Argentinako geografia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Argentinako geografia
Argentinako mapa topografikoa
Argentinako mapa topografikoa
Azalera
Osoa 2.780.400 km²
Lehorra 2.736.690 km²
Ura 43.710 km²
Latitudea 34°0' S
Longitudea 64°0'W
Mugak
Bolivia 742 km
Brasil 1.132 km
Txile 5.308 km
Paraguai 1.699 km
Uruguai 495 km
Itsas erreklamazioak
Ondoko eremua 24 itsas milia
Ekonomia-eremu esklusiboa 200 itsas milia
Jurisdikziopeko urak 12 itsas milia
Muturreko garaierak
Puntu beherena -105 m (Laguna del Carbón, Santa Cruz)
Puntu gorena 6.960 m (Aconcagua, Mendoza)

Argentina Hego Amerikako Hego Konoan kokatutako estatua da. Iparraldean Bolivia eta Paraguairekin du muga, ekialdean Brasil, Uruguai eta Ozeano Atlantikoarekin, hegoaldean Txile eta Ozeano Atlantikoarekin eta mendebaldean Txilerekin. Brasilekin 1.132 kmko muga du, Boliviarekin 742 kmkoa, Txilerekin 5.308 kmkoa, Paraguairekin 1.699 kmkoa eta Uruguarekin 495 kmkoa[1].

Azalerari dagokionez, Hego Amerikako bigarren estaturik handiena eta munduko zortzigarrena da. 2.780.400 km²ko eremua dauka, kontuan hartu gabe Erresuma Batuaren esku dauden eta Argentinak beretzat galdegiten dituen Malvinak (11.410 km²), Hegoaldeko Georgiak (3.560 km²) eta Hegoaldeko Sandwichak (307 km²). Horrezaz gain, 965.597 km²ko Antartikako lurralde bat (Hego Shetlandak eta Hego Orkadak barne) ere eskatzen du beretzat[2]

Eskualde naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patagonia kontuan hartu gabe, Argentinan zazpi eskualde natural bereizten dira[3]:

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argentinako erliebean Andeak nabarmentzen dira. 4.441 kilometroko luzeran, mendilerro honek herrialdearen mendebaldea zeharkatzen du, iparraldetik hegoalderaino. Gailurrik gorenak Aconcagua (6.962 metro) da, Amerika osoko mendirik garaiena, Ojos del Salado (6.891 metro), Pissis mendia, Cerro Mercedario (6.768 metro) eta Cerro Bonete (6.759 metro) dira, denak mendilerroaren erdialdeko zatian. Iparraldean Atacamako puna dago, 3.800 metroko garaierako goi ordoki idorra, ekialdeko ertzean 6.000 metroko gailurrak dituena. Eskualde horretan bertan dago Quebrada de Humahuaca izeneko haitzartea (La Quiaca, 3.440 metro). Patagoniako Andeak, Neuquéndik hegoaldera, iparraldekoak baino apalagoak dira: Lanín sumendia, (3776 m), Cerro Tronador (3.554 metro) eta Fitz Roy (3.405 metro) dira puntu gorenak[4].

Andeen mendebaldean, Catamarcatik Neuquéneraino, Precordillera delakoa eta Panpako mendilerroen sistema daude. Sistema honetakoak dira Catamarcako Belén eta Ancastiko mendilerroak, eta La Riojako Jagüel eta Velascokoak. Tucumán, San Juan, San Luis, Santiago del Estero eta Córdoban ere daude mendilerroak. Buenos Airesko probintzian Sierra de Tandil eta Sierra de la Ventana dira aipagarrienak[4].

Herrialdearen ipar-ekialdea oso ordoki zabala da, Paraguai eta Uruguaira ere hedatzen dena. Argentinan ordoki horrek 1.200.000 kilometro koadroko eremua hartzen du. Iparraldean Pilcomayo, Paraguai eta Paraná ibaiek mugatzen dute; mendebaldean mendilerro handiek; hegoaldean Colorado ibaiak; eta ekialdean Aguapié eta Uruguai ibaiek eta Ozeano Atlantikoak. Eremu zabal honetan oso paisaia desberdinak daude, hala nola, Corrientesko zingirak (Esteros del Iberá), Gran Chacoko oihanak eta Panpako larreak[4].

Patagoniako goi-ordokia Patagoniako andeetatik Ozeano Atlantikoraino hedatzen den goi lautada da. Oso idorra da eta han-hemenka muino eta mendi apal batzuk daude: Cerro Anecón Grande (2.010 metro) Río Negron, Cerro Calfuquir (1.885 metro) Chubuten, Cerro Cojudo Blanco (1.335 metro) Santa Cruzen. Argentinako Patagonian dago Amerikako beheragunerik sakonena: Laguna del Carbón (-108 metro)

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argentinako ibai nagusiak
Paraná ibaia Rosarion
Izena Luzera (km)
Salado del Norte 2.355
Paraná 1.630
Colorado 1.140
Urugua 1.170
Bermejo-Teuco 1.000
Pilcomayo 850
Chubut 810
Salado 640
Negro 635
Deseado 615
Chico 600
San Juan 500
Mendoza 400
Oharra: kasu guztietan luzera Argentinako zatiari dagokio

Klima eta latitud aniztasuna dela eta, Argentinan oso ibai desberdinak daude. Ipar-ekialdean emaritsuak, luzeak eta nabigagarriak dira; iparralde eta mendebaldean emari txikikoa; hegoaldean, Andeetatik hurbil ibai jariotsuak dauden arren, Patagonia zeharkatu ahala emaria galtzen dute. Arro hidrografikoak hiru multzotan banatzen dira[5][6]:

