Edukira joan

Arkosolio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arkosolio
tomb space (en) Itzuli

Arkosolioa (latinezko bi hitzez osatua: arcus, arkua, eta solium, ehorztoki, sarkofago) arku formako gangadura duen hutsuneari aplikatzen zaion termino arkitektonikoa da, ehorzketa-leku gisa erabiltzen denean.

Arkosolioa forma gangaduneko hilobia zen, pertsonaia ospetsuen, hala nola santuen eta martirien, gorpuzkiak gordetzeko egina. Kapera txiki bat balitz bezala, hilobia jartzen zen tokia horma-pinturekin eta eskulturekin apaintzen ziren. II. mendeko Erroma inperialean maiz erabili ziren. Katakonbetan ere eraiki zituzten.

12. mendearen hasieran, arte gotiko berriaren garaian, hilobi mota horiek berreskuratu ziren, elizetako hormetan kokaturik. Sarkofagoa sartzen den nitxoak arku zorrotzaren forma izan ohi zuen baina. Errenazimentuan, erdi-puntuko arkua gailendu zen kasu askotan. Arkosolioko sarkofagoari dagokionez, hasieran sarkofago soila izan zen, baina denborarekin estalkiaren gainean hildakoaren eskultura jartzen hasi ziren, sarri etzanda baina baita otoitz egiteko jarreran. Gotiko flamigeroan, platereskoan, eta estilo manieristan, arkosolioa xehetasun ugariz apaindu zen.

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian adibide ugari daude elizetan, barrualdeetan eta baita elizpe edo kanpoaldean, eliz atarien ondoan batzuetan. Bereziki deigarria da bat, Erandiogoikoko Andra Mari elizakoa Martiartu leinuaren ehorztokia. [1]Iruñeko katedraleko klaustroan bilduma ikusgarri bat dago.[2]

Domenico Fancelli izan zen eskultore bat tipologia hori landu zuena Pizkundean. Espainian arkosolioaren adibide bikain ugari daude, hala nola Cardenal Diego Hurtado de Mendozaren hilobi-monumentua, Sevillako Katedralean dagoena. Italian egin zuten eta piezaz pieza eraman eta muntatu zuten. Beste adibide bikain bat, 15. mendeko Alfontso Gaztelakoaren hilobia (Elisabet Katolikoaren anaia), Gil de Siloék Mirafloresko kartusian egindakoa, eta Sigüenzako Martín Vázquez de Arcerena, Sigüenzako katedralean dagoena.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ (Gaztelaniaz) Olalde, Rafa. (2023-06-16). «Sepulcro de Martin Ortiz de Martiartu» Las Esculturas en Erandio/Leioa (kontsulta data: 2025-07-13).
  2. ↑ «Eskultura gotikoa Euskal Herrian - hiru» www.hiru.eus (kontsulta data: 2025-07-13).[Betiko hautsitako esteka]


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]