Arantzazuko Batzarra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arantzazuko Batzar» orritik birbideratua)

Arantzazuko Batzarra 1968an Euskaltzaindiak Arantzazuko santutegian eginiko batzarra izan zen. Han, euskaltzainek euskara batzeko lehen arau-multzoa finkatu zuten, hizkuntza idatzian erabili beharreko ortografiaren, morfologiaren, deklinabidearen eta neologismoen gainean, eta Arantzazuko txostena izenarekin argitaratu zen. Hala, aurrera eraman zen Koldo Mitxelenak aurkeztutako proiektua, honen aurrekari nagusia Baionako Euskal Idazkaritzak 1964ko abuztuko Biltzarraren ondotik onartu zuen txostena izan zelarik.

1973an osatu zuten aditz batuaren taula.

1968ko batzarreko parte-hartzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzaindiaren Arantzazuko Batzarra, 1968. Bildutakoakː 1) Plazido Mujika. 2) 'Zeleta'. 3) P. Lafitte. 4) L. Villasante. 5) Imanol Berriatua. 6)M. Lekuona. 7) A. Ma Labaien. 8) Jose. A. Arkotxa. 9) Julita Berrojalbiz. 10) Balendin Aurre-Apraiz. 11) Eufronio Agirre (?). 12) Bernabe Berezibar (?). 13) K. Mitxelena. 14) K. Etxenagusia. 15) Andoni Amutxategi. 16) Anbrosio Zatarain. 17) Aita Julian Igorreko eta Gregorio Andueza (Aita Juan Zumarragakoa). 18) S. Onaindia (2). 19) Balendin Lasuen (?). 20) Juan M. Lekuona. 21) Jose Mari Allur (ez G. Aresti). 22) I. Sarasola. 23) M. Zarate. 24)J. Azpeitia. 25) Isidoro Baztarrika. 26) Patxi Altuna. 27) Pertika (semea). 28) Josu Oreg. 29) Oskillaso. 30) P. Xarritton. 31) Eusebio Osa (ez B. Gandiaga) eta Iñaki Beristain. 32) J.M. Torrealdai (?). 33) E. Larre. 34) R. Saizarbitoria. 35) R. Arregi eta Patri Urkizu. 36) J. San Martin. 37) Pedro Berrondo. 38) Libe Altuna.[1][2][3]

1968ko batzarrean parte hartu zutenen zerrenda:[4][5][6]

Aurreko urteetako prestaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat euskaltzain Arantzazun, 1972. urtean. Goian ezkerretik eskuinera: Koldo Mitxelena, Iratzeder, Jean Haritxelhar, Alfontso Irigoien, Luis Villasante, Jose Maria Satrustegi, Patxi Altuna eta Imanol Berriatua. Behean: Juan San Martin, Jose Luis Lizundia, Joseba Intxausti eta Xabier Kintana.

Gerraostean Euskaltzaindiak eginiko lehen batzarra ere Arantzazun egin zen, 1956ko irailaren 14an, 15ean eta 16an. Batzuetan, beste batzar hari ere Arantzazuko Batzarra deritzo.

Espainiako Gerra Zibilak eragindako geldialdiaren ondoren, XX. mendeko 50eko hamarkadan berriro ekin zitzaion euskara batua sortzeari, batez ere, kultura-literato etakultura-aktibisten belaunaldi berri bati esker. Aurreko belaunaldikoak ez bezala, gehienak laikoak ziren, kaletarrak eta unibertsitate-ikasketak zituztenak. Horietako asko euskaldun berriak ziren; hau da, ez zuten euskara ama-hizkuntza gisa ikasi, hala nola Gabriel Aresti, Jon Mirande, Txillardegi eta Federico Krutwig. Haiek askoz biziago nabaritzen zuten hizkuntzaren disgregazioa, eta eredu batua izatea beharrezko urrats bat zen hizkuntzaren biziraupena bermatzeko. Aurreko belaunaldiaren zati handi batek hizkuntza ikusten zuen landa-bizitzari lotutako nazio-esentzia idealizatuaren gordetzaile gisa; belaunaldi berriak, berriz, uste zuen hizkuntzak hiri-eremua birkonkistatu behar zuela, inguruko hizkuntzen maila berean.

Erregimen frankistak tolerantzia-giro erlatiboari esker, lehen ikastoletako batzuk "parrokia-eskola" gisa legeztatzen ziren. Milaka heldu euskalduntzeko eta alfabetatzeko gaueko klaseetara joaten ziren, gau eskolak izenekoetara. Besteak beste, Euzko Gogoa, Zeruko Argia, Jakin eta Anaitasuna izan ziren euskal idazleen belaunaldi baten eskola, tradizioz ezarritako mugetatik haratago hedatu nahi zituena. Horrek guztiak, euskaldunen bizimodua eta pentsamoldea aldatzearekin batera, hizkuntza-batasun baten eskaera sortu zuen. Eremu publiko guztietan euskararen erabilera bermatu nahi zen, oinarrizko hezkuntzatik unibertsitateraino. Irakaskuntzako idazleak eta langileak euskara idatziari buruzko arau zehatzak emateko eskatzen hasi ziren akademian.

