Antzinako Greziako literatura

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Hesiodoren Lanak eta egunak hasieraren eskuizkribua grekeraz.

Antzinako greziar literaturak Bizantziar Inperioa arte greziera klasikoan idatzitako testuek osatzen dute. Literatura honetako lan ezagun zaharrenak Aro arkaikoaren hasierako, Iliada eta Odisea, poema epikoak dira. Hauez gain, Himno homerikoek eta Hesiodoren Teogonia eta Lanak eta egunak poemek osatzen dute Greziar literaturaren oinarria, ostera Aro Klasiko, Helenistiko eta Erromatarrean garatuko dena.

Greziar literatura arkaikoa (K.a. VIII-VII)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poesia epikoa: Homero[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Homeroren bi poema epikoak K.a. VIII. mendean grekoek idazkera berreskuratu zutenean idatzitako edo diktatutako poemak ditugu. Epopeia guztiak bezala, aedo batek herriaren aurrean kantatutako poesia narratiboa dira, bertso-lerro luzeetan ematen den poesia. Antzinako heroiek borroka egiten duten desagertutako mundu bat gogoratzen dute, poetak haien aintza kantatzen duelarik. Humanitatearen ispilu ditugu, haren bertuteekin eta idealekin. Grekoen mundu epikoa jasotzen dute azken finean, historia eta mitoa nahasturik kontatzen ziren legendak, eta aedoek nobleen oturuntzetan eta jainkoak ondratzeko festetan kantatzen zituztenak. Ahoz transmititzen ziren, idazkeraren laguntzarik gabe.

Homero

Greziar literaturaren hasieran Homeroren Iliada eta Odisea lanak daude. Homeroren irudia misterioz inguratuta dago, alexandriar garaitik dator Homeroren auzia deritzana, Homero poeta greziarraren existentziari eta benetako nortasunari buruzko eztabaida eta berari egozten zaizkion lanen aitatasunari eta eraketari buruzkoa.

Poesia didaktikoa: Hesiodo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hesiodorentzat elkarbizitzarako ezinbestekoak ziren lana eta justizia. Oso urrun dago hau Homeroren kantuetatik nahiz eta elementu formal berdinak erabili. Genero berri hau sortzean, poesia didaktikoa, ez du gerrako heroien ekintza gogoangarririk kantatu nahi, baizik eta bakerako behar diren oinarrizko elementuak erakutsi.

Hesiodo

Homeroren inguruan dagoen ilunpearen aurrean, Hesiodoren lanetan bere bizitzari buruzko zenbait datu azaltzen dira. Hesiodoren ikerlariek bi lan besterik ez dituzte ematen Hesiodorenak bezela: Teogonia eta Lanak eta egunak, nahiz eta tradizioak beste asko egotzi.

Hala ere, Homero eta Hesiodoren arteko antzekotasunek pentsarazten dute, bien jarduera independentea izan arren, garai mizenikoaren amaierako tradizio kultural beretik abiatzen direla, eta garai ilunean era ezberdin baten bilakatu zirela Beozian eta Jonian. Badira, bestalde, Homeroren lanetan agertzen ez diren beste ahozko tradizio batzuen arrastoak, hala nola, genealogiak edo kosmologiak. Hauen ondorengo lirateke Hesiodoren lanak eta Himno homerikoak. Fernández Delgadoren ustetan[1] litekeena da kontinenteko ahozko poesiaren tradizioa (ez homerikoa) jarraitzea eta hemen sartuko lituzke Hesiodoren poesia, himno homerikoak eta orakuluen poesia.

Poesia lirikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poesia lirikoa Grezian lirarekin, edo beste kordadun musika-tresnekin, kantatutako poemak ziren. Lirika monodikoa edo korala izan zitekeen, eta ez zituzten gaur egun lirika barruan aipatzen ditugun bi genero kontuan hartzen, elegia eta ianboa, aspalditik kantuak garrantzia galdu egin zuelako bi hauetan, edo, elegiaren kasuan, txirularen laguntzaz kantatzen zelako.

