Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Antzinako Greziako artea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Diadumeno, Polikletorena (K. a. V. mendearen hirugarren laurdena).

Antzinako Greziako artea Antzinako Greziako artistek elaboratutako estiloa da, "edertasun ideala"ren bilaketagatik bereizten dena, platondar ereduko "mundu ideala" irudikatuz, edo "naturaren imitazioa"ren bidez aristotelestar mimesiaren zentzuan.

Antzinako greziarrek garatutako kulturak egungo mendebaldeko kulturaren funtsak ezartzen ditu. Handik sortu ziren ondorengo jakintza, filosofia eta artearen kontzeptu eta printzipioak.

Aroak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Greziako artea, estilo aldetik, lau arotan banatzen da:

  • Geometrikoa: K.a. IX-VIII. mendeak.
  • Arkaikoa: K.a. VII-VI. mendeak.
  • Klasikoa: K.a. V-IV. mendeak.
  • Helenistikoa: K.a. IV-II. mendeak.

Aro geometrikoa K. a. 1000 inguruan datatzen da, aurreko 200 urteetan zehar greziar arteari buruz gutxi ezagutzen den arren (tradizionalki Greziako Aro Iluna bezala ezagutzen dena); K. a. VII. mendea estilo arkaikoaren garapen motelaren lekuko izan zen "irudi beltz"eko margolaritza estiloan ikusitakoaren arabera. Mediar Gerren hasierak aro arkaikoaren amaiera eta aro klasikoaren hasiera adieraziko du; Alexandro Handiaren erregealdia (K. a. 336-K. a. 323) arte klasikoa eta helenistikoaren arteko banaketa bezala hartzen da.

Nolanahi, aro horietako batetik bestera ez zen erabateko hausturarik egon; artea egiteko moduaren bilakaera ez zen berdina izan Greziako lurralde guztietan, eta, beste edozein garaitan bezala, artista batzuek estilo berritzaileagoak landu zituzten. Tokian tokiko tradizio indartsuak, izaera kontserbadorea eta gurtza erlijiosoen beharrizanak lagungarri gertatu zaizkie historialariei kontserbatutako artelanen jatorria topatzeko, baita sortuak izan ziren lekuetatik kanpora eramanak izan zirenean (askotan gertatu den bezala) edo kopiak direnean ere.

Grezia arkaikoko artea (VIII-VI. mendeak)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro arkaikoa K.a. VIII. mendearen amaieran hasi eta K.a. V. mende hasierara arte iraun zuen. Aro horretan, polis grekoen hedapena gertatu zen, bai eta tiranian oinarritutako ordena politikoaren ezarpena ere, K.a. V. mendeko hiritar-berdintasunaren idealak bultzatuta desagertu zen arte. Tiranoek, euren burua zilegiztatze aldera, hainbat obra publiko sustatu zituzten, haien handitasuna goresteko: tiranoek eraikin zibil eta erlijioso ugari eraikiarazi zituzten, horretarako hirien egitura bera birmoldatzeko ere agindu behar izan zutelarik. Obra haiek hiri bakoitzari bere nortasun berezia ematea zuen helburu, baina baita beste hiriekiko nagusitasuna erakustea ere; horrela, aro hartako artea tiraniaren propaganda gisa erabiltzen zen, agintarien botere zilegitasun gutxikoa zuritzearren. K.a. VI. mendetik aurrera, polisaren erdiguneak garrantzi artistiko handia hartu zuen; hala, plaza publiko edo agora hiriko gizarte-jarduera guztien bihotza bilakatu zen. Agora guztietan aipagarriena Atenaskoa izan zen, Solon legegileak bultzatua eta Pisistratoren semeek monumentalizatu zutena.

Erlijio-gurtzak ere oso rol garrantzitsua jokatu zuen aro honetako gizarte greziarrean, eta, horregatik, behar adina baliabide ekonomiko zituzten hiriek harrizko eraikuntza erlijiosoak sustatu zituzten, zeinak berebizikoak izan baitziren gizarte-klaseak kohesionatzeko, garai hartako gizartea ez izanik aurreko mendeetakoa bezain igualitarioa. Momentu hartan eraiki zituzten santutegi panhelenikoak, Delfos eta Olinpia, adibidez; haietan, tiranoek eskaintza handiak egiten zituzten, euren boterea erakusteko asmoz, eta herri-gurtza berriak sustatu eta tokian-tokiko jainko eta heroiei buruzko mitoak sortu ziren. Era horretara, independente sentitzeko eta besteengandik gailentzeko beharra zuten polisen identitate politikoa areagotu zen.

Estilo arkaikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heraren tenplu dorikoa, Magna Graeciako Posidonia hiria (erromatarrentzat, Paestum), K.a. 550 ingurukoa.

