Arabako eskualde kantabriarreko dorreak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Arabako eskualde kantabriarreko dorreak Eusko Jaurlaritzak 2018ko otsailaren 13an kultura ondasun izendatutako monumentu-multzoa da, 8 dorretxez osatua:

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dorretxe hauek babes-eraikuntzak dira; oro har, ibaien ondotik eta haran paraleloetan zehar doazen ondo egituratutako eta elkarri loturiko bideen inguruan lerrokatuta daude, erdi-mailako mendiko ingurune natural heze batean. Arabako isurialde kantauriarrak erliebe konplexua du ezaugarri, non ibaien ibilerek iparralderantz orientaturiko bide naturalak sortzen dituzten; ipar-mendebalde eta hego-ekialdera begira dauden mendikateek, bestalde, muga politiko zein naturalak ezarri dituzte. Ibaiak, hegoaldetik iparraldera Nerbioira doazenak, Gorbeiako iparreko hegaletatik jaisten dira, Altubetik esaterako, izen bereko mailetan meharturik; bai eta Angulo eta Gorobel mendilerro burgostarretatik ere, hala nola Lanteno-Ibalzibar, Izalde edo Izoria ibaiak, kostalderantz pasabideak eratzen dituztenak.

Arabako eskualde kantabriarreko dorreen historia-bilakaera aginte-egituren eta lurraldearen kudeaketaren trantsizio-prozesu bati loturik dago, berant Erdi Aroko mendeetan hasi eta XVI. mendearen hasierara arte hedatzen dena, leinu-gerren amaierarekin batera. Hori dela eta, beren eraikin nagusiek babeserako eta bizitzeko guneak dituzte barruan, soldaduak eta jauntxoak elkarrekin bizitzeko sortuak, bai eta biltegiratzeko lekua ere setiorik izatekotan; zenbait kasutan, halaber, industriaurreko makinak gordetzen ziren bertan, dolareak edo errotak, adibidez. Nolanahi ere, horietako asko beren jabeen boterearen adierazgarri bilakatu ziren geroago; izan ere, askotan, beraiei loturiko benetako jauregi eta ekoizpen-unitate bihurtu zituzten jabeek, sistemari errotak nahiz dolareak erantsi zizkiotelarik.

Oinplano karratu zein angeluzuzeneko eraikinak dira, bolumen prismatiko edo kubikodunak. Defentsarako zirenez gero, tamaina txikiko bao gutxi izan ohi dituzte, bizitzeko edo geroko ordezkaritza-lanetarako moldatutakoak. Perimetroko itxiturek harri-horma sendoak dituzte oro har, harlanduxka-elementuak eta guzti. Harlanduzko obra duten aleak daude; kadaltso eta goiko gorputzek, berriz, zurezko bilbadura duten horma-atalak eta oholtzazko betelana dituzte, batzuetan adreiluarekin edo harri eta kareore nahasketarekin ordezkaturikoa.

Zurezko egitura (bertako haritza gehienetan) arkupeduna da, eta normalean bi edo hiru hormarte ditu barruko bolumen prismatiko eskasean. Zutoinek harrizko harroinak edo karga-hormak (habetzanak) dituzte euskarri. Aleetako askotan, aldez aldekoak dira, pieza bakarrekoak. Hormak kargak banatu ohi ditu. Horiek garrantzitsuak direnez (batik bat ia osorik harriz eraikitako aleetan), zoru harritsu edo gogorra bilatu ohi da; horregatik, ez dute zimendu bereizgarri nahiz sakonik eta substratuan finkatzen dira zuzenean (eusteko ahalmen nahikoa duten marga edo harrietan, normalean). Perimetro-paretak portikoak zurruntzen ditu, beso bertikalekin ere finkaturik daudenak (zutikoen buruarekiko luzetara eta fustearekiko zeharka jarrita). Zenbait kasutan, goiko aldeko bermeak irtenak dira eta zurezko irtengune bat (kadaltsoa) eusteko diseinaturik daude; hura besoekin finkaturik egon ohi da kanpoalde eta barrualdean, eta oso gutxitan mantentzen da bere lekuan edo osorik.

Dorre banderizen gune bereizgarriak bi solairutan banatu ohi dira, beheko solairu bat ere dutelarik. Hara ezin zitekeen kanpoaldetik sartu zuzenean; hala eta guztiz ere, geroko moldaketa funtzionalen ondorioz, ateak ireki izan dira ia kasu guztietan. Aletegia edo hornikuntzarako sotoa egongo zen bertan ziurrenik. Erasoren bat jasoz gero ken zitekeen eskailera baten bidez iristen zen lehenengo solairura (gaur egun kanpoaldearekin lotzen duen harrizko eskailera bat edo barruko komunikabide bat egongo dira horren ordez); bertan, harreretarako aretoa eta jabeen logelak zeuden. Hirugarren solairua defentsarako zen funtsean, bere altuera, babesa eta, kasu askotan, gelarik gabeko dorrearen gaineko hegalean egoteak bermatzen zuen estaldura zirela medio. Beste kasu batzuetan, halere, solairu horretan eguneroko bizitegi-guneak ere egon zitezkeen.

Dorreak, ekoizpen-egitura den aldetik, behar-beharrezko ditu bere inguruan antolatzen diren lurrak, basoak, ibilbideak, pasabideak, zubiak eta sakabanatutako eraikinak.

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa