Arkitekturaren historia
Arkitekturaren historiak arkitekturaren aldaketa aztertzen du, hainbat garai, tradizio, eskualde eta estiloetan zehar. Uste denez, tradizio guzti hauen jatorria, gizakiek babesteko duten beharra da. "Arkitektura" terminoa, oro har, eraikuntzei buruzkoa da, baina, funtsean, askoz zabalagoa da, eta orain beste praktika bereizitzat jotzen ditugun alorrak barne hartzen ditu, hala nola hirigintza, ingeniaritza zibila, itsas ingeniaritza eta paisaiagintza. Kasu gehienetan, aztertutako garaiak eta artearen historiakoak paralelo doaz, eta une batzuetan ideia estetikoak gainjarri edo nahastu egiten dira.
Diziplina hau, ezagutza historikoen beste edozein bezala, historiografiaren berezko mugak ditu [1]: ikuspuntu ezberdinak egon daitezke, horietako gehienak mendebaldekoak, beste kultura batzuen alderdi etnografikoarenganaino.
Neolitoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurrerapen arkitektonikoak garrantzitsuak izan ziren Neolitoko (K.a. 10.000-K.a. 1400), non historiako berrikuntza nagusietako batzuk gertatu ziren. Landareen eta animalien etxekotzeak, adibidez, ekonomia berri bat ekarri zuen, baina halaber pertsonen eta munduaren arteko harreman berria, gizatalde handiagoak eta iraunkorragoak, kultura materialaren hedapen zabalagoa eta elkarbizitzarako beharrezkoak diren irtenbide sozial eta erritual berrien garapena. Horrela, bizimodu eta ekonomia berrirako beharrezkoak ziren eraikuntzak garatu ziren, eta aldaketaren funtsezko elementu ere izan ziren[2].
Anatolia, Sortaldea, Siria, Mesopotamia eta Erdialdeko Asiako gizataldeak eraikitzaile handiak izan ziren, buztin-adreiluak erabiliz etxeak eta herriak eraikitzeko. Çatalhöyük-en, etxeak igeltsuztatuak zeuden, eta giza- eta animalia-eszena landuekin margotuak. Maltako kultura neolitikoek tenplu megalitikoetan gurtzen zuten.
Indiako azpikontinenteko lehen hiri-zibilizazioa, jatorrian, Indus haraneko kulturan agertu zen, batez ere Mohenjodaro eta Harappan, gaur egungo Pakistanen eta Indiako mendebaldeko estatuetan. Hala ere, Neolitoko lehen bizilekua eraikik Merhgarhen Izan ziren, Balutxistanen. Zibilizazio hauetako hirien ezaugarri nagusiak honakoak dira: hiri planifikatuak, adreilu errezko eraikuntzak, estolderia eta ur hornidura sistema landua eta artisautza (kornalinazko produktuak, zigiluen zizelkatzea).
-
Harrizko zutabe landua Göbekli Tepe herrian (Turkia), K.a. 8500 inguru
-
Mohenjo-daro (Sindh), K.a. 1700 inguru
Garai honetan, Euskal Herrian eraikuntza megalitikoak garatu ziren, batez ere trikuharriak, harrespilak eta zutarriak[3].
Neolitoko "herri" eta bizitoki esanguratsuak hauek dira:
- Göbekli Tepe, Turkia, K.a. 9000 inguru
- Jeriko, Sortaldean, K.a. 8350
- Nevali Cori, Turkia, K.a. 8000 inguru
- Çatalhöyük, Turkia, K.a. 7500
- Mehrgarh, Pakistan, K.a. 7000
- Knap of Howar eta Skara Brae, Eskozia, K.a. 3500
Antzinaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mesopotamia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mesopotamiako ezaugarri ezagunenak adobezko arkitektura eta zigurat izeneko eraikuntzak dira, hainbat mailaz osatutako muino artifizial bat osatuz eta gailurrean tenplu bat dutena. Zalantzarik gabe, leku nabarmena hartzen zuten hiri bakoitzean, tenplua goratuz ibai-haran lauan. Adibidez, Uruk hiri handiak hainbat erlijio-esparru zituen, lehenagotik ezagutzen ziren beste eraikinak baino handiagoekin[4].
Zigurat hitza akaderazko ziqqurratum hitzetik dator, adobezko dorre mailakatu sendoei emandako izena, eta zaqaru aditzetik eratorria, "gora izan". Eraikuntza hauek lurra eta zerua lotzen dituzten mendiak bezala deskribatzen dira. Urko zigurata[5], Leonard Woolley arkeologoak induskatua, 64x46 m da oinarrian eta jatorrian 12 m garai hiru solairurekin. Ur-Nammuk eraikiarazi zuen (K.a. 2100 inguruan) eta Nabonidesek (K.a. 555–539) berreraikia, seguruenik zazpi solairuraino handitu zenean[6].
Asiriar jauregiek patio publiko handi bat izaten zuten, ekialdean gela sail bat eta hegoaldean oturuntza areto handi batzuk zituena, erregearen loriarako eraiki eta apaindutakoak. Zenbait jauregitan, bolizko altzari ugari aurkitu ziren.
-
Ixtarren atea[5] (berreraikia) Pergamonmuseum, K.a. 575 inguru
Antzinako Egipto
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako Egiptoren oraingo irudikapenean, berebiziko eragina izan du bertako arkitektura monumentalak. Estilo eta motibo ugari estatu faraonikoaren hasiera-hasieran ezarri ziren, K.a. 3100 inguruan. Estilo horien inspirazioa lehenengo eraikuntzetan erabilitako elementu organikoetan dago, material galkorrez eginikoak. Jatorrizko egiturak ia guztiz ezezagunak badira ere, landareen motibo estilizatuak erreplikatu eta egokituz jarraitu zuten urteetan zehar, are erromatarren garaira arte. Estiloak hain garai luzean iraun zuenez, arkitektura faraonikoa gaur egun ere erraz antzeman daiteke eta, batzuetan, garai modernoetan ere imitatu delarik.
Antzinako egiptoarrek hilondoko bizitzan sinesten zuten. Uste zuten, halaber, beren arima (ka izenekoa) beste munduan betiko bizi zedin, beren gorputzek ere betiko iraun beharko zutela. Horretarako, hildakoa kalteetatik eta hilobi lapurretatik babesteko modu bat sortu behar izan zuten. Horrela sortu zen mastaba. Estalki lauak zituzten adobezko egiturak ziren, hilkutxarako lurpeko gelak zituztenak, 30 metroko sakoneran. Imhotepek, antzinako apaiz eta arkitekto egiptoarrak, hilobi bat diseinatu behar izan zuen Djoser faraoiarentzat. Horretarako, bost mastaba bata bestearen gainean jarri zituen, Egiptoko lehen piramidea sortuz, Sakkarako Piramide Mailakatua. Antzinako Egiptoko eraikinik enblematikoenak dira piramideak. Egiptoko Inperio Zaharrean eta Ertainean (K.a. 2600-K.a. 1800) eraiki ziren. Guztien artean handiena Gizako Piramide Handia izan zen, Keops (Khufu) faraoiarentzat egina K.a. 2589-2566 inguruan. Piramideok zehaztasunez eraiki ziren, zeinen harlandutzarrak hain finki trabatuak zeuden, non labanaren ahoa ezin daitekeen haien artean sartu. Harlandu blokeak morteroz trabatzen ziren eta egitura osoa kareharri zuri leunduaz estaltzen, gailurreko piramidioia urrez estalia zuela. Gaur egun, piramideen barne egitura ikusten da batez ere. Piramideak Antzinako Egiptorekin oso lotuta izan arren, beste zibilizazio batzuek eraiki dituzte antzekoak, maiek edo aztekek kasu.
Baliabide faltagatik eta apaizeriaren aldeko botere-aldaketagatik, antzinako egiptoarrak piramideetatik urrundu ziren eta tenpluak bihurtu zituzten gurtzaren gune nagusi. Piramideak bezala, tenpluak ere ikusgarriak eta monumentalak ziren. Santutegi txikiak multzo handi izatera igaro ziren, eta Inperio Berrirako (K.a. 1550-1070) harrizko egitura erraldoi bihurtu ziren, aretoz eta patioz osatuak[7]. Antzinako Egiptoko tenpluek, oro har, lau zati zituzten: sarrera pilono trinkoa, patio peristiloa, areto hipostiloa eta santutegia. Pilonoek 40 bat metro zituzten. Haien aurrean obeliskoak eta faraoiaren eskulturak zeuden.
-
Isisen tenplua (Filae), onenen mantendu denetako tenplua
-
Gizako Piramide Handia (Giza, Egipto), oraindik zutik dirauen Munduko Zazpi Mirari bakarra[8] K.a. 2600 inguru
Grezia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zalantzarik gabe, Antzinako Greziako arkitekturak, erromatarrarekin batera, eragin handien izan duen garai guztietako estiloa da. Atenasen Antzinate klasikoaren etorreratik, K.a. V. mendean, arkitektura klasikoa Mendabaldeko kulturan eta, hortaz, zibilizazioan bertan errotu zen. K.a. 850tik K.o. 300 ingurura arte, Antzinako Graziako kultura kontinente greziarrean, Peloponeson eta Egeoko uharteetan loratu zen. Munduko Zazpi Mirarietako bost greziarrak ziren: Efesoko Artemisaren tenplua, Zeusen Olinpiako estatua, Halikarnasoko mausoleoa, Rodasko kolosoa eta Alexandriako itsasargia. Hala ere, arkitektura hau ezagunagoa da bere tenpluengatik, eskualde osoan hedatuta. Tenplu ezagunenak Partenoia eta Erekteiona dira, biak Atenasko Akropolian. Beste eraikuntza garrantzitsu batzuk antzokiak izan ziren. Tenpluek eta antzokiek ilusio optikoen eta proportzio orekatuen nahasketa konplexua erabili zuten.
