Armentiako basilika

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Armentiako San Prudentzioren basilika
Kultura ondasuna
Vitoria - Armentia, Basilica de San Prudencio 02.jpg
Armentiako basilikaren ikuspegi orokorraCommons-logo.svg Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaGasteiz
Koordenatuak42°49′59″N 2°42′07″W / 42.833123°N 2.702068°W / 42.833123; -2.70206842°49′59″N 2°42′07″W / 42.833123°N 2.702068°W / 42.833123; -2.702068
Historia eta erabilera
EraikuntzaXII. mendea -
ElizbarrutiaGasteizko elizbarrutia
Arkitektura
Estiloaarkitektura erromanikoa
Ondarea
BICRI-51-0000357

Armentiako San Prudentzioren basilika Gasteizko udalerriaren barruan kokatuta dago, Armentia herrian zehazki, eta Arabako zaindariaren omenez eraiki izan zen. Erdi Aroan XI. eta XII. mendeen artean garatu zen arkitektura erromanikoaren adibide nagusietako bat da. Eliza XII. mendean eraikitzen hasi zen, eta mendeetan zehar hainbat eraldaketa izan ditu, batez ere XVIII. mendean. 1931ko ekainaren 4an, interes nazionaleko Monumentu Historiko-Artistiko izendatua izan zen. Prudentzio Santuaren adbokazioa du, Armentian jaioa 550. urtean eta Tarazonako gotzaina izan zena, eta Arabako patroia duguna. 1970etik aurrera izan du adbokazio hau, Gasteizko Francisco Peralta gotzainak San Andresen adbokazio pean egon zenari, San Prudentziorena eman zionean[1].

Eraikuntzaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eliza XII. mendean eraikia izan zen, estilo erromanikoan, VIII. mendeko tenplu baten hondakinen gainean. Aurreko eliza hori San Andresen adbokazioa zeraman, eta bere garaian garrantzia ere izan zuen: VIII. mendean Calahorra hiria, Calahorra y La Calzada elizbarrutiko hiriburua, musulmanek konkistatua izan zen, eta gotzain-egoitza Armentiako eliza horretara mugitua izan zen, katedral izendapena lortuz[2]. XI. mendean kristauek hiri horretako nagusitasuna berreskuratu ondoren, Alfontso VI. erregeak gotzain-egoitza Calahorrara eraman zuen bueltan.

Jose María de Azcárate adituak dionez, gaur egun ezagutzen dugun San Prudentzioren basilikaren eraikuntza 1135 urte inguruan hasi zen, Rodrigo de Cascante Calahorra y La Calzadako gotzainaren ekimenez [3]; dena den, jatorriz eliza San Andresi adbokatua zegoen. Hemen hasi zen, Sobronen (2006) hitzetan, elizaren kontserbazioaren gainbehera, bere estatusa galtzeaz gain herriaren despopulatze-prozesua garai honetan hasiko baitzen, 1181ean fundatutako Gasteizen onuran, eta horren eraginez tenpluaren zainketak arreta galdu zuen[4]. Eliza honek kolegiata titulua 1498. urtera arte mantendu zuen, Errege Katolikoek titulu hau Gasteizko Santa Maria elizara mugitu zuten arte, orduko San Andres eliza parrokia gisa geratu zelarik.

Ez dakigu tenplu honen sagarapen data zehatza, baina ziurtasunez esan dezakegu XII. mendearen erdialdean izan zela. Eliza hau erromaniko estiloan eraikia izan zen. Dena den, deskribapenaren atalean ikusiko dugun bezala, ez dira kontserbatzen jatorrizko eraikuntzaren elementu asko. XII. mendearen ondoren, obra eta eraldaketa ugari gertatu ziren. Lehenak, 1562 aldera, teilatuaren erorketa partziala zela eta, teilatu oso berri bat eraiki zenean. 1578an, dorrearen eraikuntza eman zen, Pedro de Elgaraceta igeltseroari enkargatu ziotena. Hurrengo urteetan, eztabaida asko egon ziren momentura arte San Prudentziori dedikatutako beste basilika berri bat eraikitzeko, baina ideia baztertua izan zen San Andresen eliza honen barnean San Prudentzioren kapera bat baitzeuden, oso beneratua zena[5].

