8-13 urtekoentzako bertsioa ikusteko, klikatu hemen.

Aro Modernoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Mendebaldeko Historia
Historiaurrea
Antzinako Erroma Erromatar Monarkia
Erromatar Errepublika
Erromatar Inperioa
Erdi Aroa Goi Erdi Aroa
Erdi Aro Klasikoa
Behe Erdi Aroa
Aro Modernoa XVI. mendea
XVII. mendea
XVIII. mendea
Aro Garaikidea XIX. mendea
XX. mendea
XXI. mendea

Aro Modernoa edo Aro Berria Historian XV. mendearen bukaeran hasi eta Frantziako Iraultza arte luzatu zen garaiari deritzo, Mendebaldeko historiaren hirugarrena, Erdi Aroa eta Aro Garaikidearen artean.

Hasiera Pizkundea garaiak markatzen du, zientziak, artea, literatura eta arkitektura irauliko zituenak eta Erdi Aroari amaiera emango zionak. Ikuspegi honetatik, Aro Modernoan modernotasunaren balioak (progresoa, komunikazioa eta arrazoia) nagusitzen dira, aurreko aroaren balioen aldean. Halaber, Aro Modernoan bi munduren batuketa, Ameriketena eta Mundu Zaharrarena (Europa, Asia eta Afrika), 20.000 urtetan bereizita egon ondoren.

Hasiera eta amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialdearen eta eskolaren arabera, Aro Modernoaren hasiera data desberdinetan kokatzen da, baina guztiak XV. mendearen bukaeratik XVI. mendearen hasierara doaz: 1453 (Konstantinoplaren erorialdia), 1453 (Ehun Urteko Gerraren amaiera), 1455 (inprentaren asmakizunaren ustezko data), 1492 (Kristobal Kolon Amerikara iristean), 1512 (Nafarroako konkista) eta 1517 (Martin Lutherren erreformaren hasiera), besteak beste. Salbuespena Italiako historiografia izango litzateke, XV. mende osoa Pizkundearen barruan kokatzen baitu.

Bukaerari dagokionez, zalantza gutxiago daude. Oro har, Frantziako Iraultzak markatzen du aro honen amaiera eta hurrengoaren hasiera. Izan ere, hala orduko gertakariak zirela eta, nola batera Ingalaterran suertatzen zen Industria Iraultza zela eta, XIX. mendea oso bestelakoa da politikagintzan, ekonomian eta giza erlazioetan.

Aro Modernoa, aro berria?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pizkundeko hainbat pentsalarik euren burua eta Erdi Aroko gizakiak oso bestelakoak zirela uste bazuten ere, gaur egun zenbait adituren esanetan gauzak ez dira hain argiak, Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren artean desberdintasunak eta berdintasunak ere bai baitaude.

Politika arloan, Aro Modernoko Antzinako Erregimenaren sistema eta Erdi Aroko sistema feudala oso antzekoak dira. Erregea da botere nagusia Europa osoan. Hala ere, Aro Modernoak aurrera egin ahala erregeek gero eta botere handiagoa biltzen dute bere baitan (absolutismoa), eta estatu modernoak finkatzen dira emeki-emeki.

Gizartearen eraketak ere antz handia du Erdi Arokoarekin. Jendarteak estamentutan zeuden banatuta: noblezia, apaizteria eta laborariak (gainerakoak), Erdi Aroan sortutako eredu beraren arabera, hain zuzen. Edonola ere, laborarien hirugarren estamentu hori, handiena eta hortaz konplexuena izanik, are ñabarrago bilakatu zen burgesia garatu zen neurrian. Oraindik ere zaila zen nobleziaren estamentura igarotzea, baina burges ikasiek erregeentzat administrazioan lan egin zezaketen, oso postu gorenetan gainera, eta maiz ezkontza edo sal-erosketaren bitartez noble bihur zitezkeen.

Teknika berri batzuek ere haustura markatu zuten Erdi Aroarekiko. Artilleriak gerragintza ez ezik, estatuen arteko nagusitasun eta mendekotasun harremanak ere eraldatu zituen. Inprentarekin ezagutzaren hedapena goitik behera aldatu zen, ideiak azkar eta luze zabaltzeko modua eman baitzuen, Erreforma Protestantearekin ikusi zen bezala. Ameriketatik ekarritako zenbait jakik (patatak, txokolateak edo artoak, besteak beste) europarren elikadura aldatu zuten, eta goseteak murriztu zituzten, batik bat Aro Modernoaren amaiera aldera.