Antzinako greziar tenpluak, oro har, elementu hauez osatuak daude: oinarri bat alde banatan maila gutxiko eskailera jarraiekin (krepidoma izenekoa), naos bat (areto nagusia) gurtza-estatua batekin, kolomak, taulamendua eta bi frontoi (bata aurrean eta bestea atzean). K.a. IV. menderako, greziar arkitekto eta harginek arau sistema konplexua garatu zuten eraikin guztietarako, ordena izenekoa: doriarra, joniarra eta korintoarra. Kolomei esker errazago atzematen dira (batez ere kapiteletan): doriar koloma sendoa eta oinarrizkoa da, joniarra meheagoa da eta lau kiribil ditu kapitelaren ertzetan (boluta izenekoak) eta korintoarra joniarraren berdintsua da, baina kapitel erabat desberdinarekin, akanto hostoz apainduta. Kolomez gain, frisoa ere desberdina zen ordenaren arabera: doriarrak metopak eta triglifoak dituen bitartean, joniarrak eta korintoarrak erliebedun banda jarraituak ditu.
Kolomez gain, tenpluak eskulturekin apainduta zeuden frontoietan, frisoetan, metopetan eta triglifoetan. Antzinako Greziako arkitektoek eta artistek erabilitako apaingarriak honako hauek dira: palmetak, landare edo uhin-itxurako kiribilak, lehoi-maskaroiak (batez ere alboetako erlaitzetan), dentikuluak, akanto-hostoak, bukraneoak, festoiak, obak, grekak eta akroterak frontoien ertzetan. Gerora, etruriar, erromatar eta Erdi Aroaren osteko estiloetan erabili ziren, arte eta arkitektura greko-erromatarra berpizten saiatu zenean, hala nola Pizkundean, Barrokoa eta Neoklasikoan.
Antzinako eraikinen aztarna arkeologikoei begiratuta, erraza da monokromatikoak zirela pentsatzea, baina berez arkitektura polikromatua zen. Adibidez, Partenoia gorriz, urdinez eta berde biziz margotutako xehetasunak zituen. Eskulturak ere polikromatuak ziren. Eraikinak eta artelanak koloreztatzeko praktika hori bertan behera utzi zen Berpizkundean, izan ere, Leonardo da Vincik eta Pizkundeko beste artista batzuek antzinako eraikuntzak aztertzean koloreak desagertuta edo oso ahulduta zeudenez, zuriak zituela uste eta horrela proposatu zituzten arkitektura eta artelan berrietarako.
-
Epidauroko antzokia (Epidauro), K.a. III. mendekoa
Erroma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako Erromako arkitekturak eragin handienetakoa izan du munduan. Bere ondarea nabaria da Erdi Aroan, eta Aro Modernoan berrerabiltzen jarraitzen dira, bai arkitektura neoklasikoan, bai arkitektura postmodernoan.
Erromatar armadak lurraldeak konkistatu ahala, herriak eta hiriak sortzen zituzten, euren inperioa zabalduz eta euren arkitektura- eta ingeniaritza-lorpenetan aurrera eginez. Lan garrantzitsuenak Italian dauden arren, erromatar eraikitzaileek mendebaldeko eta ekialdeko probintzietan ere aurkitu zituzten irtenbide sortzaileak, hauen adibide hoberenak gaur egungo Ipar Afrika, Turkia, Siria eta Jordanian daudelarik. Bere garaiko zibilizazio gehienak gaindituz, erromatarrek ingeniaritza-gaitasunak, arkitektura-teknikak eta material berriak garatu zituzten. Erromatarren lorpen arkitektoniko ugarien artean kupulak daude, tenplu, bainu, etxalde, jauregi eta hilobietarako sortu zirenak. Adibiderik ezagunena Erromako Panteoiarena da, zutik irauten duen kupula erromatar handiena dena eta erdian okulu handi bat duena. Beste berrikuntza garrantzitsu bat harrizko erdi-puntuko arkua da, batez ere arkupetan, akueduktuetan eta beste egitura batzuetan erabiltzen dena. Greziar ordenez gain (doriarra, joniarra eta korintoarra), erromatarrek beste bi asmatu zituzten: toskanar ordena, berez doriar ordenako kolomak dituena, baina ildaska gabeak, triglifo eta tantarik gabeko taulamendu sinpleago batekin; eta ordena konposatua, joniar ordenako kapitelaren bolutak korintoar ordenako akanto-hostoekin konbinatzen dituena.
K.a. 30-15 artean, Vitruvio arkitekto eta ingeniariak tratatu garrantzitsu bat argitaratu zuen, De architectura, mendeetan zehar mundu osoko arkitektoengan eragina izan zuena. Antzinatetik bizirik iraun duen arkitektura-tratatu bakarra denez, Pizkunde gâtai tik teoria arkitektonikoari buruzko lehen liburutzat hartu izan da, baita arkitektura klasikoaren kanonari buruzko iturri garrantzitsutzat ere [10].
Greziarrek bezala, erromatarrek ere anfiteatroak eraiki zituzten. Inoiz eraikitako anfiteatrorik handienak, Erromako Koliseoak, 50.000 ikusle inguru har zitzakeen. Erromatarren aurrerapen teknologikoa darakusen beste egitura erromatar ikoniko bat, Frantzia hegoaldeko Pont du Gard da, zutik dirauen akueduktu erromatar garaiena [7].
