Arkitektura manierista

Wikipedia, Entziklopedia askea
Giorgio Vasari: Uffizi Galeria, Florentzia.

Arkitektura manierista Europan Pizkundearen amaieraren eta Barrokoaren hasieraren artean (1530etik 1610ra, gutxi gorabehera) garatu zen arkitekturaren aldia izan zen. Quattrocentoko arkitekturaren perfekzio barearen antitesi gisa agertu zen: ordena eta harmonia galtzen dira eta, bilaketa esperimentalen ondorioz erabiltzen diren formak, tentsioz beterik daude[1].

Obra garrantzitsuenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giorgio Vasari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giorgio Vasarik Michelangelori zion mirespena nabarmen antzeman daiteke, bai pinturan, bai arkitekturan. Vasarik Michelangeloren Libreria Laurenzianako hormen eskema bera erabili zuen Uffizi Galerian (1560-1574), Signoria plazatik Arnora bitarteko kalera ematen duten hormetan hain zuzen. Hala eta guztiz ere, Vasariren diseinuak ez du, inondik inora, oinarrizko lanaren ez indarrik ez adierazkortasunik. Eraikinak bi atal nagusi ditu, luze-luzeak biak -hasieran, bulego lanetarako prestatuak-, eta bi atal horien erdian patio estu bat dago, muturrean loggia edo galeria bat duena.

Uffizi eta Pitti jauregiak lotzen dituen Zubi Zaharraren (Ponte Vecchio) proiektua ere Vasarik egin zuen. Pisako Palazzo della Carovanan ez zuen aurrekoetan bezain estilo zorrotza erabili. Eraikuntza horretako fatxada ganbila da, hainbat barrunberekin, Duke Handien bustoak jartzeko bereziki eginak.

Bartolomeo Ammannati[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sacro Bosco, 1564-1586, Bomarzo.

Vasariren adin berekoa zen Florentziako Bartolomeo Ammannati eskultorea eta arkitektoa (1511-1592). Baccio Bandinellirekin ikasi zuen Florentzian, eta ondoren Veneziara joan zen lehenbizi -Jacopo Sansovinorekin lan egin zuen han-, eta Erromara gero. Han Julio III.a Aita Santuarentzat lan egin zuen. Florentziara itzulirik, 1550ean Pitti jauregia handitu zuen, Toskanako Duke Handiek printzeen bizileku bihurtu baitzuten jauregia. Goitik behera aldatu zuen Brunelleschik sortutako espazioa: atzeko patioko fatxada nagusia bi aldeetatik luzatu zuen, eta Boboli lorategira ireki zuen. Bestalde, patio horretako estatua, iturri eta landareek multzo ederra osatzen dute. Horixe da manierismoaren barruan den eremu itxi nagusia.

XVI. mendean eraikuntza gutxi dago Santa Trinita zubia bezain zurrun, eta aldi berean, hura bezain dinamikoa dena. Arno ibaiaren gainean eraiki zuen Ammannatik 1567-1569 urteen bitartean, Michelangeloren eredu baten gainean, ziur asko. Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek zubia desegin zuten, eta jatorrizko diseinuaren arabera berreraiki zen. Bestalde, Italiako lorategi manierista ederrenetako batean parte hartu zuen Ammannatik: Bomarzoko oihan sakratua (Sacro Bosco, 1564-1586). Orsinitarrentzat osatu zuten lan hartan, ugariak dira erraldoiak, mamuak eta fantasiazko haitzuloak.

Andrea Palladio[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andrea Palladio: Villa Foscari, 1550-60, Mira.

Andrea Palladio Paduan jaio zen 1508an, baina gazte zela joan zen Vicenzara. Hargin lanetan aritu zen han. 1537an Gian Giorgio Trissino idazleak bere etxea egiteko enkargua eman zion, eta hark jarri zuen harremanetan Vicenzako kultura talde nagusiekin. Trissinorekin Erromara egin zituen bidaietan (1541, 1545, 1547, 1549) antzinako eraikinak eta XVI. mendearen lehen erdialdeko arkitektoen lanak aztertu ahal izan zituen. 1549an Vicenzako Kontseiluak Palazzo della Ragione berritzeko enkargua eman zion, eta lan hari esker Palladiok garrantzizko lekua izan zuen Vicenzako aristokraziaren arkitekto gisa. Trissino hil zenean, Daniele Barbaro veneziar prelatuarentzat hasi zen lanean eta, haren aginduz, egin zituen Vitrubioren De architectura lanaren edizio baterako marrazkiak. 1554an Erromara egin zuen bidaian Antzinako Erroma lana idatzi zuen, oso arrakasta handia izan zuena. Hurrengo urteetan hainbat lan egin zuen Venezian. 1750ean I Quattro Libri dell'Architettura argitaratu zuen. Azterketa teorikoak eta bere eraikinen azterketak egin zituen bertan. Vicenzako Antzoki Olinpikoa izan zuen azken lana (Vincenzo Scamozzik amaitua).

Palladioren lanak itxuraz lasaiak badira ere, konplexutasuna eta kezkak dituzte atzean. Kezka horiek adierazten dute, batetik, egilearen berezko ezaugarri bat, eta, bestetik, XVI. mendeko bigarren erdialdean Veneziako gizarteak bizi zuen krisia. Lehenengo lanetan jaioterriko ereduari jarraitu zion, baina, Erroman egon ondoren, hizkuntza klasikoa menderatzera iritsi zen. Hizkuntza hori era orijinalean eta autonomoan erabiltzen zuen, eta trebetasun handiz lotzen zituen molde klasikoak eta arkitekturaren hizkuntza modernoa, erabat askea. Villa ugari egin zuen Venezian, eta baita jauregiak ere.

