Apo ezproidun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Apo ezproidun
Miozeno ertaina-Gaur egun
Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea

Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea


[1]
Iraute egoera

Kaltebera (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAmphibia
OrdenaAnura
FamiliaPelobatidae
GeneroaPelobates
Espeziea Pelobates cultripes
(Cuvier, 1829)
Banaketa mapa

Apo ezproiduna (Pelobates cultripes) Pelobatidae familiako urlehortarra da, Frantzian, Euskal Herrian eta Iberiar Penintsulan bizi dena[2].

Apo ezproidunak inguru lehortarretara ederki moldaturiko anuruak dira eta Euskal Herriko hegoaldean aurki ditzakegu, Bardea bezalako ingurune ia desertikoetan. Eguraldia oso hezea ez den bitartean, eguna lurpeko freskotasunean ezkutatuta pasa ohi dute eta uretan ugaltzen direnez, urik ez dagoen urteetan ez dira ugaltzen. Apo ezproidunari izena atzeko hanketan ageri duen kolore beltzeko tuberkulu metatartsiarrak ematen dio, ezproi itxura izaten duena.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie honen zapaburuek oso tamaina handia lortzen dute, 120 mm-ko aleak ikusi izan direlarik (Boulenger, 1897). Hala ere, arruntena 80 mm ingurukoak izatea da (Álvarez eta Salvador, 1984). Gorputza isatsa baino zertxobait txikiagoa da, hain zuzen ere, isatsarekiko 0,88 aldiz motzagoa.

Espirakulua ezker aldeko alborantz zabaltzen da eta orientazio posterodortsala du. Uzkia, aldiz, gorputzaren atzealdean kokatzen da, erdiratuta. Moko korneoa, kolore beltzekoa, ondo garatuta dago. Aho-diskoan, papilek zirkulu moduko bat osatzen dute, baina ez da erabat isten, goiko ezpaineko erdialdean zabalik mantentzen baita. Ezpain-hortzak hilera sinpleetan lerrokatzen dira, maiz patroi irregularreko serieak eratuz, nahiz eta formularik arruntenak 3/5, 4/4, 4/5 edo 5/5 diren (Busack eta Zug, 1976; Álvarez eta Salvador, 1984; García-París et al., 2004).

Isats sendoa dute, mutur zorrotz batez bukatzen dena eta ondo garatutako gandorra izan ohi dute, gorputzaren erdialderaino luzatzen direnak dortsalki. Kolorazioa aldakorra da, normalean gris-horixka edo arre argia eta orban zuriak dituzte, bereziki eskualde kaudalean (García-París, 1989). Lateralki eta dortsalki kolore argiagoak izaten dituzte, irisazioekin.

Helduak tamainaz ertainak dira eta itxura sendokoak. Burua luze baino zabalagoa da eta oso begi handi eta irtenak dituzte, dortsolateralki gailentzen direnak. Begien arteko distantzia, narinen artekoa baino askoz handiagoa da. Buruaren goiko aldean azala kranioari lotuta egoten da, itxura zimurra hartuz. Ez ditu tinpanoak agerian, ezta guruin parotideak ere. Begi-nini bertikala dute, zilar koloreko irisarekin. Ez dute aho-zakurik.

Aurreko hankek lau hatz libre dituzte eta atzekoek, mintz baten bidez loturiko bost hatz. Tuberkulu metatartsiano oso garatuak eta gogortuak dituzte, kolore beltzeko ezproi moduko bat osatuz.

Azal leun eta distiratsua dute eta bizkarraldeko kolorazioa aldakorra da: horixka, zurixka, grisa, berdexka edo arrea, arre edo berde ilun koloreko orbanekin. Sabelalde zurixka dute, hau ere batzuetan orban ilunagoekin (Boulenger, 1897; Angel, 1946; Salvador, 1974, 1985; Guyétant, 1986; Barbadillo, 1987; González de la Vega, 1988; Galán eta Fernández-Arias, 1993; García-París et al., 2004). Azkenik, zenbait ale albino ere ikusi izan dira.

Arrek guruin karakteristiko batzuk izaten dituzte galtzarbetan. Gainera, araldian zehar, pikor modukoak garatzen dituzte hanketan. Emeek maiz orban dortsal ilunagoak dituzte, lerro longitudinal irregularretan paratuta.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar penintsulako eskualde mediterraneoan aurkitzen da batik bat (Malkmus, 1995; Barbadillo et al., 1999; Godinho et al., 1999; Ferrand de Almeida et al., 2001; Tejedo eta Reques, 2002; Cruz, 2008), Frantziako hego-ekialdeko kostaldetik zehar zabalduz, Alpeetaraino (Guyétant, 1986).