-
Maison Carrée (Nîmes, Frantzia), erromatar tenpluen artean hoberen gordetako bat, K.a. 2 inguru
-
Panteoiaren barnealdea (Erroma), K.o. 114-124 inguru
Erdi Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdi Aroko arkitekturan hiru estilo garatzen dira nagusiki Europan: bizantziarra, garai osoan zehar eragiten duena, erromanikoa XI. eta XII. mendeen artean eta gotikoa XII. mendetik XV. mendera.
Erdi Aroko sorkuntza arkitektonikoan eragin handia izan zuten garaiko gertaera historiko nagusiek: hirien garrantziaren murriztea (horren ondorioz Europa baserritartuz eta feudalizatuz) eta Elizaren nagusitasuna gizartearen arlo guztietan. Botere sekularra Aita Santuaren boterearen menpe jartzen zen heinean, Elizak ematen zuen arkitektura-lan handien garapenerako beharrezko dirua. Garaiko teknologia batez ere katedralen eraikuntzan garatu zen, ezagutza arkitektonikoa korporazioen kontrolpean zegoelarik.
Erromanikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]"Erromaniko" hitzak XIX. mendean du jatorria, X. eta XII. mendeen artean Europan eraikitako Erdi Aroko elizak deskribatzeko sortu zenean, arku zorrotzak, ostikoak eta beste elementu gotiko batzuk sortu aurretik. XIX. mendeko kritikoentzat, erromanikoak harginen arkitektura islatzen zuen, antzinako erromatarren kapitelak eta kanoi-gangak miresten baitzituzten baina eredu klasikoen sofistikaziorik gabe.
Eliza erromanikoak nahiko erraz bereiz daitezke, arkitektura guztian erabiltzen baititu erdi-puntuko arkuak, horma eta zutabe lodiak, eta hormabularrak. Bizantziar elizekin alderatuta, erromanikoek apaindura konplexurik ez izateko joera dute, bai kanpoaldean, bai barnealdean. Horren adibide da Périgueuxko katedrala (Périgueux, Frantzia), XII. mendearen hasieran eraikia eta Veneziako San Marko basilikaren ereduaren gainean diseinatua, baina mosaikorik gabe, barnealdea oso soila eta minimalista utziz.
Euskal Herrian, batez ere Done Jakue bideari esker garatu zen erromanikoa [3], batez ere bide nagusiak zeharkatutako lurraldeetan: Nafarroan era Araban. Eraikuntza adierazgarrien artean daude Nafarroako errege-erreginen jauregia Lizarran, Leireko San Salbatore monasterioa Aralarko San Migel santutegia, Iratxeko monasterioa eta Uxueko Andre Maria eliza, Eunateko Andre Maria eliza, Torres del Rioko Hilobi Santua eliza, Armentiako basilika eta Zuberoako Santa Graziko eliza [3].
-
Eunate (Nafarroa Garaia) XII. mendean eraikia (1170 inguru), Donejakue bidean.
-
Spirako katedrala (1030-1061), katedral inperiala eta zutik dirauen eraikin erromaniko handiena
Gotikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estilo hau Saint-Denisko basilikan sortu zen, Paristik gertu. Bertako abadea Saint-Denisko Suger zen garai haietan. Bertako elizak duen fatxada berak diseinatu zuen jaiotzen ari zen gotikoaren arauen arabera. Baina guztiz gotikoa izan zen lehen eraketa, eliza horretako koroa izan zen, 1144. urtean. Estilo hau azkar hedatu zen Frantziaren iparraldean eta Ingalaterran, ondoren batez ere Frantzia osoan zehar, Germaniako Erromatar Inperio Sainduan, eta Gaztelako Erresuman. Italian ez zuen onarpen handirik izan, geroago sartu zen eta oso eremu txikian. Nafarroako Erresuman ere eragina izan zuen gotikoak[11].
Beirateak erabiltzea ez da arkitektura gotikoa definitzen duen elementu bakarra, eta arku zorrotza, gurutze-ganga, arrosa-leihoa edo ostiko-arkua ere ez, elementu horietako asko modu batean edo bestean erabili baitziren aurreko tradizio arkitektonikoetan. Elementu horien etengabeko konbinazioa eta fintzea izan zen, garaiko eraikuntza-teknika aldakorrei azkar erantzutearekin batera, arkitekturaren mugimendu gotikoa elikatu zuena.
Euskal Herrian garatu zen arkitektura gotikoa soila eta apaindurarik gabekoa izan zen[3]. Bestalde, bere izaera hibridoa ere azpimarratu behar da, hasieran Erromanikoaren ezaugarriak hartu baitzituen eta amaiera aldean Pizkundearekin [3]. Aipatzekoak dira, besteak beste Erriberriko gaztelua, Baionako katedrala, Lekeitioko Andre Maria eliza eta Zarauzko Torre Luzea.
