Aralar (alderdi politikoa)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Aralar
Presidentea Patxi Zabaleta
Idazkari nagusia Rebeka Ubera
Sorrera 2001
Desegitea 2017ko abenduaren 2a
Egoitza nagusia Iruñea
Ideologia politikoa Ezker abertzalea, independentismoa
Nazioarteko afiliazioa Europako Aliantza Librea
www.aralar.eus
Artikulu hau alderdi politikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Aralar (argipena)».

Aralar Euskal Herriko alderdi politiko abertzale, independentista eta ezkertiarra zen. Euskal Herritarroken (EH) banantze baten ondorioz sortu zen. EH Bildu koalizioaren kide izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

90eko hamarkadan sortu zen Herri Batasunako korronte kritiko moduan, Patxi Zabaleta buru zelarik[1].

2000. urtean ETAren su etena amaitzean, Euskal Herritarrokeko sektore nagusiak Batasuna alderdian birsortzea erabaki zuen. Aralar korrontearen inguruan bildutakoek, berriz, ezker abertzale ofizialari borroka armatuaren inguruan hausnarketarik ez egitea leporatu eta alderdiaren barne antolakuntza kritikatu zuten. 2000ko maiatzaren 21ean, jendaurrean argitara emandako idatzi batean, Iñaki Aldekoa, Sagrario Aleman, Jose Ramon Amoros, Iosu Gulina, Victorio Lizarraga, Xabier Martinez Alaba, Pablo Muñoz, Pedro Romero eta Patxi Zabaletak ezker abertzalearen ildo ofizialarekiko desadostasunak agertu zituzten. Ezker abertzalearen Batasuna prozesuan parte hartzeko prest agertu ziren, baina zioten bide politikoak erabilita ezker abertzalea «birsortu» egin nahi zutela. Handik bi urtera eratu zen Aralar alderdi gisa, Batasunatik aparte.

2002ko ekainaren 22an eta 23an egin zuen kongresu eratzailea, Gasteizen. Ehkotopia leloa erabili zuen biltzarrean, hainbat kontzeptu uztartu nahian: Euskal Herria, ekologia, lurraren defentsa, globalizazioa, immigrazioa, sexuen partekotasuna eta ezberdinen defentsa. Han onartutako txosten politikoak ezarri zituen bere ibilbidean lagun izan zituen ezaugarriak: independentismoa, sozialismoa, ekologismoa, desobedientzia zibila eta globalizazioaren aurkako jarrerak, eta abar.

Aralarren jardun eremua ere ezarri zuten orduan. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan egituratzeko erabakia hartu zuten, haien iritzian Iparraldean ordurako Abertzaleen Batasunak betetzen zuelako ezker abertzale «zibilaren» eginkizuna. Beste hiru oinarri finkatu zituzten sorreran. Batetik, ezker abertzale «politiko, zibil eta demokratikoa» nahi zutela esan zuten, eta, horretarako, ETAk borroka armatua erabat utzi behar zuela. Bigarrenik, Euskal Herriaren eraikuntzarako tokiko hiru erabakitze esparruak edo hiru eremu administratiboak errespetatu behar zirela: EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria. Hirugarrenik, ezker abertzaleak barne egitura demokratikoak behar zituela eskatu zuten.

Hauteskundetarako formula ugari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002an hasitako ibilbide horren lehen geltokia 2003ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeak izan ziren. Ordurako, Espainiako Estatuan Alderdi Politikoen Legea indarrean zen, eta ezker abertzalea ofizialaren marka ezberdinak, legez kanporatuta. Testuinguru horretan, Aralar formula desberdinak erabilita aurkeztu zen bozetara: beste alderdi batzuekin koalizioa eratuta batzuetan, eta bakarrik, besteetan. 2003ko foru hauteskundeetan lau eserleku lortu zituen Nafarroako Parlamentuan —botoen %8—, eta batzarkide bat EAEn, Gipuzkoan —botoen %3,2 hiru herrialdeetan—.