K.a. VII. mendetik aurrera lirika literarioa dugu Grezian: autore batek eginiko lirika, “poeta” batek, bat-batekotasuna eta egitura finko eta erritualen ordez. Tradizioa alde batera erabat utzi gabe, edukiak zabaltzen dira eta erlijiotik at gehienbat. Poetak, jakituna, antzinako koru buruaren edo bakarlariaren ondorengoa, apaiz izaera izaten zuena, jainkoen mundua eta hemengo mundua azaltzen ditu, bizitza eta heriotza. Poesia hau guzti hau komunitatearentzat da: hiri guztiarentzat edo talde batentzat: sarritan oturuntzan bildutako aristokratentzat. Literatur liriko greko zaharrena  “ni” baten lana da “zu” bati zuzendua eta eragina lortu nahian. Arkilokok pariarrei gerrari eta giza bizitzari buruz hitz egiten die. Tirteok espartarrak Meseniaren aurka pizten ditu, Solonek bere politika azaltzen die atenastarrei, Altzeok Lesboseko noblezia suspertzen du. Beste batzuetan jainko bati zuzentzen zatzaie (adib. Safo Afroditari) edo hiritar bati (Arkilokoren Periklesi elegia: naufragio baten biktimek sortarazten duten mina nola jasan adierazten dio). Honekin, jakina, poetak bere nortasuna azaltzen du: ideiak, sinismenak eta gogoetak.

Lirika monodikoa: Safo eta Alzeo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liraren doinuaz poetak abesten zuena edo ondorengo ekileek; errepikatzen diren bertso lerro finko eta laburretan kantatua. Poesia landua da, aristokraziaren gustukoa, apaltasuna baloratzen duena. Gainontzeko lirika arkaikoa baino pertsonalagoa da, bai egilearen aldetik eta baita gaiaren aldetik ere. Lesbieraz zen, hasieran Lesbosen eman zelako, eta bertako hiriburua den Mitilenen jaio ziren bere fundatzaileak, Altzeo eta Safo. Gai erlijioso, politiko eta oturuntzakoez gain, erotikoak gehitzen dira. Mendearen bukaeran Teoseko Anakreontek mota honetako lirika idazten du, baina Joniako dialektoan.

Safo

Saforen gai nagusiena maitasuna da eta literatura-gai mailara igo zuen. Maitasunarekiko erlijio, giza edo literatur arauak alde batera utzita, gaia sakonean lantzen du, barnetik sortzen den sentimendu bezala eta grina, poza, samina edo gorrotoa eragiten dituena.

Fränkelek hiru sailetan biltzen ditu Soforen poemak: jai-giroan neskatxen koruak abesteko kantuak, gizakiei edo jainkoei zuzendutako kantuak uneko gaien gainean, eta lirika koralaren bidetik idatzitako poema bat[2].

Lehen sailean irudi erraz eta arinak dituzten epitalamioak edo eztei-kantuak ditugu. Hauek izan ziren Saforen poemarik ezagunenak eta garaian gustukoenak. Bigarren sailekoak lasaiagoak dira, soilagoak eta indartsuagoak, eta era berean tolesgabeak, ez hain distiratsuak. Azkenik, lirika koralaren elementu guztiak dituen poema, gogoeta poema da.

Alzeo

Safok maitasunari idatzi zion bitartean, Alzeok, aldiz, politika gaiak jorratu zituen; tradizio bera abiapuntu izanik emaitza bestelakoa izan zen. Alzeorena Mitileneko familia noblea zen eta garai hartako ezegonkortasun politikoa zela eta familien  arteko liskarrak eta tiranoen aurkako borrokak normalak ziren. Hiriak, ordea, ez zuen ondo ikusten eta erbesteratu egin zuten. Berak, seguruenik, bere lagunei abesten dizkie bere kantu politikoak. Mirsilo tiranoaren aurka kantatu zuen, erbesteratuta egon zenean ere abestu zuen, gerra-kantuak gutxi batzuk ditugu, baina oturuntza gaikoak gehiago, edozein une da egokia edateko: ardoz ospaturiko berriak, neguan eta udan sasoian sasoiko arrazoiengatik ere edaten da…