-
Parisko Notre-Dame katedrala, eraikin gotiko ikonikoena, 1163an hasia
-
Hôtel de Sens (Paris) estilo gotiko flamigeroa
Kolonaurreko Amerika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europarrak Amerikara iritsi baino 3.000 urte lehenago, gizarte konplexuak sortu ziren Ipar, Erdialdeko eta Hego Ameriketan. Konplexuenak Mesoamerikan zeuden, batez ere maiak, olmekak eta aztekak, baina baita inkak ere Hego Amerikan. Astronomiaren eta ingeniaritzaren ezagutza mugatua zen arren, egiturak eta eraikinak sarritan ezaugarri astronomikoekin edo puntu kardinalekin lerrokatzen ziren. Arkitekturaren zati handi bat kultura-trukearen bidez garatu zen; adibidez, aztekek asko ikasi zuten aurreko maien arkitekturatik.
Kultura askotan hiri handiak eraiki ziren, tenplu eta piramide monolitikoekin, maiz animalia-, jainko- eta errege-apaingarriz zizelkatuak. Hiri horietako gehienek plaza nagusi bat zuten, gobernuaren eraikinekin eta tenpluekin, eta tlachtli edo pilota-kantxa publikoekin, plataforma goratuetan. Antzinako Egipton bezala, hemen ere piramideak eraiki ziren, gehienetan mailakatuak. Ziurrenik ez ziren hilobi gisa erabili, baina leku erlijioso garrantzitsuak zituzten gailurrean[7]. Gela gutxi zituzten, barnealdeak garrantzi gutxiago baitzuten egitura itzel horien presentzia erritualak eta bertan zeuden zeremonia publikoek baino; beraz, plataformak, aldareak, prozesio-eskailerak, estatuak eta tailak garrantzitsuak ziren [12].
-
Machu Picchu (Peru), 1450-1470
Islamiar arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Islamiar arkitektura Islamaren kultura duten edo izan dutenen arkitektura da, erlijio honen sorreratik gaur arte, batez ere Al-Andalus eta India arteko eskualdeetan garatu dena. Horrela, arkitektura mota honen eraikinak Espainian, Afrikaren iparraldean, Ekialde Hurbilean, Iranen, Indian eta Txinan aurkitzen dira.
Islamiar konkisten hedapenaren ondorioz, islamiar arkitekturak arkitektura estilo ugari biltzen ditu bere baitan Islamaren sorreratik (VII. mendean) gaur egunera arte. Islamiar arkitektura goiztiarrak eragin handia jaso zuen arkitektura erromatarretik, bizantziarretik pertsiarretik, mesopotamiarretik eta VII. eta VIII. mendeetan lehen musulmanek konkistatu zituzten gainerako lurretakoetatik [13][14]. Ekialderago, Txinako eta Indiako arkitekturak ere eragina izan zuen, Islama Asiako hego-ekialdera hedatu ahala. Historia zabal eta luze horrek tokiko arkitektura estilo asko ekarri ditu, besteak beste omeiatarra, abbastarra, persiarra, moriskoa, fatimatarra, mamelukoa, otomandarra, indo-islamiarra (bereziki mogola), bengalarra, txinar-islamiarra eta saheliarra.
Islamiar arkitekturaren egitura bereizgarri batzuk meskitak, madrasak, hilobiak, jauregiak, bainuak eta gotorlekuak dira. Islamiar arkitektura erlijiosoaren tipologia nabarmenak dira adibidez meskita hipostiloak, kupuladun meskitak eta mausoleoak, gangadun iwan egiturak eta erdiko patiodun madrasak. Mendeetan gordetako jauregi historikoen adibide nagusiak Alhambra (Granada) eta Topkapi (Istanbul) dira. Islamak ez du idoloen gurtza sustatzen; beraz, arkitekturak arabiar kaligrafiarekin apainduta egoteko joera du (bertso koranikoak edo bestelako olerkiak barne), halaber motibo abstraktuagoekin, hala nola eredu geometrikoekin, mukarnekin eta arabeskoekin, irudi figuratiboak erabili ordez [15][16][17].
-
Arrokaren Kupula (692an amaitua), Jerusalem
Txinatar arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txinako lehen eraikin gehienak zurezko egiturak ziren. Hagaburu-multzodun zutabeak, gehienetan bakoitiak, erdiko habearteko espazioa handitzea ahalbidetu zuen. Teiladun teilatuak zurezko eraikinaren gainean zuzenean bermatzen ziren, adreiluzko edo buztinezko hormekin.
I. mende inguruan, budismoa Txinara iritsi zenean, erlijio erabilera berri bat hasi zen, eta, beraz, eraikin mota berriak garatu. Harkaitzetan zulatu gurtza-tokiak agertu ziren, Indiakoetan oinarrituak. Budismoak sartutako beste eraikuntza mota bat txinatar itxurako estupa (ta) edo pagoda zen. Indian, estupak pertsonaia edo maisu ezagunak oroitzeko eraikitzen ziren, ondorioz, tradizio budistak egitura egokitu zuen Buda maisu handia oroitzeko. Pagodak Indiako estuparekin antzeko sinbolismoa partekatu zuen eta jaun inperialen babesarekin eraiki ziren, hilondoko bizitzarako merituak lortzea espero zutenak. Budismoa VI. eta VIII. mendeen artean jo zuen gailurra, Txinan inoiz ez bezalako monasterio kopuru handia zegoenean. 4.600 monasterio ofizial eta 40.000 ez-ofizial baino gehiago eraiki ziren. Monasterio asko patioz edo kalostraz osatuak zeuden, 6 eta 120 artean. Kalostra bakoitzak eraikin nagusi independente bat zuen (areto bat, pagoda bat edo pabiloi bat) eta estalitako korridore batez inguratuta zegoen[18].
