Ardi
Ardi | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Artiodactyla |
Familia | Bovidae |
Generoa | Ovis |
Espeziea | Ovis aries |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | artile eta arkorotz |
Habitat | eskorta |
Ardia (emea) eta aharia (arra), izen zientifikoa: Ovis aries, ugaztun koadrupedo hausnarkari bat da, gizakiak ganadutzat hazia. Etxekotu izanaren ondorioz, bere generoko espezierik ugariena da. Hausnarkari guztiak bezala, ardiak artiodaktiloak dira, edo apatxdun animaliak. Ardi hitza Ovis generoko espezie askori aplikatzen zaien arren, oro har, Ovis orientalis-en etxe-subespezieari egiten dio erreferentzia.
Baliteke Europa eta Asiako mufloi basatiaren ondorengoak izatea eta nekazaritzarako etxekotutako lehen animalietako bat, batez ere artilearengatik, haragiarengatik eta esnearengatik haziak. Ardi artilea da gehien erabiltzen den animalia zuntza, eta, oro har, moztuz biltzen da. Bere haragiari, arkume okela deritzo animalia gazte batena denean eta ardikia urtebetetik gorako abereetatik datorrenean[1]. Ikerketa zientifikorako modelo organismotzat ere hazten dira.
Ardi hazkuntza ia mundu osoan praktikatzen da, eta funtsezkoa izan da zibilizazio askorentzat. 2014an, FAOk adierazi zuen mila eta berrehun milioi buru baino gehiago zeudela mundu osoan. Txina da ekoizle nagusia, berrehun milioitik gora (guztizkoaren % 16,7); ondoren, Australia, hirurogeita hamabi bururekin, eta India hirurogeita hiru milioi bururekin[2].
Abeltzaintzaren historian funtsezko animalia den aldetik, ardiak sakon errotuta daude giza kulturan, eta hizkuntza modernoan nahiz sinbologian ageri dira irudikatuta. Azienda gisa, artzain-irudiekin eta arkadianoekin lotzen dira gehienetan. Mito askotan agertzen dira —urrezko ahari-larruarena, adibidez—, eta erlijio handietan, bereziki abrahamdarretan. Antzinako zein egungo erritu erlijiosoetan, sakrifiziorako animaliatzat erabili izan dira.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lineok, 1758. urtean, Ovis aries izenarekin sailkatu zuen Systema Naturae liburuan[3]. XX. mendean, ardiaren aldaera basatia den mufloia (Ovis orientalis) espezie berekoa dela baieztatu zen, eta, 2003an, Ovis orientalis izena hobestea erabaki zen. Erabaki horrek ez du erabateko adostasuna izan, eta, gaur egun, ardia Ovis aries edo Ovis orientalis aries izendatzen da[4].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gorputza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamaina ertaineko animalia hausnarkaria da. Artile izena duen ile kizkurra izan ohi du, eta, sarritan, kiribil-formako adarrak izaten ditu alboetan. Ardi basatiek kolore marroia izaten dute, orokorrean, baina etxekoturiko arrazek kolore aniztasun handiagoa azaltzen dute: zuria, beltza, marroia...[5] Artile zuria karaktere genetiko gainartzailea denez, kolore hori nagusitzen da. Etxeko ardiak hainbat alderditan bereizten dira beren arbasoengandik eta ahaide basatiengandik, Espezie neoteniko bihurtu da, gizakiek egindako hazkuntza selektiboaren ondorioz[6][7]. Arraza primitibo batzuek, oraindik ere, beren ahaide basatien ezaugarri batzuk dituzte, isats motzak esaterako. Arrazaren arabera, baliteke ardiek adarrik ez izatea; arrak zein emeak edukitzea, edo arrak bakarrik. Adardun arraza gehienek pare bat baino ez dute, baina batzuek pare bat baino gehiago izan ditzakete[8].
Garaiera eta pisua, arrazaren arabera, ezberdina da. Emeek 45 eta 100 kg artean pisa dezakete, eta arrak handiagoak izan ohi dira, 45 eta 160 kg artean, hain zuzen ere[9].

Burua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Espiral itxurako adarrak ditu buruan. Arraren adarrak ikusgarriagoak dira, eta hainbat arrazatako emeek ez dute adarrik ageri.