Lirika korala: Alkman, Estesiroko, Pindaro, Simonides eta Bakilides.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espartan antzinatik landu ohi ziren musika eta kantua, monodikoa eta korala eta K.a. VII. mendean neurri handi baten kantu korala landu zen. Kantu hau molpea zen, hau da, kantua eta dantza denak batera, gerora Atenaseko tragedietako koruekin gertatuko den bezala. Egitura monostrofikoa zuen, non koruak estrofa bat errepikatzen duen, ez zen egitura bakarra. Egitura triadikoa ere ematen zen: estrofa, antistrofa eta errepikatzen den epodoa, seguruenik estrofa eta antistrofa koru-erdiek abesten zituzten eta epodoa koru osoak.  

Poetak estrofa mota berriak asmatzen ditu. Jenero erlijiosoez gain (ereserkiak, trenoak…) beste batzuk ere garatzen ditu, epinizioa, esate baterako, Jokoen garaileen ohorez. Dantza mota askotakoa zen: prozesioa edo dantza borobilean, edo baita ere bi koru-erdi batak besteari aurre egiten. Zalantzarik gabekoa dirudi gurtzekin lotuta zegoela, ekintza sakratua zen, jainkoren baten gurtzakoa, eta gurtza barruan, errituaren une batena (ditiranboa: Dionisoren ohorez, peana: Apoloren ohorez, partenioa: neska gaztez osaturiko korua, epinizioa: hiri garaile edo atleta garaile baten gainean, enkomioa: hiri baten laudorioa…)

Doriar giroan izan zuenez indar handia hasieran, dialekto honetan egin izan da historia guztian zehar. Lirika koralaren adibide Espartako Alkman (VII. mendea) eta Himerako Estesiroko (VII-VI. mendeak) ditugu. Estesirokok lirika korala  narratiboan bihurtu zuen, epopeiaren jarraipena: hau berrikuntza bat da, erlijiosoa zen genero bat aisialdirako genero bihurtu baitzuen.  Baina bere garaia Tebaseko Pindarorekin, Zeoseko Simonides eta Bakilidesekin  lortuko du, VI. eta V. mendeetan mundu grekoa korritzen duten espezialistak dira, Sirakusako Hironen gortean bizi aldi baten, eta, azken finean, ordaintzen duten hiri eta partikularrentzat idazten dute. Sofisten eta filosofoen aitzindari izan daitezke. Giza bizitzari buruzko hausnarketak egiten dituzte.

Gainontzeko genero liriko aurre literarioek ez dute emaitza handirik, antzerkira heldu arte, elkarrizketa lirikoa garatu zuelarik (koru/koru, bakarlari/koru, bakarlari/bakarlari).

Alkman

VII. mendeko bigarren zatian entzun ziren Alkmanen koru kantuak; arteen jokoa eta entretenimendua oraindik ematen zen Espartan sasoi hartan, beranduago izan zuen hertsimenduaren aurretik. Nahiz eta bera Espartakoa ez izan, han egin zuen bere bizitza; Sardeskoa zen, Asia Txikiko barnealdekoa.

Gugana heldu diren  zatiak partenioak dira eta K.a. VII. mendeko espartar neskatxen jardunetara garamatzate, kantua eta dantza, berez, erlijio ospakizun baten funtsezko elementuak dira.

Estesikoro

Estesikorok lirika korala  narratiboan bihurtu zuen, epopeiaren jarraipena: hau berrikuntza bat da, erlijiosoa zen genero bat aisialdirako genero bihurtu baitzuen.

Pindaro

Beoziako Pindaro-rekin, K.a. 522an jaioa, kantu koralak bere goia jotzen du. Bere lanen zatirik garrantzitsuena epinizioek osatzen dute eta Joko Panhelenikoen arabera sailkatuta heldu zaizkigu: Oda Olinpikoak, Zeusi Olinpian eskainitako jokoen irabazleen ohorez, Oda Pitikoak, Apolori Delfosen eskainitako jokoen irabazleen ohorez, Oda Nemearrak, Argoseko jaialdietan irabazi zutenei eskainiak, eta Oda Istmikoak, Korintoko Istmoan ospatzen ziren jaialdi panhelenikoetan garaile suertatu zirenei eskainiak. Pindaro poeta panheleniko gisa aurkezten zaigu, gora-behera historikoetatik kanpo poesiaren artea menperatzen duena. Erlijio olinpiko tradizionalaren defendatzaile, gizaki hilkorren txikitasuna kantatzen du jainkoen boterearen aurrean: Zeusen justizia kantatzen du, edo Apoloren orojakitasuna, Heraklesen indar ikusgarria…. Pindaroren poemek, bestalde, “arrazoiarengandik at” dagoen mundu erakargarria aurkezten du (magia, bihozkadak…), beste munduko bizitza edota profeziak.