1776 da elizaren aldaketa-prozesu honetan gehien azpimarratu behar dugun urtea, erreforma ugari eman baitziren. Badirudi, dokumentuek diotenez, eliza oso kontserbazio-egoera larrian zegoela, eta obra hauek beharrezkoak zirela. Obra hauek hala kanpoaldean nola barrualdean eman ziren. Aldaketa nagusienen artean, dorre berri baten eraikuntza dugu, gurutzaduran kokatua, aurrekoa, burualdetik hurbilago zegoena, bota zelarik. Horrez gain, jatorrizko bi atariak desagertu ziren eta gaur egun ikus dezakegun arkupe-sarrera altxatu zen. Bestalde, antzinako klaustroak eraitsi eta beren hormak urte honetan ere egindako teilatu berrira arte altxatu ziren, horrela elizaren jatorrizko egitura harrizko-armazoi batek bildua izan zelarik. Azkenik, sakristia eta parrokia-etxe berriak eraiki ziren. Eraldaketa hauek guztiek elizaren itxura erabat aldatu zuten: itxura uniformeagoa eman zioten eraikuntzaren kanpoaldeari, jatorrizko egitura ezkutatuz eta oinplano ia guztiz karratua eratuz; absidea eta parrokia-etxea egitura horretatik irteten ziren elementu bakarrak ziren. Eliza berriaren trazak Francisco de Echanovek eman zituen[6].

Barnealdean ere aldaketak eman ziren. Gurutzaduran altxatu zen ertz-ganga nabarmendu dezakegu, kanpoaldetik ikusten dugun zinborrioa osatu zelarik, batetik; horrekin, gaur egun ikusgaiak diren tetramorfoen eskulturak ezkutaturik geratu ziren. Bestetik, elizaren nabeko ganga guztiak eraitsi eta berriak egin ziren, baita sakristian ere. Gainera, absidea adreiluzko trenkada batekin itxi zen, erretaula nagusia aurrean jarri zelarik eta horren atzean gela berri bat sortu zen, zeinera sakristietatik sar zitezkeen elizgizonak. Elizako korua oinaldera mugitu behar izan zen, bere jatorrizko kokapenean dorre berrira sartzeko harrizko marraskilo-eskailera bat jarri baitzen. Zoruan zehar hogeita hamar hilobi eraiki ziren eta gainetik lauzatu ziren. Azkenik, eliza guztiz zuritu zen barnealdetik[7].

Azpimarratu behar dugu 1779an San Andresen adbokazioa zuen eliza honek gaur egun ezagutzen dugun titular berria bereganatu zuela: San Prudentzioren basilika bihurtu zen modu honetan. Arabako patroi dugu, apirilaren 28an bere omenezko jaia delarik.

Armentiako San Prudentzio basilikaren barnealdea

1908an, koruaren azpiko horma bota zen eta hura eusten zituzten zutabeen kapitelak agerian geratu ziren. Horrez gain, lehen aipatutako gurutzaduraren ganga bota zen eta tetramorfoak bistara geratu ziren, eta kanoi-ganga berri bat eraiki, paretetan baoak irekiz. Halaber, erretaula nagusia absidetik San Prudentzioren kaperara mugitu zuten, eta aurreko paragrafoan aipatutako trenkada bota zen, elizak gaur egun ikus dezakegun itxura lortu zuelarik, abside erromanikoa ikusgai. 1961an, gurutzaduraren ezkerreko aldea erori zenez, konponketak ere eman ziren, eta zati honetan zegoen erretaula desmuntatu zen eta modu honetan erromanikoko hainbat elementu desestali zituzten[8]. Horiek izan dira basilikak bere historian zehar jasan dituen eraldaketa nagusiak.

Elizaren deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinplanoa eta kanpoko eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armentiako San Prudentzioren basilikaren kanpoaldea. Absidea, sarrerako arkupea, zinborrioa eta dorrea (azken honen atzean) ikusten dira.

