Arkitektura


Arkitektura giza habitataren espazioaren diseinuaz –bereziki eraikin eta egituren diseinuaz– arduratzen den zientzia eta artea da[1]. Gaur egun arkitekturaren diziplinatik kanpo jo arren, bai hirigintza, bai ingeniaritza zibila oso estuki lotuta daude arkitektoen zereginarekin. Izan ere, arkitektura oso diziplina zabala da, artea eta teknika batzen baititu.
Gizakiak bere lehen etxebizitzak eraiki zituenean sortu zen arkitektura, eta atal desberdinak ditu eraikuntza bakoitzaren erabilpenaren arabera:
- Arkitektura zibila, eraikin eta monumentu publiko edo pribatuak eraikitzeko artea.
- Arkitektura militarra, harresi eta gotorlekuak egiteko artea.
- Arkitektura hidraulikoa, ura garraiatu eta erabiltzeko edo horren azpian eraikitzeko artea.
- Ontzi arkitektura, itsasontziak egiteko artea.
- Arkitektura erlijiozkoa, tenplu, monasterio, hilobi eta bestelako erlijiozko eraikinak eraikitzeko artea.
Arkitekturaren diseinuak lantzen ditu: masa, espazioa, bolumena, testura, argia, ekaiak, planoak eta elementu pragmatikoak, bai eta kostuak ere, eraikuntza eta teknologia, helburu estetikoa, funtzionala eta, maiz, artistikoa lortzeko.
Hainbat zibilizazio historiko, askotan, euren arkitektura-lanen bidez ezagutzen dira, batez ere, baita zenbait hiri, eskualde eta kultura ere. Eraikin batzuk, Egiptoko piramideak eta Partenoia esaterako, kultura ikurrak dira, eta kontzientzia publikoaren katebegi garrantzitsu bat osatzen dute.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arkitektura terminoa latinezko architectura terminotik dator, eta hau, era berean, arkhitekton (αρχιτεκτων) grezierazko izenetik: ἀρχι-, arkhi-, (buru, buruzagi edo nagusi) eta τέκτων, tekton, (egile, sortzaile edo zurgin)[2]. Horrela eraikitzaile nagusi edo esan nahi du.
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herri arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasiera batean, eraikuntzak bi balditzen arabera garatu ziren: beharra (aterpea, segurtasuna, gurtza, etab.) eta baliabideak (ekai eskuragarriak eta trebetasun teknikoak). Giza kultura garatu zen heinean eta ezagutza formalizatuz ahozko tradizio eta praktikaren bidez, eraikuntza lanbide bihurtu zen. Horien arteko emaitza landu eta errespetatuenei arkitektura izena ematen zaie. Arrakasta arkitektonikoa proba eta akats prozesu baten emaitza izan zela jotzen da, gero eta proba gutxiagorekin eta gero eta erreplikazio gehiagorekin, prozesuaren emaitzek geroz eta gogobetetasun handiagoa izan baitzuten. Herri arkitektura deitzen den hori, munduko alde askotan sortzen jarraitzen du.
Historiaurreko arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo giza kokalekuak landa-eremuan garatu ziren. Zenbait kasutan, oso azkar hazi eta eboluzionatu eta herriguneak sortu ziren, hala nola Anatolian Çatal Höyük eta Indus haraneko kulturako Mohenjo Daro.
Neolitoko kokaleku nagusien artean daude: Göbekli Tepe eta Çatal Höyük Turkian, Jeriko Ekialde Hurbilean, Mehrgarh Pakistanen, Knap of Howar eta Skara Brae Eskozian, eta Cucuteni-Trypillia kulturako kokalekuak Errumanian, Moldavian eta Ukrainan.
Antzinaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako zibilizazio askotan, Egipto eta Mesopotamian esaterako, arkitekturak eta hirigintzak jainkoekiko eta naturaz gaindikoarekiko konpromiso etengabea islatzen zuten, eta, horregatik, askok monumentaltasunera jotzen zuten arkitekturan, agintariaren botere politikoa, elite agintaria edo estatua bera sinbolikoki irudikatzeko. Piramideak, mastabak eta zigurat izeneko eraikuntza motak izan ziren ohargarrienak garai hartan.
Antzinako Grezian, neurri txikiagoko eraikuntzak altxatu ziren. Harmonia bilatzen zuten, bai eraikin bateko atalen artean, bai eraikuntza moten artean. Gainerako arteetan bezala, horretan ere logika erabili zuten, eta garrantzi handia eman zioten eraikuntza bakoitzaren erabilpenari. Tenplua eta jauregiak izan ziren eraikuntza mota nagusiak, eta ubideak, estolderia, etab. asmatu zituzten hartarako. Erromatarren garaian, eraikuntza handiak egin ziren, baina, ordura arteko joerak bateratuz, erabilpena ere kontutan hartu zuten, eta hainbat behar desberdin betetzeko eraikuntza mota asko altxatu zuten (termak, anfiteatroak, ubideak, etxeak, jauregiak…). Oso garrantzitsuak dira eraikuntza publikoak eta administraziorakoak.
Erdi Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europan, Erdi Aroan, artisauek gremioak eratu zituzten beren lanbideak antolatzeko, eta arkitektoaren papera, normalean, harginak edo zurginak betetzen zuen.
Eraikuntza nagusiak elizak eta katedralak izan ziren[3]. 900etik aurrera, elizgizon eta merkatarien joan-etorriek ezagutza arkitektonikoa hedatu zuten Europan zehar, lehenik erromanikoa eta ondoren gotikoa barreiatuz. Lehenaren ezaugarri eraikuntza sendoak eta erdi puntuko arkuak dira. Gotikoarenak, aldiz, arintasuna, argia eta arku zorrotzak dira.
Gainera, Erdi Aroko ondare arkitektonikoaren zati esanguratsu bat gaztelu eta harresiak dira. Balkanetatik Espainiara, eta Maltatik Estoniara, eraikuntza horiek Europako ondarearen zati garrantzitsu dira.
- Erriberriko Errege Jauregia, Nafarroa
Aro modernoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sakontzeko, irakurri: «Pizkundetar arkitektura» eta «Arkitektura barrokoa»
Pizkundean, Europan Florentzian sortu zenetik XV. mendetik aurrera garatua[4], ikaskuntza klasikoaren berpiztea izan zen humanismoaren garapenak lagundua. Eraikinak arkitekto espezifikoei egotzi zitzaizkien (Brunelleschi, Alberti, Michelangelo, Palladio...), eta norbanakoaren garrantzia indartu. Oraindik ez zegoen lerro banatzailerik artista, arkitekto eta ingeniarien artean. Pizkunde horrek zientzia eta ingeniaritzaren loraldia ekarri zuen, eraikinen proportzio eta egituran eragina izan zuena. Garai hartan, posible zen artista batek zubi bat diseinatzea, egitura-kalkuluak egitea jeneralisten eskura baitzegoen.
Estilo barrokoan, sentimenduen isla zen arkitekturaren xedea. Argiaren eta kolorearen trataera berezia azaltzen da orduko eraikuntzetan.
XIX. eta XX. mende hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendeko arkitektura irakaskuntza formalistak, adibidez, École des Beaux-Arts Frantzian, asko azpimarratu zuen marrazki ederrak sortzea, eta gutxi, testuingurua eta egingarritasuna. Neoklasiko eta erromantizismoarekin, garai klasiko, erromaniko eta gotikoaren ezaugarriak nagusitu ziren berriro. Industria Iraultzak atea ireki zuen masa-ekoizpenerako eta kontsumorako. Estetika irizpide bihurtu zen klase ertainarentzat, apaingarriak merketu baitziren prozesu industrialen garapenarekin. Herri arkitektura ere, geroz eta apaingarriagoa bihurtu zen, eredu-liburuetan eta arkitektura-aldizkarietan aurkitutako ezaugarriak konbinatuz (arkitektura eklektikoa). Aurrerago, art nouveau eta art déco estiloak garatu ziren, batez ere estetika berezitu batean oinarritzen zirenak.
Garai horretan garatu zen hormigoizko eta burdinazko eraikuntza.