Aldaketa geldoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Populazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako hiri nagusiak Aro Modernoan [1]
1500 1600 1700 1800
Londres 40 200 575 865
Dublin <1 5 60 168
Amsterdam 14 65 200 217
Viena 20 50 114 231
Berlin 12 25 55 150
Hamburgo 14 40 70 100
Kopenhage - - 70 101
Paris 100 220 510 581
Lyon 50 40 97 100
Napoli 150 281 216 427
Milan 100 120 124 135
Venezia 100 139 138 138
Erroma 55 105 138 163
Palermo 55 105 100 139
Madril <1 49 110 167
Bartzelona 29 43 43 115
Lisboa 30 100 165 180

Antzinako Erregimenean, Europako gizarteen hilkortasuna altua zen oso. Izan ere, teknikaren aldetik oso garatua ez zegoen nekazaritzak osatzen zuen ekonomiaren oinarria. Klimaren gorabeherak eta garraio egitura kaskarrak zirela eta, nekazaritzak ezin zituen askotan biztanleriaren elikadura beharrak asebete. Umeen hilkortasun tasak dira nabarmentzekoak, hain dira eta altuak, umeen lehenengo urteetan batik bat. Hala ere, Antzinako Erregimenaren demografiaren ezaugarri behinena bat-bateko populazio krisialdia da: hilabete batzuetan hildakoen kopuruak gora egiten zuen izugarri. Horren ondorioz, halaber, migrazioak areagotzen ziren eta ezkontzen zein jaiotzen kopurua murrizten zen.

Gerrak, goseteak eta izurriteak beldurgarriak ziren. Gerrek ere hildakoen kopurua igotzen zuten, batetik borrokan hiltzen zirenengatik noski, eta, bestetik, armadak nora joan eta han, ekonomia hankaz gora jartzen zuten eta gaixotasunak kutsatzen zituzten. Ogia oinarrizko janaria izanda (patatak eta gisa horretako elikagai berriagoak zabaldu arte denbora luzea igaro zen), eguraldi txarreko bolada batek ondorio lazgarriak ekar zitzatekeen. Baliteke gosete gogorrena Finlandian 1696-1697 bitartean gertatzea. Populazioa ahulduta egoteak eta higiene ezak gaixotasunak ugaritzen zituzten.

Jaiotzak ere ugariak ziren, baina horretan ezkontzeko adinak eragin handia zeukan: zenbat eta zaharrago ezkondu orduan eta seme-alaba gutxiago eduki. Ingalaterran, esaterako, populazio-presio txikia zegoen jendea bataz beste berandu ezkontzen zelako.

Ingalaterratik ipar Italiara doan eremua populatuena zen Europan. Jendea batik bat herrietan bizi zen. Baina epe honen hasieratik bukaeraraino (1500-1800) handitzen da 10.000 biztanle edo gehiagoko lekuetan bizi zen jende kopurua, baita halako tokien kopurua ere (154 1500ean eta 364 1800ean, Europan). Horrela, Aro Modernoan Europako populazioa hazi egin zen, baina motel samar (67 milioi 1500ean eta 146 milioi 1800ean). XVI. mendean populazioak gora egin zuen, Behe Erdi Aroko izugarrizko beherakadaren ondoren. XVII. mendean hazkundea eten zen, eta hainbat tokitan, Alemanian eta Mediterraneo aldean, galdu egin zen populazioa. XVIII. mendean berriz ugaldu zen jende kopurua, modu nabarmenagoan. Hortik aurrera, ezein ezbeharrek ez zuen berriz hazkunde hori etengo[2].

Gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hierarkia irizpide irmoek osatzen zuten Antzinako Erregimenaren egitura. Goian, mota askotako pribilegioak zeuzkatenak zeuden. Lurraldeen arabera gehiago edo gutxiago izan bazitezkeen ere, noblezia ez zen inoiz populazioaren %5etik igo. Biztanle gehienak plebeioen estamentukoak ziren, nahiz eta, haien artean ere, ekonomia eta gizarte arloetan alde handiak zeuden.

Erdi Aroko gizarte feudaletik zetorren gizarte mota hau, eta Frantziako Iraultzarekin hasi zen amaitzen. Izan ere, ez zen berehalakoan desagertu: aitzitik, giza egitura honen nagusitasuna hurrengo ehun urteetan desagertuz joan zen emeki-emeki (hainbat adituk proposatzen dute Lehen Mundu Gerrara arte iraun zuela).

Noblezia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estamentuen gizartean, estamentu nagusia zen hau. Pribilegioduna, gainerako gizarte multzoentzat eredua ezartzen zuen. Jatorrian, gerlarien eta lur jabe pribilegiodunen taldea izan zen, besteen defendatzailea. Aro Modernoan, halere, nobleziaren alderdi militarra apaldu egin zen.

Euren lurra lantzen zutenak menpeko zeuzkaten. Morroi haientzat, hurbileneko administrazioa, justizia eta ogasun arloetan batik bat, ez zen erregearena, nobleena baizik. Eginkizun publiko horien truke zergak kobratzen zizkieten nobleek. Horretaz gain, lurgabeek haien soroak lantzeagatik jasotzen zuten errenta. Europako ekialdean nobleak baino ezin ziren lurraren jabe izan.

Dena den, desberdintasun handiak zeuden nobleen artean, paperaren gainean guztiak kalitate berekoak baziren ere. Goi nobleziakoak, duke, markes, konde edo baroi titulua zeramatenak ziren. Behe nobleziaren barruan kategoria franko zeuden: zalduna, ezkutaria, infantzoia...

