Aristoteles
Aristoteles[1] (grezieraz: Ἀριστοτέλης, Estagira, Mazedonia, K.a. 384 – Kaltzis, Eubea, K.a. 322) Grezia klasikoko filosofo eta polimata bat izan zen. Platone ikasle izanda, Lizeoaren, eskola peripatetikoaren eta tradizio aristotelikoaren sortzailea izan zen. Haren idazkiek gai asko jorratzen dituzte, besteak beste, fisika, biologia, zoologia, metafisika, logika, etika, estetika, poesia, antzerkia, musika, erretorika, psikologia, hizkuntzalaritza, ekonomia, politika, meteorologia, geologia eta gobernua. Aristotelesek aurretik zeuden filosofien sintesi konplexu bat eratu zuen. Haren irakaspenetatik jaso zuen, batez ere, Mendebaldeak bere lexiko intelektuala, problemak eta ikerketa metodoak. Horren ondorioz, haren filosofiak eragin paregabea izan du Mendebaldeko ia jakintza mota guztietan, eta gaur egungo eztabaida filosofikoaren xede izaten jarraitzen du.
Ez dago datu askorik haren bizitzaz. Aristoteles Estagira hirian jaio zen, Greziako iparraldean. Aita, Nikomako, Aristoteles haurra zenean hil zen, eta tutore batek hazi zuen. Hamazazpi edo hemezortzi urterekin, Atenasko Platonen Akademiarekin bat egin zuen eta bertan egon zen 37 urte bete arte (K.a. 347).[2] Platon hil eta gutxira, Aristoteles Atenastik atera zen, eta, Filipo II.a Mazedoniakoak eskatuta, Alexandro Handiaren tutore izan zen K.a. 343tik aurrera.[3] Lizeoan liburutegi bat ezarri zuen, ehunka papirozko liburu ekoizten laguntzeko. Aristotelesek argitaratzeko tratatu eta elkarrizketa dotore asko idatzi zituen arren, haren Corpus Aristotelicum jatorrizko ekoizpenaren bostena baino ez da, eta horietako bakar bat ere ez zen argitaratu.[4]
Aristotelesen iritziek goitik behera aldatu zuten Erdi Aroko filosofia. Zientzia fisikoaren eragina Antzinate Berantiarretik eta Goi Erdi Arotik Pizkundera arte zabaldu zen, eta ez ziren sistematikoki ordezkatu Ilustrazioa eta mekanika klasikoaren teoriak garatu ziren arte. Haren biologian aurkitutako behaketa zoologiko batzuk —hala nola, olagarroaren ektokotilo besoa (ugaltzekoa)— ez ziren sinesgarriak izan XIX. mendera arte. Erdi Aroan ere eragina izan zuen filosofia judu-islamikoetan, baita kristau teologian ere, bereziki Eliza Goiztiarraren neoplatonismoan eta Eliza Katolikoaren tradizio eskolastikoan. Erdi Aroko eruditu musulmanen artean «lehen Irakaslea» esaten zioten eta Erdi Aroko kristauen artean —Tomas Akinokoak, adibidez— «filosofoa» esaten zioten; Dante poetak, berriz, «dakitenen maisua». Haren lanek logika ezagunaren lehen azterketa formala osatzen dute, eta Erdi Aroko jakintsuek aztertu zituzten, hala nola Petri Abelardo eta Jean Buridan filosofoek.
Aristotelesek logikan izan zuen eragina nabarmena izan zen XIX. mendera arte. Gainera, haren etikak, beti eragin handia izan arren, indar berria hartu zuen bertuteen etika XX: mendeko filosofian gailendu zenean.
Aristotelesek izengoiti edo deitura asko jaso izan ditu historian zehar, besteak beste, «logikaren aita», «biologiaren aita», «zientzia politikoaren aita», «zoologiaren aita», «enbriologiaren aita», «lege naturalaren aita», «metodo zientifikoaren aita», «erretorikaren aita», «psikologiaren aita», «errealismoaren aita», «kritikaren aita», «indibidualismoaren aita», «teleologiaren aita» eta «meteorologiaren aita».
