Edukira joan

Aranbaltzako lurra zulatzeko makila

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aranbaltzako lurra zulatzeko makila
Materiala(k)zurra
Historia
Sorreraduela 90.000 urte
Honen parteEuskal Herriko historia 100 objektutan
Ezaugarriak
Dimentsioak28,6 (zabalera) × 151,7 (luzera) mm

Aranbaltzako lurra zulatzeko makila Barrikan dagoen Aranbaltza III aztarnategian 2015 aurkitu zuten Paleolito garaiko egurrezko makila da.

Aranbaltzako aztarnategia Barrikan dago, Bizkaia, Butroe ibaira doan bailara txiki batean. Gaur egun kostaldea oso gertu dago, 800 bat metro ipar-mendebaldera, baina altueran dago, gaur egun 90 metroko itsas-hegi batek bereizia. Joxe Migel Barandiaranek aurkitu zuen, eta berak ikertzen zuen Ollagortatik gertu egoteagatik, Ollagorta Este izenarekin aipatu zuen. 2004an aurkitu zen eta 2013tik hainbat indusketa arkeologiko egin dira, Pleistozeno Ertainaren amaieratik Holozenora doazenak[1].

Urak jatorrizko 90-100.000 urteko sedimentutik hondarrezko sedimentu batera eraman zuen[1]. Sedimentu horiek urez ase daude eta horri esker landareen arrastoak bikain kontserbatu dira. Egur tresna honetaz gain harri tresnak, beste egurrezko tresnak eta egur bazterkinak ere aurkitu dira.[2]

Puntadun makila da, eta hagin arruntaren egurrarekin egina dago[1]. Polenaren azterketarekin espezie hori inguruan bazela ziurtatu da, eta ez da oso ohikoa erregistro arkeologikoan (Clacton-on-Sea[3] eta Lehringenen[4] aurkitu dira beste batzuk). Hala ere, arkuak eta geziak egiteko tradizionalki erabili den egurretako bat da[5].

Luzeran 151,7 milimetro ditu eta 28,6 zabaleran, baina ez da guztiz borobildua. Piezak ez zuen manipulazio handirik jaso, eta punta ateratzeko mozketak baino ezin daitezke ikusi[1]. Bere formagatik ezin dugu jakin ea luzeagoa zen tresna baten punta birziklatua den[1].

Ez da ohikoa egurrezko tresnak aurkitzea, azkar desegiten baitira eta erregistro fosilak ez duelako baimentzen epe luzeko iraupenik. Hala ere, uste dugu iraganean egurrak eta landareek paper garrantzitsua zutela tresnak egiterako garaian. Egurra garrantzitsua izan zen Neandertalen teknologian, plastikotasun handiagoa zuelako forma zehatzak lortzeko, eta harriarekin edo hezurrekin egin ezin daitezkeen tresnak lortzeko aukera ematen zuelako. Egurra erabiliko zuten ehizarako, edukiontzietarako, etxeak eraikitzeko eta hezur edo harrizko tresnen heldulekuak egiteko[1].

Lurra zulatzeko makilak ohikoak izan dira ehiztari-biltzaile gizarteetan, baina normalean Aranbaltzakoak baino luzeagoak izan ohi dira. Aranbaltzan aurkitutakoak mozketak dituenez puntaren kontrako aldean, agian laburrago egin zuten uneren batean. Lurra zulatzea garrantzitsua zen tuberkuluak edo sustraiak jateko, baita ugaztun txikiak edo lurrean ezkutatzen diren beste animalia batzuk ehizatzeko ere. Harriak lurretik bereizteko ere egurrezko makilak erabilgarriak dira. Polenari begiratuta, lezkak zeuden inguruan, sustrai jangarriak dituen landarea[1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 4 5 6 7 (Ingelesez) Rios-Garaizar, Joseba; López-Bultó, Oriol; Iriarte, Eneko; Pérez-Garrido, Carlos; Piqué, Raquel; Aranburu, Arantza; Iriarte-Chiapusso, María José; Ortega-Cordellat, Illuminada et al.. (2018-03-28). Peresani, Marco ed. «A Middle Palaeolithic wooden digging stick from Aranbaltza III, Spain» PLOS ONE 13 (3): e0195044.  doi:10.1371/journal.pone.0195044. ISSN 1932-6203. PMID 29590205. PMC 5874079. (kontsulta data: 2025-06-13).
  2. ↑ Aranbaltza III-ko lurra zulatzeko makila. Bizkaiko Foru Aldundia.
  3. ↑ (Ingelesez) Oakley, Kenneth P.; Andrews, Peter; Keeley, Lawrence H.; Clark, J. Desmond. (1977-12). «A Reappraisal of the Clacton Spearpoint» Proceedings of the Prehistoric Society 43: 13–30.  doi:10.1017/S0079497X00010343. ISSN 2050-2729. (kontsulta data: 2025-06-13).
  4. ↑ (Ingelesez) Schoch, Werner H.; Bigga, Gerlinde; Böhner, Utz; Richter, Pascale; Terberger, Thomas. (2015-12). «New insights on the wooden weapons from the Paleolithic site of Schöningen» Journal of Human Evolution 89: 214–225.  doi:10.1016/j.jhevol.2015.08.004. (kontsulta data: 2025-06-13).
  5. ↑ (Ingelesez) Uzquiano, Paloma; Allué, Ethel; Antolín, Ferran; Burjachs, Francesc; Picornel, Llorenç; Piqué, Raquel; Zapata, Lydia. (2015-01-01). «All about yew: on the trail of Taxus baccata in southwest Europe by means of integrated palaeobotanical and archaeobotanical studies» Vegetation History and Archaeobotany 24 (1): 229–247.  doi:10.1007/s00334-014-0475-x. ISSN 1617-6278. (kontsulta data: 2025-06-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]