Belarri handi eroriak ditu, eta entzumen bikaina du. Begi nini horizontalak ditu, eta ikuspen periferiko handia ematen dio horrek, 270 eta 320º artekoa[10]. Sakontasunaren pertzepzioa, ordea, nahiko eskasa du, eta itzalek eta lurraren gorabeherek beldurtu eta atzera eragiten diote. Hainbat kolore bereizteko gai dira, hala nola beltza, gorria, marroia, berdea, horia eta zuria[11].
Hortzeriari dagokionez, 20 esne hortz ditu, eta, helduaroan, 32 pieza izaten ditu; 12 hagin, 12 aurre-hagin eta 8 ebakortz[12]. Batzuen ustetan, sei ebakortz eta bi letagin dira[13]. Animalia hausnarkari gehienek bezala, aurreko hortzak azpiko barailan ditu, eta gaineko kartilagozko egitura baten aurka jotzen dute.
Arrazak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Etxe-ardia animalia balio aniztuna da, eta gaur egun dauden arrazak hainbat helburutarako sortu izan dira. Iturri batzuen arabera, 200 arraza ezberdin daude[8][14], beste batzuek mila inguru aipatzen dituzten arren[15][16], eta beste batzuek, nekez egiazta daitekeela zenbakia[17][18]. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) arabera, 863 arraza zeuden 1993an[19] 1314 en 1995,[20]; 1314, 1995ean, eta 1155 arraza, 2015ean[21]. Zenbaketa-mota horietarako, FAOren arraza baten definizioa hau da: «edo etxeko animalien azpiespezie talde bat, kanpoko ezaugarri definigarri eta identifikagarriak dituztenak, espezie bereko beste talde antzera mugatutakoetatik ikusmen bidez bereizteko aukera ematen dutenak edo fenotipikoki antzeko taldeetatik bereizketa geografiko edo kulturalak bere identitate bereizia onartzera eraman duen talde batena»[Oh 1].
Ia arraza guztiak produktu jakin bat ekoizteko duten egokitasunaren arabera sailka daitezke: artilea, haragia, esnea, larrua edo horien konbinazioren bat, helburu anitzeko arrazen kasuan. Beste ezaugarri batzuk ere erabiltzen dira sailkatzeko, hala nola muturraren kolorea (normalean, zuria edo beltza); isatsaren luzera; adarrak izatea edo ez izatea; arraza zein topografiatarako garatu den (ohikoa da Erresuma Batuan, non mendikoak edo lur baxuko gisa sailkatzen diren)[23], edo isatsaren lodieragatik, hala nola Afrikan eta Asian helburu bikoitz komuna duen arrazaren kasuan, bere isatseko koipe-metaketa handiengatik bereizten dena.

Sailkapen ohikoenetako bat artile motagatik da. Artile fineko arrazak dira bilo kizkur eta trinkoa dutenak eta ehungintzak gustukoen dituenak. Mota horretako barietate gehienak merinotik datoz, mundu mailan industria hori menperatzen jarraitzen duen arraza. Erdi-mailako artiledun arrazek tarteko bilo bat izaten dute, eta, normalean, hazkuntza azkarreko arrazak izaten dira, haragia ekoizteko[24]. Artile ertaineko arraza nagusietako batzuk, hala nola korriedale, xede bikoitzeko arrazak dira, artile luze eta fineko arrazetatik sortuak, merkataritzarako ekoizpen handiko artaldeak osatzeko sortuak. Handienak artile luzeko arrazak dira, artile luzez eta hazkunde-erritmoa motelaz. Beste arraza batzuekin gurutzatzeko, gehien estimatzen direnak dira, haien ezaugarriak hobetzeko.
Artile lodiko edo alfonbra-artileko ardiek ile ertain-luze eta lodia dute. Alfonbretarako artilea ekoizteko, tradizioz erabiltzen diren arrazak askotarikoak dira, baina baldintza nagusia da asko erabiliz ez dela kaltetu behar (arraza finenak bezala). Artile-barietate horren eskaera jaitsi egin denez, ardi arraza horietako abeltzain batzuk saiatzen ari dira arraza tradizional horietako batzuk beste helburu batzuetarako erabiltzen. Mota horretako beste arraza batzuk haragitarako haziak izan dira beti[25].