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aristotelesen bizitza ez da zehazki ezagutzen.[5] Datu biografiko gutxi daude haren lanei buruz, eta ez dira bere garaikideen testigantza asko ezagutzen. Dionisio Halikarnasokoa eta Diogenes Laerzio doxografoak bi mende edo gehiago jaio ziren haren heriotzaren ondoren. Alexandro Handiaren irakasle izan zelarik, ahalegindu zen harengan kritikaren edo filosofiaren espiritua eta helenismoaren partaide izatearen lantzen. Haren biografoen arabera, Aristoteles umoretsua eta totela zen.[6]
Haurtzaroa eta gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estagira hirian jaio zen, K.a. 384. urtean, Tesalonika modernotik 55 km ekialdera. Garai hartan Mazedoniako Erresumakoa zen eta gaur egun Greziako Mazedonia eskualdean dago.[7]
Jaiolekutik datorkio «estagirita» ezizena.[8] Asklepiade familiakoa zen, hau da, Asklepioren ondorengoena, eta horrek eragin zion biologia eta medikuntzarako zaletasuna. Nikomako aita Mazedoniako Amintas erregearen sendagilea izan zen. Horrek Mazedoniako gortera lotuko zuen Aristoteles bizitzan zehar.[9] Gurasoak oraindik oso gaztea zela hil zitzaizkion, Mazedoniako Arkelau I.aren erregealdian izandako erresistentziaren ondorioz. Ziurrenik, Aristoteles gaztea Atarneora joan zen bizi izatera, tutoretza Proxenoren esku geldituta.[10]
17 urte zituela, Atenasera joan zen[10] eta bertako Akademian Platonen ikasle izan zen hogei urtez.[11] Akademian izan zen azken urteetan, erretorika irakasle gisa ere jardun zuen. Bertan «estagirita» eta «irakurle» ezizena ipini zioten, jatorriagatik lehena eta beti liburuak aztertzen aritzen zelako bigarrena.
Alexandro Handiaren irakasle
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Akademiara joan zen garaian, Aristotelesek tokiko bizitza politikoari jarraitu zion gertutik, baina ezin izan zuen zuzenean parte hartu, meteko baitzen. Platon hil zenean, K.a. 348-347 urte inguruan, ez zuten Akademiako buru izendatu, Akademian nagusitzen ari zen pentsaera matematikoarekin zituen ezadostasunak zirela eta. Horrela, Espeusipo izan zen Platonen ondorengoa.[12] Anatoliako Aso hirira joan zen bertako errege Hermias Atarneokoa lagunaren gonbitaz, eta han egon zen hiru urtez.[13] Bertan, erregearen alaba (edo biloba, agian) Pitiasekin ezkondu eta alaba bat izan zuten, Pitias izenekoa baita ere.[14]
Hermias hil ondoren, Mazedonia jaioterriko errege Filipo II.a Mazedoniakoak 13 urteko Alexandro semearen —gerora Alexandro Handia izango zena— irakasle izendatu zuen, K.a. 343. urtean, eta horretan jardun zuen bost urtez.