XX. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendearen hasieran, arkitektura historizistaren eta dekorazio landuaren gehiegizko garrantziak pentsamendu-lerro berri ugari sortu zituen, arkitektura modernoaren aitzindari izan zirenak. Horien artean, Deutscher Werkbund nabarmentzen da, 1907an sortua makinaz egindako objektuak kalitate hobean ekoizteko. Industria-diseinuaren goraldia une horretan ezarri ohi da. Bide horri jarraituz, Bauhaus eskolak, Weimarren 1919an sortua, arkitekturaren funtsa berdefinitzen saiatu zen, oinarri berriak ezarriz artean, eskulanean eta teknologian. Arrazionalismoaren garaian, teknologiazko aurrerapenak hartu ziren kontutan, batez ere, eta funtzioaren aldetik baliagarriak izango ziren eraikuntzak altxatu ziren.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren arrazionalismoaren eta horri kontrajartzen zaizkion zenbait estiloren arteko borroka piztu zen.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arkitekturaren historia artearen historiaren adarra da, eta arkitekturaren bilakaera historikoa, printzipioak, ideiak eta errealizazioak aztertzen ditu. Jakintza-arlo hori, baita beste edozein ezagutza historiko ere, historiak zientzia gisa dituen muga eta sendotasunen mende dago: hainbat ikuspegi daude haren azterketari dagokionez, eta horietako gehienak mendebaldekoak dira. Kasu gehienetan —nahiz eta ez beti—, aztertutako aldiak artearen historiaren aldiekiko paraleloak dira, eta, une batzuetan, ideia estetikoak gainjarri edo nahasi egiten dira.
Antzina, gizakiak (Homo erectus) erabilitako lehen babeslekuak aldi baterakoak eta mugikorrak izan ohi ziren, garai hartako bizimodu nomada zela eta. Kanpamenduak material arinekin eta erraz garraiatzeko materialekin eraikitzen ziren: hezurrak, larruak, egurra, etab. Chichibu-n, Japonian aurkitu ziren duela 500.000 urtekoak diren errauts bolkanikozko geruza batean zutoinentzako zuloak. Frantzian, berriz, duela 400.000 urteko harrizko lerroak aurkitu ziren, makilen egituretarako oinarri gisa erabiltzen zirenak[5]. Gizarte primitiboetan, eraikuntza nagusitzat babeslekua izango da bere espazio antolaketaren elementu nagusia; historiako une ezberdinetan arkitekturaren hainbat teorialarik (Vitruvio antzinatean, Leon Battista Alberti pizkundean, eta Joseph Rykwert berrikiago) txabola primitiboaren mitoa ekarri zuten gogora. Mito horrek, iturriaren arabera aldaerak dituenak, gizakiak jainkoengandik bere berokia eraikitzeko jakinduria jaso zuela postulatzen du, lau hormaz eta bi isuriko teilatu batez osatutako egurrezko eraikuntza gisa itxuratua.
Arkitektura garaikidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1980ko hamarkadatik aurrera, eraikinen konplexutasuna handitzen hasi zen heinean (egitura-sistemei, zerbitzuei, energiari eta teknologiei dagokienez), arkitekturaren esparrua diziplina anitzeko bihurtu zen proiektu-mota, esperientzia teknologiko edo proiektuak entregatzeko metodo bakoitzerako. Gainera, diseinu arkitektoaren eta proiektu arkitektoaren artean bereizketa bat eman da, proiektuak beharrezko estandarrak betetzen dituela eta erantzukizun kontuez arduratzen dela ziurtatuz. Edozein eraikin handi diseinatzeko prestakuntza-prozesuak gero eta konplexuagoak dira, eta hainbat gairi buruzko aldez aurretiko azterketak eskatzen dituzte, hala nola iraunkortasuna, jasangarritasuna, kalitatea, dirua eta tokiko legeak betetzea. Egitura handi bat dagoeneko ezin da pertsona baten diseinua izan, askoren lana baizik. Modernismoa eta postmodernismoa kritikatu dituzte arkitektura lanbideko kide batzuek, arkitektura arrakastatsua indibidualisten bilaketa pertsonal, filosofiko edo estetikoa ez dela sentitzen baitute; aitzitik, pertsonen eguneroko beharrak kontuan hartu behar ditu, eta teknologia erabili behar du bizitzeko moduko inguruneak sortzeko, eta diseinu-prozesua gizarte-, ingurumen- eta portaera-zientzien azterketetan oinarritzen da.