Gutxien hedatutako arrazak esne ekoizpenera zuzendutakoak dira. Helburu bikoitzekoak –funtzio nagusia haragia eta artilea ekoiztea dena–, esne-ekoizle gisa, bigarren mailakoak kontsideratu dira, baina badira batzuk jezteko erabiltzen direnak, batez ere. Ardi horiek esne kantitate handiagoa ekoizten dute, eta edoskitze kurba apur bat luzeagoa dute[26]. Esnearen kalitatea eta gantz eta proteinen portzentajea arrazaren araberakoa da, baina ez laktosa edukia[27].

Azken multzo bat pelonak dira, artilerik ez dutenak. Artilerik gabeko ardiak dira arraza iletsuak garatu aurreko lehen ardi etxekotuen antzekoak, eta beren azal eta haragiagatik hazten dira. Artilerik gabeko ardi arraza batzuk, hala nola dorper arraza, artiledun arrazen eta pelonen arteko gurutzaketen emaitza dira. Arraza horiek mantentzea merkeagoa da haragi- eta azal-ekoizleentzat, ez baitute ilea moztu beharrik[25], eta, bizkarroien eta klima beroaren aurrean ere, gogorragoak dira[28].
Agroindustria korporatibo modernoaren gorakadarekin eta familia-etxaldeen gainbeherarekin, ardi arraza asko desagertzeko arriskuan daude. Rare Breeds Survival Trust ongintzako erakunde britainiarrak bertako sei arraza kontabilizatu ditu bakoitzak 500 eta 900 animalia artean dituenak, eta hogeita bat 3000 baino gutxiagorekin[29]. Livestock Conservancy estatubatuarrak, berriz, 15 zenbatu ditu egoera kritikoan edo mehatxupean[30]. Ezaugarri uniformeak dituzten eta azkar hazten diren arrazak hobesten direnez, garapen genetikoa ardi-industriaren marjinetara eraman da[25]. Geratzen direnak mantentzen dira: erakunde kontserbazionisten ahaleginei esker, arrazen erregistroei esker eta horiek zaintzen aritzen diren banakako baserritarrei esker.
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ardia belarjale hertsia da. Landareen zati gogorrak jatea ekiditen du. Monokultiboetara ongi moldatzen den animalia da[31].

m. hestegorria, v. errumena edo sabela, n. erretikulu edo sarea, b. omasoa l. abomasoa, benetako urdaila, t. hesteen hasiera.
Gainerako hausnarkariek bezala, digestio-aparatu konplexua du, lau urdailez osaturik dagoena, errumena, erretikulua, omasoa eta abomasoa (benetako urdaila). Errumena 19-38 litroko bolumena duen aurre-urdaila da, eta barnean dauden mikroorganismoek (bakterio anaerobioak, protozooak, ondooak...) elikagai-boloa hartzitzen dute[32]. Ondoren, hartzituriko boloa ahora itzultzen da berriz murtxikatu eta listuztatzeko. Horrela, landareen zelulosa txikitzea lortzen du ardiak. Berriz irenstean, errumenetik pasa eta ondoren, erretikuluak iragazpen funtzioa burutzen du, zati txikiak bakarrik pasatzen utziz. Omasoan, ura birxurgatzen da, eta, azkenik, benetako urdailera (abomasora) pasatzen da janaria. Horrek urin gastrikoak jariatzen ditu, eta, ondoren, heste meharrak partikulak xurgatuko ditu. Azken hartzidurak heste lodian gertatzen dira, eta ura xurgatzen da, eta, azkenik, gorotza sortzen da, uzkitik aterako dena.
Hartziduran, errumenak kanporatu beharreko gasa sortzen du; digestio-aldakuntzak, hala nola dietaren bat-bateko aldaketa, hilgarriak izan daitezkeen gaixotasunak eragin ditzakete (esaterako urdail-tortsioa) gasa aparrarekin edo likidoekin kontaktuan jartzean hestegorriko esfinterraren ixte erreflexuaren ondorioz errumenean harrapatuta geratzen denean. Hartzitu ondoren, elikagaia erretikulura eta omasoa edo liburura pasatzen da; elikagai berezi batzuk (adibidez, zerealak) errumenak ez ditu guztiz prozesatzen. Urdaileko lehen hiru konpartimentuak igaro ondoren, elikagaia (hesteek prozesatu aurretik) abomasora pasatzen da azken digestiorako. Hausnarkarien lau ganberetatik, abomasoa da giza urdailaren antzekoa den bakarra, eta, batzuetan, benetako urdaila esaten zaio.
