Antton Elosegi Aldasoro

Wikipedia, Entziklopedia askea
Antton Elosegi Aldasoro
Antton Elosegi Biba Zuek2020.png
Bizitza
JaiotzaTolosa, 1944 (77/78 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Familia
Ezkontidea(k)Arantxa Gurmendi
Hezkuntza
HeziketaBartzelonako Unibertsitatea
Euskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
ingelesa
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakunibertsitateko irakaslea, hizkuntzalaria, legelaria eta itzultzailea
Enplegatzailea(k)Bordele Montaigne Unibertsitatea  (1971 -  1972)
Donostiako Udala  (1979 -  1989)
Euskal Herriko Unibertsitatea  (1989 -  2009)

Inguma: antton-elosegi-aldasoro-00

Antton Elosegi Aldasoro (Tolosa, Gipuzkoa, 1944) itzultzailea, abokatua, filologoa eta irakaslea da. Aitzindarietako bat izan zen administrazioko eta zuzenbideko gaiak euskaraz lantzen; eta itzultzaile aitzindarietako bat izan zen Donostiako udalean hamar urtez, 1979tik 1989ra.[1]

Gero 2009an jubilatu arte Euskara juridiko irakatsi zuen Donostiako Zuzenbide Fakultatean, Euskal Herriko Unibertsitatean. 2002an aurkeztu zuen doktorego-tesian zuzenbideko euskal hizkera berezia sakonki aztertu zuen eta terminologiaren azterketa linguistikoa eta terminologikoa landu ere.[2][3]

Haurtzaroa eta ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unibertsitateko bi karrera egin zituen: Zuzenbidea eta Euskal filologia.

Zuzenbideko lehen hiru urteak Donostian eta azken biak Bartzelonan. Bartzelonako unibertsitate-giroa orduan pil-pilean zegoen. Frankismoaren aurkako mugimenduak han zuen, langile-mugimenduarekin, eta euskal nazionalismoarekin batera, foku garrantzitsu bat. Eta hango gizartean, kultura katalanaren berpizkunde berria zetorren. Orduan sortu zen Nova Cançó eta beste arte guztietako aire berriak, Euskal Herriko mugimenduan horrenbesteko eragina izango zutenak.

Bartzelonako Unibertsitateko estudiante-taldea oso talde suspertzailea izan zen berarentzat. Ekintza kulturalak sustatzen zituzten: euskara-klaseak, txango kulturalak, eta bereziki hitzaldiak (Jorge Oteiza, Koldo Mitxelena, Basabe, Gabriel Aresti...) Une hartan, euskal kontzientzia berri bat esnatzen ari zen eta izugarrizko arrakasta izan zuten, bereziki Oteiza eta Arestirenak.[1]

Gabriel Arestik Bartzelonako unibertsitateko euskal ikasleei olerkia paperezko ezpainzapi batean idatzi zuenean (ikasleek antolatutako hitzaldia eman eta geroko afarian) mahaiaren bueltan zeuden Elosegi bera, Koldo Gorostiaga eta Mikel Laboa, besteak beste.[4][1]

Geroago, itzultzaile hainbat urtez aritu ondoren, lanari utzi gabe Euskal Filologia ikasteari ekin zion Euskal Herriko Unibertsitatean 1985etik 1989ra.[5] 2002an aurkeztu zuen doktorego-tesian zuzenbideko euskal hizkera berezia aztertu zuen, baita terminologiaren azterketa linguistikoa eta terminologikoa landu ere.[2][3]

Abokatua eta militante politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antifrankismoari laguntzeko aukera gutxietako bat zelakoan ikasi zuen zuzenbidea. Legea erabiltzen jakitea tresna garrantzitsua iruditzen zitzaion. Zuzenbide-ikasketak eta soldaduska bukatuta 1968 eta 1969an Miguel Castells abokatuarekin aritu zen lanean Madrileko "Tribunal de Orden Público" gogorreko 5 auzitan. Baina 1969an ihes egin behar izan zuen Frantziara, eta albo batera utzi behar izan zituen abokatu-lanak.


Lehenago, oraindik Donostian zegoela 1963an, alfabetatze kanpainak abian jarri zirenean. Rikardo Arregiren ondoan ibili eta gero, haren arreba Begoña Arregi, Ramon Saizarbitoriaren arreba, Arantxa Gurmendi, eta beste batzuekin jo eta ke ibili ziren alfabetatze-kanpainak zabaltzen.[1]

Frankismoaren aurka borrokatu zuen hainbat alderditan. Dokumentazioa euskaraz ere sortzen aitzindaria zen Elosegi. Horretan Juan Ignazio Goikoetxea, "Gaztelu" izan zuen laguntzaile eta maisu. Haren eskutik abiatu zen geroago Elosegik inoiz alde batera utziko ez zuen itzulpengintzan.[1]

Euskara irakurle, Bordeleko Unibertsitatean (1971)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bordeleko Unibertsitatean euskara hizkuntza atzerritarra zen, Institut Iberique delakoan ematen zen, eta lecteur de basque izateko ezinbestekoa zen atzerritarra, ez frantsesa, izatea. Txillardegi zegoen postu horretan, baina Frantziatik kanporatu zutenean, Jean Haritxelharrengana aurkeztu zen Elosegi eta hartu egin zuten lanpostu horretan aritzeko. Urtebete eman zuen lanbide horretan, eta astean behin irrati-saio bat emititzen zuten gai kulturalez. Frantziako estatuan, ofizialki euskaraz egin den irratsaio lehenetakoa izango zen hura.

Itzultzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako Udalak kontratatu zituen lehenengo hiru euskara-itzultzaileetako bat izan zen, 1979an. Garai haietan askoz zailagoa zen euskara-itzultzailea izatea, ordura arte euskara ez baitzen batere erabili administrazioan. Aitzindari haiek oso baliabide linguistiko apalak zituzten orduan, eskura zituzten hiztegi bakarrak Muxikarena (1965), Azkuerena (1905) eta Kintanaren Euskal hiztegi modernoa (1977) ziren, besterik ez zegoen, eta Kintanarena oraindik oso oinarrizkoa zen. Udaletako itzultzaileen artean sare indartsu bat sortu zuten zailtasun horiek gainditzeko. Sare horretan indargune bat izan zen Elosegik zuzenbidean zuen heziketa.

Giro horretan sortu zen 1987an Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE), euskarara edo euskaratik itzulpengintzan eta interpretazioan ari ziren profesionalak biltzeko asmoz. Elkartearen lehendabiziko zuzendaritza batzordea hauek osatu zuten: Juan Mari Lekuona, Xabier Mendiguren, Josu Zabaleta eta Ramon Etxezarreta kargudunak; eta, horiez gain, Koldo Izagirre, Juan Mari Mendizabal, Juan Jose Zubimendi, Jon Unanue, Kaxildo Alkorta eta Antton Elosegi, bokal.[6]

Elosegi gaztetatik egon zen motibatuta itzulpenak egiteko. Euskara modernizatzeko grina oso bizia zen garai hartan.[1]

Terminologian eta oro har hizkuntzan zeuden hutsuneak betetzeko, oso garrantzitsua izan zen EHUko Zuzenbide Fakultatean eratu zen mintegia. Mintegi horretatik sortu baitziren hiztegiak (Politikakoa 1980an, Administrazioa 1983an eta Zuzenbidekoa 1987an).[7] Elosegi ez zen UZEIko langilea izan, baina bai laguntzailea. Fernando Mendizabal eta Villasante "maisuen" zorroztasuna asko estimatzen zuen.[1]

Unibertsitateko irakaslea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989an itzultzaile funtzionario izateari utzi, eta EHUko Zuzenbide Fakultatera pasa zen euskara juridikoa irakasteko. Fernando Mendizabalek utzi zuen lanpostua bete zuen Elosegik. Garai hartan, mintegiko kideekin batera, euskarara itzuli zituzten Hego Euskal Herrian indarrean zeuden lege-erreferente nagusiak.[1]

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko hiztegiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partu hartu zuen UZEIren hiztegi hauen argitalpenean:[7]

Aldizkarietako artikuluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat aldizkaritan argitaratu zituen bere lana, besteak beste hauetan: Asju, Senez, Eleria, Euskera, eta Hika,

  • 2009, "Gailu"ren bilakabidea garai bateko testuetatik oraingoetara, Antton Elosegi Aldasoro, ASJU
  • 2008, Antton Elosegirekin solasean, Karlos Del Olmo Serna, Antton Elosegi Aldasoro, SENEZ
  • 2004, Euskara juridikoak 25 urte betetzen dituenean: gogoeta batzuk euskara juridikoaren garabidearen gainean, Antton Elosegi Aldasoro, ELERIA
  • 2001, Eleaniztasuna eta Teknika Legegileari buruzko simposiuma, Antton Elosegi Aldasoro, Koro Garmendia Iartza, ELERIA 1996, Prozedurako hizkera adostasunez lantzen (Epaitegiko hizkera lantzen), Antton Elosegi Aldasoro, ELERIA
  • 1994, Euskaltzaindiaren gomendio-arauen idazkeraz: letra larriei buruzkoaren kasua, Antton Elosegi Aldasoro, EUSKERA 1994, XIII Biltzarra, Euskaltzaindiaren ispilu, Antton Elosegi Aldasoro, HIKA
  • 1992, Europako Ituneen hiztegia zuzenbideko euskararen eratze-bidean, Antton Elosegi Aldasoro, RVAP. Herri-Arduralaritzazko Euskal Aldizkaria
  • 1991, Expolingua´ 91, Antton Elosegi Aldasoro, SENEZ.[8]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h del Olmo, Karlos. (2008). «Antton Elosegirekin solasean» Senez (EIZIE) (Noiz kontsultatua: 2021-07-26).
  2. a b Elosegi Aldasoro, Antton. (2002). Zuzenbideko euskal hizkera berezia: lege-testu itzuli bateko terminologiaren azterketa linguistikoa eta terminologikoa. UPV/EHU ISBN 978-84-8438-391-8. (Noiz kontsultatua: 2021-07-04).
  3. a b Elosegi Aldasoro, Antton. (2002-06-26). The Special Basque Language of the Law. A Linguistic and Terminological Investigation on Terminology of a Translated Legal Corpus.. Universidad del País Vasco (Noiz kontsultatua: 2021-07-26).
  4. Ikasi eta irauli. Txalaparta 2005 ISBN 978-84-8136-333-3. (Noiz kontsultatua: 2021-07-26).
  5. (Gaztelaniaz) Elosegi Aldasoro, Antton. (2009)..
  6. del Olmo, Karlos. (2018). «EIZIEk, 30 urte» EIZIE (Noiz kontsultatua: 2021-07-27).
  7. a b «Antton Elosegi Aldasoro :: Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Noiz kontsultatua: 2021-07-04).
  8. «"Antton Elosegi" bilaketaren emaitza» EIZIE (EIZIE Elkartea) (Noiz kontsultatua: 2021-07-27).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]