Teorian, leinuaren barruko jaraunspenaren bidez baizik ez zen lortzerik noblezia. Errealitatean, etengabe sartzen ziren odol berriko kideak eta familiak, laborari edo hiritar aberatsengandik ateratakoak. Erregeak, jakina, noblezia titulua eman zezakeen, baina ohikoagoa zen ohitura zela-eta noble bilakatzea, nobleen bizimodua izanez gero aintzakotzat hartzen baitzuen jendarteak.

Mota frankotako pribilegioak zeuzkaten. Batzuk ohorezkoak baino ez ziren: zeremonietako hurrenkeran lehenengo lekuetan agertzea (oso preziatua zen lehentasun bat), esaterako. Kargu publikoetan aritzeko ere, nobleek lehentasuna zeukaten. Ez zuten petxarik ordaintzen, laborariek ordaindu beharreko zerga, baina egia da denborak aurrera egin ahala beste zerga batzuk ordaintzen zituztela. Justizian beste modu batean epaitzen eta zigortzen zituzten, erdeinurik ekartzen ez zien moduan hain zuzen ere (hiltzekotan, burua moztuta eta ez zintzilikatuta, konparazio baterako).

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Merkantilismo»

Merkantilismoa izan zen pentsamolde ekonomikoaren eskola nagusia garai honetan. Bere helburu nagusia da diru erreserbak biltzea merkataritza-balantza positiboaren bidez.

Horrek ekarri zuen gobernuek lehendabiziko urratsak ematea ekonomian esku hartzeko eta kontrola ezartzeko. Gainera, garai honetan, kapitalismo modernoaren zati handi bat eratu zen. Nazioartean, merkantilismoak gerra asko bultzatu zituen Europako estatuen artean, Europan bertan zein kanpoan, nork bere interes inperialistak aldeztu nahian. Merkantilismoaren gaineko sinesmenak XVIII. mendearen bukaeran hasi ziren galtzen, Adam Smithen eta beste ekonomista batzuen argudioak nagusitu ahala.

Merkantilismoaren aplikazioaren adibiderik aipagarrinetakoa Jean-Baptiste Colbert da, Frantziako Louis XIV.aren finantza ministroa (1665-1683). Haren agindupean ezarri zen Estatuak ekonomian diplomazian bezala manatu behar zuela erresuman, eta erregearen interesak, Estatuarenak izanik, beste inorenaren gainetik zeudela. Horren guztiaren xedea zen, ekonomiaren bidez, Estatua indartzea eta etsaiak ahultzea, gero eta pisu handiagoa zuen gerragintzari aurre egiteko.

Zientzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Newtonen teleskopioaren erreplika.

Aro Modernoan munduari begiratzeko modu berri bat sortu zen. Honela, Erdi Aroko jakintza, autoritatean oinarrituta eta "magister dixit" (maisuak esana) edo "Roma locuta, causa finita" (Erromak hitz eginda, kontua bukatua) gisako esapideetan adierazita, errotik aldatu zen.

Enpirismoa jaio zen, beraz, nahiz eta Ilustraziora arte erlijioarekin edo espiritualitaterekin lotuta egon (Giordano Bruno edo Miguel Serveten kasuetan, esaterako, erlijio eta zientzia ez ziren bereizi). Halaber, Johannes Kepler edo John Dee, zientzialariak izateaz gain, astrologoak ere baziren, edo Isaac Newtonek (isilean) alkimian jarduten zuen.

Esplorazioen Aroak jende berriarekiko harremanak ahalbidetu zituen. XVII. mendetik aurrera, esplorazio zientifikoak ugaldu ziren: Willem von Piso, Georg Marcgraf, James Cook, Jean-François de La Pérouse, Alessandro Malaspina, Alexander von Humboldt...

Funtsezko bi lan 1543an argitaratu ziren: Nikolas Kopernikok heliozentrismoa proposatu zuen, eta Andries van Weselek Galenoren anatomia berrikusi zuen. Astronomian eta fisikan Tycho Brahe, Galileo Galilei eta Johannes Keplerren ekarpenak garrantzitsuak izan ziren, eta beste horrenbeste medikuntzan Miguel Servet, William Harvey eta Marcello Malpighi-ri esker. Italiako matematikari andanak, hala nola Bonaventura Cavalieri, tresna egokiak prestatu zituen geroago Isaac Newtonek 1687an filosofia naturalaren printzipioak argitara zitzan.

Zientzia modernoa garatzeko premiazkoak izan ziren komunikazioak (Newtonek Gottfried Leibnizekin izan zuena, adibidez), argitalpenak eta instituzionalizazioa (Royal Academy, Académie des sciences).

