Edukira joan

Arnaut Gilen Brocario

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arnaut Gilen Brocario

Bizitza
Jaiotzac.1460
HeriotzaAlcalá de Henares, 1523 (egutegi gregorianoa) (62/63 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jardueraktype designer (en) Itzuli, editorea eta inprimatzailea
Lantokia(k)Alcalá de Henares
Lan nabarmenak

Arnaut Gilen Brocario edo Brocarkoa (Biarno, c.1460 - Alcalá de Henares, Gaztelako Erresuma, 1523) Euskal Herriko lehen inprimatzailea izan zen, bere garaiko onena kontsideratua. Biarnesa jatorriz, Iruñean hamar urtetik gora eman zituen eta, 1501ean, Gaztelako Logroñora eta, geroago, 1509an, Alcalá de Henaresera lekualdatu zen.

Gaztelar erregeen babespean, inprimatzeko pribilegioak (editatzeko esklusibotasunak) eskuratu zituen, eta aliantza editorial emankor bat josi Antonio Nebrijarekin. Arrakasta handiz, inprimatzeko hainbat lantegi ireki zituen Gaztelan, eta, Cisneros kardinalaren eta Gaztelako koroaren babespean, Biblia Políglota Complutense lan nabarmena inprimatu zuen.

Maria Zozaia iruindarrarekin ezkondu, eta bion alaba Maria Miguel Egiarekin ezkondu zen. Izan ere, Egia lantegiko ikasle zuten Logroñon, eta biak ere Arnauten oinordeko bilakatu ziren ondasunetan zein inprimatzaile lanetan.

Ibilbide profesionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biarno eta Tolosako hastapenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zeharkako iturriek aditzera eman dute Tolosa Okzitanian hezi zela tipografo aritzeko.[1] Jose Antonio Arana Martijak baieztatu du Garonako hiribildu horretan Henrike Turner-ekin ikasi zuela, germaniar jatorrikoa.[2] Pauetik Euskal Herrira, zehazki Iruñera, berak ekarri zuen moldiztegia edo inprimatzeko makina, Gutenbergek hura perfekzionatu eta berrogei urte ingurura.[3]

Iruñeko aldia (1489-1501)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etorreraren testuingurua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Johanes Kethamen Epilogo en medicina y cirugia..., Iruñean argitaratua, 1495ean

Iruñera heltzea bat dator Nafarroako bakealdi baten hasierarekin: Katalina eta Joanes ezkondu ziren 1484ko ekainean, eta 1488an Valentziako Bakea sinatu zen Errege-erregina Katolikoekin. Proposatu izan da nafar monarka berriek, Biarnoko agintari burujabeak ere bazirenak, Brocarkoa beren sujeta deitu bide zutela. Dena den, inprimatzaile biarnesak lan liturgikoak atera zituen eta, beraz, Elizaren edo erakunde erlijiosoek babestu bide zuten.[1]

Lehendabiziko lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1489an, jada Iruñean zen bere lehen lan ezaguna inprimatzen, eta hurrengo urtean ikusi zuen argia: Manuale Pampilonense.[3] 1492ko azaroan, bigarren lana inprimatu zuen: Eztebe Masparrautharen Regulae liburuxka eman zuen argitara Iruñean,[4] latina ikasteko metodoa. Masparrautharen lanak, ordu arte ez bezala, azal bat du, eta ez testu soila: bertan, Notas idazkuna du, eta orri atzealdean, Gurutziltzaketaren grabatu bat, haren oinean dituela Andre Mariaren eta San Joanen irudiak.[5] Biarnesak Missale Pampilonense izan zuen Iruñeko bosgarren inprimatze lana, 1494 ingurukoa.[6][oh 1]

1495. urtean, Johanes Kethamen Epilogo en medicina y cirugia conveniente a la salud argitaratu zuen, gaztelaniaz, eta urtebete geroago, Castrovolen Morale commentum in politicam yconomicam lana, latinez (1496ko ekaina).[6] Inprimatze lan horietako lehendabizikoan, Brocarkoak bilakaera nabarmen bat erakutsi zuen azalean, hiru elementu desberdin agertzen baitira: kanpo orla bat, bertikal eta horizontala (goian-behean eta ezker-eskuin), landare dekorazioz jantzia, barnean dituela Kosme eta Damian santuak, gernu ontzi banarekin; grabatu horren azpialdean, berriz, izenburua.[7]

Musika inprentan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Missale Pampilonensis meza liburuko notazio gregoriarra (184. or.)