Ingurumenaren iraunkortasuna gai nagusi bihurtu da, arkitekturaren lanbidean eragin sakona duena. Garatzaile askok (eraikinen finantziazioa babesten dutenek) ingurumen-diseinu jasangarria sustatzeko hezi dute beren burua, batez ere berehalako kostuan oinarritutako irtenbideen ordez. Horren adibide nagusiak eguzki-eraikin pasiboen diseinuan aurki daitezke: sabai ekologikoagoak, material biodegradagarriak eta arreta gehiago egitura baten energia-erabilerari. Arkitekturaren aldaketa handi horrek arkitektura-eskolak ere aldatu ditu ingurumenean gehiago zentratzeko. Eraikin berdeen diseinu jasangarria bete nahi duten eraikinen kopurua bizkortu egin da. Herri-arkitekturaren erdigunean zeuden praktika jasangarriek gero eta inspirazio gehiago ematen dute ingurumenaren eta gizartearen aldetik jasangarriak diren teknika garaikideentzat. AEBko Eraikin Berdeen Kontseiluko LEED (Energiaren eta Ingurumen Diseinuaren Lidergoa) kalifikazio-sistema funtsezkoa izan da horretan.
Aldi berean, hirigintza berriaren azken mugimenduak: arkitektura metaforikoa, arkitektura osagarria, neo-futurismoa eta arkitektura klasiko berria, ikuspegi jasangarria sustatzen dute eraikuntzan, eta hazkunde adimenduna garatzen da, tradizio arkitektonikoa eta diseinu klasikokoa[6][7]. Hori, urbanizazio bakartietan eta hiri-inguruko hedapenean oinarritzeaz gain, ez dator bat arkitektura modernista eta globalki uniformearekin[8]. Beirazko errezel-hormak, itsasoz haraindiko herrialde askotan hiri-bizitzaren ezaugarri bereizgarriak zirenak, garapen bidean dauden herrialdeetan ere sortu ziren, Nigerian adibidez, non nazioarteko estiloak XX. mendearen erdialdetik egon diren ordezkatuta, batez ere atzerrian trebatutako arkitektoen joerengatik[9].
Gaur egun, teknologia eta erabilpena da arkitekturan gehien lantzen diren alderdiak.
Azkeneko urteak iraultza digitalaren urteak izan dira arkitekturaren esparruan. Ordenagailu bidezko diseinua erabat hedatu da, eta konputagailua, adierazpen-tresna izateaz gain, forma berrien sortzaile ere bihurtzen ari da. Honen adibide aipagarrienetako bat Frank Gehryren Bilboko Guggenheim Museoa da.
Gaur egun, arkitektura kontzeptua beste jarduera batzuetan ere erabiltzen da, batik bat, sistema konplexuen diseinuaz hitz egitean: konputagailuen arkitektura esaterako.
- Pekingo Nazio Estadioa, Txinan.
- Londresko udaletxea, Ingalaterran.
- Kursaal jauregia, Donostian.
Arkitekturaren teoria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vitruvio antzinako arkitektoak (K.a. I. mendea) De Architectura liburuan dioenez, arkitektura hiru printzipio nagusitan oinarritzen da: Firmitas, Utilitas, Venustas (sendotasuna, erabilgarritasuna, edertasuna). Arkitektura, beraz, hiru osagai horien orekan aurki daiteke, eta, oreka horretatik kanpo, ez litzateke benetako arkitekturarik egongo.

Pizkundean, Leon Battista Albertik hamar liburuz osatutako De re aedificatoria arkitektura-tratatu ezaguna idatzi zuen[3], Vitruvioren ideiak birmoldatuz eta proportzioaren garrantzia azpimarratuz.
XIX. mendearen hasieran, Jean-Nicolas-Louis Durand frantziarrak eragin handiko Precis des leçons d'architecture données à l'ecole polythechnique argitaratzen du, arkitektura konposatzeko errezeta-liburu bat dena. Bertan, Durandek eraikin bat zati ezberdinen batuketa gisa azaltzen du.
1923an, XX. mendeko arkitektorik famatuena den Le Corbusierrek arkitekturaren beste definizio hau eman zuen: «Arkitektura zera da, bolumenen joko zuhurra argipean». Horrela, argiaren eta eraikinen bolumetriaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen.
