratze saiakerarekin aurrera jarraitzea erabaki zen.

Proposamena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Annanen planaren V. proposamena iritsi zen azkenean:

Zipreko Errepublika Baturako Annan Planak proposatutako bandera.
  • Zipreko Errepublika Zipreko Errepublika Batua bihurtuko zen eta bi estatu kidek osatutako federazio malgua izango zen. Iparraldeko turko-zipretar estatuak uhartearen %28,5 hartuko zuen; hegoaldeko greko-zipretarrak, aldiz, gainontzeko %71,5.
  • Alde bakoitzak bere parlamentua izango zuen, baina maila federalean bi egongo ziren: Senatua (greziarrek eta turkiarrek 24na ordezkari izango zituzten) eta Ordezkarien Etxea (48 ordezkariak proportzioan aukeratuko ziren, herritarren banaketaren arabera; hala ere, bakoitzak gutxienez 12 ordezkari izango zituen).
  • Botere betearazleko presidentea greko-zipretarren eta turko-zipretarren artean txandakatuko zen, baina komunitate bakoitzak legedi osoari betoa jartzeko eskubidea izango zuen.

Adostasunak gertu zirudien, baina planaren elementu eztabaidagarrienetako bat jabetzari buruzkoa zen. 1974ko Turkiaren inbasio militarrean, greko-zipretar askok euren ondasunak turkiarren esku utzi behar izan zituzten (iparraldeko lurren %90 greko-zipretarrenak ziren) eta errefuxiatuek euren jabetzak itzultzea eskatzen zuten[4]. Turko-zipretarrek 1974 aurreko egoera berrezartzea ezinezkoa zela argudiatzen zuten, adostutako bi estatuko federazioarekin bateraezina zela. Annan Plana iritzi kontrajarriak gerturatzen saiatu bazen ere (esate baterako, Morfou eta Famagusta hiriak greko-zipretarrei bueltatzea proposatzen zen), bi komunitateetan amore emateko prest ez zeuden herritar ugari agertu ziren. Gatazka sortzen zuten beste auzi batzuk militarren presentzia eta turkiar kolonoen egoera ziren. Uhartea desmilitarizatzeko akordioa adostu bazen ere, turko-zipretarrek euren segurtasuna bermatzeko turkiarren presentzia militarra ezinbestekoa zela uste zuten. Greko-zipretarrak, aldiz, kexu ziren ez zelako turkiar kolonoen aurkako erabakirik hartzen. Izan ere, kolono horien kopurua zehaztea arazotsua den arren (datuen arabera, 40.000 eta 150.000 artean)[5], Turkiatik iritsitako herritarrak nazioarteko zuzenbidearen aurka zeudela salatu zuten greziarrek, uhartearen banaketa etnikoa desitxuratzen zutela, eta Annan Planak ez zuela horien gaineko irtenbiderik proposatzen. Bitartekariek aintzat hartu zituzten greko-zipretarren kezkak, baina auzi horren inguruko erabaki bat hartzea legalki eta moralki arazotsua zela uste zuten (kolono horietako asko uhartean jaio eta hazi ziren zipretarrak ziren).

Erreferenduma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenean, planarekin aurrera jarraitzeko erabakia herritarren esku utzi zen. 2004ko apirilaren 24an erreferenduma izan zen uhartean. Turko-zipretarrek plana babestu zuten bitartean (%64,91k planaren alde egin zuen), greko-zipretarrek ezezko biribila eman zioten (%75,83k kontra egin zuen). Astebete beranduago, 2004ko maiatzaren 1ean, Zipre Europar Batasunean sartu zen.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Annan Planaz geroztik gatazka impasse egoeran dago. Arazoari konponbidea bilatzeko nazioarteko eta uharteko ordezkariek saiakerak egin dituzten arren, aurrerapauso gutxi eman da azken urteotan. Noizean behin, gainera, iritzi edo gertaera baten ondorioz istiluak sortzen dira gobernuen artean.

Zipre Bateratzeko erreferendumaren porrotaren ostean, 2004ko maiatzaren 1ean Zipreko Errepublika Europar Batasuneko kide bihurtu zen; Ipar Zipreko Turkiar Errepublikaren esku dagoen uhartearen iparraldeko zatia, aldiz, EBren jurisdikziotik at gelditu zen. Egoera bideratu nahian, Kofi Annanek greko-zipretar ordezkariei akordioa hobetzeko aldaketen zerrenda bat egiteko eskatu zien. Tassos Papadopoulos presidenteak zerrenda publikoki argitaratzea negoziazioetarako kaltegarria izango zela adierazi zuen, baina elkarrizketak mantentzeko asmoa berretsi zuen[6].