           Epinizioetan gaiak aukeratzerakoan eta ordenatzerakoan ardatz nagusi baten inguruan egiten du, garailea poetarekin lotzen duena. Gaiak garaipenaren laudorioa, garailearen gorazarrea, garailearen arbasoen eta sendien laudorioa… Mitoak ere izugarrizko garrantzia du epinizioetan. Oda bakoitzean mito bat edo gehiago ager daitezke, beste pertsonaia edo saga mitikoen aipamenekin batera. Balio estetikoaz gain, mitoak balio funtzionala ere badu, gizarte grekoan mitoa giza komunikazio  kodea ere baita, balio kulturalak bildu et transmititzen dituena, eta entzuleei ereduak hurbiltzen dizkiena. Mitoen aukeraketa garailearen herriaren arabera egiten du.

           Bere poesia zaila da, gai aldaketa azkarrengatik, hitzen orden aldrebesagatik…. Bere oden egituran, badira ia beti azaltzen diren elementuak: batetik, garaileari, bere familiari, bere herriari eta beste kirol-garaipenei egindako aipamenak; bestetik, zenbait mitoen aipamenak, zerikusi zaila dutenak jaialdiarekin, garailearekin, bere arbasoekin edo herriarekin; eta, azkenik, gogoeta moralak eta iritzi etiko eta erlijiosoak.

           Epinizioez gain, Pindarok baditu beste konposizio batzuk ere, hala nola, Jainkoei Himnoak, Peanak (Apolori edo beste jainko batzuei eskerrak emanaz), ditiranboak , enkomioak, e.a..

Simonides

Zeoseko Simonides (556-468) handik hona dabilen poeta dugu, gorte batetik bestera, jauntxoen zerbitzura. Diru eta ondasun zale agertzen zaigu, baita sophos ere, ikuspuntu morala ematen duen jakituriaz. Enkarguz eta diru-truk lirika korala idatzi zuen lehenengoa omen. Bere ospea trenoei zor die, hileta-kantuei, non gogoeta moralak egiten zituen, eta epinizioei, jokoetako irabazleei eskainitako kantuei. Aintzinatik Simonidesen epinizioak kirol-motaren arabera sailkatuak azaldu zaizkigu: lasterketa, borroka, pentatlona, boxeoa, zaldi-lasterketa, kuadriga-lasterketa, mando-lasterketa… Mitoa oso zati garrantzitsua da mota hauetan.

           Simonides Pindaro baino berrogei urte zaharragoa zen, eta, hala ere, modernoagoa, etorkizunari begiratzen ziona.

Bakilides

Prosa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko kulturetan poesiaren bidez adierazi dira lehen ideia serio eta  fundamentuzkoak, prosaren sorrera berantiarra izan da. Grezian ere, nola ez, poesia erabili izan zen mendeetan zehar, eta gai didaktikoak eta filosofikoak poesiaz adierazi ziren. Hau dela eta, lehen prosa sortu zenean Grezian, zaila zen edukiagatik bereiztea poesia eta prosa. Prosaz adierazten hasi ziren idazkiak izaera teknikoa zuten: filosofia, legeak eta politika, zientzia, teknika…  Baina  testu hauek edukiagatik zuten interesa, ez lan artistikoak izateagatik. K.a. VI. mendera arte, poesiaren loratzetik bi mende beranduago, ez da aurkitzen izaera literarioa duen prosa lanik.