Le Corbusier bera mugimendu moderno izeneko korrontearen teorikoetako bat izan zen, beste arkitekto batzuekin batera. Mugimendu horrek, XX. mendean, arkitekturaren hizkuntzan izugarrizko aldaketa ekarri zuen material eta teknika berrien eskutik (hormigoi armatua, altzairua, beira...).
Kontzeptu modernoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Louis Sullivan XIX. mendeko etxe orratzen arkitekto ospetsuak diseinu arkitektonikoaren funtsezko agindu bat sustatu zuen: «Formak funtzioari jarraitzen dio». Ikuspegi estruktural eta estetikoak funtzionaltasunaren mende egon behar zutelako nozioa ospez zein eszeptizismoz hartua izan zen, Vitruvioren erabilgarritasunaren ordez funtzio kontzeptua sartzeko efektua izan zuen. Funtzioak eraikin baten erabilera-, pertzepzio- eta gozamen-irizpide guztiak biltzen zituela uste izan zen, ez soilik irizpide praktikoak, baita estetikoak, psikologikoak eta kulturalak ere.
Nunzia Rondaninik esan zuen: «Dimentsio estetikoaren bitartez, arkitektura beste giza zientzia batzuekin batera dituen alderdi funtzionaletatik haratago doa. Balioak adierazteko bere modu bereziaren bidez, arkitekturak gizarte-bizitza sustatu eta eragin dezake, bere baitan eta bere kabuz gizarte-garapena sustatuko duela uste izan gabe. Formalismoaren (arkitektonikoaren) esanahia artera mugatzea ez da atzerakoia soilik; perfekzio edo originaltasun xederik gabeko bilaketa ere izan daiteke, forma instrumentalizazio hutsean degradatzen duena».
Arkitekto modernoetan, eraikinak diseinatzeko ikuspegian eragina izan duten filosofien artean daude: arrazionalismoa, enpirismoa, estrukturalismoa, postestrukturalismoa, dekonstrukzioa eta fenomenologia.
XX. mendearen amaieran, kontzeptu berri bat gehitu zitzaien lehen sartutakoei, bai egiturari eta bai funtzioari dagokienez, jasangarritasuna, beraz, arkitektura jasangarria kontuan hartzea. Izpiritu garaikidea asetzeko, eraikinak ingurumena errespetatuz eraiki behar dira: materialen ekoizpenari, bere inguruko ingurune natural eta eraikian duen eraginei eta berokuntzarako, hozteko, ura eta hondakinak kudeatzeko eta argiztapenerako energia-iturri ez-jasangarriei egiten dizkien eskaerei dagokionez.
Arkitektoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tradizioz, arkitektura zazpi arte ederretako bat izan da. Eraikin edo eraikuntza jakin batzuk artelanak dira, nagusiki forma sentigarriaren edo estetikaren arabera jotzen baitira. Ikuspegi horretatik, arkitekturaren bitartekoak hormak, zutabeak, forjatuak, sabaiak eta gainerako eraikuntza-elementuak izan daitezkeen arren, helburua zentzuzko espazioak sortzea da, gizakiek era guztietako jarduerak egin ahal izan ditzaten. Zentzu horretan bereiz daitezke arkitektura (arte gisa) eta eraikuntza hutsa. Horrela, gizakiak espazioan duen portaera baldintzatzeko gai da, bai fisikoki, bai emozionalki. Gaur egun, arkitekturaren jarduera nagusia babesleku eta lotarako espazioak (etxebizitzak) diseinatzera bideratuta dagoela uste den arren, XIX. mendetik aurrera soilik hasi ziren arkitektoak etxebizitzaren kontuaz, bizigarritasunaz eta higienez arduratzen eta haien jarduera-eremua monumentu eta eraikin adierazgarrietatik harago zabaltzen.
Espezializazioaren bilakaera eta lan-esparruen bereizketa beste lanbide batzuen antzekoa izan da. Aurreko mendeetan, arkitektoak ez ziren eraikinak diseinatzeaz bakarrik arduratzen, baita gaur egun beste lanbide batzuei dagozkien gaiez ere. Plazak eta parkeak diseinatzen zituzten, gaur egun hirigintza eta paisajismo gisa ezagutzen den espezializazioak.
