Ahari (mitologia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ardi(mitologia)» orritik birbideratua)
Fitxategi:Ahari Ahari taldekoa.JPG
Ahari Kultur Taldeko Ahari pertsonaia Euskal Ihauterian.

Ahari Arabako Okinako leize ospetsuan bizi zen ireluetako bat zen, ahariaren itxura hartzen zuena.

Oro har, Leizetan bizi ziren irelu-ahariak, Mariren laguntzaileak ziren. Jainkoak aharien gorputza burukotzat erabiltzen du lo egiteko, baita beraien adarrak ere iruteko harikailtzat.

Jainkoak ahariak zamaberetzat erabiltzen ditu. Horrela sinesten dute Zegaman Aketegiko Damaren kasuan.

Ahariekin batera, ardiak ere zenbait elezaharren eta sinesmenen protagonistak dira. Haien pisua handia da euskal mitologia eta sinesmen zaharretan. Normala da kontuan hartuz artzaintzak gure nekazaritza gizartean izan duen garrantzia.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahariek, eta are gehaigo ahari beltzek, euskal mitologian paper garrantzitsua jokatzen dute. Askotan Mariri lotuta agertzen dira.

Behiak abelgorriak ziren bezala, eta zaldiak abelbeltzak, ardiak artzaintzako zenbait tokitan abelxuriak deitzen zituzten.

Sasi ardiak eta ardi latxak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Sasi ardi»

Euskal Herriko bertako ardi arrazak ahari edota ardiei buruzko mitologiarekin lotuta daude.

Sasi ardiak. Mendiko ardiak euskal elezahar askotan azaltzen dira, artzaintzak gure artean izandako garrantziaren seinale.

Sasi ardiez den bezainbatean, ardi mota hori oso leku malkartsu eta sastrakatsuetan bizi denez, eta askotan harpeetako sarreretan edota barnean babesten denez, leku haietako irelu edo jenioekin lotzen zuen jendeak.

Irelu hauen gustuko leize eta parajeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Okinako leizea.
  • Gaiztozuloko leizea, Oñati.

Elezaharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ardiek hitz egiten zuten garaia.

Leitzako baserritar batek kontatzen zuen ipuin hau: Ardiek hitz egiten zuten garaian, artzain batek ataka ireki eta artaldea belardi batera sartu zuen, baina ardiek ez zuten belarrik jaten, zeren eta batak besteari (istorioaren beste zenbait aldaeratan belarra bera mintzatzen zitzaien) "Aurrean goxo, aurrean goxo" esanez aurrerago joaten ziren, eta egun hartan belarrik jan gabe gosez geratu ziren.

Hurrengo egunean artzainak ataka berriz ireki eta artaldea belardi berera sartu zuen; oraingoan ordea, gosetutako ardiak, "Bertan goxo, bertan goxo" esanez belarra jaten hasi ziren".


Sinesmenak ardi eta ahariei buruz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekaitz hodeiei "ahari buruak" deitu izan zaie herri askotan, eta jendeak Mariren zerbitzariak diren irelu hauen irudia ikusten zuen haietan, ekaitza ekartzen
  • Marik oso gustuko oparitzat hartzen du ahari bat berari eskaintzea.
  • Euskal Herriko zenbait lekutan, ekaitza ekartzen duten hodei mokorro zuri handiei ahari buruak deitzen diete, irelu hau ekaitzekin lotuz.
  • Batzuetan Marik ahari bat erabiltzen du bere gainean ibiltzeko, zaldia balitz.

Bertakoek sinesten zutenez, Ahariren bizilekua den Okinako leizetik sortzen omen ziren eskualdeko uztak eta baratzeak suntsitzen zituzten ekaitz eta txingor-hodeiak.

  • Garai batean Nafarroako, Aragoiko eta Kataluniako Pirinioetako artzainek "Martak" izenarekin deitzen zituzten beren artaldeetako ardi beltzak. Abere hauek, ustez, indar magiko handiak zituzten, eta garestiago saltzen ziren azoketan.
Sakontzeko, irakurri: «Martak»
  • XVIII. mendearen erdialdean Kolera edo sukar-beltzaren izurrite batek zigortu zituen Goierriko herriak.

Kontatzen dutenez, behe-lainotxo bat pasatu zen Segurako kaleetan barrena, eta biharamunean sukar-beltzaren izurritea inguruko jendea sarraskitzen hasi zen.

Izurritearen egilea Lainaide zen, Aideko irelua laino itxura hartuta.

Izurritearekin amaitzeko, ardi taldeak eraman zituzten Segurara eta hango kaleetatik pasarazi. Uste zuten horrela ardiek beraienganatuko zutela gaixotasuna herritarrak salbatuz.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jose Miguel Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel de Barandiaran. Argitaletxea: Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilao 1976.
  • Jose Miguel Barandiaran, Dictionnaire Illustré de Mythologie Basque, traduit et annoté par Michel Duvert, Donostia, Argitaletxea: Elkar, 1994. ISBN 2-913156-36-3
  • Enciclopedia General Ilustrada del Pais Vasco, Historia General de Euskal Herria. Argitaletxea, Auñamendi, Zarautz 1978.
  • Pequeño diccionario de mitologia vasca y pirenaica. Egilea Olivier de Marliave. Argitaletxea, Alejandria, Bartzelona 1995.
  • Euskal Pentsamendu Magikoa, Luburu II. Egilea Juan Garmendia Larrañaga. Argitaletxea Elkar, Donostia 1994

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Joseba Lakarra (2002). 65 etimologías del protovasco.
  2. Koldo Mitxelena (1976). Fonética histórica vasca. Donostia: Gipuzkoako Aldundia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Gaztelaniaz) «Aari», Auñamendi Eusko Entziklopedia.