Euskal erromanikoaren adibide esanguratsuenetarikoa dugu Armentiako basilika. Hala ere, kontuan hartu behar dugu bere deskribapena egiteko XVIII. mendean egindako eraldaketak ere barnean hartu behar ditugula. Oinplanoa laukizuzena da, eliza erromanikoaren egitura forma osatzen duten pareta horien barnean geratzen delarik. Luzera-oinplanoko eliza da, nabe bakarrekoa, hiru tartekoa eta gurutze latindarrekoa: nabe nagusiak transeptuak gurutzatzen du, eta erdi-zirkulu formako abside bakarrak burutzen du. Sarrera hegoaldeko fatxadan dago kokatuta, arkupe batek estaltzen duena, eta horren azpian basilikako eredu eskultoriko interesgarrienak daude, kontserbazio egoera nahiko kaxkarrean daudenak. Harlanduzko fatxada soila dugu, non aurreko esaldian aipatutako erliebe eskultorikoak nabarmentzen diren, baita absideko dekorazio eskasa ere. Absidea, harlandu zainduena duen elizako elementua dugu, arkitektonikoki gehien nabarmentzen dena, batez ere tenplu erromanikoaren jatorrizkoa den elementu arkitektoniko nagusia baita. Hiru segmentutan banatuta dago, zokalora lotutako basatatik teilatura arte altxatzen diren zutabe zilindriko itsatsiek bananduak. Segmentu bakoitzean arku txaranbeldun bana dugu, itsuak eta zutabetxo itsatsiak ere aurkezten dituztenak.

Sarrerako erliebeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basilikara sartzeko, hegoaldeko murruan dagoen arkupe batek estalitako sarrerara joan behar gara. Bost arkuk osatzen dute egitura hau. Honen azpian, jatorrizko eraikin erromanikoaren erliebe eskultorikoak ditugu, bertara garraiatuak izan zirenak XVIII. mendeko erreformekin. Hiru egile edo maisuri egokituak izan dira, haiek guztiak anonimoak, Erdi Aroko artean hain komuna zen bezala. Murruan txertatuak, seguru aski desagertutako bi portada erromanikoetako erliebeak ikus ditzakegu.

Kristoren Berpiztea irudikatzen duen erliebea, tinpano baten barnean
Tinpanoaren goialdean, Arkumearen apoteosia eta Joan Bataiatzailea eta Isaias ikusten ditugu; behealdean, krismoia eta bi aingeruak. Tinpanoaren azpian, hilobia ikus dezakegu barroteen atzean.
Santiago edo Konstantino I errepresentatu dezakeen zaldi-irudia

Lehen erliebea tinpano baten barnean dago, eta bere itxura arkaikoa dela eta, XII. mendearen azken herenean datatu ohi da[9]. Akanto hostoak irudikatzen dituen zenefa baten gainean, Kristoren Igokundea dago irudikatua. Bertan, hamaika apostoluak daude irudikaturik, Jesusen eta Elias eta Enoch profeten azpian. Bi aingeru ere agertzen dira, eta konposizioa, zeinak Kristoren figurak apurtzen duen, irudi handiena izanik, Jerusalem hiri sakratua errepresentatzen duten eraikin multzo batek horizontalki banatzen duen. Kristoren irudiak ez du bere burua kontserbatzen gaur egun, eta pertsonaien irudikapenak narriadura nabarmenak aurkezten dituzte. Kaltetuak ere badaude gainerako irudikapenak. Beste tinpano batean, bere ekoizpena bigarren maisuari egokitua, 1200 inguruan izan zuena aktibitatea. Bertan, Arkumearen Apoteosia ikusten dugu, non Agnus Dei delakoa ikus dezakegun erdian, zirkulu baten barnean, eta Joan Bataiatzailea eta Isaias alde bakoitzean daudelarik. Eszena zenefa batek mozten du erditik, eta horren azpian bi aingeruk heltzen duten krismoi trinitarioa ikus dezakegu. Tinpanoan zehar heriotzaren garaile den Kristori erreferentzia egiten dizkioten inskripzioak daude, baita Rodrigo de Cascanteri, hots, eliza honen eraikuntza bultzatu zuen gotzainari, erreferentzia egiten diotenak ere[10]. Tinpano honen azpian, tradizio erromanikoko harrizko barroteek estalitako hilobi-nitxo bat dugu, non XIII. mendeko elizgizon bat hilobiratua omen dagoen. Erliebe horien bien artean zaldi-errepresentazio bat ikusten dugu, non irudikatua hala Santiago apostolua nola Konstantino I enperadorea izan daitekeen, hipotesi nagusien arabera. Lehen aipatutako bigarren maisuari egokitua izan zaio, atrio edo arkupe honetan ere kokatutako Deikundearen ekoizpenaren egokitzapenarekin batera [11].