Eraikinetan erabilitako objektuen sorkuntzan espezializatzeak, hala nola altzarien sorkuntzan, industria-diseinuaren sorrera ekarri du. Gaur egun, hiri-sistemen garapena proiektatzen eta planifikatzen duten profesionalak hirigileak dira. Azken lanbide horrek, herrialde batzuetan, banandutako ikasketak ditu; beste batzuetan, berriz, beren eskuduntzak arkitekto eta ingeniari zibilek garatzen dituzte, modu bateratu edo independentean.
XX. mendea baino lehen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Leon Battista Alberti
- Gianlorenzo Bernini
- Francesco Borromini
- Etienne-Louis Boullee
- Donato Bramante
- Filippo Brunelleschi
- Jean-Nicolas-Louis Durand
- Iktinos
- Antoni Gaudi
- Inigo Jones
- Nicholas Hawskmoor
- Juan de Herrera
- Victor Horta
- Claude Nicolas Ledoux
- Michelangelo
- Andrea Palladio
- Karl Friedrich Schinkel
- Sinan
- Jacques-Germain Soufflot
- Otto Wagner
- Christopher Wren
XX. eta XXI. mendekoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Alvar Aalto
- Christopher Alexander
- Tadao Ando
- Erik Gunnar Asplund
- Oriol Bohigas
- Mario Botta
- Santiago Calatrava
- Jose Antonio Coderch
- Le Corbusier
- Lucio Costa
- Charles eta Ray Eames
- Peter Eisenman
- Sverre Fehn
- Norman Foster
- Buckminster Fuller
- Frank Gehry
- Arne Jacobsen
- Zaha Hadid
- Steven Holl
- Herzog eta de Meuron
- Louis Kahn
- Michel de Klerk
- Rem Koolhaas
- Ricardo Legorreta
- Daniel Libeskind
- Adolf Loos
- Ludwig Mies van der Rohe
- Pier Luigi Nervi
- Richard Neutra
- Jean Nouvel
- Renzo Piano
- Jože Plečnik
- Aldo Rossi
- Eero Saarinen
- Eliel Saarinen
- Carlo Scarpa
- Hans Scharoun
- Josep Lluis Sert
- Bruno Taut
- Giuseppe Terragni
- Bernard Tschumi
- Jorn Utzon
- Robert Venturi
- Frank Lloyd Wright
Euskal Herrikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erakundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elkargoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arkitektoak, lurraldeen arabera, elkargotan batzen dira beren interesak babestu eta betebeharrak zaintzeko: Frantzian, Ordre des architectes eta Espainiako Estatuan Colegio de arquitectos delakoetan. Hego Euskal Herri osoko arkitektoak batzen dituena Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala da.
Elkargoaren helburu nagusia gizartearen interes orokorraren zerbitzura egotea da, arkitektoei dagozkien zereginak hobeto egin daitezen bultzatuz, antolatuz eta elkargokideen jarduera profesional egokia zainduz. Administrazio publikoarekin lankidetzan aritzea arkitektoaren, arkitekturaren eta, batez ere, eraikuntza eta hirigintzaren jarduerari eragiten dion arau-esparrua ezarri edo berritzeko zereginean. Aholku eta jarraibideak ere proposatuko ditu hiriguneen garapen iraunkorrerako, ingurumenaren errespetu eta zaintzarako eta giza baliabideak, ekonomi baliabideak eta baliabide sozialak administratzeko eraikuntza prozesuetan[10].
Eskolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskal Herrian
- EHUko Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoa
- Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskola
Institutua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EAEn bada arkitektura garaikidea sustatzen duen erakunde bat: Euskadiko Arkitektura Institutua. Bere eginbeharrak dira[11]:
- Akitektura herritarrei hurbiltzea eta sozialki arkitekturarekiko zaletasuna sortzea.
- Arkitektura, hirigintza, paisaia eta diseinuaren inguruko pentsamendua eta eztabaida sustatzea.
- Ezagutza sortzea eta (publiko espezializatutik haratago) publiko orokorrak eskuratu ahal izatea erraztea.
- Euskadiko arkitektura garaikidea nazioarteko mailan sustatzea.
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nazioarteko arkitektura sari ospetsuenetako bat Pritzker Saria da, 1979tik aurrera fundazio pribatu batek ematen duena. Mundu mailako sari hau irabazi dutenen artean, Rafael Moneo tuterarra dago, 1996an irabazia[12].