Euskal Herrian hegoaldeko inguru lehorrenetako anfibio tipikoak dira. Besteak beste, Ebro ibaiaren inguruan, El Pulguer, Pitillas, La Estanquilla eta Agua Salada bezalako hezeguneetan bizi dira eta, esan bezala, Bardeak inguruetan ere topa daitezke. Hala ere, 2005. urtean Arabako hegoaldeko 10 hezeguneetan egindako ikerketa batean ez zen alerik topatu (Olano et al., 2007).

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apo ezproidunaren zapaburuak igerilari aktiboak dira eta ur-masen sakonera desberdinetan aurki daitezke, bereziki hondoan baina baita ur-zutabean eta gainazalean ere (Díaz-Paniagua, 1987). Tenperatura altuekiko nahiko toleranteak dira, 32 °C-ko tenperaturak jasan ditzaketelarik. Hala ere, ikusi izan da 35 °C-rekin heriotza-tasak erabatekoak direla bi orduren buruan (Cei eta Crespo, 1971).

Helduak, substratu hareatsua duten eremuetan aurkitu ohi dira, edo behintzat arazo handirik gabe lurperatzea baimenduko dien substratuetan. Habitat ugarietan aurki daitezke, esaterako artadi eta pinudietan, baina baita zonalde irekietan, nekazal larreetan, dunetan, paduretan, euri-ibarretan... Orokorrean, altitude txiki edo ertainak nahiago izaten dituzte baina itsas mailatik 1.770 metrora aurkitu izan dira, Erdialdeko Sisteman (Cejudo, 1990).

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zapaburuak mikroorganismoz, hondakin begetal eta animalia-hondakinez, krustazeo txikiz eta beste anfibioen arrautzez elikatzen dira. Jarrera kanibalak ere izan ditzakete, putzu berdinean zapaburu asko dauden kasuetan. Larbak tamainaz handitu ahala, dieta fanerogamoez aberasten dute (Cei eta Crespo, 1971; Busack eta Zug, 1976; Díaz-Paniagua, 1985; González de la Vega, 1988, Tejedo, 1991; Pérez-Santigosa et al., 2003).

Larben elika-jarrera oso aldakorra da eta teknika desberdinak erabiltzen dituzte: detritusaren xurgatzea, perifitonaren karraskatzea, landare zatien karraskatzea, ponpatzea eta xurgatzea.

Apo helduak ornogabe ugari ehizatzen ditu, bereziki anelidoak, gasteropodoak, ortopteroak eta koleopteroak (Boulenger, 1897; Gadow, 1901; Angel, 1946). Euskal Herrian egindako ikerketa batean koleopteroek (%35,2), anelidoek (%9,9), dermapteroek (%8,4), lepidopteroen larbek (%8,4) eta himenopteroek (%7) osatzen zuten batik bat bere dieta (Bea et al., 1994). Tamaina handiko aleak anfibio txikiez elikatzen ere ikusi izan dira, esaterako, hegoaldeko zuhaitz-igelaz (Díaz-Paniagua et al., 2005).

Ehizatzeko, apoek gorputza zutitu egiten dute eta inguruko harrapakinak lokalizatu.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tenperaturak epeltzen hasten direnean eta prezipitazioen ostean, apo ezproidunen migrazioak hasten dira, ur inguruneetarantz (Lizana et al., 1994; Salvador eta Carrascal, 1990). Ilunabarrez iristen dira putzuetara eta landaredi gutxiko ur-masen inguruan pilatzen dira. Iristen lehenak alerik handienak izaten dira (Salvador et al., 1986; Lizana et al., 1994). Araldiak 35-41 eguneko iraupena izan dezake (Lizana et al., 1994; Salvador eta Carrascal, 1990).

Ar zein emeek ur azpian egiten dute korroka, 1-10 deietako serieetan. Deien bidez, emeek aktiboki bilatzen dituzte arrak eta arrek, era berean, beste arrak detektatu eta hauekin borrokatzen dira (Lizana et al., 1994).

Bikotea osatzea lortzen denean estaltzea hasten da, apo hauen kasuan, iztaiko anplexu bidezkoa dena. Eme bakoitzak 2300 arrautza jartzen ditu bataz beste (Lizana et al., 1994) eta errun ahala arra hauek ernaltzen joango da.

Normalean, arrak ugaldu direneko putzuan 20 egun inguruz mantentzen dira, eta emeak 1-8 egunez. Honek, araldian zehar putzuen inguruan ar gehiago egotea eragiten du, eta ratioa, hain zuzen ere, 1,5:1-ekoa izaten da (Salvador et al., 1986; Salvador eta Carrascal, 1990; Lizana et al., 1994).