Filosofia presokratikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

VII.-VI. mendeen artean Jonian ematen den mugimendu zientifikoak zerikusi nabaria izan zuen prosaren garapenarekin. K.a. VI. mendean eta V.aren hasieran, pentsalariak hasten dira munduaren jatorriaz eta funtzionamenduaz galdezka, mitoekin bat egin gabe, eta printzipio abstraktu unibertsaletara jotzen dute kosmosa azaltzeko. Gerora, presokratikoak izenez bildu izan dira, aro klasikoko Sokrates baino lehen bizi eta idazten baitute. Filosofoek tratatuak idazten dituzte, sarritan bertsotan.

Tales Miletokoa, astronomoa gainera, Aristoteles edo Platon bezalako geroagoko autoreek idatzi zutenaren bidez bakarrik ezagutzen da; berak uste du ura dela gauza guztien jatorria. Honen ondoren, bi pentsalari milesiarrek bere ideiak idatziz uzteko interesa azaldu zuten: Anaximandro, apeiron (mugababe, infinitu, zehazgabe) izendatu zuen unibertso osoaren jatorria eta helmuga, eta Anaximenes, zeinentzat airea den. Efeson, Jonian, Heraklitok, aforismo ilunetan, munduari buruzko egiak formulatzen ditu, non mugikortasun kosmikoaren doktrina garatzen duen, kontrakoen arteko borrokan oinarritzen dena. Pitagorasek, pitagorismoaren sekta erlijiosoaren sortzailea, zenbakietan bilatzen du harmonia kosmikoa eta, beraz, matematiketan eta musikan. Geroago, Agrigentoko Enpedoklesek, pitagorismoak eta orfismoak eraginda ziurrenik, unibertsoaren oinarriak bilatzen ditu lau elementutan (sua, ura, lurra eta eterra), eta esaten du maitasunak eta gorrotoak (Eros eta Eris) printzipio unibertsalek bultzatzen dituztela, mistizismoz beteriko sistema filosofiko batean (berraragiztatzean sinesten du).

Kolofonteko Xenofanes, Elean eskola filosofiko baten sortzailea, Homerok eta Hesiodok agerturiko jainkoen ikusmoldea bortizki kritikatzen duen lehenetariko bat da; Xenofanesen dizipulua izan daiteke, Parmenides Eleakoak, itxurazko aldaketek ezkutaturiko kosmosaren erabateko gelditasunari buruzko doktrina garatzen du, Heraklitorenaren guztiz kontrakoa. Atenasen, Anaxagorasek baieztatzen du Izpiritua (Nous) printzipio unibertsaltzat. Abderako Demokritok atomismoaren sistema lantzen du, zeinaren arabera unibertsoa gorputz banaezin ñimiñoak (a-tomoak), hutsean eboluzionatzen baitute.

Historiografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asia Txikian eta VI. mendearen amaieran  pausu berri bat eman zen. Hango grekoak kanpoko erregeen menpean bizi ziren, hasieran Lidiako erregearen eta gero Pertsiakoaren menpe. Honek herri haiekiko jakinmina sortarazi zien, eta jakinmin hau ez zitzaien mito grekoekin asetzen.

Hau honela, mota guztietako informazioa ematen zuten idazkiak sortu ziren, nola geografia, etnografia, hala ohitura politiko edo erlijiosoak, edo historia zatiak biltzen zituztenak, hau da, periploak.

Garai berean sortzen dira logografoak, lekuan lekuko historiak idazten dituzten idazleak, eta, hauen artean, Miletoko Hekateo dugu ezaguna; Lurraren inguruko bidaia izeneko lana idatzi zuen, Mediterraneoko eta Itsaso Beltzeko periploa, Gibraltarretik hasita; gehienbat bere bidaietan oinarriturik, herriak, populazioa, ohiturak, animaliak eta bitixikeriak deskribatzen zituen, herri-ipuinekin batera. Lurraren planoa ere diseinatu zuen, disko lau gisa ozeano gainean flotatzen. Bere lanik ezagunenak Genealogiak izan ziren, historia orokor bat.

Greziar literatura klasikoa (K.a. V)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literatura greko klasikoa antzinako literatura grekoa da, K.a. V. eta IV. mendeetan ematen dena. Garai honek antzinako literatura grekoaren maisulantzat hartzen diren lan askoren sorrera ikusten du.