Brocarkoak moldiztegietan berria zen zailtasun tekniko bat landu zuen: musika notazioa. Liburu liturgikoen ekoizpenak berez zekarren musika sartzea, eta gauza segurua da Arnautek horixe egin zuela Missale Pampilonense meza liburuan (1494). Bertan, hogeita lau orrialdetan baliatu zuen notazioa, dela orrialde osoz, dela testuarekin txandakatuta.[7] Notazioan, artean ere teknika xilografiko primitibo bat baliatuz, nota karratu beltzak eta partitura marra gorri bakar bat erabiltzen zituen.

Beste meza liburu batzuk argitaratu zituen ia aldi berean, hala nola Missale Lucense (1495-1496). Horietan, ordea, orriak falta dira, eta ez dakigu musika notaziorik erabili ote zuen. Notazioari buruzko teknika areago biribildu zuen 1500. urtean bere lantegitik aterako beste obra batean: Missale Tirasoniense, otsailaren 13ko dataduna.[7] 1500eko Missale horretan, 1494koaren aldean, bilakaera handi bat sumatzen da notak adierazteko moduan: notazio tipografikoa du, notak karratuak eta erronbo formakoak dira, pentagrama du, eta marra gorriak.[7]

1500eko lan horretan, berrogei orrialdetan baliatzen da musika notazioa, testua tartekatuz eta, batzuetan, notazioak bi orrialde oso betez.[7] Musika adierazten zuten liburu liturgikoetan, Brocarkoa izan zen inprimatzaile oparoenetako bat 1520 arte, soilik Zaragozako Jorge Cociren atzetik.[7]

Azken lanak eta balorazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñeko azken lana Constitutiones sinodales diocesis Pampilonenses izan bide zuen, 1501eko abuztuan inprimatua.[8] Iruñeko aldian, bertako lantegitik ez ziren soilik atera Nafarroarako lanak, eta adierazgarria da lan erlijiosoen pisua: sinodo konstituzioak (Calahorrakoa, Santo Domingo de la Calzadakoa, Iruñekoa, Zaragozakoa eta Akizekoa), induljentzia buldak (Santi Espiritu Erromakorako, Iruñeko katedralerako eta Burgo de Osmarako), eta lan liturgikoak.[7]

Nabarmentzekoa da ere aztarnarik ez dagoela monarkiari lotutako idazkiez, ezta administrazio testuez ere.[7] Azurmendiren arabera, Brocarkoak 24 idazlan inprimatu zituen Iruñeko egonaldian;[9] De los Reyes Gómezek, berriz, 27 zenbatu ditu bere lan monografikoan (2025).[7] Brocarkoak kalitate tipografiko handiko inkunableak egin zituen (1500. urte arte inprimatutako lanak).[9] Horrek, inprimatutako testu liturgikoen konplexutasunarekin batera, haren itzala handitu besterik ez zuen egin, jada Logroñon Cisneros kardinalaren arreta deitu zuena.[7]

Logroñoko aldia (1501-1517)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aelij Antonij Nebrissensis Gramatici, Logroñon inprimatua (1504)

1501ean, betiko utzi zuen Nafarroako Erresuma: Arnaut Gilen Brocario (edo Brocarkoa) politikoki eta militarki puzten ari zen Gaztelara lekualdatu zen, Logroñora. Cisneros kardinalak deituta, Alcalára joango zen geroago.[3] Izan ere, Nafarroak desegonkortasuna bizi zuen Frantziako Luis XII.ak eta Aragoiko Fernando II.ak estututa, Brocarkoak mandatu gehiago bilatzen bide zituen, eta Gaztelak inprimatze pribilegioak eskaintzen zituen.[8]

