Antonia Maria Manot
| Antonia Maria Manot | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Extremadura, 1929ko ekainaren 14a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Zarautz, 2024ko uztailaren 22a (95 urte) |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | etxekoandrea |
| Kidetza | Juan Paredes |
| Izengoitia(k) | Euskal Herriaren ama |
Antonia María Manot Garcia (Zalamea de la Serena, Badajoz, Extremadura, 1929ko ekainaren 14a - Zarautz, Gipuzkoa, 2024ko uztailaren 22a) memoria historikoko lekuko nabarmena izan zen, bere seme Jon Paredes Manot “Txiki” 1975eko irailaren 27an frankismoaren azken fusilatuetako bat izateagatik ezaguna.
Zalamea de la Serenan (Extremadura) sortu zen familia landatar batean, non laborantza eta nekazaritza lanek betetzen zuten eguneroko eginkizuna. Bost senideko familia batean hazi zen, eta bere etxeko nagusiena eta ardura handiena zuen ahizpa zen.[1]
1960ko hamarkadan, 1962an hain zuzen, Zarautzera joan zen familia eta bizimodu hobe baten bila. Izan ere, dagoeneko Zarautzen zituen gurasoak eta Mikel seme nagusia, baita Anita Manot eta Fernando Manot neba-arrebak ere. Zarautzera joan zenerako, honezkero bost seme alaba zituen, tartean Jon Paredes Manot “Txiki”. Gerora, beste bi gehiago izan zituen, eta gainera, abortu bat izan zuen eta beste bat hil zitzaion. Guztira zazpi seme-alaba izan zituen Antonia Maria Manotek: Mikel Paredes Manot, Jon Paredes Manot “Txiki”, Diego Paredes Manot, Guadalupe Paredes Manot, Isabel Paredes Manot, Kepa Paredes Manot eta Fernando Paredes Manot.[1]
Bere semea, Jon Paredes Manot “Txiki”, frankismoaren azken fusilatuetako bat izan zen 1975eko irailaren 27an. Frankismo garaiko azken bost fusilatuen artean egon zen, eta horrek Antonia Manot bizitza publikoan eta memoria historikoaren borrokan lekuko bihurtu zuen. Ez zuen semea fusilatu aurretik azken agurra emateko aukerarik izan, eta hauek izan ziren semeak amari esan zizkion azken hitzak: “Ez larritu, ama, seme bat galduko duzu, baina hainbat irabaziko dituzu Euskadin”.[2][3]
1975eko azaroaren 4an, Txiki fusilatu eta hilabetera, ultraeskuindarrek Antonia Manoti eta haren senideei eraso egin zieten Zarautzen. Haien etxean indarrez sartu eta Txikiren ama eta anai-arrebak jipoitu zituzten, baita haien etxean bisitan zen fraide bat ere. Antonia Maria Manotek bizilaguna ohartarazi eta honek oihuka auzokideen laguntza eskatu zuen:
“Jon hil eta gero, iluntze batean, gizon batzuk sartu ziren hona, etxera. Hemen, nire umeak, fraide bat eta ni geunden. Galdezka eta joka eraso ziguten. Nik, burua odoletan, eskaileran behetik gora Mikeleri hoska, ‘Mikele, Mikele, umeak akabatu nahi dizkidate’. Eta hantxe Mikele goitik behera, auzoei hoska: ‘Irten denok etxetik, Antonia akabatu nahi dute!’. Gizon haiek zalaparta aditu zutenean, nire etxetik irten, autoan sartu –ingurua dena ilunpetan zegoen–, eta hanka egin zuten. Gu odoletan, umeak negarrez... Orduan ere, hantxe Mikele. Beti ondoan izan dut emakume hori”.[1]
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antonia Extremaduran jaio zen, Zalamea de la Serena herrian, 1928an, eta 95 urte bete berritan zendu zen Euskal Herrian. Bere seme Diego Paredesek honela agurtu zuen.[4]
«Askatasun haizeak beti lagun zaitzala, ama»
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 «'Semearena gertatu baino lehen ere, jendeak ikaragarri lagundu zidan hemen'» Argia (kontsulta data: 2026-02-14).
- ↑ «Atzoko Prentsa Digitala» w390w.gipuzkoa.net (kontsulta data: 2026-02-14).
- ↑ Elustondo, Miel A.. (2024-09-24). «'Ezin ahaztu'» Berria (kontsulta data: 2026-02-14).
- ↑ SA, Baigorri Argitaletxea. (2024-07-23). «Antonia Maria Manot hil da, frankismoak fusilatutako Jon Paredes Manot «Txiki»-ren eta Euskal Herriaren ama» GARA (kontsulta data: 2026-02-14).