Gure ezkerraldean, Anastasia edo Descenso ad Inferos. Eskuinaldean, Kristoren Hilobiratzea. Hauen artean, figura antropomorfikoak, zutabe gisa, eta azpian, kontserbazio-egoera txarrean dauden eszenak.
Anastasia edo Descenso ad Inferos eszena, eta azpian, identifikatu gabeko irudikapena

Arkupearen burualdean multzo eskultoriko ikusgarriena dago kokatuta, hirugarren maisu baten obra dena. XIII. mendeko erliebe hauek fatxada nagusiko goialdean omen zeuden kokatuta. Ertz-puntako bi arku erliebe hauen marko dira, eta horien euskarri diren zutabeek forma antropomorfikoak aurkezten dituzten: erdikoan eta eskuinekoan gorputz osoko pertsonaia sakratuak irudikatzen dituzten, burugabeak ikusten ditugunak; ezkerraldeko zutabean, hala forma begetalak nola irudi antropomorfiko bat daude, hau ere kontserbazio-egoera txarrean. Baliteke irudi hau jatorriz koloma hauek portada nagusian egon izana[12]. Erliebeei dagokionez, ezkerraldekoan Descenso ad Inferos edo Anastasiaren gai ikonografikoa ikusten dugu, Kristo, Adan eta Evaren konpainian, Linbora jaitsi zenean, lehen patriarkak (hau da, Kristoren berpiztea baino lehenago hil ziren horiek) bertatik ateratzeko asmoarekin, irudikatzen duen eszena. Eskuinaldeko erliebean Kristoren Hilobiratzea dago errepresentaturik, aurrekoa bezala oso narriatua eta goialdeko partea biluzik geratzen delarik. Erliebe hauen azpian, beste bi eszena ditugu, oso kaltetuak, baina ezkerraldekoan Berpiztea irudikatzen duen eszena identifikatu dute adituek, lotan dauden soldaduei erreparatuz batez ere[13].

Kristoren Hilobiratzearen eszena. Azpian, Jesusen Berpiztea, kontserbazio-egoera txarrean.

Multzo eskultoriko hauek erromanikoko eskulturaren ezaugarri nagusiak aurkezten dituzte: figuren hieratismoa, perspektiba espazial eza, irudikapenen antinaturalismoa eta frontaltasuna, perspektiba hierarkikoa (non Kristoren irudia duen tamaina handiena; lehenbizi azaldutako Igokundearen eszenan oso nabaria da ezaugarri hau), pertsonaien aurpegien eta gorputzen irudikapenen indibidualtasun eza, konposizio simetriko eta geldoak (zaldiaren eskulturan izan ezik, non kaparen tolesdurek mugimendua ematen dioten irudiari) eta horror vacui, hau da, figuraz beteriko eszenak, hutsunerik gabeak. Eszena hauek in situ eta hain hurbiletik analizatzeko aukera benetan zoragarria da, baina beren jatorrizko testuingurutik guztiz aldenduta daude, eta horiek beren benetako kokapenerekin eta hortaz beren funtzio moral-espiritualarekin erlazionatzeko aukerarik ez dugu.

Barnealdeko eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zinborrioa barnealdetik ikusita. Angeluetan, tetramorfoetako bi. Presbiterioko eta absideko gangak ere ikusten dira.