Antonio Nebrijaren itzalak ere eragina izan bide zuen. Izan ere, 1503ko urrian, autore horren lehen lana inprimatu zuen: Ars literaria; autore beraren hurrengo idazlana Introducitorium latinarum ultima recognitio izan zen (1505).[8] Elkar ezagutu ondotik, aliantza komertzial sendoa josi zuen Nebrijarekin 1507 aldera (Medina del Campon), hil arte jarraitu zuena.[10]

Nolanahi ere, Logroñon, Iruñean bezala, batez ere idazlan erlijiosoak eta liturgikoak (kristauak) inprimatu zituen. Ebroko hiribildu horretakoa aldi oparoa izan zuen, denetara 80 idazlanetik gora inprimatuz, eta bertan aritu zen edizio lanean 1517 arte.[8] Hala ere, Alcalára joan zenetik (1509), asko gutxitu zuen lan inprimatuen produkzioa.[10]

Ezohiko lan eredu bati lotu zitzaion. Izan ere, ez zen inprimatzaile ibiltaria, baina hainbat lantegi izan zituen zabalik aldi berean Penintsulan, hiruzpalau, inprimatze pribilegioak eskuratu baitzituen, baita mota desberdineko lanak ere. 1513 ostean, asko jaitsi zuen Logroñoko produkzioa, inprimatze lan nabarmenena izanik Cronica del rey Don Juan II, Brocarkoaren lan onenetakoa kontsideratua. Karlos V.a erregearen aginduz inprimatu zuen («por mandado del Catholico rey dõ Carlos su visnieto»). Hainbat etxe erosi ahal izan zituen, alaba Mariak oinordetzan jasoak.[8]

Alcalá de Henaresko aldia (1509-1523)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Negozioa zabaltzen, Cisnerosen hegalpean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1509tik, Brocarkoa Alcalán zebilen inprimatze lanetan, Logroñoko tailerra utzi ez bazuen ere. Dena den, egoitza Alcalá de Henaresen hartu zuen,[11] eta negozioei ekin zien Gaztelako beste hiri batzuetan, hala nola Valladolid, Toledo eta Burgos.[12] Bere burua, hala ere, Logroñoko auzotartzat aurkezten zuen.[11] 1509tik, induljentzia buldak inprimatzeko monopolioa eskuratu zuen. Orduz gero, Brocarkoak 110 edizio baino gehiago egin zituen hil zen arte, horietatik 34 Nebrijaren idazlanak.[13]

Cisnerosek bere hegalpean hartu zuen Arnaut, eta bere armarria agertzen zen irudikatua haren inprimatze lanetako azaletan, gehienetan idazlan erlijiosoetan. Lehen aldiz, Santa Catalina de Siena lanean agertu zen Cisnerosen armarria. 1517tik 1519ra, Arnautek Ramon Llullen idazlanak ere inprimatu zituen, Cisneros filosofia llulltarraren zalea baitzen. Garai honetan, Erasmo Rotterdamgoari lotuta, obra bakarra atera zuen bere moldiztegietatik: Diego Lopez de Zuñigaren Annotationes contra Erasmum Roterodamun in defensionem tralationis Novi Testamenti, 1520koa.[10]

Testu erlijiosoak eta beste gai batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan espiritualez gain, Toledoko elizbarrutirako hainbat liburu liturgiko inprimatu zituen, Cisneros kardinalaren agindupean eta, haiek bezala, kantu liburuak, musika biltzen zutenak, hala nola Psalterium eta Intonarium (biak ere 1515ekoak), besteak beste.[10] Alcalán, Brocarkoak unibertsitatea izan zuen merkatuetako bat, hala erakundea bera nola irakasleak, esaterako Pedro Ciruelo. Izan ere, haren hainbat idazlan inprimatu zituen: Cursus quattuor mathematicarum (1516), De laudibus Cardinalis Ximenez de Cisneros (1517), Prima pars logices eta Hexameron theologal sobre el regimiento medicinal contra la pestilencia (1519) eta abar.[10]