Greziar arkitektura hirietako akropoli edo gotorleku garaietan eta santutegi panhelenikoetan (πανελληνικός: "greziar guztiena") garatuz joan zen, eta tenpluen itxura finkatu zuen. Santutegi panhelenikoetan, joko panhelenikoak antolatzen ziren, zeinetan atletak eta aurigak haien polisen ordezkari gisa lehiatzen ziren, indarkeria maila sakraturaino goratzen zuten lehiaketa batzuetan, halako eran non garaileak heroi edo erdijainko bihurtzen baitziren. Ondorioz, estatuetan irudikatuak izateko eskubidea lortzen zuten, baita opari baliotsuak pilatu ere, polis bakoitzaren kontura egindako luxuzko eraikinetan (θησαυρός edo "thesauros" direlakoetan) gordetzen zirenak.

Beste jainko batzuen omenez ere edota beste polis batzuetan antolatutako jokoak ere bazeuden (esaterako, joko panatenaikoak Atenasen), lau nabarmentzen ziren, ez eskaintzen zen sariagatik (oliba batzuk, edota ereinotz koroa), prestigioarengatik baizik; izan ere, Helade osoko jende ugari elkartzen zen haietan bi edo lau urtez behin. Lau joko horiek hurrengo hauek ziren: Apoloren jokoak Delfosen (Dodonako orakuluaren tokian); Olinpiako Olinpia Zeus santutegian egiten zirenak (Olinpiar Jokoak egiten ziren lekua, zeinaren zimenduak soilik geratzen diren); Poseidonen omenezkoak Istmian (Istmiar jokoak; hemen ere zimenduak baino ez dira geratzen); eta Zeusen omenez Nemean egiten ziren Nemear jokoak (aro helenistikokoak diren hondar batzuk baino ez dira geratzen).

Artemisaren tenpluaren erreprodukzioa, Istanbulen.

Panhelenikoak ez ziren santutegi batzuek ere ospe handia lortu zuten Helade osoan. Samoseko Heraren tenplua (Ἥραιον” edo Heraion delakoa, joniar ordenaren lehen adibide garbiena -Samoseko Rhoikos eta Teodoro arkitektoak-, non hierogamia edo “ἱερός γάμος” enigmatikoa antolatzen zuten) edo Efesoko Artemisaren tenplua (Ἀρτεμίσιον” edo Artemision delakoa, joniar ordenaren bigarren adibiderik garbiena, zeina munduko zazpi mirarien katalogoan sartu zen).

Hondakinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Efesoko Artemisaren Tenpluaren hondakinak.
Olinpiako Zeusen Estatuaren grabatua.

Antzinako greziar artea eskultura eta arkitektura eran mantendu da, baita arte txikiagoetan ere, txanpon diseinua, buztingintzako grabatua eta harribitxiak kasu.

Margolaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Antzinako Greziako margolaritza»

Greziarrek, europar kultura gehienek bezala, margolaritza arte mota gailenetakotzat hartu zuten. Polignoto Tasosekoa margolaria, K. a. V. mendean jaio zena, zenbait greziarrek gaur egun Leonardo da Vinci edo Michelangelo gogoratzen diren bezala gogoratzen zuten. Bere lanak bera hil eta 600 urtera ere miretsiak izan ziren, alabaina, lan edo kopia bakar bat bera ere ez da mantendu.

Greziar margolariek nagusiki zurezko panelekin lan egin zuten, berehalako batean hondatzen zirenak (K. a. IV. mendearen ondoren) ondo babesten ez baziren. Gaur egun ia ez da antzinako greziar margolaritzako lanik geratzen, terrakotan eginiko margo hondar batzuk eta hilobietako hormetako margo batzuenak izan ezik, batez ere Mazedonia eta Italian. Greziar margolaritzako maisu lanetatik erromatar garaian egindako kopia batzuk baino ez ditugu, horietatik gehienak askoz kalitate gutxiagokoak direlarik. Zeramikan eginiko margoak, hauetatik lan asko mantendu direlarik, batez ere aro arkaikokoak, nolabaiteko estetika zentzua ematen diote greziar margolaritzari.

Eskultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Antzinako Greziako eskultura»

Mantendu diren eskultura eta arkitektura lan guztiak, greziar lanen bilduma itzelaren adibide txiki bat baino ez dira. Jainko jentilen eskultura ugari kristau aroan suntsituak izan ziren. Zoritxarrez, haitzurdina errausten denean karea sortzen da, eta hori zen haitzurdinezko greziar lan askoren patua Erdi Aroan. Aro horretan bertan, metal eskasiaren ondorioz, brontzezko estatua gehienak urtuak izan ziren. Gaur egun ditugun lanetako asko erromatarrek eginiko kopiak dira.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Antzinako Greziako arkitektura»

Greziar eraikin gehienak ez dira egundaino mantendu, zenbait arrazoiren ondorioz: gerretan suntsituak izan ziren, eraikuntza materialak lortzeko arpilatuak edo lurrikaretan suntsituak. Tenplu gutxi batzuk baino ez dira mantendu, Atenasen dauden Partenoia eta Hefestiona kasu. Greziarrek sortutako antzinako lau mirarietako bakar bat bera ere ez da mantendu egundaino.

Beste arte batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziar artearen aro arkaikotik hasita, margotutako zeramikak eta eskultura izan dira mantendu diren arte mota ia bakarrak. Garai hartan margolaritza bere hastapenean zegoen, eta lan bakar bat ere ez da mantendu. Txanponak K. a. VII. mendean asmatu ziren arren, ez ziren arruntak izan Grezia gehienean K. a. V. mendea arte.