Hermias hil ondoren, 343an, Mazedonia jaioterriko errege Filipo II.a Mazedoniakoak eskatuta, 13 urteko printze oinordekoaren —gerora Alexandro Handia izango zena— irakasle bihurtu zen.[15] Filipok Aristoteles aldeko hautua aise nagusituko zen, neurri batean, Mazedoniako erregea gaztetatik baitzen filosofoaren oso zalea. Aristoteles, ordurako entziklopedista bikaina zena, hobetsi zuen Isokrates zaharraren aurretik, haren bi jarraitzaile Isokrates Apoloniakoaren eta Teoponporen aurretik, baita Espeusiporen beraren aurretik ere.[16] Alexandrori letrak eta, zalantzarik gabe, politika irakatsi zizkion, bizpahiru urtez, etorkizunean arma lagun izango zituen beste adiskide batzuekin batera, horien artean, besteak beste, Ptolomeo I.a eta Kallistenes.[15] Alexandro 15 urterekin erregeorde bihurtu zenean, Aristotelesek bere irakasle izateari utzi zion, baina, hala ere, gortean jarraitu zuen hurrengo bost urteetan. Zenbait iturriren arabera, Alexandrok bere ehiza eta espedizioetako animaliak eman zizkion, ikertu zitzan, eta horri esker, haren zoologia lanek erakusten duten dokumentazio eskerga pilatu ahal izan zuen.[17]
Ondoren, Lesbosera joan zen Teofrasto bere adiskidearekin (K.a. 337 - K.a. 335).[18]
Lizeoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Filipo Mazedoniakoa hilik eta Alexandro haren semea konkistak prestatzen ari zela, Atenasera itzuli zen Aristoteles. Bertako Akademian Xenokratesen buruzagitzapean Platonen pentsaera nagusi zela ikusita, Atenasera itzuli eta gutxira, K.a. 335. urte inguruan, bere eskola propioa sortu zuen Lizeo[19] izeneko gimnasio publiko batean —hortik izena. Gimnasio hura jada bazen bilera filosofikoetarako lekua, Sokratesek berak ere bertara joateko ohitura baitzuen.[20] Lokalak alokatu egin ziren eta ez erosi, metekoek ez baitzeukaten jabetza eskubiderik. Inguruan pasealeku bat zuen («peripatos»), zuhaitzez landatutako ibilbidea, non maisu eta ikasleak gustura ibiltzen baitziren. Aristotelikoak, beraz, «Lizeotik gertu paseatzen direnak» ziren (grezieraz: Λύκειοι Περιπατητικοί, lukeioi peripatêtikoi), eta hortik datorkio eskola peripatetikoa izena,[21] batzuetan aristotelismoa osoki izendatzeko erabiltzen dena. Lizeoak liburutegia, museoa eta ikasketarako eta ikerketarako materialez hornitutako hitzaldi aretoak zituen.
Aristotelesek bi eskola mota ematen zituen: goizekoa, «akroamatikoa» edo «esoterikoa»,[22] ikasle aurreratuentzat, eta arratsaldekoa, «exoterikoa», edonorentzat irekia.[22] Garai hartan, badirudi Likabitos mendiko basoan bizi zela Aristoteles.[23]
Bitartean, Pitias emaztea hil zelarik, Herpilis izeneko emakume batekin ezkondu omen zen eta berarekin seme-alabak izan zituen, Nikomako izeneko seme bat besteak beste,[24] Aristotelesen
Nikomakorentzako etika liburuaren protagonista.[25]
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
K.a. 327an, Aristotelesen iloba Kalistenes espetxerarazi zuen Alexandrok, bere aurrean persiar modura makurtzeari uko egin ziolako eta Hermolaos matxinadan nahasita omen zelako. Kalistenes Baktran[26] preso zegoela hil zen. Ilobaren heriotzak eta desohoreak Aristoteles bere ikasle ohiarengandik betirako urrundu zuen, baita pentsamendu politikoaren alorrean ere, haren azken idazki batek frogatzen duen bezala.[27]
K.a. 323ko ekainean Alexandro Handia hil zenean, Atenasen antipaterraren aurkako matxinadak[28] mazedoniarren aurkako mehatxua maila gorenera eraman zuelarik, Aristoteles Atenastik ihes egitera deliberatu zen. Ihes hori are eta arrazoituago zegoen, Eurimedon Eleusiseko hierofante edo apaizak bere aurkako salaketa zentzugabe bat aurkeztua baitzuen, esanez Hermias Atarneokoaren omenezko himno bat konposatu zuela, soilik jainkoen omenezko izan zitekeen poema genero batean. Atenastarrek «Sokratesekin behin egin zuten bezala, filosofiaren aurka berriz ere bekaturik egiteko aukerarik izan ez zezaten»,[29] Herpilis bigarren emaztearekin eta Pitias eta Nikomako seme-alabekin Eubea uhartean babestu zen Aristoteles, Kalkisen, non bere amak lur sail bat baitzeukan. Han hil zen, 63 urte zituela,[30] aspaldidanik pairatzen zuen urdaileko gaitzak eraginda, zalantzarik gabe. Testamentuan,[31] bere esklaboen emantzipaziorako xedapenak jaso zituen, eta senide guztien etorkizuna bermatzen saiatu zen. Gorpua jaioterrira eraman zuten.
Pentsaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Logika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Logikaren sortzailetzat jotzen da Aristoteles. Bera izan zen esaldi baten baliozkotasuna edukiari baino egiturari erreparatuz aztertu behar dela ezarri zuen lehena. Horrela, arrazoibide logiko zuzen bati silogismo izena eman zion. Aristotelesen silogismoen ohiko adibide bat da:
- Gizaki guztiak hilkorrak dira.
- Sokrates gizakia da.
- Beraz, Sokrates hilkorra da.
Arrazoibide deduktiboa da, beraz, Aristotelesen logikaren muina, kasu partikularretatik ondorio orokorrak ekartzen dituen indukzioa aipatu bazuen ere. Logikari buruz idatzi zituenak Organon —Tresna euskaraz— bataiatu zituzten eskola peripatetikoko haren jarraitzaileek. Organon horren baitan Kategoriak izeneko lana aurkitzen da lehendabizi, non kontzeptuak (izenak, aditzak) adierazten dutena kategoria ezberdinetan sailkatzen baita: substantzia, kopurua, nolakotasuna, erlazioa, lekua, denbora, kokapena, egoera, ekintza eta grina. Kontzeptuak lotutakoan —izen bat aditz batekin, esaterako— sortzen diren proposizio kategorikoak soilik dira egiazkoak edo faltsuak, errealitatearekin duten adostasuna aztertuz. Proposizioak era zuzenean lotuz eta bateratuz, silogismoak erabiliz alegia, egiazkoak diren proposizio berriak sortzen dira.[32]
Ba al dakizu sarean agertzen zaizkizun berri, iragarki, bideo… eta abarren atzean zer dagoen? Zu zeu zara sarean edo zure aztarna digitalaren gainean eraiki duten profil bat?
Naturaren filosofia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aristotelesek interes handia erakutsi zuen naturaren fenomenoekin. Horrela, zoologia, botanika, meteorologia eta astronomia arloetan informazio biltzaile handi bat izan zen. Biologia arloan nabarmendu zen, izaki bizidunen sailkapen taxonomikoa asmatu baitzuen. Zoologiari dagokionez, animalia odoldunak eta odolgabeak bereizi zituen; botanikan, landare loredunak eta loregabeak. Berezko sorreraren ideia —okerra— ere garatu zuen, intsektuak ihintz, hezetasun eta izerditik berez sortzen zirela, alegia. Astronomian ekarpen nabarmenak egin zituen, zortzi esferadun teoria geozentrikoa planteatuz, indarrean iraun zuena Nicolaus Copernicusek teoria heliozentrikoa formulatu zuen arte.
Haren iritziz, animalien, landareen eta naturaren fenomenoen behaketa sistematikoaz haraindi, zientziaren oinarrian naturaren izaeraren eta egituraren hausnarketa izan behar zen, eta horretan jardun zuen beti. Naturaren zientziari «physike» deitu zion. Haren iritziz, physike horretan naturako izakien ezaugarri nagusia zen aldaketa edo mugimendua eta garapen potentziala, izaki artifizialetan —mahai bat, esaterako— ez bezala. Mugimendua eta aldaketa eragindakoa da eta beraz, kausa bat behar du abiarazle gisa. Lau kausa mota bereizi zituen Aristotelesek: kausa materiala —brontzetik estatua bat sortzen da—, kausa formala —estatuaren forma edo eitea bera—, kausa eraginkorra —artista— eta xedezko kausa —zertarako egin da estatua?—. Kausa horiekin loturik, Aristotelesek hilemorfismo izeneko teoria garatu zuen, zeinaren arabera gauzak materiaz eta formaz osaturik baitaude.[33]
Metafisika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakia natural, sozial, politiko, arrazional… bezala definitua izan da. Gizaki mota berri baten aurrean al gaude? Gizaki birtuala edo homo birtualis, alegia?