Inprimatze lanetan, jorratu zuen beste gaietako bat medikuntza izan zen: Pedanio Dioskoridesen De medicinalis materia, 1518ko otsailaren 2koa (Jean Ruelleren lanetik latinera itzulia), eta Remedios contra la pestilencia (1515-1520 ingurukoa), izurriak jotako gaixoentzako sendabide batzuk eskaintzen dituena, orri bakarrekoa. Pedro de Cartagenaren Sermon en medicina... lanak hamabost orri zituen eta, Arnautek inprimatuagatik, Sigüenzan inprimatu zen, Guadalajaran. Literatur lan gutxi inprimatu zituen, haietako batzuk literatura latinoko klasikoak, hala nola Plauto eta bere Amphytrion eta Comoedia decem (1517 eta 1517-1518, hurrenez hurren), Zizeron, Seneka, eta Pertsio Flaco.[13]

Testu administratiboak are gutxiago atera zituen, hala nola Regla de la Orden de Caballería de Santiago (1511-1515). Gainera, bere inprimategietatik atera ziren Gaztelako Komunitateen Gerrako bi agiri historiko garrantzitsu, baita Karlos V.ak 1522ko urriaren 28an eman zuen barkamen orokorra, Valladoliden azaroaren 1ean aldarrikatua eta zabaldua, hiri, hiribildu, toki eta, oro har, inplikatuei zuzendua. Dena den, Biblia Políglota Complutense inprimatua izan zuen bere lana gorena.[13]


Alcalá de Henarésko lan batzuen laginak

Brocarkoaren maisu lana: Biblia Poliglota Complutense

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat adituren lankidetzaz, haietako asko Unibertsitate Konplutentsekoak, 1503an hasi ziren Biblia hori egiteko lanetan. Lau hizkuntzatan egin zen, lehendabiziko Biblia eleaniztuna izanik: arameoz, hebreeraz, grezieraz eta latinez. Horretarako, Brocarkoak karaktere bereziak diseinatu behar izan zituen alfabeto horietarako. Inprimatze lanak 1513an hasi ziren, eta ez zen berehala bukatu. Izan ere, folio formatuko sei liburuki zituen. Cisnerosen urte horietako jarduera politikoak eragotzi bide zuen Biblia editatzen goizago bukatu ahal izatea.[13]

Azken liburukia 1517eko uztailean atera zen, eta Brocarkoaren lantegietako hainbat idazlanetan bezala, kardinalaren armarria zeraman, azalean bertan. Gutxienez 600 ale atera ziren paperez, eta gutxi batzuk behi-larru onduz. Engoitik, Brocarkoari ate guztiak ireki zitzaizkion edizioaren munduan, eta azken urteetan Maiestate Inperialaren inprimatzaile titulua esleitu zitzaion. Izan ere, Cisneros loriatuta gelditu omen zen obra amaituta ikusi zuenean:[13]

« A la verdad, aunque hasta el presente he llevado a cabo muchas empresas duras y dificiles por la Nacion, nada es tan de mi agrado, por lo que debáis felicitarme con mas efusion, que por esta edicion de la Biblia (...) »

Bulden inprimatzaile Toledon eta Valladoliden

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1483an, Sixto IV.a aita santuak gurutzada buldak predikatu eta argitaratzeko pribilegioa onartu zien espainiar Errege-erregina Katolikoei, Granadako Gerrarako, hura gurutzada bat zela aldarrikatu ondotik. Bulda horien ekoizpena hobe kontrolatzeko, bi monasteriori soilik esleitu zitzaien buldak argitaratzeko aukera: Toledoko San Pedro Martir eta eta Valladolideko Nuestra Señora de Prado. Fernandok, noiz ez dakigula, monasterio horietan inprimatzeko pribilegioa eman zion Brocarkoari. Hain masiboak zirenez, buldak dirusarrera handien iturri ziren.[13] Berak ere buldei esker egin zuen fortunaren zati bat.[8]