Zeramika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Greziar zeramika»

Aro honetatik eguneroko erabilerarako zeramiken elaborazioa edo hileta erabilerarakoak nabarmentzen dira, non ondo hornitutako pitxer handiak erabili ziren. Pitxer hauek irudikapen linealekin eta heriotzarekin lotutako irudiekin apainduak zeuden, lur edo itsas guduak kasu. Buztingintza gehiena etxeko lanez osatua dago, hauetatik anfora, kratera edo hidria bezalako edukiontziak mantendu direlarik. Bestaldetik, hileta zeramikari buruz, zenbait hil kutxa aurkitu dira. Buztin egosizko iruditxoak ere egin ziren, nagusiki tenpluetan ofrenda bezala uzteko. Aro helenistikoan, buztingintza objektu barietate handi bat egin zen, balio artistikoa gutxi batzuk baino ez duten arren.

Arorik antzinakoenetan, greziar hiririk txikienek ere ekoizten zituzten buztingintzako objektuak tokiko merkaturako, euren estilo eta ereduak oso bariatuak zirelarik. K. a. 550 eta K. a. 480 bitartean, zeramikazko arteak eraberritze handia jasan zuen; gainera, egileek euren izenak gehitu zituzten, lan haiek apaintzen zituen margolari edo buztingilearena (bi lan hauek egiten zituzten artistak ere bazeuden). Zeramika atikarra eta korintoarra beste guztien gainetik nabarmendu ziren. Atenasek estilo ederraren lehen irudikapenak egin zituen: hondo beltzean margotutako irudi gorriak zituzten edukiontziak.

Antzinako greziar zeramikaren historia honako aro hauetan banatua dago:

Aroa Ze urtetik aurrera
Protogeometrikoa K. a. 1050
Geometrikoa K. a. 900
Estilo orientalizantea K. a. VIII. mendearen amaiera
Irudi beltzak K. a. VII. mendea
Irudi gorriak K. a. 530 inguru

Buztingintzan erabil zitekeen kolore gama egoste teknikek mugatu zuten: beltza, zuria, gorria eta horia ziren kolorerik arruntenak. Lehen hiru aroetan, zeramikek euren kolore naturala mantentzen zuten beltz koloreko irudiren batzuekin.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziarren lorpen artistikoen artean errazen ezagutzen den ezaugarrietako bat bere arkitektura bikaina da, K. a. 600 eta K. a. 300 bitartean garatu ziren hiru arkitektura estiloetan zizelkaturiko hiruki formako frontoiengatik eta harrizko zutabe dotoreengatik bereizten dena.

Estilo hauek, eurentzat hain garrantzitsuak ziren jainkoentzat tenplu gehiago eraikitzeko sortu ziren. Haitzurdinez eginak, eurek hasieran zurez eginiko eraikinen zur mozketa teknikak imitatu zituzten.

Doriar ordena antzinakoena eta sinpleena da, zutabe irmoak eta, aldi berean, zirrara eragiteko gorriz edo urdinez margo zitezkeen eskulturaz estalitako fronteekin. Beste estilo batzuekin alderatuta, ez du oinarririk. Egundaino mantendu den tenplu doriar baten eredua Partenona da, K. a. 438an egina eta Atenasko Akropolian dagoena.

Joniar ordena garai bertsuan agertu zen Asia Txikiko hiririk aberatsenetan. Arinagoa izatearen irudia ematen du, eta apaingarriagoa da, zutabe lirainekin, kapitelaren izkina bakoitzean boluta kiribilduak nabarmentzen direlarik. Estiloa bere garai gailenera Efesoko Artemisaren Tenpluarekin iritsi zen, Munduko Zazpi Mirarietako bat zena eta gaur egun desagertua dagoena. Joniar arkitektura Atenasko Akropoliko Atenea Nikeren tenpluan nabari daiteke.

K. a. 400 inguruan joniar arkitekturaren bertsio berri eta elaboratuago bat agertu zen: korintiarra. Zutabeen kapiteletan zizelkaturiko akantozko hosto nahaspilatsuengatik bereizten zen, Ekialde Ertainaren eragina isla dezakeena. Korintoar ordenaren prestutasunak Erromatar Inperioko arkitekturaren arkitektura estilo kuttun bihurtu zuen. Tenpluak, dituzten zutabe kopuruarengatik sailka daitezke:

  • In antis, euren fatxadan bi baldin badituzte eta harresiak cellan.
  • Tetrastiloa: lau
  • Hexastiloa: sei
  • Oktastiloa: zortzi
  • Dekastiloa: hamar
  • Prostiloa: aurrealdean soilik arkupe bat baldin badu
  • Anfiprostiloa: atzealdean ere baldin badu.
  • Peripteroa: zutabe askeek cella inguratzen dutenean
  • Dipteroa: zutabe hilarak bi direnean
  • Pseudoperipteroa: alboetan atxikitako zutabez jarria dagoenean
  • Apteroa: zutaberik ez badu
  • Hipetroa: sabairik ez badu.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antzinako Greziako artea