Joniako greziar hirien matxinadak eta Greziako hirien eta Persiako inperioaren arteko mediar gerrek, K. a. V. mendearen lehen hamarkadetan, mundu grekoa iraunkorki markatzen dute, eta Atenasko hiria botere politiko eta ekonomiko nagusira iristen laguntzen dute mende honen erdialdean. Atenas, halaber, Grezia erdialdeko bizitza artistiko, intelektual eta kulturalaren egoitza nagusi bihurtzen da: hor biltzen dira filosofoak, poetak eta jakintsu edo adituak. Gainera, erregimen demokratikoa elokuentziaren lorpenaren aldekoa da, bakoitzak bere ideiak defendatzeko aukera ematen baitu. Atenasek, Peloponesoko gerran, Espartaren aurka jasandako porrotaren ondorioz, mende amaieran galdu zuen nagusitasun politikoa; K.a. IV. mendean hainbat hiri norgehiagoka aritzen dira inor luzez gailendu gabe, K.a. 338an Mazedoniako Filipok denak menperatu zituen arte.

Antzerkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kronologikoki badirudi tragedia sortu zela lehenago literatur genero gisa, eta handik ez urte askotara, komedia etorri zela. Aristotelesek tragediaren eta komediaren jatorrien berri ematen du bere Poetikan[3].

Tragedia: Eskilo, Sofokles eta Euripides[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskilo

Sofokles

Euripides

Komedia: Aristofanes[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aristofanes

Historia: Herodoto, Tuzidides eta Xenofonte[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herodoto

Tuzidides

Xenofonte

Hizlaritza: Isokrates, Lisias eta Demostenes[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Isokrates

Lisias

Demostenes

Medikuntza: Hipokrates[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hipokrates

Filosofia: Platon eta Aristoteles[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Platon

Aristoteles

Greziar literatura helenistikoa (K.a. IV-II)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 338an Esparta ez beste greziar hiri guztiak Mazedoniako Filipo II.ak konkistatu zituen. Filiporen semeak, Alexandro Handiak, asko hedatu zuen bere aitak konkistatutako lurraldea. Alexandro Handiaren konkisten ondoren, greziar zibilizazioa Ekialdeko Mediterraneo osoan hedatu eta betikotu zen, eta greziar hizkuntzak protagonismoa hartu zuen kulturan. Egipto iparraldeko Alexandria hiria K. a. III. mendetik aurrera greziar kulturaren erdigunea bihurtu zen.

Poesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. III. mendean loratu zen:

Teokrito

Kalimako

Apolonio Rodaskoa

Komedia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Menandro

Historiografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eratostenes

Septuaginta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldi helenistikoko ekarpen baliotsuenetako bat Itun Zaharretik grekorako itzulpena izan zen. K. a. 250 eta 150 urteen artean idatzi zen Alexandrian eta Septuaginta (Hirurogeita hamar) izena eman zitzaion, juduen tradizioak diolako 72 judu jakintsuk (tribu bakoitzeko seik) 72 egunetan egindako itzulpena dela.

Greziar literatura erromatarra (K.a. 146-K.o. 395)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 146an, hirugarren gerra punikoaren ondoren, erromatarra deritzon garaia hasiko da, Grezia eta erresuma helenistiko asko erromatar probintzia bihurtzen direnean. Erromak Grezia konkistatu eta Erromatar Inperioaren probintzia izango da lehenengo eta Ekialdeko Erromatar Inperioarena ondoren.

Historialariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandro Handiaren ondorengo historialaririk nabarmenak izan ziren:

Polibio

Diodoro Siziliakoa

Dionisio Halikarnasokoa

Apiano

Plutarko

Flavio Arriano

Nobela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

II. eta III. mendeetan garatu zen, nahiz eta obren datazio zehatza eztabaidagarria izan. Gerora bizantziar eleberriaren edo abenturazko eleberriaren generoa inspiratu zuten.