Metafisika Aristotelesek filosofiaz idatziriko lanen bilduma bat da, gai askotarikoak eta askotan batasunik gabeak jasotzen dituena. Aristotelesen Fisika lanean bildutako gaiez haragokoak —meta + fisika, euskaraz «fisikaz harago»— edukitzeagatik izan daiteke izenburu hori, baina aditu batzuk uste dute izenburuaren arrazoia dela liburuki hauek Aristotelesen lanen kanon edo ordenazioan Fisika lanen ondorengoak izatea.[34] Aipatu behar da, gainera, metafisika hitza bera ez dela bilduma horretan agertzen, Aristotelesen jarraitzaileek eta peripatetikoek jarritako izenburua baita. Aristotelesen Metafisika bildumaren aniztasunaren barruan, lau gai bereiz daiteke: lehen filosofia —gauzen lehenengo kausak eta printzipioak aztertzen dituena—, izatearen azterketa, jakintza eta teologia.[35]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aristoteles idazkiak Teofrasto ikasleak jaso zituen, eskola peripatetikoaren buruzagitzarekin batera. Liburu bilduma Neleoren eskuetan geratu zen ondoren. Honek zulo batean gorde zuen, harik eta K.a. 100. urtearen inguran liburuzale batek aurkitu zuen arte. Atenasera ekarri ondoren, Erromara eramanak izan ziren idatziak K.a. 86an, Atenas Erromaren mendean geratu zenean. Erroman, jakintsuen arreta jaso zuten eta horien edizio berri bat plazaratu zen, egun ezagutzen dena. Zoritxarrez, haren idazki guztietatik bostena bakarrik geratzen da.[36]
Zientzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- De Caelo
- De Generatione et Corruptione
- Meteorologica
- De Mundo
- De Anima
- Parva Naturalia:
- De Sensu et Sensibilibus
- De Memoria et Reminiscentia
- De Somno et Vigilia
- De Insomniis
- Divinatione per Somnum
- De Longitudine et Brevitate Vitae
- De Juventute et Senectute
- De Vita et Morte
- De Respiratione
- De Spiritu
- Animalien historia
- De Partibus Animalium
- De Motu Animalium
- De Incessu Animalium
- De Generatione Animalium
- Coloribus
- De audibilibus
- Physiognomonica
- De Plantis
- Mirabilibus Auscultationibus
- Mechanica
- Problemata
- De Lineis Insecabilibus
- Ventorum Situs
Logika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- De Interpretatione
- Analytica Priora
- Analytica Posteriora
- Topica
- De Sophisticis Elenchis
Metafisika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nikomakorentzako etika- Magna Moralia
- Ethica Eudemia
- De Virtutibus et Vitiis Libellus
- Politica
- Oeconomica
Estetika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ars Rhetorica
- Rhetorica ad Alexandrum
- Poetika
Aristotelesen Erretorika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere obra, Erretorika, hiru liburuz osatua dago:
- Lehen liburuak ikuspegi orokorra eskaintzen du, erretorikaren betebeharrak eta definizioa aurkeztuz; testuinguruaren gainean zehaztutako eztabaidak eta erretorika motak ere aurkezten dira.
- Bigarren liburuak erretorikaren hiru oinarriak aztertzen ditu, hizlari batek fidagarritzat hartu beharko lituzkeenak: sinesgarritasuna («ethos»), zirrarak eta entzuleak («pathos»), eta arrazoiketa patroiak («logos»), psikologian oinarritutakoak.
- Hirugarren liburuak estiloaren (lexikoa, metafora eta esaldiaren egitura) eta antolaketaren elementuak aztertzen ditu.
Ethos
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ethos (plurala: ethea) autoritate edo sinesgarritasunerako autoreari egindako deia da. Aurkezleak gai honi buruz hitz egiteko gai dela konbentzitu behar du entzulea. Zenbait m¡eratan egin daiteke:[37]
- dena delako esparruan figura nabarmen bat izatea, esate baterako, unibertsitateko irakasle edo aurkezten den gaiarekin zerikusia duen enpresa baten zuzendaria;
- eremuaren terminologia ongi menderatzen dela frogatzea;
- ezarritako beste autoritate batek aurkeztea edo egiaztatzea.