Txinatar eta konfuziotar kulturak eragin nabarmena izan zuen sinosferako arkitekturan eta artean (batez ere Vietnam, Korea, Japonian). Adibidez, Koreako arkitekturak, batez ere Joseon ondoko garaian, Ming-Qing dinastietako eragina du[19].
-
Uzta Onen otoitz aretoa, Zeruko Tenpluan dagoen eraikin nagusia (Pekin), 1703-1790
Aro Modernoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pizkundea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pizkundea XIV. mende hasieran Italian jaio zen, antzinako Grezia eta Erromako pentsamenduaren eta kultura materialaren elementu batzuen pizkunde eta garapen kontzientea erakusteko asmoz. Arkitektura, lehenik Florentzian garatu zen, Filippo Brunelleschi berritzaileetako bat zela, eta halaber Leon Battista Alberti (1404-1472) arkitekto eta humanistari esker, De re aedificatoria tratatua osatu zuenean, Antzinako Erromako hondakinak eta Vitruvioren De architectura aztertu ondoren. Laster Italiako beste hiri batzuetara hedatu zen eta handik Europa osora, urte ezberdinetan eta hainbat eragin-mailarekin, tokian tokiko ezaugarriekin.
Pizkundeko estiloak garrantzia ematen die atalen arteko simetriari, proportzioari, geometriari eta erregulartasunari, Antzinate klasikoaren arkitekturan eta, bereziki, erromatarrean agertzen zen bezala, zeinetik adibide asko geratzen ziren. Ordena markatzeko, eta gotikoko sistema proportzionala eta profil irregularrak ordezteko, hainbat elementu erabili ziren, hala nola kolomak, pilastrak eta ateburuen antolamendu ordenatuak eta halaber erdi-puntuko arkuak, esferaerdiko kupulak eta nitxoak.
Euskal Herrira berandu iritsi zen, XVI. mende erdira arte gotikoa izan baitzen nagusi. Gainera, azaleko presentzia baino ez zuen izan, funtzio apaingarri eta sinbolikoa nagusituz[3].
-
Villa Rotonda, Italia, Vicenza, 1567-1570, Andrea Palladio.
-
Chenonceau jauregia (Frantzia), 1576, Philibert de l'Orme arkitektoarena
-
Oñatiko Unibertsitatea (1543) platereskoa (espainiar pizkundetar estiloa)
Barrokoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barrokoa Kontrarreformaren eskutik sortu zen, Eliza Katolikoak bere boterea jakinarazteko eta Jainkoaren handitasuna nabarmentzeko saiakera gisa. Barrokoa eta haren aldaera berantiarra, rokokoa, izan ziren mundu osoan hedatutako lehen estilo artistikoa, eta bi mende baino gehiago iraun zuen Europan, Latinoamerikan eta beste hainbat lekutan 1800 ingurura arte. Boloniako eta Erromako margolaritza-estudioetan jaioa 1580 eta 1590eko hamarkadetan, eta Erromako eskultura- eta arkitektura-tailerretan garatua XVII. mende hasieran, barrokoa berehala hedatu zen Italian eta Europa osoan. Portugaldar, espainiar eta frantziar inperioek eta holandar merkatari-sareak eginkizun nabarmena izan zuten estiloaren hedapenean bai Ameriketan bai Afrika eta Asia kolonialean, Lima, Mozambike, Goa eta Filipinak bezalako leku aldenduetan[20]. Arkitektura-tradizio ezberdinak zituzten eskualdeetan hedatu zirenez, barroko mota ugari agertu ziren lekuaren arabera, desberdinak alderdi batzuetan, baina antzekoak orokorrean.
Lehenengo eraikin barrokoak elizak eta monasterioak izan ziren, eta laster eraikin zibilak, etxandiak eta jauregiak gehitu zitzaizkien. Dinamismoa ezaugarri hartuta, lehen aldiz hormak, fatxadak eta barrualdeak kurbatu egin ziren, eta horren adibide da San Carlo alle Quattro Fontane eliza Erroman. Arkitekto barrokoek arkitektura pizkundetarraren oinarrizko elementuak hartu zituzten, kupulak eta kolomadiak barne, eta garaiagoak, handiagoak, apainduagoak eta dramatikoagoak egin zituzten. Barruko efektuak, askotan, eskulturarekin konbinatutako trompe-l'œil margoa erabiliz lortzen dira: begia gorantz bideratzen da, zerura begira egotearen lilura emanez. Zizelkatutako aingeru taldeek eta margotutako irudiek sabaia betetzen dute. Argia ere erabili zen efektu dramatikoa lortzeko ; kupuletatik iritsiz eta urretan islatuz. Maiz, zutabe salomonikoak erabiltzen ziren goranzko mugimendu baten lilura sortzeko, eta beste dekorazio-elementu batzuek espazio erabilgarri guztiak hartzen zituzten. Jauregi barrokoetan, eskailera handiak elementu nagusi bihurtu ziren.