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ardiak jaio eta 6-8 hilabetetara heldutasun sexualera iristen dira; arren kasuan, azkarrago gertatzen da, 4-6 hilabete inguruan. Ahari bakarrak ernalduko ditu taldeko ardi guztiak, eta, horregatik, arrek beren artean borrokatzen dute eskubidea lortzeko. Kasu batzuetan, bortizkeria handia erabiltzera iristen dira, aurkaria hiltzerainokoa[33]. Aspaldi, ohikoak izaten ziren aharien arteko borroken apustuak, baita Euskal Herrian ere, ahari-jokoa hain zuzen ere[34].
Bost hilabeteko haurdunaldia izan ondoren[33], arkume edo bildots bakarra edo, gehienez, bi jaiotzen dira[35], salbuespenak egon badaitezke ere. Erditzeak ordubetetik hiru ordutara iraun dezake[33], eta, jaio ondoren, ordubetera, arkumea gai da zutik jartzeko. Hainbat ardiren arkume jaioberriek taldea eratzen dute. Horren helburua hainbat amaren begiradak zaindu ahal izatea eta beraien arteko harremanak eratzea izaten da[36].
Izaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Taldekoia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ardia animalia oso taldekoia da, eta artalde guztiak buruzagi bakarrari jarraitzen dio; sarritan, aurrena mugitzen dena baino ez da une horretako buruzagia. Taldetik bakartua gelditzen den ardia asko estresatzen da[37]. Artalde erraldoietan, familia bereko azpitaldeak eratzen dira[10].
Ardiek ez dute beren lurraldea defendatzen, eta, harrapari bat sartzen denean, ihes egiteko joera izaten dute. Ardi adardunek babes posturak har ditzakete, arkume jaioberriak defendatzeko bereziki[10].

Izaera taldekoi horren ondorioz, etxekotu zen aurreneko espezietako bat izan zen, eta, gaur egun ere, oso baliagarria izaten da artzainarentzat.
Hierarkia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrazaren arabera, hierarkia estuagoa edo lausoagoa izaten da. Ardi merinoetan, hierarkia lerroak ezar daitezke, baina, border leicester ardietan, lehiaketak ezartzen du lehentasuna[38]. Adar tamaina ezberdineko aharien artean, ez da apenas borrokarik izaten; horrela, adar handienak dituenak hierarkia posizio garaiagoa izaten du. Adar tamaina berekoen artean, ordea, borroka bidez lortzen da kokapen soziala[39].
Inteligentzia eta ikasteko gaitasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inteligentzia gutxiko animalia gisa deskribatzen bada ere, Illinoisko Unibertsitateak egindako ikerketa batek erakutsi du behiaren pareko inteligentzia duela, txerriarena baino apur bat gutxiago[10]. Ardiak bere taldekideak eta zaintzen duen gizakia ezagutu eta urteetan gogoratzen ditu haien aurpegiak[40]. Aurpegiko keinuei ere erreparatzen die, eta gai da egoera emozionalak identifikatzeko. Ardiak bere izena ere ikasten du[10].
Garrantzia ekonomikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kopurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ardiaren erabilera ekonomikoaren ondorioz eta Nazio Batuen Janari eta Nekazaritza (FAO) zerbitzuak emandako datuen arabera, 2018an, 1.209.470.000 ardi zeuden munduan. Haietatik gehienak Txinan eta Australian.
# | Herrialdea | Kopurua (milioika abelburu) |
Munduko ekozipenaren ehunekoa |
---|---|---|---|
1 | ![]() |
164,08 | % 13,57 |
2 | ![]() |
70,07 | % 5,79 |
3 | ![]() |
61,67 | % 5,09 |
4 | ![]() |
42,97 | % 3,55 |
5 | ![]() |
40,84 | % 3,38 |
6 | ![]() |
39,67 | % 3,28 |
7 | ![]() |
33,78 | % 2,79 |
8 | ![]() |
33,68 | % 2,78 |
9 | ![]() |
33,22 | % 2,74 |
10 | ![]() |
31,69 | % 2,62 |
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elikagaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ardiaren esnea eta haragia hasierako zibilizazioetan kontsumitzen zen dagoeneko[37].