Beste sari batzuk:
- Arkitekturako Munibe Saria - Euskal Herrian
- Mies van der Rohe saria - Europar Batasunean
- Équerre d’argent - Frantzian
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/11/25 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Arkitektura sarrera Euskaltzaindiaren hiztegian. Kontsulta: 2020-10-18
- ↑ (Ingelesez) τέκτων in Liddell & Scott (1940) A Greek–English Lexicon, Oxford: Clarendon Press
- 1 2 Lur entziklopedia tematikoa, Eusko Jaurlaritzaren Open Data webgunean (CC-BY 3.0 lizentzia).
- ↑ Ignacio Zendoia Etxaniz. (2004). (pdf) Errenazimendua Europan. Bilbo: UEU ISBN 8484380521..
- ↑ National Geographic, p. 10.
- ↑ «The Charter of the New Urbanism» cnu.org 2015-04-20.
- ↑ Beauty, Humanism, Continuity between Past and Future. Traditional Architecture Group jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2018-03-05) (kontsulta data: 2014-03-23).
- ↑ Issue Brief: Smart-Growth: Building Livable Communities artxibatua 2018 ko azaroaren 19an Wayback Machinen.. American Institute of Architects. 2014-03-23an begiratua.
- ↑ (Ingelesez) «Architecture» Litcaf 2016-02-10 (kontsulta data: 2017-06-04).
- ↑ EHAEOren webgunea. Sarrera: 2020-10-18
- ↑ EAI webgune ofiziala. Kontsulta: 2020-10-18
- ↑ (Ingelesez)Pritzker sarien webgune ofiziala. Kontsulta:2020-10-18
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- CHING, FRANCIS D.K. Arkitektura-hiztegi irudiduna. 1. argitalpena. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2009. ISBN 978-84-9860-054-4
- Clive , Dennis. (2010). Gran enciclopedia del saber - Arquitectura. National Geographic Society.
- Velarde , Héctor. (1949). Historia de la arquitectura. Fondo de cultura económica.
- Trachtenberg , Marvin; Hyman , isabelle. (1990). Arquitectura, de la Prehistoria a la Postmodernidad. Eciciones Akal - Madrid, España ISBN 84-7600-628-4..
- Díaz-Pines Mateo, Fernando. "Exilio de la Teoría. El malestar en la cultura arquitectónica y la ajenidad de la teoría" rita_ Revista Indexada de Textos Académicos, 5, pp.124-129. DOI 10.24192/2386-7027(2016)(v5)(08).
- AA.VV., Enciclopedia dell'Architettura, Milano., Garzanti, 1996. ISBN 88-11-50465-1.
- Sergio Bollati e Giuseppe Lonetti, L'organismo architettonico, Firenze, Alinea, 1990.
- Giorgio Cricco e Francesco Di Teodoro, Itinerario nell'arte, Bologna, Zanichelli, 2003. ISBN 88-08-21740-X.
- W. Müller e G. Vogel, Atlante di architettura, Milano, Hoepli, 1992. ISBN 88-203-1977-2.
- Pevsner, Fleming e Honour, Dizionario di architettura, Torino, Utet, 1978 ISBN 88-06-51961-1; ristampato come Dizionario dei termini artistici, Utet Tea, 1994.
- Ludovico Quaroni, La costruzione del progetto architettonico, Roma-Bari, Laterza, 1996.
- Riccardo Salvi, Dentro l'edificio. Brevi considerazioni sull'architettura d'interni, Milano, Franco Angeli, ISBN 978-88-917-4431-9.
- Bernard Tschumi e M. Berman, Index. Archivio dell'architettura contemporanea, Milano, postmedia books, 2004. ISBN 88-7490-017-1.
- Azofra Agustín, E. Entre la concinnitas vitrubiana y la apuesta por la modernidad en los inicios de la arquitectura de la Ilustración en España. Las intervenciones e informes del arquitecto Juan de Sagarbinaga en cinco catedrales y una colegiata hispanas. En: Illescas, Laura...[et. al.]. Catedrales del Mundo iberoamericano. Vol.I.pp.179-212. Andavira, 2022. ISBN. 978-84-124831-7-8
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Arkitekto eta obren datu basea
- (Ingelesez) Arkitektura obren datu basea
- Arkitektura Hiztegia - gaztelania-euskara, EHUko Arkitektura Saila