Euskal Herrian eragin handia izan zuen Barrokoak, batez ere arkitektura zibilean, eliza asko aurretik eraikiak baitzeuden. Hala ere, aipatzekoak dira eliza barneko erretaulak eta kanpoaldeko dorreak, batez ere Gipuzkoakoak, garai hartan ugari eraiki baitziren[3]. Halaber aipatzekoa da Loiolako Santutegia (Azpeitian) Carlo Fontana erromatar arkitektoak 1681ean proiektatua.
-
Versaillesko jauregia (Versailles), marmolezko patioa
-
San Petri plaza (Erroma), 1656–1667, Gian Lorenzo Bernini arkitektoarena
-
Koruko Andre Mariaren basilika, Donostian (1766) rokoko kutsua duena
Neoklasikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arkitektura neoklasikoa Antzinako Grezia eta Erromaren xehetasunetan, horma zuri eta xumeetan, eta eskalaren handitasunean oinarritu zen. Aurreko estiloekin alderatuta (barrokoa eta rokokoa), kanpoalde neoklasikoak minimalistagoak ziren, lerro zuzen eta angeluarrekin, baina oraindik apainduak. Estiloaren lerro garbiek, eta oreka eta proportzioaren zentzuak, ondo funtzionatu zuten bai eraikin handietan (Parisko Panteoia kasu), bai egitura txikiagoetan (Petit Trianon jauregia kasu).
Arkitektura eraikuntza elementu klasiko sinpleen batuketaz konposatzen zen, izaera trinkotik aldenduz. Izaera tektonikoa zuen, egiturak berak eraikuntza definitzen zuen. Konposizioa eta eraikuntza batera zihoazen, eta zutabea berragertu zen bere izaera tektonikoaz indartuz. Apaingarriak murriztu zen, soiltasuna indartuz. Simetria, soiltasuna, kolore murriztasuna, garaipen arkuen erabilera, aurrealdea hiru partetan konposatzea, ordena bakarraren erabilpena... oso ezaugarri nabariak dira.
Euskal Herrian neoklasizismoa XVIII. mendearen amaiera aldean sartu zen, eta XIX. mende guztian zehar luzatu bazen ere, bere gailurra XIX. mendeko lehen erdian gertatu zuen[3]. Arkitektoek artean, aipatzekoak dira Justo Antonio Olagibel (Plaza Berria eta Arkupetxoak Gasteizen), Pedro Manuel Ugartemendia (Donostiaren hiri-plana), Gabriel Benito Orbegozo (Atxuriko Ospitalea) eta Antonio Etxeberria (Gernikako Batzar Etxea), eta halaber Ventura Rodríguez madrildarra (Iruñeko katedralaren fatxada) eta Silvestre Pérez zaragozarra (Mutrikuko eliza)[3].
-
La Madeleine eliza (Paris), 1845
-
National Gallery (Londres), 1824
-
Gasteizko Plaza Berria, 1791
Historizismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arkitektura historizista, nagusiki XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran garatu zen, eta, bere ahalegin guztiak, iragan garaietako arkitektura berreskuratzeko ziren. Beste garai batzuetako arkitektura estiloak imitatzean zetzan, mende horretako ezaugarri kultural batzuk gehituz, arkitektura eklektikoak, zerbait berria sortzeko estiloak nahasten zituen bitartean. Joera ezberdinak nabarmen daitezke, neobizantziarra, neogotikoa, neobarrokoa... kasu.
Euskal Herrian beste hainbat estiloz gain (neogotikoa, neoklasikoa, neobarrokoa eta Espainia-Frantzietako eskualde estilo ugari), berezko arkitektura historizista garatu zen: euskal estiloko arkitektura eta honen aldaerak (neolapurtarra, neogipuzkoarra, euskal neobarrokoa...).
-
Westminster jauregia (Londres) 1840-1860, neogotikoa
-
Opéra Garnier (Paris) 1862-1875
XX. eta XXI. mendeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendearen hasieran, arkitektura historizistaren eta dekorazio landuaren gehiegizko garrantziak pentsamendu-lerro berri ugari sortu zituen, arkitektura modernoaren aitzindari izan zirenak. Horien artean Deutscher Werkbund nabarmentzen da, 1907an sortua makinaz egindako objektuak kalitate hobean ekoizteko. Industria-diseinuaren goraldia une honetan ezarri ohi da. Bide honi jarraituz, Bauhaus eskolak, Weimarren 1919an sortua, arkitekturaren funtsa berdefinitzen saiatu zen, oinarri berriak artean, eskulanean eta teknologian ezarriz. Arrazionalismoaren garaian teknologiazko aurrerapenak hartu ziren kontutan batez ere, eta funtzioaren aldetik baliagarriak izango ziren eraikuntzak altxatu ziren.
XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, egindako arkitektura, oro har, mugimendu modernoaren proposamenekiko erreakzio gisa bereizten da: batzuetan, egungo arkitektoek balio modernoak berrikusi zituzten eta ikusmolde estetiko berriak proposatu ("neomodernoa" izeneko jarrera gisa bereiziko dena); beste batzuetan, berriz, proiektu erabat berriak proposatu zituzten, modernismoaren dogmen aurka. Bigarren hauek, oro har, lotuta zeuden "erreferente historikoa" biziberritzeko ideiarekin. XX. mende amaieran iraultza digitalaren urteak izan dira arkitekturaren esparruan. Ordenagailu bidezko diseinua erabat hedatu da, eta konputagailua adierazpen-tresna izateaz gain forma berrien sortzaile ere bihurtzen ari da. Honen adibide aipagarrienetako bat Frank Gehryren Bilboko Guggenheim Museoa da.
Ekoizpen garaikidearen korronte desberdinak sailkatzeko ahaleginak egin diren arren, ez dago, izatez, mundu osoan arkitektoek egindako hainbat aukera sistematikoki biltzen dituen "mugimendu" edo "eskola" talde txikirik.
Garai honetako estilo eta mugimendu nagusiak:
- Art Nouveau
- Art deco
- Bauhaus eta Arrazionalismoa
- Konstruktibismoa
- Brutalismoa
- Postmodernismoa
- Dekonstruktibismoa
- High-tech arkitektura
- Arkitektura iraunkorra
-
Unité d'habitation, Berlin (Le Corbusier)
-
Brasiliako katedrala (Oscar Niemeyer)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Frantsesez) André Malraux. (1972). «L’inventaire artistique est ordonné par des valeurs ; il n'est pas le résultat d'une énumération, mais d'un filtrage.» "L'Inventaire", in Architecture méthode et vocabulaire (Éditions du Patrimoine) ISBN 978-2-85822-593-4...
- ↑ (Ingelesez) Jones, Denna. (2014). Architecture The Whole Story. Thames & Hudson ISBN 978-0-500-29148-1..
- ↑ a b c d e f g h i Fernández Altuna, José Javier. (1977-2022). Artearen Historia. Arkitektura. Auñamendi Eusko Entziklopedia - Eusko Ikaskuntza.
- ↑ (Ingelesez) Risebero, Bill. (2018). The Story of Western Architecture. Bloomsbury, 13 or. ISBN 978-1-3500-9212-9..
- ↑ a b Euskaltzaindia. (PDF) 191. arauaː Artelanen izenak. Historiaurreko eta Antzinaroko artelanen izenak. .
- ↑ (Ingelesez) Gods and Goddesses. (Noiz kontsultatua: 2015-11-9).
- ↑ a b c (Ingelesez) Hodge, Susie. (2019). Laurence King Publishing ISBN 978-1-7862-7370-3..
- ↑ (Ingelesez) Irving, Mark. (2019). 1001 Buildings You Must See Before You Die. Cassell Illustrated ISBN 978-1-78840-176-0..
- ↑ (Ingelesez) Irving, Mark. (2019). 1001 Buildings You Must See Before You Die. Cassell Illustrated, 28 or. ISBN 978-1-78840-176-0..
- ↑ (Ingelesez) Kruft, Hanno-Walter. A History of Architectural Theory from Vitruvius to the Present (New York, Princeton Architectural Press: 1994)
- ↑ (Gaztelaniaz) Trachtenberg, Marvin.. (1990). Arquitectura, de la prehistoria a la postmodernidad : la tradición occidental. Ediciones Akal ISBN 84-7600-628-4. PMC 318269188. (Noiz kontsultatua: 2020-02-24).
- ↑ (Ingelesez) Jonathan, Glancey. (2006). Architecture A Visual History. DK, Penguin Random House, 35 or. ISBN 978-0-2412-8843-6..
- ↑ (Ingelesez) Krautheimer, Richard. Early Christian and Byzantine Architecture Yale University Press Pelican History of Art, Penguin Books Ltd., 1965, 285 or.
- ↑ (Ingelesez) Fletcher, Banister A History of Architecture on the Comparative Method 4th Edition, Londres, 476 or.
- ↑ (Ingelesez) Ettinghausen, Richard. (2001). ISBN 9780300088670..
- ↑ Blair, Sheila S.. (1995). Yale University Press ISBN 9780300064650..
- ↑ (Ingelesez) h.f.ullmann ISBN 9783848003808..
- ↑ (Ingelesez) Architecture The Whole Story. Thames & Hudson 2014 ISBN 978-0-500-29148-1..
- ↑ (Ingelesez) Guo, Qinghua. (2005). TIMBER BUILDING STRUCTURES IN CHOSEN KOREA — A CASE STUDY ON GEUNJEONGJEON AND INJEONGJEON. , 51–68 or. (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
- ↑ (Ingelesez) Bailey, Gauvin Alexander. (2012). Baroque & Rococo. Phaidon ISBN 978-0-7148-5742-8..
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artearen teoria era hirstoria - oinarrizko kontzeptuak - apunteak Unibertsitatea.net webgunean (noiz kontsultatua: 2022-1-16)