Anuar as Sadat
Anuar as Sadat[1] (arabieraz: محمد أنور السادات; Muḥammad Anwar as-Sādāt; Mit Abu l-Kum, 1918ko abenduaren 25a - Kairo, 1981eko urriaren 6a), egiptoar politikari eta militarra izan zen. Egiptoko Arabiar Errepublikako hirugarren presidentea izan zen, 1970eko urriaren 15etik 1981eko urriaren 6an erahil zuten arte.
Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1918ko abenduaren 25ean jaio zen Mit Abu l-Kumeko familia behartsu batean. Kairoko akademia militarrean ikasketak egin ondoren, alemaniarrei lagundu zien Bigarren Mundu Gerran britainiarrak Egiptotik egozten. Ingelesek atxilotu zuten, baina ihes egitea lortu zuen 1942an.
Ofizial Askeen Mugimenduan hartu zuen parte, 1952an Faruk erregea bota zuena, kolpe militarraren bidez. 1970ean haren laguna zen Gamal Abdel Nasser jarri zen aginpidean eta oso kargu garrantzitsuak izan zituen Sadatek: Batzar Nazionaleko lehendakariorde (1960-1968), Errepublikako presidenteorde (1964-1966; 1969-1970) eta presidente, 1970. urtean Nasser hil zenetik aurrera. Orduan, hamaika urtez, naserismotik aldendu eta alderdi anitzeko sistema ezartzeaz gain Infitah politika bultzatu zuen. Sobietarrekiko harremanak eten zituen (bertan zeuden teknikari sobietarrak egotzi zituen errepublikatik) eta erabat hurbildu zen Estatu Batuen nahietara.
1973an Yom Kippur Gerraren buruzagi nagusienetariko bat izanik, Egipton eta arabiar munduan heroi bilakatu zen. Hala ere, Israel bisitatzeak eta 1978-1979 urteetan Camp Davideko Hitzarmenak sinatzeak arabiarren gorrotoa ekarri zuen, baita sobietarren haserrea piztu ere. Alabaina, Bakearen Nobel Saria irabazi zuen 1978. urtean Menahem Begin lehen ministro israeldarrarekin batera[2]. 1978. urtean argitaratu zen haren autobiografia bat: In Search of Identity ("Nortasunaren bila").
1981ean hil zuten, atentatu batean, Yom Kippur Gerran lortutako garaipena oroitzeko desfilean. Israelekin sinatutako bake hitzarmenaren aurka zegoen militar islamisten talde batek egin zuen atentatua: desfileko kamioietako batetik jaitsi ziren, eta granadak jaurti zizkioten. Tiroka ere egin zioten eraso.[3]
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ Egypt and Israel Sign Formal Treaty, Ending a State of War After 30 Years; Sadat and Begin Praise Carter's Role. The New York Times, nytimes.com.
- ↑ Berasategi Otamendi, Gorka. Faraoi militarraren ondarea. Berria egunkaria, 2020ko otsailak 26, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-4-16).
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- (Arabieraz) (Ingelesez) Webgune ofiziala
Aurrekoa Gamal Abdel Nasser |
Egiptoko presidentea![]() 1970 - 1981 |
Ondorengoa Sufi Abu Taleb |