  • Nino, K.o. I. mendeko papiroan. Protagonistak Nino, Asiriako erregea, eta Semiramis dira. Nino eta Semiramis asiriar errege-erreginen inguruko legendak jasotzen dituzten iturriak garai eta testuinguru geografiko desberdinetako euskarri desberdinetan iritsi dira. Material literarioak (eskuz idatzitako tradizioa, ostraka eta papiroak) eta ikonografikoak (inskripzioak, erliebeak, txanponak eta mosaikoak) dira.
  • Ianbuloren bidaia nobela, erdi etnografikoa, erdi fabulosoa. Ianbulo zibilizazioak usteldu duen naufragoa da, herri eder batera heldu eta zazpi urtez bizi da han zoriontsu, botatzen duten arte.
  • Kariton Afrodisiaskoa. Kereas eta Kalirroe nobela maitsun historia luzea da. Sirakusako bikotea ezkontzen da, gurasoak aurka dituzten arren. Kereasek emaztea hiltzen eta ehorzten du, baina ez da hil, hilobitik pirata batzuek bizirik bahitu dute eta Joniara eraman dute esklabu. Azkenean elkar aurkitzen dute.
  • Emesako Heliodorok (III. mendea) prestigio handia izan zuen ondorengoengan. Bizantziar eleberriaren abiarazlea da, maitasun eta abenturazkoa, Etiopikak edo Teagenes eta Kariklea nobelarekin, bi gazte iheslariren historia da.
  • Longo. Dafnis eta Kloe artzain nobelak ohiko gaia utzi eta egilearen lurraldean ematen da, bi gaztetxoen lehen amodioa kontatuz mundu bukoliko batean.
  • Xenofonte Efesokoa. Efesiarrak edo Antia eta Habrokomes nobelak, Herodoto eta Euripidesen eragina du.
  • Akiles Tazio. Leuzipa eta Klitofonte nobelak ohiko markoetatik atera  eta ohiturazko nobela errealista eskaintzen du.

Beste genero batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galeno medikua (131-201) Hipokratesen ondoren medikuntza zaharreko pertsonaiarik esanguratsuena da, K.a. V. mendean medikuntzaren oinarriak ezarri zituena.

Bizantziar literatura (395-1493)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. o. 395ean Teodosio I. hil ondoren, Inperioa bitan banatu zen: Mendebaldeko eta Ekialdeko erromatar Inperioak. Justiniano I.a Ekialdeko enperadorearen ondoren, greziar literatura helenistikoa Bizantzion babestu zen, eta bertan mantendu zen Erdi Aro osoan, balio gutxiko lanekin, 1453ra arte, Konstantinopla otomandarrek hartu zutenean.

Bizantziar literatura ertaroko grekoz idatzia da, Bizantziar Inperioaren hegemonian. Erdi Aro kristauan Ekialdeko Erromatar Inperioaren zati helenizatuaren bizitza intelektualaren adierazpena da. Greziar eta kristau zibilizazioa konbinatzen du erromatar sistema politikoaren oinarri komunaren gainean, Ekialde Hurbileko giro intelektual eta etnografikoan kokatua.

Bizantziar literatura lau kultur elementutatik abiatzen da: grekoa, kristaua, erromatarra eta ekialdekoa, zeinen izaera konbinatu egin baitzen. Ekialdeko irudimenak kultura intelektual helenistikoaren, gobernuaren antolaketa erromatarraren eta kristautasunaren bizitza emozionalaren ekarpenak biltzen ditu.

Romano Melodos (V. mendea). Poesia erlijiosoa

Jorge Pisidiakoa (VII. mendea). Poesia epikoa, Heraklioren espedizioa persiarren aurka.

Prokopio Zesareakoa (VI. mendea). Gerren historia, Historia sekretua.

Teofanes . Historialaria.

Gregorio Palamas (1296-1359). Teologoa eta filosofoa. Prosopopeia, Teofanes eta Triadak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Fernández Delgado, J. A.. (1976). La poesía gnómica griega, una forma de expresión de la antigua poesía de composición ora. .
  2. Fränkel, Hermann. (1993). Poesía y filosofía de la Grecia arcaica. Visor, 171 or..
  3. «Aristotle, Poetics, section 1449a» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]