  • Arro exorreikoak: ozeanora isurtzen dira.
    • Atlantikoko isurialdea. Hiru sistema nagusi daude:
      • Rio de la Plataren arroa. 3.100.000 kilometro koadroko eremua hartzen du, Argentina, Bolivia, Brasil, Uruguai eta Paraguairen artean banatua. Argentinako garrantzitsuena da, eta bost herrialde horien arteko nabigazioa ahalbidetzen du. Arro honetako ibai bagusiak Paraná, Uruguai, Paraguai, Pilcomayo, Bermejo, Salado, Carcarañá, Iguazu eta Río de la Plata.
      • Erdialdeko arroak. Atlantikora zuzenean isurtzen diren ibai txikiak dira, gehienak Buenos Airesko probintziakoak: Quequén Grande, Sauce Grande, Sauce Chico eta Napostá erreka.
      • Patagoniako arroak. Ibai hauek Andeetan sortu, Patagoniako zabaldi idorra zeharkatu eta Atlantikora isurtzen dira. Ibilbide paraleloak dituzte, eta ez dute adar handirik. Urtean bi ur-goraldi izaten dituzte: neguan, euriteengatik, eta udaberrian, elurraren urtzearengatik. Emaririk txikiena udazkenean izaten dute. Garrantzitsuenak Colorado, Chubut, Río Negro eta Santa Cruz dira.
    • Pazifikoko isurialdea. Argentinako Andeetan dute iturburua, baina Txilera igaro eta Ozeano Barera isurtzen dira. Garrantzitsuena Futaleufú da.
  • Arro endorreikoak. Erdialdeko Argentinako ibai hauek ez dute Ozeanora isurtzen. Batzuek aintziretan dute ahoa, eta beste batzuk agortu egiten dira. Nagusiak hauek dira:
    • Desaguadero ibaiaren sistema. Iturburua erdialdeko Andeetan duen ibai hau Guanacacheko urmaeletara isurtzen zen, baina XX. mendean hezegune hori lehortua izan zen. Ur goraldi handienetan (oso gutxitan) ura Ozeano Atlantikoraino irits daiteke. Ibai hau oso erabilia da hidroelektrizitatea ekoizteko eta ureztatzeko.
    • Mar Chiquita aintziraren sistema. Dulce, Suquía eta Segundo ibaien ura hartzen du.
    • Quinto ibaiaren sistema. San Luisko mendilerroan sortu eta hegoaldeko Córdobako zingiretara isurtzen da.
  • Arro arreikoak. Chacoren erdialdean, Punan, mendebaldeko Panpan eta Andeetatik kanpoko Patagonian daude. Bertan ez da ibai iraunkorrik, eta elur urtze edo eurite handien ostean, zingirak (esteros), aldi baterako aintzirak edo gatz-lautadak eratzen dira.

Aintzirei dagokienez, bi mota daude: Patagoniako lakuak eta ordokietako aintzira eta urmaelak:

Argentinako aintzirak
Izena Probintzia Azalera
(km²)
Oharrak
Mar Chiquita Córdoba eta Santiago del Estero 6000 km² -
Lago Argentino Santa Cruz 1466 km² -
Viedma aintzira Santa Cruz 1088 km² -
Buenos Aires/General Carrera Santa Cruz 971,8 km² Txilerekin partekatua (denetara: 1850 km²).
Colhué Huapi Chubut 810 km² -
Llancaneloko aintzira Mendoza 650 km² -
Nahuel Huapi Río Negro-Neuquén 557 km² -
Fagnano aintzira Suaren Lurraldea 551,3 km² Txilerekin partekatua (denetara: 590,3 km²)
O'Higgins/San Martín aintzira Santa Cruz 504 km² Txilerekin partekatua (denetara: 1058 km²)
Cardiel aintzira Santa Cruz 458 km² -
Musters aintzira Chubut 434 km² -
Cochrane/Pueyrredón aintzira Santa Cruz 145 km² Txilerekin partekatua (denetara: 320 km²)
Strobel aintzira Santa Cruz 120 km² -
Huechulaufquen aintzira Neuquén 84 km² -
Fontana aintzira Chubut 79 km² -
Traful aintzira Neuquén 70 km² -

Los Glaciares Parke Nazionalean (Patagonia) daude herrialdeko glaziarrik handienak. Besteak beste, Perito Moreno, Upsala eta Spegazzini glaziarra nabarmentzen dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Argentina: superficie, límites y puntos extremos Instituto Geográfico Nacional ign.gob.ar http://www.ign.gob.ar/node/46. Noiz kontsultatua: 2015-08-09 .
  2.   Población por sexo e índice de masculinidad. Superficie censada y densidad, según provincia. Total del país. Año 2010 Censo Nacional de Población, Hogares y Viviendas 2010 INDEC – Instituto Nacional de Estadística y Censos http://www.indec.mecon.ar/nuevaweb/cuadros/2/f020202.xls. Noiz kontsultatua: 2015-08-06 .
  3.   Argentina: regiones geográficas barrameda.com.ar http://www.barrameda.com.ar/geografia/argentina-regiones-geograficas-noroeste.htm#. Noiz kontsultatua: 2015-08-09 .
  4. a b c   Argentina: geografía barrameda.com.ar http://www.barrameda.com.ar/geografia/index.html. Noiz kontsultatua: 2015-08-14 .
  5.   Hidrografía de Argentina Argentina el Pais su Cultura y su Gente surdelsur.com http://surdelsur.com/es/hidrografia-argentina/. Noiz kontsultatua: 2015-08-16 .
  6.   Argentina: Hidrografía todo-argentina.net http://www.todo-argentina.net/geografia/argentina/hidro_e.htm. Noiz kontsultatua: 2015-08-16 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Argentinako geografia Aldatu lotura Wikidatan