XXI. mendearen hasieran, ardi-haragiaren kontsumitzaile handienak Persiar golkoa inguratzen duten estatu arabiarrak, ozeaniarrak eta europarrak dira (Grezia, Erresuma Batua eta Irlanda)[10]. Arkume haragia jaten da, batez ere, xamurrena bera baita, baina ardiaren edozein atal ere jangarria da –esteak, adibidez[42].
Herrialde batzuetan ardiaren esnea asko kontsumitzen bada ere, gaur egun, ekoizpen handiena esnekiena da, gazta eta, neurri txikiagoan, jogurta. Euskal Herrian, ardi gazta mota ugari ditugu, ezagunena ardi latxaren esneaz egiten den Idiazabal gazta da[43]. Erronkariko gazta[44] eta Iparraldeko gasnak ere ezagunak dira.
Artilea, larrua eta beste batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etxekotzearen ondoren, artilea izan zen ardiaren lehenengo erabilera. Ardiaren ilearekin, artilea egin eta jantzigintzan erabiltzen da. Europan, bereziki, garrantzi handia izan zuen, baina, XX. mendean zuntz sintetikoak sortzearekin batera, prezioek gainbehera handia izan zuten[10]. Larruarekin jantziak egiteaz gain, botak ere egiten dira, eta baita alfonbrak ere. Ardiaren gantzarekin, xaboiak eta kandelak egiten dira, eta, kartilagoekin, lekedak, gelatina, eta abar[37]. Ardien hesteak hestebeteak egiteko erabiltzen dira, eta, arkumeen hesteekin, sutura kirurgikoak eta musika tresnen sokak egiten dira[45].
Ardiaren gorotzek zelulosa ugari dute, eta, ongarri gisa ez ezik, papera egiteko ere erabiltzen dira.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ardiaren etxekotzea Ovis orientalis (mufloi) espezietik etorri omen zen. Ilgora Emankorrean gertatu zen, K.a. VII. milurtekoan[46]. Hainbat aztarna aurkitu dira Iraken, K.a. 9.000. urtekoak, eta, haiei DNA azterketa eginda, gaur egungo ardien antzekoak zirela ondorioztatu dute.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ardien inguruan, hitz eta ele asko sortu izan ditugu haien adin eta sexuaren arabera. Besteak beste, ardia, aharia, arkumea, arkaztea, ardiantxa, bildotsa eta axuria dira ezagunenak euskaldunon artean[47].
Betutsa hiru urteko ardiari deitzen zaio. Beti hutsa esapidetik dator, hirugarren urtera iritsi eta antzu gelditu den aberea, alegia. Hala ere, izen hori ez da gehiegi erabiltzen.
Oro har, ardiei euskaraz abelxuriak esaten zaie; behiei, abelgorriak (bertako arraza gorriei behintzat), eta zaldi-behorrei abelbeltzak.
Euskal Herriko ardi arrazak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian, artzaintza indar handiko jarduera izan da. Haren lekuko dira bertan mantendu diren bertako ardien arraza ugari.
Haiei buruzko informazioa:
![]() | ||
---|---|---|
![]() Ardia • Latx muturgorria • Latx muturbeltza • Manex burubeltza • Manex burugorria • Erronkarikoa • Karrantzako ardi muturbeltza • Karrantzako muturgorria • Sasi ardia • Nafarra • Euskal-bearnotarra • Txurra |
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Etxeko abereen azpiespezifiko talde bat, kanpoko ezaugarri definigarri eta identifikagarriak dituena, espezie bereko beste talde antzera definitutakoetatik ebaluazio bisualaren bidez bereizteko aukera ematen duena, edo fenotipikoki antzeko taldeetatik bereizketa geografiko eta/edo kulturalak bere identitate bereizia onartzea ekarri duen talde bat[22]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Denominaciones comerciales de la carne del ovino» alimentosdespana.es (Ministerio de Agricultura, Pesca y Alimentación de España) (kontsulta data: 2020-08-02).
- ↑ «Producción ganadera». FAOSTAT. Organización de las Naciones Unidas para la Alimentación y la Agricultura. 2014. Archivado desde el original el 22 de agosto de 2016. Consultado el 15 de agosto de 2016.