Pathos
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pathos (plurala: pathea) ikusleen emozioak erakartzea da. Terminoak sinpatia, patetismoa eta enpatia dira. Pathos bereziki indartsua izan daiteke ondo erabiltzen bada, baina hitzaldi gehienek ez dira soilik osagai honetan oinarritzen. Pathos eraginkorrena da egileak edo hiztunek irakurlearen edo entzulearen azpiko balioarekin akordioa erakustea.
Horrez gain, hizlariak patologia eta beldurrak erabil ditzake entzulea bereganatzeko. Pathosek ikusleen irudimena eta itxaropenak ere jar ditzake jokoan. Erabilera tipiko bat izan daiteke epaiketa batean salatuaren aurkako arbuio sentimendua lantzen saiatzea, haren aurkako epaian eragiteko; zentzu horretan, esan daiteke epaitutakoaren aurkako arbuio sentimendua entzulerian sortzea, epaitzen ari den gertakaria alde batera utzita, argudio patetiko bat sortzea dela, hitzaren zentzu etimologikoan.[38]
Logos
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Logos (plurala: logoi) errekurtso logikoa da edo haren simulazioa. Logika terminoa bertatik eratorria da. Logosa argudioaren osagaia da, arrazoibide batek hurrengorantz aurrera egiteko duen modua, erakusten baitu ezen, ondorio zuzena ez ezik, bakarra izateko bezain beharrezkoa eta arrazoizkoa ere badela. Logosak, ikuspegi pertsuasibo gisa, entzuleengan arrazoiaren bidez eragin nahi du.[39]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Aristoteles da euskarazko forma estandarizatua, ez *Aristotele. Ikus Euskaltzaindiaren 76. araua: Latin eta greziar pertsona -izen klasikoak euskaraz emateko irizpideei buruzko erabakia.
- ↑ Humphreys 2009, 37. orr. .
- ↑ Russell 1999.
- ↑ Barnes 2007, 14. orr. .
- ↑ Natali 1991, 213. orr. .
- ↑ Morel 2003, 17. orr. .
- ↑ McLeish 1999, 5. orr. .
- ↑ Akamatsu 2001, 11. orr. .
- ↑ Pellegrin 2014, 9. orr. .
- ↑ a b Shields 2020, 2. orr. .
- ↑ Pellegrin 2014, 10. orr. .
- ↑ Jaeger 1997, 110-111. orr. .
- ↑ Yourcenar 2010, 308-309. orr. .
- ↑ Jaeger 1997, 115. orr. .
- ↑ a b Battistini 2018, 33. orr. .
- ↑ Hummel 1993, 37-38. orr. .
- ↑ Shields 2020, 19. orr. .
- ↑ Lennox 2021, 2. orr. .
- ↑ «Lizeo» izena erabiltzen zuten, lekua Apolo Liziarra omentzeko tenplu baten alboan zegoelako.
- ↑ Platon. Itzulpena: Jesus Maria Arrojerria. (2005). Eutifron, Eutidemo eta Gorgias. Bilbo: EHU Klasikoak (web.archive.org), 33. or. ISBN 978-8496455061. OCLC .433992426.
- ↑ Diogenes Laertius 2004, 556. orr. .
- ↑ a b Lucien de Samosate 2015, 358. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Nussbaum, Martha C.; Osborne, Catherine. (2016-03-07). «Aristotle, philosopher, 384-322 BCE» Oxford Research Encyclopedia of Classics (Oxford University Press) doi:. ISBN 978-0199381135. (kontsulta data: 2025-08-15).
- ↑ (Ingelesez) Natali, Carlo. (2022). Aristotle: His Life and School. Princeton: Princeton University Press ISBN 978-0691242170. OCLC .1398041301 (kontsulta data: 2025-08-14).