XVIII. mendean beste diziplinetan, kimikan edo biologian, aurrerapauso itzelak eman ziren. Antoine Lavoisier-ek nomenklatura sistematikoa garatu zuen. Georges Louis Leclerc-ek eta Carl von Linné-ek taxonomia ezarri zuten. Aldi berean teknika garatu zen, hasieran zientzaren makulu gisa (teleskopioa eta termometroa Galileo Galileirekin, barometroa Evangelista Torricelli-rekin, edo mikroskopioa Anton van Leeuwenhoek-ekin), eta gero lehen Industria Iraultzaren barruan (lurrun makina, Thomas Newcomen-ena 1705ean edo James Watt-ena, 1774). Baina azken hauek eraikitzerakoan, zientziak ez zeukan zerikusi handirik horretan, aitzitik, makina berriek zekarten erronka intelektualak sortu zuen zientziaren garapena eta ez alderantziz (horretarako Bigarren Industria Iraultzak heldu behar zuen).

Merkataritza kapitalismoa garatzerakoan, ekonomiaren gaineko lehenengo literatura agertu zen (Tomás de Mercado, Sancho de Moncada). Dotrina zientifikoagoa izateko, François Quesnay-ren fisiokraziak heldu behar izan zuen. Azkenik Adam Smith eskoziarrak ekonomiari zientzia zigilua eman zion 1776an Nazioen aberastasuna liburuarekin.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ehiztariak elur gainean, Pieter Bruegel Zaharra, 1565.
Sakontzeko, irakurri: «Izotz Aro Txikia»

Europan eta Ipar Amerikan, neguak hotzagoak izan ziren garai honetan. Britainia Handian eta Herbeheretan, esaterako, ibaiak izozten ziren negu haietan, gainean patinatzeko jaialdiak ospatzeko moduan (Tamesisen gaineko lehena 1607an izan zen, eta azkena, berriz, 1814an).

Hubert Lamb-ek dioenez, orduko elurteak lehengoak edo ondokoak baino handiagoak ziren, eta denbora gehiago irauten zuen lurrak zurituta. Lisboan, konparazio baterako, elur ekaitzak orain baino ohikoagoak ziren, XVII. mendean zortzi izan baitzitezkeen negu bakoitzerako. Nekazaritza egokitu behar izan zen, hazteko garaia laburragoa baitzen. Izan ere, mahastizaintza desagertu zen iparraldeko toki batzuetan. Gisa horretan, goseteak ohikoak izan ziren: Frantzian, 1693-94an; Norvegian, 1695-96an; eta Suedian, 1696-97an, populazioaren %10 inguru hil zen. Estonian eta Finlandian, 1696-97an, populazioaren heren batetik bosten batera hil zen.

William James Burrough-ek aztertu du nola islatzen den negua margolaritzan, eta, haren esanetan, gehien-gehienak 1565etik 1665era bitartekoak dira. Haren hipotesiaren arabera, 1565eko negua hotza izanik ohiz kanpo, artistek inspiraziotzat hartu zuten, baina denborak aurrera egin ahala gaia guztiz esploratuta eta negu epelagoak izanda, negua desagertu zen margolanetatik.

XVI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esplorazioen aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Esplorazioen Aroa»

XIII. eta XV. mendeetan, Europak sal-erosketak eskala txikian burutzen zituen, batez ere Mediterraneoan zehar. Arabiarren bitartez Indiaraino eta Txinaraino iristen ziren ibilbide komertzialak. XV. mendean portugaldarrak, Henrike Nabigatzailearen Sagresko eskolatik, merkatari arabiarren papera bereganatzen saiatu ziren. Afrika inguratuta bitartekorik gabe Indiarekin sal-erosketetan aritzea zen haien asmoa. 1487an Bartolomeu Dias Itxaropen Oneko lurmuturreraino iritsi zen eta, azkenik, Vasco da Gama 1497an Indiara.

Klaudio Ptolomeo geografo greziarraren ideiei atxikita, beste bidaiari batek, Kristobal Kolonek, mendebaldera joanez Indiara iristeko asmoa erakutsi zuen. Gaztelako laguntza jasota, 1492an Amerikaraino iritsi zen, kontinente berri bat topatuz europarrentzat, nahiz eta honetaz hainbat urte igaro arte ez ziren ohartu. 1513an Vasco Núñez de Balboa Panamako istmoa zeharkatuta Ozeano Barera heldu zen. 1520 eta 1522 bitartean Fernão Magalhãesek eta Juan Sebastian Elkanok mundu osoari buelta eman zioten, beti ere mendebalderantz joanez. Honela mundua borobila zela frogaturik geratu zen.

Aurkitutako lurren okupazioari zilegitasuna emateko, Portugalgo eta Gaztelako erresumek Elizaren epaiketara jo zuten. Hara, Tordesillasko ituna sinatu zuten 1494an. Honen bitartez, Gaztelak 46. meridianoz haratagoko lurrak bereganatu zituen eta Portugalek handik honakoak. Haien atzetik, Frantzia, Ingalaterra eta Herbehereak ere ibili ziren munduaren prozesu kolonialean, eta XVII. mendean, Iberiar Penintsulako erresumak ordeztu zituzten munduko botere gisa.

Pizkundea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Pizkundea»

Pizkundea izeneko mugimendu kulturala Italian sortu zen Erdi Aroaren amaieran, eta XV. eta XVI. mendeetan Europa osoan zehar zabaldu zen. Mugimenduaren ardatza iturri klasikoak, erromatarrak eta greziarrak, izan ziren. Izan ere, Pizkundeko gizakiek euren burua Antzinatearekin lotzen zuten, haien ustez Erdi Aro erdeinagarriaren gainetik.