1964ko Baionako Euskal Idazkaritzaz. (Euskara Batuaren helduaroa Jardunaldia, Gasteiz, 2018-06-21).

1964an, Baionan euskaltzale talde batek Euskal Idazkaritza sortu zuen,[8] Hizkuntza Sail batekin. Bertan, Jesus Maria Bilbao, Jean-Louis Davant, Roger Idiart, Pierre Andiazabal, Jean Hiriart-Urruti, Eneko Irigarai, Telesforo Monzon, Jesus Solaun eta Txillardegi zortzi hilabetez astero elkartu ziren. Txillardegi bera izan zen taldearen bultzatzailea, eta joera eta herrialde guztietako euskaltzaleak elkartzen saiatu zen. Gainera, gizarte taldeen babesa bilatu zuen: EAJ, ETA, Enbata eta Euskal Herriko Erromatar Eliza Katolikoa.[9]

Euskaltzainak, 70eko hamarkadan

1964ko abuztuaren 29 eta 30ean, Euskal Idazkaritzak Baionako Biltzarra antolatu zuen. Batzar ireki moduko deialdia egin zien Txillardegik Euskal Herriko idazle eta irakasleei gutunak bidaliz eta egunkarietan iragarkiak ipiniz, haien iritziak entzuteko. 40 bat lagun elkartu ziren, bi eguneko eztabaiden ondoren, euskara batuaren oinarritzat jo litekeen testua onartu zuten bigarren egunean. Urtebete geroago, txosten bat plazaratu zen hartutako erabakiekin. Txostenak hiru atal zituen: ortografia, deklinabidea eta aditza. Gainera, dokumentuak amaieran h letraz idatzi beharreko hitzen zerrenda luzea zekarren, gehienbat Hegoaldeko euskaldunen lagungarri. Txosten hura izan zen Arantzazuko Batzarrak 1968an eman zuen txostenaren —euskara batuaren sorrera agiritzat hartzen den txostenaren— aurrekari nagusia. Txosten horren aitzindaria eta egilea Txillardegi izan zen.[10][11][12][9]

« Egundoko lana egin zuen; euskaldungoaren historian egin den gauzarik inportanteena ziur aski Txillardegiri zor diogu. Hori baino gehiago ezin da esan. Euskararen historian gauza bat baldin badago fundamentala, beste gauza guztiak baino axola gehiago duena, estandarra sortu izana da: euskara batua. Aitzindaria eta egilea Txillardegi izan zen. Koldo Mitxelenak egin zuen Txillardegiren proposamena onartu, iruzkin batzuk egin, eta biribildu. Baina oinarria Txillardegirena da, eta ez dago hori baino gauza inportanteagorik. »

—Ibon Sarasola


Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) IBARGUTXI, FELIX. (1970-01-01). «Arestiren 'doblea'» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-03-23).
  2. Goikoetxea, Garikoitz. «Arantzazurako aldapak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).
  3. Ibargutxi, Félix. (2018-09-30). «Santutegiko iraultza» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).
  4. Azurmendi, Nerea. (2008-10-5). «40 años de euskera unificado» Diario Vasco.
  5. Ibargutxi, Félix. (2018-09-29). «Santutegiko iraultza» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-03-23).
  6. IBARGUTXI, FELIX. (2018-10-21). «Arestiren 'doblea'» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-03-23).
  7. a b Aranburu, Gotzon. (2018). «Euskara batua ere garrasi artean jaio zen» Zazpika (Gara egunkarien aldizkaria) (1027 zk.) (Noiz kontsultatua: 2018-10-02).
  8. Koldo Zuazo, 2005, Euskara Batua: Ezina ekinez egina. Donostia: Elkar 154.or.
  9. a b Rubio, Miren. Txillardegi. Batasunaren pentsalaria. ISBN 978-84-949758-2-0. (Noiz kontsultatua: 2019-02-12).[Betiko hautsitako esteka]
  10. Erostarbe Leunda, Gorka. (2018-01-13). «Ofiziala da iristen ez den aitortza» Berria (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2018-01-14).
  11. «"Txilardegi. Euskara batua zertan den" EiTBeko saioa» www.ulibarri.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-21).
  12. Euskaltzaindia. (). ARANTZAZU 1968 2018. , 38' bideoan or. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]