Barruko espazioa ertz-gangek estaltzen dute. Paretek harlangaitza aurkezten dute, XX. mendean zehar gauzatutako obretan aurretik zegoen igeltsuzko zuria kendu zenez geroztik agerian daudenak. Gurutzaduran zinborrio karratua altxatzen da, zeinaren angelu bakoitzean tetramorfoak ageri diren, lau ebangelistak beren atributuekin, hain zuzen: Markos, lehoiarekin; Mateo, aingeru; Joan, arranoarekin; eta Lukas, zezenarekin. Halaber, zinborrioaren alde bakoitzean bao bana dago. Presbiterioak ere ertz-ganga batek estaltzen du, eta absidea, esfera-laurden edo labe-ganga batek. Burualdera sarrera ematen duen garaipen-arkua ojiba-egitura du[14]. Barnealdeko dekorazioa, altzari liturgikoez eta imajinagintzaz gainera, kapiteletako erliebeek osatzen dute. Burualdean daude, absidean batez ere, eta Erromanikoan bereizgarria zen dekorazio begetala, zoologikoa eta ikonografikoa ikus dezakegu.

Altzari liturgikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gotiko hispano-flandestar korrontean ekoiztutako sagrarioa

Altzari liturgikoak eta eskultura erlijiosoak eskasak dira tenpluaren barnealdean. Hala ere, badaude nabarmentzeko batzuk. Esan dezakegu San Prudentzioren basilikaren altzari nagusia harrizko bataio-ponte erromanikoa dela, gurutzaduraren epistolaren aldean kokatuta, itxura soila aurkezten duena eta kopa karratua duena. Dekorazio bakarra koparen goialdeko arkutxo zizelkatuak eta oinarriko motibo begetalak eta gaizki kontserbatutako dragoi-irudikapenak dira. XII. mendearen erdialdean datatua dago.[15] Horrez gain, XVI. mendearen hasierako sagrarioa dugu, gotiko hispano-fladestarrean ekoiztua, askoz dekorazio oparoagoa aurkezten duena, gotiko berantiarreko egitura arkitektonikoekin (bereziki arku konopiala eta pinakuluak) eta, goialdean, Pietatea (Kristo hila Mariaren besoetan) irudikatzen duen eszena batekin[16].

San Prudentzioren basilikako bataio-ponte erromanikoa
Armentiako basilikako Mendekostearen eszena. XVI. mendea.

Egurrezko ekoizpenei dagokionez, hiru nabarmentzen ditugu eliza honetan. Lehena, iparraldeko horman zintzilikatuta dagoen eskultura-multzo bat, Mendekoste eszena irudikatzen duena: Ama Birjinaren inguruan, apostoluak ikusten ditugu, Espiritu Santua agertzen den une sakratuan. Eszena hau, goi-erliebean zizelkatua, erretaula batetik atera egin zen, eta XVI. mendearen bigarren zatikoa dugu, Alonso Berruguetek zabaldutako espresibismo delakoan ekoiztua, Pierre Picart eskultorearen estiloaren ildoan[17]. Konposizio dinamikoa du, mugimenduz beterikoa, oso espresiboa eta hein batean antinaturalista delarik, gorputzen kokapen bihurri eta forzatuak direla eta.

Arrosarioaren erretaula. XVII. mendea.
San Andresen erretaula Armentiako basilikan. XVII. mendea.
San Prudentzioren irudia elizako absidean

Gurutzaduraren ebangelioaren besoan, lehen aipatutako sagrario gotikoaren ondoan, XVII. mendeko erretaula bat dago, non aurreko mendeko Arrosarioaren Ama Birjina ikusten dugun titulartzat, eta San Migel barroko bat goialdean. Aurrez-aurre, bataio-pontearen kaperan, beste erretaula barroko bat dugu, non San Andres den irudi nagusia, eta bere inguruan lau pintura daude, taula gainekoak: goitik behera eta ezkerretik eskuinera, Santa Katalina, San Roke, Santa Ageda eta San Isidro daude irudikatuak[18]. Bi erretaulak urreztatuak daude, eta bigarrenaren kasuan, pinturetaz gain, bankua eta erlaitzaren azpiko zenefa motibo begetalekin dekoratua eta polikromatuak daude. Azkenik, absidean San Prudentzioren tailu bat dugu, baina nabarmengarria ez dena, ekoizpen modernokoa baita, eta interes artistiko gutxi du.