Valladoliden inprimatzaile

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1515eko otsaileko gutun batean gorde denez, Arnauti agindu zitzaion Pradon bizien 500.000 bulda inprimatzeko, eta hilen 300.000. Urte horretan, bi bulda edizio atera ziren leku horretatik, horietako bat izanik: Plenissima indulgencia... a los que fueren o ayuderen para la guerra de Africa. Bertan, Zegamako Sandratiko ospitalerako buldak ere inprimatu ziren (Hospital de San Adrian del Puerto Asperrimo). Brocarkoa 1515etik 1518ra aritu zen lanean Valladolideko Pradon.[13]

Toledon inprimatzaile

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Valladoliden baino hobeto gorde da atera zituen edizioen berri. 1517an inprimatu zuen lehendabiziko bulda, eta hala egiten jarraitu zuen 1523 arte, hil zeneko urtea. Hiri berean, buldez gain, lehen obra inprimatua hauxe izan zen (1518): Arcipreste de Talavera que fabla de los vicios de las malas mugeres e complisiones de los hombres (1518ko uztailaren 26an).

Urte berean, bi bulda argitaratu zituen Toledon, bata gaztelaniaz eta bestea katalanez. Bere izena esplizituki daraman azken lana izan zen Historia de la bendita Magdalena, 1521eko ekainaren 6koa. Guztira, bederatzi idazlan inprimatu zituen Toledon, ez soilik erlijioari lotuak, baita literaturaz, musikaz eta laborantzaz, besteak beste. Azken urteetan, Miguel Egiaren laguntzaz aritu zen lanean.[13]

Brocarkoa 1523aren hondarrean hil zen, non argi ez dagoela. Juan semearen arabera, San Bartolomé de Lupianan lurperatu zuten, Gaztelako Guadalajaran. Gaztelako eta Nafarroako pribilejioen herena (Nebrijaren argitalpenak eta induljentzia buldak) alaba Mariari gelditu zitzaion oinordetzan, Miguel Egiarekin ezkondua eta ordurako Alcalán finkatua, baita 2.000 dukat ere dotean eta hiru moldiztegi, bere letrak eta guzti. Horri esker, irabazi oparoak izan zituzten. Brocarkoaren testamentuan, senar-emazte horiek izan ziren onuradun nagusiak; hala ere, benetan Miguel aritzen zen negozioan, baita haien seme Pedro eta Juan ere.[13]

Iruñean zela, Brocarkoa Maria Zozaia iruindarrarekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten. Haietako bat, Pedro, gazte hil zen; Juan Francisca de Angulorekin ezkondu zen.[1] Maria alaba Miguel Egia lizarratarrar beaumontarrarekin ezkondu zen. Izan ere, Brocarkoak ikasletzat hartu zuen Egia Logroñoko lantegian, eta 1518an ospatu zuten ezkontza Mariarekin.[13]

  1. De los Reyes Gómezen datua (2025). Javier Itúrbide Díazek, berriz, 1501 ingurukotzat jo zuen (2019ko abendua); ikus Nafarroako Unibertsitatean

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 De los Reyes Gomez 2025, 13-38 or. .
  2. Arana Martija 1994-07-12, 37–53 or. .
  3. 1 2 3 Lopez de Luzuriaga Martinez 2022, 81-97 or. .
  4. De los Reyes Gomez 2025, 143-236 or. .
  5. De los Reyes Gomez 2025, 95-142 or. .
  6. 1 2 De los Reyes Gómez 2025, 143-236 or. .
  7. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 De los Reyes Gómez 2025, 95-142 or. .
  8. 1 2 3 4 5 6 De los Reyes Gómez 2025, 13-38 or. .
  9. 1 2 Azurmendi 2020, 53 or. .
  10. 1 2 3 4 5 De los Reyes Gómez 2025, 39-94 or. .
  11. 1 2 (Gaztelaniaz) Proyectos, HI Iberia Ingeniería y. «Real Academia de la Historia | Historia Hispánica» historia-hispanica.rah.es (kontsulta data: 2026-02-08).
  12. (Gaztelaniaz) «Diciembre 2019. Pieza del mes. Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (kontsulta data: 2026-02-08).
  13. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 De los Reyes Gomez 2025, 39-94 or. .

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]