Vignola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vignola: Villa Giulia, 1550-55, Erroma.

Vignola 1507an jaio zen. Lehenengo urteetan pintura eta perspektiba ikasketak egin zituen Emilian, baina arkitekturan jardun zen gero. Erroman eta Fontainebleaun egon ondoren, Boloniako San Petronioko fatxadarako iztukua egin zuen. Ondoren Erroman hartu zuen bizilekua, eta Farnese familiaren arkitektoa izan zen. Julio III.a Aita Santuarentzat lan egin zuen Villa Giulian, aurretik eginda zeuden proiektuak berregiten. Lan horretan Vignolak trebetasun handiz lotu zituen oin lauki-zuzena zuten eraikinaren atalak eta atal erdi biribilak (eskailerak eta lorategiko eserlekuak). Joera hori sakondu egin zuen, bestalde, Caprarolako Villa Farnesen. Bagnaiako Villa Lanten era organikoan bateratu zituen eraikinak, lorategia eta parkea. Erlijiozko eraikinak ere egin zituen, eta horien artean aipatzekoak ditu Sant'Andreako oratorioa (1553), eta Sant'Anna dei Palafrenieri (proiektua 1570ean egina). Dena dela, erlijiozko eraikinen artean, maisu lana Erromako Gesu eliza du (1568an hasia): areto bakarrekoa da, Kontraerreformaren, eta, batez ere, jesuiten behar liturgikoetara eta deboziozkoetara egokitua. Eliza horretako transeptua estu-estua da, eta alboetara kaperak ditu. Eraikin horretan bildu zituen batetik Pizkundean nagusitu zen oin zentrala, eta, bestetik, kristau tradizio antzinakoaren luzetarako oina. Gesu elizaren bidez (fatxada Giacomo della Portak egin zuen) Kontrarreformako elizen tipologia zehaztu zuen, eta erraz kopia zitekeen eredu bat utzi zien bere ondorengoei.

Giacomo della Porta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giacomo della Porta: Gesu elizaren fatxada, Erroma

Vignolaren ikasle eta jarraitzaile izan zen Giacomo della Porta eskultore eta arkitektoa (1533-1602). Lan gehienak Erroman eta Lazio eskualdean egin zituen. Vignolak amaitu gabe utzi zituen hainbat lanetan aritu zen, eta horietako batzuetan Michelangelok berak ere parte hartu zuen: Kapitolinoa (Senatuen jauregiko fatxada eta eskailerak amaitu zituen), Farnese jauregia (goiko loggia), San Petri basilika (kupula egin zuen, Michelangelok diseinatu zuenari zenbait aldaketa eginez), Gesu eliza (kupula, Andre Mariaren eta San Frantziskoren kapera biribilak eta fatxada). Vignolaren egiturei etekin handia atera zien. Erlijiozko arkitektura (Erromako San Luigi dei Francesiko fatxada, Santa Maria ai Monti eliza, San Atanasio dei Greci, eta San Giuseppe dei Falegnami), eta arkitektura zibila (Erromako Palazzo Maffei Marescotti, Campitelli plazako egoitzak, Collegio Clementino eta Palazzo della Sapienzako patioa eta Frascatiko Villa Aldobrandini) landu zituen, eta Erromako plaza askotako iturriak egin zituen. Accademia di San Lucako kide izan zen, eta Elizaren eta nobleen arkitekto ofiziala bihurtu zen. Zenbait eraikin ereduetarako eskemak zehaztu zituen (etxebizitzak, bi ordena gainjarrita dituzten elizen fatxadak, villak), lehenagotik Pizkundeko arkitektoek erabiliak zituztenak.

Jacopo Sansovino[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jacopo Sansovino: San Marko liburutegia, Venezia.

Jacopo Tatti, Jacopo Sansovino (1486-1570) deitua, Andrea Sansovinoren ikasle izan zen, eta harenganako esker onez hartu zuen maisuaren izena. Eskultore gisa aritu zen lehenbizi Erroman eta Florentzian, baina, aldi berean, zenbait arkitektura lanetan hasi zen. 1519an Erromako San Giovanni dei Fiorentini elizarako lehiaketa irabazi zuen. Hala ere, baztertu egin zioten oin zentraleko eredua. 1527an, Erromako harpilatzearen ondoren, Veneziara joan zen. Hiri hartako lehenengo lau lanak hauek izan ziren: Scuola Grande di San Marcoko aldare nagusia (1533 aldean), Scuola Grande della Misericordia (1532tik aurrera), San Francesco della Vigna eliza (1534tik aurrera) eta Palazzo Corner (1533tik aurrera).

Jacopo Sansovinoren bidez sartu zen Venezian, lehenengo aldiz, erromatar klasizismoaren arkitektura sintaxia, ordura arte bertako tradizioarekin zituzten konpromisoak gaindituaz. Veneziak hirigunea berritzea erabaki zuenean (San Marko plaza), Sansovinok koordinatu zuen hiriaren bihotzaren egitura herria. 1537tik aurrera berari agindu zitzaizkion hiriguneko eraikin nagusiak: San Marko liburutegia, Monetaren etxea eta kanpandorreko loggia txikia. Eta, horrez gainera, berak zehaztu zituen eraikin berrietarako irizpideak. San Marko plaza berrian orekan jarri zituen Sansovinok eraikin berrietan nagusi zen hizkuntza klasizista, batetik, eta Erdi Aroko eta Quattrocentoko eraikinak (San Marko basilika, kanpandorrea, erlojuaren dorrea), bestetik,.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Christian NORBERG-SCHULZ: La signification dans l'architecture occidentale Books.google.es

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]