Uhartea bateratzeko itxaropena lausotu zen arren, erreferenduma inflexio-puntua izan zen Zipreko gatazkan. Ordezkarien artean adostasun handiak lortu ziren eta herritarrak muturreko jarrerak alde batera uzten hasi ziren. Hala, borroka nazionalista eta defentsa militarraren beharra apaldu zen; esate baterako, nahitaezko soldaduskaren aurkako intsumisioa nabarmen igo zen greko-zipretarren artean.

Dimitris Jristofias.

2008. urtean Papadopoulosek presidente-hauteskundeak galdu zituen eta AKEL alderdiko Dimitris Jristofias komunista izendatu zuten Zipreko Errepublikako presidente berri. Aldaketak gatazka konpontzeko akordioei mesede egingo ziela zirudien eta berehala hasi ziren bi aldeen arteko elkarrizketak. Zipreko turkiarren Mehmet Ali Talat presidenteak eta Jristofiasek 2008. urtean bertan jarri zituzten abian negoziazioak eta apirilaren 3an Nikosiako Ledra kaleko muga ireki zuten[7][8]. 1960ko hamarkadako istiluetatik banatuta egon zen hiriburuak pasabidea zuen. Hurrengo urteetan uharte osoan zehar muga igarotzeko bide gehiago irekiko ziren; zortzigarrena eta bederatzigarrena (eta oraingoz azkenekoak) 2018ko azaroaren 12an ireki ziren Deryneian eta Lefka-Aplikin[9].

Ledra kaleko pasabidea ireki zen eguna (Nikosia, 2008ko apirilaren 3a).

Egoera hobetzen ari zela zirudienean, Jristofiasen eta Talaten arteko harremana 2009aren atarian hoztu zen. Gatazka Zipreko Errepublika bere ekonomia-eremu esklusiboan gas esplorazioak egiten hasi zenean piztu zen. Turkia Itsas Zuzenbideari buruzko Nazio Batuen Konbentzioa sinatu ez zuen herrialdeetako bat izan zen eta esplorazioak egiten ari ziren itsas eremuak turkiarrenak zirela aldarrikatu zuen[10]. Herrialde gehienak zipretarren alde azaldu baziren ere, Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako presidenteak Turkiaren aldeko adierazpenak egin zituen eta, ondorioz, bi presidenteen arteko harremanak okerrera egin zuen[11].

2010eko urtarrilaren 31n Ban Ki-moon idazkari nagusia Ziprera joan zen ordezkarien arteko giroa zein zen neurtzera[12]. Turko-zipretarren presidente berriak, Derviş Eroğluk uhartea bateratzeko elkarrizketak oztopatuko zituela ematen zuen, hala ere, bere iritzia aldatu eta estatu federal baten aldeko apostua egingo zuela adierazi zuen[13]. Hurrengo urteetan hainbat bilera antolatuko ziren korapiloa askatzen laguntzeko. 2014ko otsailaren 11n, azkenean, Zipreko Errepublikako Nikos Anastasiadis presidenteak eta Derviş Eroğluk adierazpen bateratua aurkeztu zuten. Bertan etorkizunean abiapuntutzat hartzeko asmo oneko zazpi puntu adostu zituzten, besteak beste, Europar Batasunaren, Greziaren eta Turkiaren babesa izan zutenak[14].

Greko-zipretarren Andreas Mavroyiannis eta turko-zipretarren Kudret Özersay ordezkarien arteko bilerak 2014ko otsailaren 14an hasi ziren. Konponbidea ekarriko zuten elkarrizketek, baina, porrot egin zuten hiru urte luzeren ostean, 2017an Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoğanek turkiar tropak Zipretik ez zituela aterako iragarri zuenean. Nazio Batuen Erakundeko António Guterres idazkari nagusi berriak elkarrizketekin aurrera jarraitzeko asmoa erakutsi zuen eta Jane Holl Lute estatubatuarra izendatu zuen aholkulari[15][16]. Nikos Anastasiadisekin eta Mustafa Akıncırekin elkartu ondoren, Greziako, Turkiako eta Erresuma Batuko ordezkariekin ere bildu zen. Alde guztiak akordiotik urrun zeudela egiaztatu zuen.