Arrautzek 1,5-1,7 mm-ko diametroa dute eta aste baten buruan 5 mm inguruko zapaburuak aterako dira bertatik (Pujiula, 1931a, 1931b; González de la Vega, 1988; Salvador eta García-París, 2001). Zapaburuen garapenerako tenperatura optimoa 27-28 ºC-koa da.

Zapaburuek isatsa erabat desagertu aurretik burutzen dute metamorfosia (Busack eta Zug, 1976) eta 18-34 mm dituztela uretatik ateratzen hasten dira (Alvarez et al., 1990).

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere banaketa eskualdeko eremurik hotzenetan, esaterako Euskal Herrian, neguan iraupen aldakorreko hibernazio moduko bat burutu dezake, eta bere aktibitatea hilabeterik lehorrenetan ere murriztu daiteke. Beraz, aktiboagoa izango da negu edota udaberri bukaeran (Barbadillo, 1987).

Animalia ia erabat lehortarrak dira eta soilik araldian zehar hurbiltzen dira ur inguruetara. Soilik gauez dira aktiboak, bereziki ilunabarrez, nahiz eta egun lainotuetan egunez ere ikus daitezkeen, batik bat araldian zehar. Inaktibo daudenean bertikalki eta atzerantz lurperatzen dute euren burua, atzeko hanketako espoloiak erabilita (Valverde, 1969). 58 cm-ko sakoneratan ere aurkitu izan dira apo ezproidunak (González de la Vega, 1988). Sasoi lehor hauetan zehar euren pisuaren %30 galtzera ere iris daitezke.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere izaera ia lurtarra dela eta, ez da beste anfibio askorekin batzen, ez behintzat ugaltze sasoitik kanpo. Hala ere, sasoi honetan putzuak elkarbanatzen ditu Hyla meridionalis, Discoglossus galganoi, Pelophylax perezi eta Epidalea calamitarekin (Cei eta Crespo, 1971; Díaz-Paniagua, 1983). Gainera, Triturus marmoratus apo ezproidunaren arrautzak jaten ikusi izan da (Martínez-Solano, 2000).

Horrez gain, apo ezproidunaz elikatzen diren harrapari ugari deskribatu izan dira. Aipatu bezala uhandre marmolaireek, zenbait narrastik (Natrix maura, Emys orbicularis, Mauremys leprosa), ugaztunek (Sus scrofa, Meles meles, Herpestes ichneumon, Genetta genetta, Lutra lutra, Rattus norvegicus), hegaztiek (Ardea cinerea, Ardeola ralloides, Athene noctua, Buteo buteo, Chlidonias niger, Ciconia nigra, Egretta garzetta, Gelochelidon nilotica, Milvus migrans, Milvus milvus, Nycticorax nycticorax, Strix aluco, Sturnus unicolor, Tyto alba) eta ornogabe urtarrek (Triops cancriformis) jaten dituzte apo ezproidun heldu, zapaburu zein arrautzak (Bernis eta Valverde, 1954; Valverde, 1967; Knoepffler, 1979; Curt eta Galán, 1982; Domínguez et al., 1985; Santos et al., 1986; Tejedo, 1993; Rey et al., 1994; Anthonioz et al., 2000; Martínez-Solano, 2000; Gómez-Mestre y Keller, 2003; Díaz-Paniagua et al., 2007; Marangoni eta Tejedo, 2007b).

Azkenik, apo ezproidunaren parasito arruntak dira zenbait protozoo, esaterako, Protoopalina intestinalis (Metcalf, 1923) eta platelminto, Polystoma pelobatis (Combes, 1967; Combes eta Knoepffler, 1977).

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie Mehatxatuen EAEko katalogoan, "Interes berezikoa" bezala dago sailkaturik. Oso leku gutxitan, eta ale bakan batzuk baino ikusi ez direnez, populazioa txikia dela eta bakartuta ageri ohi dela esan genezake. Ez dakigu populazioa egonkorra den edo aldatzen ari den. Oro har, populazioek atzerakada izan dute, eta gertakari hori nabarmenagoa da banaketa-eremuaren ertzetan. Euskal Herriko iparraldean, 1970eko hamarkadatik 1980ko hamarkadaren erdialdera arte, populazioa nahiko egonkorra zen, nahiz eta aipamen gutxi egon, baina habitatean eragindako alterazioek ziur asko eragina zuten espeziean ordurako, eta aleak murriztea eragiten ari ziren.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Pelobates cultripes (Cuvier, 1829). in: Lisanfos KMS. Version 1.2. Online. Madril: Museo Nacional de Ciencias Naturales.
  2. Arnold, Nicholas; Ovenden, Denys (2002). Field Guide Reptiles & Amphibians of Britain & Europe. 2. Londres: HarperCollins. 68–69. orr. ISBN 0002199645.