Armentiako basilika eta inguruetako larreak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Sobrón, Jesús. (2006). Obras ejecutadas en la basílica de San Prudencio de Armentia (1562-1982). Sancho el Sabio, 112 or..
  2. (Gaztelaniaz) Sobrón, Jesús. (2006). Obras ejecutadas en la basílica de San Prudencio de Armentia (1562-1982). Sancho el Sabio, 112 or..
  3. (Gaztelaniaz) de Azcárate, José María. (1984). Basílica de San Prudencio. Armentia. Arabako Foru Aldundia. Argitalpen Saila., 2 or..
  4. (Gaztelaniaz) Sobrón, Jesús. (2006). Obras ejecutadas en la basilica de San Prudencio de Armentia (1562-1982). Sancho el Sabio, 112 or..
  5. (Gaztelaniaz) Sobrón, Jesús. (2006). Obras ejecutadas en la basílica de San Prudencio de Armentia (1562-1982). Sancho el Sabio, 117 or..
  6. (Gaztelaniaz) Sobrón, Jesús. (2006). Obras ejecutadas en la basílica de San Prudencio de Armentia (1562-1982). Sancho el Sabio, 119-123 or..
  7. (Gaztelaniaz) Sobrón, Jesús. (2006). Obras ejecutadas en la basílica de San Prudencio de Armentia (1562-1982). Sancho el Sabio, 126-129 or..
  8. (Gaztelaniaz) Sobrón, Jesús. (2006). Obras ejecutadas en la basílica de San Prudencio de Armentia (1562-1982). Sancho el Sabio, 129-133 or..
  9. (Gaztelaniaz) Portilla, Micaela Josefa. (2001). Catálogo Monumental de la Diócesis de Vitoria. Caja de Ahorros Municipal Ciudad de Vitoria, 104 or..
  10. (Gaztelaniaz) de Azcárate, José María. (1984). Basílica de San Prudencio. Armentia.. Arabako Foru Aldundia. Argitalpen Saila., 21-24 or..
  11. (Gaztelaniaz) Micaela Josefa, Portilla. (2001). Catálogo Monumental Diócesis de Vitoria. Publicaciones del Obispado de Vitoria y de la Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal de Vitoria, 108 or..
  12. (Gaztelaniaz) de Azcárate, José María. (1984). Basílica de San Prudencio. Armentia. Arabako Foru Aldundia. Argitalpen Saila., 33 or..
  13. (Gaztelaniaz) Portilla, Micaela Josefa. (2001). Catálogo Monumental de la Diócesis de Vitoria. Caja de Ahorros Municipal Ciudad de Vitoria, 110 or..
  14. (Gaztelaniaz) de Azcárate, José María. (1984). Basílica de San Prudencio. Armentia.. Arabako Foru Aldundia. Argitalpen Saila., 7 or..
  15. (Gaztelaniaz) de Azcárate, José María. (1984). Basílica de San Prundecio. Armentia.. Arabako Foru Aldundia. Argitalpen Saila., 39 or..
  16. (Gaztelaniaz) de Azcárate, José María. (1984). Basílica de San Prudencio. Armentia.. Arabako Foru Aldundia. Argitalpen zerbitzua, 36 or..
  17. (Gaztelaniaz) de Azcárate, José María. (1984). Basílica de San Prudencio.Armentia.. Arabako Foru Aldundia. Argitalpen Saila., 41 or..
  18. (Gaztelaniaz) de Azcárate, José María. (1984). Basílica de San Prudencio. Armentia.. Arabako Foru Aldundia. Argitalpen Saila., 41 or..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • de Azcárate, J.M. (1984). Basílica de San Prudencio. Armentia. Arabako Foru Aldundia. Argitalpen Saila.
  • Portilla, M. J. et al (2001). Catálogo Monumental Diócesis de Vitoria. Publicaciones del Obispado de Vitoria y de la Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal de Vitoria.
  • Sobrón, J. (2006). Obras ejecutadas en la basílica de San Prudencio de Armentia (1562-1982). Sancho el Sabio, 24, 111-163. or

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]