Artean aurrerapauso nabarmenak izan ziren, batik bat arkitekturan, margolaritzan eta eskulturan. Lehenengo arloan, K. o. I. mendeko Vitrubio arkitektoaren izkribuak berreskuratu ziren, eta haiek ikasita, Filippo Brunelleschik Fiorenzako basilikaren kupula eraiki zuen, Antzinako arkitektura eredu izango zuen aro berri bati hasiera emanik. Pizkundeko arkitekturaren gailurra Erromako San Petriren basilika izan zen, non, besteak beste, Bramantek, Michelangelok edo Rafaelek hartu zuten parte.

Margolaritzan perspektiba linearra sortu zen, zeinek margoei berebiziko errealismoa eman zien, aurreko lanen aurrean. Italiako pinturan Sandro Botticelli, Donatello, Rafael eta Tiziano nabarmendu ziren, eta Herbehereetan, bestalde, Hugo van der Goes, Jan van Eyck eta Pieter Brueghel. Hainbat artista, Leonardo da Vinci eta Michelangelo, berriz, arte mota gehienetan nabarmendu ziren, guztietan benetako maisuak bihurtuta.

Artearekin batera, pentsaera ere berritu zen, humanismoa sortuz. Erdi Aroko eskolastikak egileen arteko kontraesanak konpontzea zeukan ikasbide; humanistek, ordea, Antzinateko jatorrizko testuak ikasten zituzten, eta arrazoibide zein froga enpirikoen bitartez goraipatzen zituzten. Makiavelo, Erasmo, Martin Luther eta Thomas More gisako pentsalariek antzinako filosofoak berreskuratu zituzten, batzuetan kritikatzeko ere. Honela, fenomeno naturalak azaltzeko ahaleginek bestelako norabidea hartu zuten, froga enpirikoetan oinarrituta, eta honek gaur egun ezagutzen dugun zientzia sortu zuen. Honela, Kopernikok eta Galileo Galileik berebiziko aurrerapausoak eman zituzten astronomian, baina fisikan, biologian edo anatomian ere aurrerapenak nabarmenak izan ziren.

Erreforma Protestantea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Erreforma Protestantea»
Martin Lutherren kontrako bulda (1520).

Erdi Aroko Mendebaldeko Kristautasun batua Erreforma Protestantek hautsi zuen. Erromatar Eliza Katolikoaren krisiaren aurrean (barkamenen sal-erosketa, diziplina biguna...) kritikak ugaritu ziren Europa osoan, Erasmo Rotterdamgoak egin zuen bezala. Baina Alemanian Martin Luther fraide agustindarrak (1483-1546) Erromarekiko harremana haustearen alde egin zuen. Izan ere, 1517an Aita Santuaren eta oro har Eliza Katolikoaren autoritatearen aurkako kanpaina jarri zuen abian. Leon X.a aita santuak eskumikatutakoan (1520) Martin Luther hainbat noble alemaniarrek babestu zuten. Haien babespean, Lutherrek dotrina berria eraikitzen segi ahal izan zuen hil arte.

Dotrina honek hiru ardatz zituen: fedearen bitarteko justifikazioa, apaizgo unibertsala eta Bibliaren autoritate bakarra. Fedea azpimarratzean, Jainkoarekin era zuzenean sartu behar zen harremanetan, Elizaren bitartekaritza eta egintza onen metaketa baztertuz. Hala, santuen bitartekaritza ere ez zen beharrezkoa, eta desagertu egin ziren protestantismoan. Jainkoari lanaren bitartez zerbitzatzeko kontzeptuak arrakasta handia lortu zuen Europako iparraldeko merkatarien eta burgesen artean, apaizteriaren eta nobleziaren alferkeria begitan hartuak baitzituzten. Biblia (eta ez Elizaren historia) gida bakarra behar zuten kristauek bizitzarako. Gainera, norbera da gai Liburu Sakratua irakurtzeko eta interpretatzeko, bere kontzientziarekin bat eginez eta apaizen laguntza gabe.

Ideia hauek sua lasto lehorrean bezala hedatu ziren. Geneva hirian Jean Calvinen (1509-1564) ideiek arrakasta itzela erdietsi zuten. Calvinek predestinazioa nabarmentzen zuen, hau da, Jainkoak nor salbatuko zuen jakitea ezinezkoa izanda, patua markatuta daukala gizakiak. Norbait salbaziorako bidean dagoela adierazten duten hainbat seinale daude, hala nola arrakasta pertsonala izatea.

Ingalaterran Henrike VIII.a ere (1497-1547) Erromatik aldendu zen, bere burua Ingalaterrako Elizaren buru izendatuta, Nagusitasunaren Aktaren bitartez. Eliza katolikoaren egitura gorde zen, apezpikuak eta artzapezpikuak barne, eta hainbat dogmak ere bere horretan jarraitu zuen. Hala ere, monako-ordenak desegin ziren eta haien lurrak eta ondasunak desjabetu.