- ↑ (Ingelesez) «Ovis aries Linnaeus, 1758» www.gbif.org (kontsulta data: 2020-09-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Biología, Mariana Fernández E.. (2017-10-03). «Oveja doméstica: Ovis orientalis aries. Características, dónde viven, razas» Mamíferos Paradais Sphynx (kontsulta data: 2020-09-09).
- ↑ «An introduction to coloured sheep» web.archive.org 2007-11-10 (kontsulta data: 2020-09-08).
- ↑ Budiansky, 1999, pp. 97-98.
- ↑ Budiansky, 1999, pp. 100-101.
- ↑ a b Ensminger, 1986.
- ↑ Melinda J. Burrill. (2004). Sheep. World Book. Mackiev..
- ↑ a b c d e f g (Ingelesez) Weaver, Sue. (2013-07-05). The Backyard Sheep: An Introductory Guide to Keeping Productive Pet Sheep. Storey Publishing ISBN 978-1-60342-848-4. (kontsulta data: 2020-09-08).
- ↑ (Ingelesez) Alexander, G.; Shillito, Elizabeth E.. (1978-06-01). «Maternal responses in Merino ewes to artificially coloured lambs» Applied Animal Ethology 4 (2): 141–152. doi: . ISSN 0304-3762. (kontsulta data: 2020-09-08).
- ↑ Frandson, R. D. y T. L. Spurgeon. (1992). Anatomy and physiology of farm animals (5. edizioa). Lippincott: Williams and Wilkins.
- ↑ «Dental Anatomy of Ruminants» www.vivo.colostate.edu (kontsulta data: 2020-09-08).
- ↑ «Sheep Breeds» Breeds of Livestock (Oklahoma State University Dept. of Animal Science) (kontsulta data: 2016-07-31).
- ↑ Cathy M. Dwyer, ed. The Welfare of Sheep. Springer Science & Business Media, 56 y sig. or. ISBN 978-1-4020-8552-9..
- ↑ Per Jensen. (2009). The ethology of domestic animals: an introductory text. Cambridge, MA: CABI, 162 y sig. or. ISBN 978-1-84593-536-8..
- ↑ Weaver, 2005
- ↑ Smith et al, 1997
- ↑ Maijala, K. (1997) Genetic aspects of domestication, common breeds and their origin. En: Piper, L. y A. Ruvinsky (eds.). The genetics of sheep. CABI
- ↑ Scherf, B. D. (2000) World watch list for domestic animal diversity. 3.ª ed. FAO, Roma. 726 pp.
- ↑ FAO, 2015, p. 32.
- ↑ FAO, 2015, p. 415.
- ↑ Brown, Dave; Meadowcroft, Sam (1996). The Modern Shepherd. Ipswich, Reino Unido: Farming Press. ISBN 0-85236-188-2
- ↑ D’Arcy, J. B.. (1986). Sheep Management & Wool Technology. NSW University Press ISBN 0-86840-106-4..
- ↑ a b c Wooster, 2005.
- ↑ 2=Bencini, 2=Roberta. (2004). Dairy Sheep Nutrition. CABI Publishing ISBN 0-85199-595-0..
- ↑ Pulina et al., 2004, p. 2.
- ↑ Smith et al, 1997.
- ↑ «Sheep watchlist» Rare Breeds Survival Trust (kontsulta data: 2020-12-31).
- ↑ «Conservation Priority List» livestockconservancy.org (The Livestock Conservancy) (kontsulta data: 2016-07-31).
- ↑ Pugh, D. G.; Baird, A. N., eds.. (2012). Sheep and Goat Medicine (2. edizioa). Elsevier & Saunders ISBN 978-1-4377-2353-3..
- ↑ «LOS HONGOS ANAERÓBICOS DEL RUMEN» web.archive.org 2016-07-16 (kontsulta data: 2020-09-08).
- ↑ a b c Wooster, Chuck. (2005). Living with Sheep: Everything You Need to Know to Raise Your Own Flock. Geoff Hansen (Argazkia). Guilford, Connecticut: The Lyons Press. ISBN 1-59228-531-7..
- ↑ «Ahari-apustuak: herri kirolen bitxikeria» www.euskonews.eus (kontsulta data: 2020-09-08).
- ↑ «Quintuplet birth takes sheep breeder by surprise - Prague Daily Monitor - 24.01.2008» web.archive.org 2008-01-29 (kontsulta data: 2020-09-08).