- ↑ Jaeger 1997, 237. orr. .
- ↑ Faure 1994, 106. orr. .
- ↑ Aubonnet 2002, XV-XVII. orr. .
- ↑ Aubonnet 2002, XCIII-XCIV. orr. .
- ↑ Akamatsu 2001, 12. orr. .
- ↑ (Frantsesez) Aubenque, Pierre. «Biographie d'ARISTOTE (env. 385-322 av. J.-C.)» Encyclopædia Universalis (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-15).
- ↑ (Frantsesez) Diogenes Laertius. «Livre V : 1. Aristote.» remacle.org (web.archive.org): 12-16.. (kontsulta data: 2025-08-15).
- ↑ (Ingelesez) Smith, Robin. (2022). Zalta, Edward N. ed. «Aristotle’s Logic» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Callifornia: Metaphysics Research Lab, Stanford University) (kontsulta data: 2025-08-15).
- ↑ (Frantsesez) Aubenque, Pierre. «PHYSIS : La philosophie aristotélicienne de la nature» Encyclopædia Universalis (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-15).
- ↑ Calvo Martínez, Tomás. Itzulpena: Javier Aguirre Santos. (1997). «Aristotelen Metafisika eta bere gakoak» Metafisika (Bilbo: Klasikoak EHU (web.archive.org)) ISBN 978-8488303486. OCLC .434128534 (kontsulta data: 2025-08-14).
- ↑ (Frantsesez) Jaeger, Werner. Itzulpena: Olivier Sedeyn. (1997). Aristote : fondements pour une histoire de son évolution. Paris: L'Eclat ISBN 978-2841620142. OCLC .36849649.
- ↑ (Gaztelaniaz) Barnes, Jonathan. Itzulpena: Marta Sansigre Vidal. (1999). Aristóteles. Ediciones Cátedra (web.archive.org), 14. or. ISBN 978-8437606842. OCLC .318250160.
- ↑ (Ingelesez) Leith, Sam. (2012). You Talkin' to Me?: Rhetoric from Aristotle to Obama. Profile Books ISBN 978-1846683169. OCLC .964610988 (kontsulta data: 2025-08-14).
- ↑ (Ingelesez) «Pathos» Dictionary.com | Meanings & Definitions of English Words (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-14).
- ↑ (Ingelesez) Demirdögen, Ülkü D.. (2016-05-30). «The Roots of Research in (political) Persuasion: Ethos, Pathos, Logos and the Yale Studies of Persuasive Communications» International Journal of Social Inquiry 3 (1): 189-201. or. ISSN 1307-8364. (kontsulta data: 2025-08-14).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artikuluan erabilitakoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Frantsesez) Akamatsu, Étienne. (2001). "Éthique à Nicomaque", Aristote : avec le texte intégral des livres VIII et IX. Rosny: Bréal ISBN 978-2842917821. OCLC .468673755.
- (Frantsesez) Aubonnet, Jean. (2002). Politique. Paris: Les Belles Lettres ISBN 978-2251000572. OCLC .53993504.
- (Frantsesez) Battistini, Olivier. Itzulpena: Anne Sokolowski. (2018). Alexandre le Grand : un philosophe en armes. Paris: Ellipses ISBN 978-2340028418. OCLC .1076915371.
- (Ingelesez) Barnes, Jonathan. (2007). The Cambridge companion to Aristotle. Cambridge: Cambridge University Press (archive.org) ISBN 978-0521411332. OCLC .450468126.
- (Frantsesez) Faure, Paul. (1994). Alexandre. Paris: Fayard ISBN 978-2213016276. OCLC .491109383.
- (Ingelesez) Humphreys, Justin. (2009). «Aristotle» Internet Encyclopedia of Philosophy (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-14).
- (Frantsesez) Hummel, Charles. (1993). «Aristote» Perspectives : revue trimestrielle d’éducation comparée (Paris: UNESCO Bureau international d’éducation (web.archive.org)º) vol. XXIII, n. 1-2: 37-50.. ISSN 0304-3045..