Kontrarreforma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kontrarreforma»

Protestantismoak kalte espiritual eta material andana eragin zizkion Eliza Katolikoari. Horregatik, arriskua uxatzeko, Elizaren barnan korronte berritzaile bat sortu zen, fede katolikoa defendatu eta sakondu nahi zuena. Erreakzio honi Kontrarreforma izena eman zitzaion, eta ordena berri bat izan zen mugimendu honen gidari, Inazio Loiolakoak 1535ean sortutako Jesusen Lagundia.

Dogma katolikoak Trentoko Kontzilioan ezarri ziren (1545-1563). Kontzilioak erabaki zuen Bibliaren testu zilegi bakarra latinezko Vulgata zela (IV. mendean San Geronimok idatzia), eta haren interpretazioa Eliza Katolikoaren esku zegoela, eta ez beste inorenean. Halaber, dotrina ezartzerakoan, tradizioa Biblia bezain baliotsua dela. Sakramentuak zehaztu ziren, santuen eta Ama Birjinaren bitartekaritza goraipatu zen, diziplina zorroztu zen eta hainbat kontzeptu protestante (predestinazioa, fedearen bitarteko justifikazioa...) arbuiatu zituzten. Apezpikuen egitura eraberritu zen, eta apezgaien prestakuntza bultzatu eta gehiago zaindu zen.

XVII. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Krisialdi ekonomikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro Modernoaren hastapenetako hazkunde ekonomikoaren ostean, XVII. mendeak atzeraldi ekonomikoa du bereizgarri. Egitura feudal sakonagoa eta antzinakoagoa izanda, Gaztelak, Portugalek edo Frantziak gehiago pairatu zuten krisia. Ingalaterrak edo Herbehereek, ordea, XVII. mendean ongi sartu arte ez zituzten lehendabiziko zantzuak sumatu.

Europako populazio hazkundea eten egin zen Europa osoan zehar gertatutako epidemiak eta gerrak zirela eta. Gainera, nekazaritza jarduera ekonomiko nagusia zeukaten lurraldeetan, eguraldiaren gorabeherek ere nekazaritza ekoizpenaren krisia eragin zuten, lurra lantzeko teknikak deus gutxi aldatu baitziren Erdi Aroz geroztik. Gosetea etengabeko mehatxua izan zen. Konparazio baterako, Frantzian 1629 eta 1710 bitartean sei gosete handi zenbatzen dira. Krisialdiak merkataritza eta industria-ekoizpena ere eragin zituen: prezioen ezegonkortasunak garapen ekonomikoa uzkurtu zuen.

XVII. mendearen bigarren erditik aurrera, bi zutabe nagusi zituen ekonomia merkantilista burutuko zen. Haietako lehenak dio Estatu baten aberastasuna honek duen metal preziatu kopuruaren arabera neurtzen dela. Bigarren zutabeak dio, beste aldetik, metal preziatu horiek eskuratzeko beste herrialdeekiko sal-erosketak bultzatu behar direla beti ere ordainketan balantza positiboa edukita. Gauzak horrela, Europako Estatu askok ekoizpen industriala garatzeko neurriak hartu zituzten: zerga-salbuespenak, lehentasunak lehengaien horniketan, etab. Neurri hauen xedea esportazioa sustatzea eta inportazioa murriztea zen. Itsasoz haratagoko merkataritzak garrantzi handia hartu zuen, eta monopolio pribatuen bidez bideratzen zen: Indietako Konpainiak, lehendabizi Herbehereetan sortuak.

Hogeita Hamar Urteko Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hogeita Hamar Urteko Gerra»

Protestanteen eta katolikoen arteko gatazka ez zegoen guztiz bareturik XVII. mendean, nahiz eta Augsburgeko Bakeari esker (1555), lehendabiziko talkei amaiera eman zitzaien.

Bohemian protestanteek enperadorearekin zituzten tirabirak zirela eta piztu zen gerra. Izan ere, protestanteen bi eliza itxi ondoren, hauek enperadorearen bi ordezkari leiho batetik bota zituzten (1618). Praga hiria matxinatu zen. Jesuitak bota eta gero, enperadorearekin negoziazioetan hasi nahi zuten, egoera hori mantentzeko, baina gerra saihestezina bihurtu zen.

Enperadoreak agintea handitu eta fede katolikoa defendatu nahi zuen, eta horretarako laguntza handia zeukan: Espainiako Filipe III.a leinu berekoa eta katoliko sutsua zeukan. Honek tropak Herbehereetatik Palatinatura eraman zituen, Palatinatuko hautesle protestanteak Bohemiako matxinatuekin bat egin baitzuen. Herbehereak ez ziren berehala matxinatu, 1609z geroztik bakean baitzeuden Espainiarekin. Baina meniako 12 urteak igarotakoan, gerrari berrekingo zitzaion Herbehereetan ere.