Espainiako Kongresurako aurkeztu zen 2004ko martxoan eta Zutikekin koalizioan Euskal Autonomia Erkidegoan, baina eserleku bakar bat ere ez zuen lortu. Nafarroan Nafarroa Bai (NaBai) koalizioa bultzatu zuen, EA, Batzarre, EAJ eta independenteekin elkartuta. Nafarroa Baik Madrileko legebiltzarrean eserleku bat lortu eta Uxue Barkos independenteak hartu zuen.

Europako hauteskundeetara aurkeztu zen 2004. urtean, baina ez zuen eserlekurik lortu.

2004ko azaroan Donostian II. Kongresua egin zen, eta Patxi Zabaleta berretsi zen alderdiko koordinatzaile nagusia izateko. Alderdiaren gazteria eratu zen Iratzarri izenarekin. Militanteek alderdi independente moduan jarraitzea erabaki zuten eta ezkerreko hainbat jende, lehen Batasunan ez zegoena, alderdira erakarri zuten.

2005eko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Gipuzkoatik parlamentari bat lortu zuen.

2006ko azaroaren 18 eta 19an Bilboko Euskalduna jauregian III. Kongresua egin zuen "Ezkerraberri" lemapean, han lehenengo kongresuko ildo nagusiei eutsi eta exekutiba berritu zen. Patxi Zabaleta aukeratu zuten berriz alderdiko koordinatzaile nagusi bozen %93,03rekin.

2007tik aurrera Jon Abrilek hartu zituen alderdiaren koordinatzaile funtzioak, nahiz eta Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusi izaten jarraitu, azken honek Nafarroa Bai hautes koalizioko Nafarroako parlamentari bezala duen kargua egoki landu zezan. 2007ko udal eta foru hauteskundeetara, Ezker Batua-Berdeak koalizioan aurkeztu zen EAEn: 56 zinegotzi eta lau batzarkide. Nafarroan, NaBai koalizioarekin, hamabi legebiltzarkide, 77.000 boto —%23,6—, bigarren indarra, lehendakarigai Patxi Zabaleta zela. 2009an bakarrik aurkeztea erabaki zuen Eusko Legebiltzarreko bozetara ezker abertzalea legez kanporatuta zegoen, eta gorakada izan zuen: 62.000 boto —%6— eta lau aulki.

2010eko abenduan Araban eszisioa izan zuen alderdiak. Hainbat militantek —%40, euren arabera— eta herrialdeko udal ordezkari guztiek Aralar utzi eta Araba Bai sortu zuten[2].

2011ko maiatzeko udal eta foru bozetan Nafarroako bozetan NaBain aurkeztu zen Aralar, ez Bildun; EAEn, bakarrik, ez Bildun. Baina orduko irailean egindako biltzarrean —V.ean—, ezkerreko indar subiranisten arteko elkarlanaren aldeko apustua egin zuen, eta 2011ko azaroan Amaiur Koalizioaren barnean aurkeztu zen Bildukoekin (Ezker Abertzalea, Alternatiba eta Eusko Alkartasunarekin) Espainiako hauteskunde orokorretara. Amaiur koalizioak zazpi diputatu lortu zituen; Hego Euskal Herrian aurreneko indarra bihurtu zen.

2014ko azaroaren 8an, Aralarrek VI. biltzarra hasi zuen. Besteak beste, ezker abertzale «berriaz» eta haren egituraketaz aritu zen. Iñaki Aldekoak beharrezko jotzen zuen pausoak ematea[3]. Aralarreko VI. biltzarrean afiliatuen %13k onartu zuen estatutu berrien aurkako osoko zuzenketa[4].

Azaroaren 15ean, Rebeka Ubera izendatu zuten Aralarreko idazkari nagusi[5].

Abenduaren 29an, Aralarrek euskal gizartearentzako urte oso gogorra eta iluna izan zela adierazi zuen[6].

2017an alderdi bezala desagertu zen.

Ideologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abertzalea eta ezkertiar moduan definitzen ziren, eta bere egiten dituzte ezker abertzalearen aldarrikapen historikoak:

Kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizko alderdiak eta haren inguru sozialak luze eta gogor kritikatu zuen. Militantziaren barrutik ere instituzioetan hartutako lan ildoagatik eta aukeratu zituen aliantzengatik kontrako iritziak izan zituen eta horren ondorioz hasierako jarraitzaile esanguratsu batzuk atzean gelditu ziren (Txillardegi, besteak beste).

Hasieran, erradikalismoaren "makillajea" izatea egozten zitzaien EAJ eta EAren aldetik, baita PP eta PSE-EEren aldetik ere. Ezker abertzalean jatorria zuen alderdia izaki, sektore maioritarioaren eta Aralarren arteko harremanak zailak izan ziren, eta eraso batzuk izan zituen bere egoitzetan.

Emaitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003ko hauteskunde foraletan 24.068 boto lortu zituen Nafarroan, %8,02, eta lau eserleku Nafarroako Parlamentuan. Lurralde honetan bertan, %4,76 lortu zuen udal hauteskundeetan eta hiru alkate, Leitza, Altsasu eta Luzaidekoak alegia. EAEn botoen %1,51 lortu zuen, 30 zinegotzi, Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkari bat eta Zaldibiako alkatetza.

2004ko Espainiako Hauteskunde Orokorretan, EAEn Zutik alderdiarekin batera aurkeztu eta botoen %3,09 lortu zuen. Nafarroan Nafarroa Bai koalizioaren barne aurkeztu zen, %18,04 eta Espainiar Kongresurako eserleku bat lortu. Nafarroan hirugarren aldiz lortutako ordezkaritza abertzale hori Uxue Barkosek hartu zuen.

2005ean Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeetara aurkeztu eta %2,33 lortu zuen erkidegoan, Gipuzkoatik (%3,96)eta legebiltzarkide bat, Aintzane Ezenarro. 2007ko udal eta foral hauteskundeetan, berriz, Ezker Batuarekin aurkeztu zen.

2009ko hauteskunde autonomikoetan gorakada nabarmena izan zuen, 62.214 boto eta 4 eserleku lortu baitzituen.

Aralar erakundeetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007ko maiatzaren udal hauteskunde, foru parlamentu eta batzar nagusietarako, Ezker Batua Berdeakekin koalizioan aurkeztu zen Euskal Autonomia Erkidegoko 112 udalerritan, Nafarroan, Nafarroa Bai hautes-koalizioaren barruan 42tan eta beste 26tan bakarrik edo plataformen bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Aralarrek, ilegalizazioak emandako karguak alde batera utzita, 56 zinegotzi propio eskuratu zituen, eta EB-Aralar koalizioak lortutako 12 batzarkideetatik 4. Gainera, 4 udalerrik Aralarreko alkatea zeuzkaten: Asparrenak, Aretxabaletak, Elgetak eta Zaldibiak.

Nafarroan, Foru Parlamentuan Nafarroa Bairen zerrendak eskuratutako 12 eserlekuetatik, 5 ordezkari aralarkideei zegozkien eta Iruñeko 8 zinegotzietatik 3. Guztira Aralarrek nafarroan 3 alkate zeuzkan (Berriozar, Irurtzun, Zizur Nagusia), eta 30 zinegotzi.

Europako Parlamentuan ordezkaritza izan du, eta Europako Aliantza Askea taldean kokatzen da, estaturik gabeko beste nazioen ordezkariekin batera.

Erakundeetan 2000. hamarkadan
Zinegotziak 130
Alkateak 8
Eusko Legebiltzarra 4 (75etik)
Nafarroako Parlamentua 5 (50etik)
Bizkaiko Batzar Nagusiak 1 (51tik)
Gipuzkoako Batzar Nagusiak 2 (51tik)
Arabako Batzar Nagusiak 1 (50etik)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]