- (Frantsesez) Jaeger, Werner. (1997). Aristote : fondements pour une histoire de son évolution. Paris: L'Eclat ISBN 978-2841620142. OCLC .36849649.
- (Frantsesez) Diogenes Laertius, Itzulpena: Jean-François Balaudé, Marie-Odile Goulet-Cazé. (2004). Vies et doctrines des philosophes illustres. Paris: Livre de Poche ISBN 978-2253132417. OCLC .635250254.
- (Ingelesez) Lennox, James. (2021). Aristotle’s Biology. California: Stanford University ISSN 1095-5054..
- (Ingelesez) McLeish, Kenneth. (1999). Aristotle. New York: Routledge ISBN 978-0415923927. OCLC .40912642.
- (Frantsesez) Morel, Pierre-Marie. (2003). Aristote : une philosophie de l'activité. Paris: Flammarion ISBN 978-2080711915. OCLC .53297573.
- (Italieraz) Natali, Carlo. (1991). Bios theoretikos: la vita di Aristotele e l'organizzazione della sua scuola. Bologna: Il Mulino ISBN 978-8815032225. OCLC .26052725.
- (Frantsesez) Pellegrin, Pierre. (2014). Aristote, Oeuvres complètes. Paris: Flammarion ISBN 978-2081273160. OCLC .900481820.
- (Ingelesez) Russell, Bertrand. (1999). A history of Western philosophy. New York: Simon and Schuster ISBN 978-0671314002. OCLC .863262818.
- (Frantsesez) Lucien de Samosate, Itzulpena: Émile Chambry. (2015). Œuvres complètes. Paris: R. Laffont ISBN 978-2221109021. OCLC .902678109.
- (Ingelesez) Shields, Christopher. (2020). «Aristotle» Stanford Encyclopedia of Philosophy (California: Stanford University) ISSN 1095-5054. OCLC .1430541194.
- (Frantsesez) Yourcenar, Marguerite. (2010). La couronne et la lyre : poèmes traduits du grec. Paris: Gallimard ISBN 978-2070322565. OCLC .840719438.
Euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aguirre Santos, Javier. (2008). Aristotelesen metafisikari sarrera. Donostia: Jakin (web.archive.org) ISBN 978-8495234360. OCLC .733748045.
- Agirre, Javier. (2019). Agustin Arrieta Urtizberea; Ibon Uribarri eds. «Aristoteles» Filosofiaren historia (Donostia: Elkar) ISBN 978-8497834032. OCLC .1130053475.
- Azurmendi, Joxe; Aintziart, Piarres et al.. (2004). Filosofiako gida - Filosofian aritzeko oinarriak: gida bibliografiko eta metodologikoa. Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea (web.archive.org) ISBN 978-8484380481. OCLC .433388431.
- Hadot, Pierre; Epikuro. Itzulpena: Jonathan Lavilla de Lera, Javier Aguirre Santos. (2023). «Antzinako filosofoek proposatutako hainbat zoriontasun eredu» Zoriontasunaren defentsan (Iruñea: Katakrak) ISBN 978-8416946839. OCLC .1482969559.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Metafisika eta Nikomakorentzako etika euskaraz EHUren webguneko Klasikoak bilduman.
- Ikusgelako bideoak dituzten artikuluak
- Zoologoak
- Mendebaldeko filosofia
- Mendebaldeko kultura
- Filosofo sozialak
- Filosofo politikoak
- Logika filosofikoa
- Teknologiaren filosofoak
- Zientziaren filosofoak
- Psikologiaren filosofoak
- Kulturaren filosofoak
- Filosofo peripatetikoak
- Filosofo moralak
- Logikariak
- Pentsamendu kritikoa
- Aforismoegileak
- Antzinako Greziako filosofoak
- Antzinako Greziako matematikariak
- K.a. IV. mendeko idazleak
- K.a. IV. mendeko filosofoak
- K.a. IV. mendeko matematikariak
- Aristotelismoa
- Aristoteles
- Sexualitatearen filosofoak
- Ezkerrak
- Maitasunaren filosofoak
- Logikaren filosofoak
- Pertsona mononimoak