2020ko otsailean turko-zipretarren presidenteak The Guardian egunkarian Turkian hautsak harrotu zituen adierazpenak egin zituen. Mustafa Akıncıren ustez, Zipre bateratzeko ahaleginak indartu behar ziren, hori egin ezean, Errusiak Krimearekin egin zuen moduan Turkiak gutxinaka Ipar Zipreko Turkiar Errepublika irentsiko zuelako[17]. Gertaera hori, gainera, turko-zipretarrentzat txarra izango zela adierazi zuen. Turkiako presidenteordeak Fuat Oktayk hitz horiek gaitzetsi zituen[18]. Azkenean, 2020ko Ipar Zipreko presidente-hauteskundeetan Akıncık presidentetza galdu zuen bi estatuen irtenbidearen aldeko Ersin Tatarren aurka[19].

Horrenbestez, uhartea bateratzeko hiru saiakera egin dira 2004tik eta denek porrot egin dute. Azken saiakera 2021ean jarri zuen berriro abian António Guterresek. Gatazkan zeresana daukaten aldeekin bildu ostean, Guterres itxaropentsu agertu zen irtenbidea lortzeko. Hala ere, bi aldeen helburuak urrun dirudite: Europar Batasunak, Greziak eta Ziprek bi eremu eta bi erakunde dituen federazioa (herrialde bakarra) defendatzen dute; Turkiak eta Ipar Ziprek, aldiz, ez dute uste aterki federal baten pean bi komunitateak sartzeko modurik dagoenik eta haien proposamena bi estatu egitekoa da[20].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) "Annan Planaren testua osorik" (2003.02.26) (PDF). Global Security. 2022.03.18
  2. (Ingelesez) "Treaty of Accession of the Czech Republic, Estonia, Cyprus, Latvia, Lithuania, Hungary, Malta, Poland, Slovenia and Slovakia (2003)". European Union Law. 2022.03.18
  3. (Ingelesez) "Athens Declaration - April 16th, 2003". Cosilium. 2022.03.18
  4. (Ingelesez) Dikomitis, Lisa (2004). "A moving field: Greek Cypriot refugees returning 'home'". Durham Anthropology Journal. 2022.03.20
  5. (Ingelesez) Ylimaki, Rose M. eta Stephen L. Jacobson (editoreak) (2011). "US and Cross-National Policies, Practices, and Preparation". Springer. (Zipreri buruzko atala: 84. or.) ISBN 978-9-40070-541-8
  6. (Ingelesez) Papadopoulos, Tassos (2004). "Letter dated 7 June 2004 from the Permanent Representative of Cyprus to the United Nations addressed to the Secretary General (A/58/835–S/2004/464)". Permanent Mission of the Republic of Cyprus to the United Nations. 2022.03.20
  7. (Gaztelaniaz) "El éxito de la reunión Christofias-Talat abre la senda para la reunificación de Chipre" (2008.03.22). Europa Press. 2022.03.20
  8. (Ingelesez) "Agreement on opening the Ledra Street crossing point in Nicosia" (2008.03.21). Federal Foreign Office. 2022.03.20
  9. (Ingelesez) "New crossings open at Dherynia and Lefka–Apliki" (2018.11.12). Cyprus Mail. 2022.03.20
  10. (Ingelesez) "Turkish trouble for Cyprus as gas exploration expands" (2019.06.21). Energy Voice. 2022.03.20
  11. (Gaztelaniaz) "Chipre acusa a Turquía de impedir las exploraciones de gas natural en el Mediterráneo Oriental" (2018.02.11). Europa Press. 2022.03.20
  12. (Ingelesez) Ki-moon, Ban (2010). "Report of the Secretary-General on his mission of good offices in Cyprus". UN Security Council. 2022.03.24
  13. (Ingelesez) "Ban calls on Turkish Cypriot leader to reach towards settlement" (2010.06.28). UN News. 2022.03.24
  14. (Ingelesez) Christou, Jean (2014.02.11). "Joint Declaration: final version as agreed between the two leaders". Cyprus Mail. 2022.03.24
  15. (Ingelesez) Lederer, Edith M. (2018.07.26). "UN urges rivals in Cyprus to engage with UN on peace talks". National Post. 2022.03.24
  16. (Ingelesez) "Nicosia has given the green light for Jane Holl Lute’s appointment by the UNSG, diplomatic source in New York says". Cyprus News Gazette. 2022.03.24
  17. (Ingelesez) Harding, Luke (2020.02.06). "Turkish Cypriot leader warns Cyprus is facing permanent partition". The Guardian. 2022.03.24
  18. (Ingelesez) "Ankara slams Turkish Cypriot leader for remarks, Akıncı backs his words" (2020.02.09). Hürriyet Daily News. 2022.03.24
  19. (Ingelesez) "Northern Cyprus: Right-wing nationalist Ersin Tatar elected president" (2020.10.19). BBC News. 2022.03.24
  20. "Zipren akordiorik gabe amaitu dituzte elkarrizketak" (2021.04.30). Berria. 2022.03.20

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]