- ↑ Smith M.S., Barbara; Mark Aseltine PhD; Gerald Kennedy DVM. (1997). Beginning Shepherd's Manual (2. edizioa). Ames, Iowa: Iowa State University Press ISBN 978-0-8138-2799-5..
- ↑ a b c Simmons, Paula; Ekarius, Carol. (2001). Storey's Guide to Raising Sheep (3. edizioa). North Adams, Massachusetts: Storey Publishing ISBN 978-1-58017-262-2..
- ↑ (Ingelesez) Squires, V. R.; Daws, G. T.. (1975-07-01). «Leadership and dominance relationships in Merino and Border Leicester sheep» Applied Animal Ethology 1 (3): 263–274. doi: . ISSN 0304-3762. (kontsulta data: 2020-09-09).
- ↑ Budiansky, Stephen. (1999). The Covenant of the Wild: Why animals chose domestication. Yale University Press ISBN 978-0-300-07993-7..
- ↑ (Ingelesez) Kendrick, Keith M.; da Costa, Ana P.; Leigh, Andrea E.; Hinton, Michael R.; Peirce, Jon W.. (2001-11). «Sheep don't forget a face» Nature 414 (6860): 165–166. doi: . ISSN 1476-4687. (kontsulta data: 2020-09-09).
- ↑ «FAOSTAT» www.fao.org (kontsulta data: 2020-09-08).
- ↑ (Ingelesez) «Scottish Food and Drink | Traditional Scottish Food | Scotland.org» Scotland (kontsulta data: 2020-09-08).
- ↑ http://www.veiss.com,+Veiss Comunicación S. L. |. «Idiazabal gazta | Idiazabal» www.idiazabalgazta.eus (kontsulta data: 2020-09-08).
- ↑ «Erronkari Gaztak» www.reynogourmet.com (kontsulta data: 2020-09-08).
- ↑ Ensminger, M. E.; Parker, R. O.. (1986). Sheep and Goat Science (5. edizioa). Danville, Illinois: The Interstate Printers and Publishers Inc ISBN 0-8134-2464-X..
- ↑ (Ingelesez) Zohary, D.; Tchernov, E.; Horwitz, L. Kolska. (1998). «The role of unconscious selection in the domestication of sheep and goats» Journal of Zoology 245 (2): 129–135. doi: . ISSN 1469-7998. (kontsulta data: 2020-09-08).
- ↑ «Arkumea, bildotsa; arkaztea, artantxoa eta ardia - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (kontsulta data: 2020-09-08).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Budiansky, Stephen. (1999). The Covenant of the Wild: Why animals chose domestication. Yale University Press ISBN 0-300-07993-1..
- Scherf. Roma: FAO Commission on Genetic Resources for Food and Agriculture Assessments.
- 2=Parker, 2=R. O.. (1986). Sheep and Goat Science, Fifth Edition. Danville, Illinois: The Interstate Printers and Publishers Inc ISBN 0-8134-2464-X..
- Baird. (2012). Sheep and Goat Medicine. (2. argitaraldia) Elsevier & Saunders ISBN 978-1-4377-2353-3..
- Simmons, Paula; Ekarius, Carol. (2001). Storey's Guide to Raising Sheep. (3. argitaraldia) North Adams, Massachusetts: Storey Publishing ISBN 978-1-58017-262-2..
- Simmons, Paula; Ekarius, Carol. (2009). Storey's Guide to Raising Sheep. (4. argitaraldia) North Adams, Massachusetts: Storey Publishing ISBN 978-1-60342-484-4..
- Smith, Barbara; Aseltine, Mark; Kennedy, Gerald. (1997). Beginning Shepherd's Manual. (2. argitaraldia) Ames, Iowa: Iowa State University Press ISBN 0-8138-2799-X..
- Weaver, Sue. (2005). Sheep: small-scale sheep keeping for pleasure and profit. California: BowTie Press ISBN 1-931993-49-1..
- Weaver, Sue. (2013). The Backyard Sheep: An Introductory Guide to Keeping Productive Pet Sheep. Storey Publishing ISBN 9781603428484..
- Wooster, Chuck. (2005). Living with Sheep: Everything You Need to Know to Raise Your Own Flock. Guilford, Connecticut: The Lyons Press ISBN 1-59228-531-7..
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Dolly ardia
- Aari, Euskal mitologian ardiari buruzko kontuak jakiteko.
- Martak