Antigorputz

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Antigorputzak antigeno molekulekin lotzen dira.

Antigorputza antigeno baten aurrean organismoak ekoizten duen molekula proteikoa da, antigeno hori neutralizatzeko propio sortua. Immunitate-sisteman zeregin oso garrantzitsua betetzen du, antigorputzak baitira immunitate humoralearen oinarria.

Egitura kimikoaren aldetik globulinen taldeko proteinak dira; immunoglobulinak deitzen zaie.

B linfozitoak antigeno batekin topo egiten dutenean zelula plasmatikoak edo plasmozitoak bihurtzen dira. Plasmozito horiek dira antigorputzak sortzen dituztenak.

Egitura kimikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kate luzeak (H) eta kate laburrak (L), atal aldakorrekin (V) eta konstantearekin (C).

Immunoglobulina molekula batek Y baten itxura du (irudia); 4 kateaz osaturik dago:

-bi kate astunak eta luzeak (H kateak), haien artean berdinak.

-bi kate arinak eta laburrak (L kateak), haien artean berdinak.

Lau kate horiek disulfuro zubien bidez (-S=S-) lotuta daude.

Kate astun eta arinen muturrek V izeneko atalak dituzte, Y-ren besoetan (irudia).VL eta VH atal horiek osatzen duten aminoazidoak oso aldakorrak dira. Gainontzeko atalak (C izenekoak), berriz, aminoazido berdinez osaturik daude, edozein immunoglobulina dela ere.

Immunoglobulinaren atal aldakorrak (V izenekoak) dira antigenoarekin lotura egiten dutenak.

Immunoglobulina motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ig G: immunoglobulina garrantzitsuena da, odolean nagusi dena (immunoglobulina guztien %80). Bere pisu molekularra 150.000 Daltonekoa da. 25 eguneko bizitza du gorputzean, plazenta-hesia zeharka dezake eta konplementua aktibatzen du.
  • Ig M: handia da, bere pisu molekularra 900.000 Daltonekoa izanik. Bizitza laburra du odolean (5 egun), ez du plazenta-hesia zeharkatzen eta konplementua aktibatzen du.
  • Ig A: kanpoko jariakinetan dago (txistua, malkoak, mukiak...). Bere pisu molekularra 150.000 Daltonekoa da, 7 eguneko biziztza du eta ez du konplementua aktibatzen.
  • Ig E: alergia duten gaixoengan immunoglobulina honen odol kontzentrazioa altua da. 180.000 Daltoneko pisu molekularra du,oso biziztza laburra (1-3 egun) eta ez du konplementua aktibatzen.
  • Ig D: kopuru txikian dago odolean (%1).

Antigeno-Antigorputz erreakzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antigorputzak oso espezifikoak dira,antigeno batek eraginda sortzen dira eta antigeno honen aurka bakarrik joko dute. Antigeno-antigorputz erreakzioa, beraz, espezifikoa da oso.

Antigeno batekin lotzen direnean, antigorputzek antigeno hori neutralizatzen dute, bere infekzio-ahalmena edo kalte egiteko ahalmena murriztuz.

Bi dira antigeno/antigorputz erreakzio garrantzitsuenak:

  • prezipitazioa: antigenoa plasman disolbagarria denean gertatzen da (adibidez, proteina denean). Antigorputza lotzen da antigenoarekin eta multzoa prezipitatu egiten da.
  • aglutinazioa: antigenoa partikula edo zelula bati lotuta dagoenean gertatzen da (bakterioa, birusa...). Antigorputzek partikula horiek neutralizatzen dituzte haien aglutinazioa eraginez.

Zenbait antigorputzek (adibidez, G immunoglobulinak) antigenoarekin lotzen direnean konplementu izeneko substantzia aktibatzen dute. Konplementu hori antigeno-antigorputz konplexuari atxikitzen zaio, eta antigenoari eraso egiten dio bere lisi eraginez.

Antigeno-antigorputz konplexuak, bestalde, makrofagoak erakartzen ditu. Makrofagoak fagozitosi egiten duten zelulak dira, immunitate-sistemaren gudari eraginkorrak. Antigeno/antigorputz konplexuari atxikitzen dira eta antigenoak suntsitzen dituzte.


Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antigorputz monoklonala


Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antigorputz Aldatu lotura Wikidatan

Txantiloi:Lien AdQ