Nolanahi ere, Bohemian matxinatuek porrot galanta pairatu zuten 1620an Mendi Zuriko guduan. Noblezia txekiarrak pribilegioak eta ondasunak galdu zituen. Luteranoen eta kalbinisten kontrako errepresioa gogortu zen, fedea ala herrialdea utzi behar izateraino. Bohemiako Koroa enperadorearen menpera pasa zen. Espainiak, laguntzaren ordainetan, Palatinatuko zati bat eta Valtelina, Italia eta Austriaren arteko igarobidea jaso zituen.

Alemaniako eta Espainiako habsburgotarren bat egite horrek haien arerio guztiak elkarrarazi zituen: Suedia, Danimarka, Herbehereak eta Frantzia. Danimarkak eman zuen lehenengo urratsa. Baina Wallerstein buru zuen armadak (armada inperiala, espainiarra eta bavariarra) irabazi zion Lüter-am-Barenbergeko guduan. Katolikoak Danimarkan bertan sartu ziren eta Mecklemburg, Pomerania eta Baremburg hartu zituzten. Erabateko garaipen honekin, enperadoreak birkatalizatzeari ekin zion, protestanteen kontrako errepresioa martxan jarriz eta katolikoei lurrak emanez.

Orduan Suediak sartu zuen eskua gatazkan (1630). Lehenago Danimarkak egin zuen bezala, Alemaniako luteranoen laguntza ematera eta Itsaso Baltikoan nagusitasuna lortzera borrokatu zen. Eta Danimarkari bezala, oraingo honetan ere Frantziak lagundu zion Suediari. Lehenengo garaipena protestanteentzat 1631n iritsi zen Bretenfielden. Gustavo Adolfo Suediako erregea Lützengo guduan hil zen (1632). Wallenstein buruzagi katolikoa, beste aldetik, 1634an hil zen. Horren ondoren, Pragako Bakea etorri zen. Alemaniako ipar-ekialdeko protestanteak babesturik geratu ziren, baina ez hegoaldekoak eta mendebaldekoak, haien lurrak Inperioko armadak okupatuta baitzituen.

Nolanahi ere, itun honek ez zuen Frantzia gogobete, habsburgotarren indarra bermatzen zuelako. Hortaz, gatazkan parte hartzeko deliberoa hartu zuen. Herbehereetan eta Alemanian fronte berriak ireki zituen Frantziak. Hasieran Frantziaren ahalegin militarrak kaskarrak izan ziren, eta armada inperialak eta espainiarrak Xanpaina, Borgoina eta Pikardia arpilatu zituzten. Hurrengo urteetan armada habsburgotarrak Frantziatik aterarazi arren, inork ez zuen aurrea hartzen. Hala ere, 1643an Frantziak espainiarrak Rocroin gainditu zituzten, eta 1645ean suediarrek Inperioa garaitu zuten Pragatik gertu, eta Frantziak bavariarrak Nördlingen-en. Hurrengo porrotekin, Inperioren esku Austriako lurraldeak besterik ez zen geratu. Azkenean, 1648ko maiatzean eta urrian Westfaliako bakeak sinatu ziren.

Ingalaterrako iraultzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elisabet I.a 1603an hil zen seme-alabarik gabe. Tronua Eskoziako Jakue VI.ari egokitu zitzaion, Enrike VIII.aren birbiloba baitzen. Horrela, Ingalaterrak eta Eskoziak errege bakarra zuten, bereiz egon arren. Jakue I.aren ondorengoa Karlos I.a izan zen, eta arazoak izan zituen maiz Ingalaterrako Parlamentuarekin, nori zer zegokion, batik bat zergak ezartzeko orduan. 1629tik 1640ra bitarte Parlamenturik gabe gobernatu zuen. 1642an gatazkak Ingalaterrako Gerra Zibila piztu zuen.

Oliver Cromwell

Gerra Zibilak erregearen exekuzioa ekarri zuen 1649an. Ingalaterran monarkia amaitu zen, eta Commonwealth zeritzon errepublika hasi. Karlos I.aren semea, Karlos II.a, errege izendatu bazuten ere Eskozian, atzerrira joan behar izan zuen Ingalaterra inbaditzen saiatu eta Worcester-ko gudua galdu ondoren. 1653an, Oliver Cromwell izeneko militar eta politikari nabarmenduak botereari atxiki eta Lord Protector izendatu zuen bere burua. 1658an hil arte gobernatu zuen. Gero, Richard semeari egokitu zitzaion gobernua, baina interes gutxi izanik halako gaietan, uko egin zion botereari. Burutzarik gabe, liskarrak zabaldu ziren, eta monarkia lehengoratzeko gogoa handitu zen. 1660an, Karlos II.a Britainiara itzuli eta monarkia berrezarri zen.

Karlos II.aren erregealdian, lehenengo alderdi politiko modernoak sortu ziren Ingalaterran. Zilegizko umerik ez zuenez, Jakue anai katolikoa zen oinordekoa. Parlamentuan, alderdi batek (Petitioners) eskatzen zuen hura oinordetzatik kanporatzeko, eta Whig alderdia sortu zen horretatik. Beste batzuk (Abhorrers), berriz, horren kontra zeuden, eta Tory alderdia sortu zen haietatik. Karlos II.ak, anaia kanporatzeko araudia onetsiko zelakoan, Parlamentua desegin zuen 1681ean, eta horrela gobernatu zuen 1685ean hil arte. Jakue, errege izendatuta, katolikoen alde jokatzen hasi zen. Halako politikekin suminduta, protestanteen talde batek proposatu zien Jakue II.aren alabari (Maria) eta haren senarrari (Orangeko Gilen III.a) Jakue II.a ordeztea tronuan. Gilen 1688an ailegatu zen Ingalaterrara eta boteretik egotzi zuen Jakue II.a, ofizial protestante ugarik haren alde egin ondoren.

Iraultza Loriatsua deritzon errege-aldaketa horri esker, Parlamentuaren nagusitasuna finkatu zen (Eskubideen Legea, 1689). Zenbait eskubide aitortu zitzaizkion Ingalaterrako herriari, hala nola, Parlamentuaren onespena ez zuten zergei uko egitekoa, eta, hortik aurrera monarkek protestanteak izan behar zuten nahitaez.

Barrokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Andrea Kirinalekoa, Berninik diseinatutako eliza.
Sakontzeko, irakurri: «Barroko»

Barrokoaren garaian, estilo artistikoa mugimendu puztuaz eta erraz interpretatzen diren zehaztasun argiez baliatzen zen drama, tentsioa, joritasuna eta handitasuna sortzeko eskulturan, pinturan, arkitekturan, literaturan, dantzan, antzerkian eta musikan. Estiloa 1600 inguruan hasi zen Erroman eta Italian, eta handik Europa ia osora hedatu zen.

Eliza Katolikoak bultzatu zuen barrokoaren ospea eta arrakasta. Izan ere, Trentoko Kontzilioan erabaki zen ezen, Erreforma Protestanteari erantzuteko, arteek gai erlijiosoei heldu behar zietela, era zuzenean eta zirraragarrian. Aristokraziak ere hartu zuen barrokoa inpresionatzeko eta garaipena nahiz boterea erakusteko baliabidetzat.

XVIII. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ilustrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ilustrazioa (frantsesez: le Siècle des Lumières, ingelesez: Enlightment, eta alemanez: Aufklärung) mugimendu intelektual nagusia izan zen Europan XVIII. mendean. Pentsamolde horretan, arrazoia nabarmentzen da, autoritate eta zilegitasun iturri nagusia baita, eta zenbait ideia garatu ziren, hala nola askatasuna, aurrerabidea, tolerantzia, anaitasuna, konstituzioaren menpeko gobernua eta botereen banaketa elizaren eta estatuaren artean. Frantzian, ilustratuen doktrina nagusiak norberaren askatasuna eta tolerantzia erlijiosoa izan ziren, monarkia absolutuaren eta Eliza Katolikoaren dogmen kontrastean. Ilustrazioak metodo zientifikoa eta erredukzionismoa azpimarratu zituen, baita ortodoxia erlijiosoa zalantzan jartzea ere.

Frantziako historialariek Ilustrazioaren hasiera 1715ean kokatu ohi dute (nahiz eta 1620ra arte ere atzeratu izan den), Louis XIV.aren heriotzarekin, eta bukaera, berriz, 1789an, Iraultza hasi zenean. Garaiko filosofoak (philosophes) baliabide ugariz baliatu ziren ideiak zabaltzeko: akademia zientifikoak, logia masonikoak, literatur bilerak, kafetegiak eta inprimatutako liburu eta panfletoak. Ilustrazioaren ideiak hasi ziren monarkiaren eta elizaren autoritatea husten eta atea ireki zioten XVIII. eta XIX. mendeko iraultza politikoei.

Aurreko zenbait filosoforen ideiek eragina izan zuten Ilustrazioan (hala nola, Francis Bacon, René Descartes, John Locke, eta Baruch Spinoza), baina Ilustrazioaren garaiko figurarik garrantzitsuenak dira, besteak beste, Cesare Beccaria, Voltaire, Denis Diderot, Jean-Jacques Rousseau, David Hume, Adam Smith eta Immanuel Kant. Europako agintari batzuk (Errusiako Katalina II.a, Austriako Jose II.a eta Prusiako Frederiko II.a, esaterako) saiatu ziren Ilustrazioareni deiak aplikatzen, absolutismo ilustratua deritzon politikarekin.

Garaiko argitalpenik garrantzizkoena Entziklopedia da (Encyclopédie), zein 1751tik 1772ra bitarte eman baitzen argitara. Denis Diderot-ek, Jean le Rond d'Alembert-ek (1759ra arte) eta 150 zientzialariz eta filosofoz osatutako talde batek bildu zuten informazioa Ilustrazioaren ideiak Europa osoan eta haratago hedatzeko. Hona hemen beste testu aipagarri batzuk: Voltaire-ren Dictionnaire philosophique (1764) eta Lettres philosophiques (1733); Rousseau-ren Discours sur l'origine et les fondements de l'inégalité (1754) eta Du contrat social (1762); Adam Smith-en The Wealth of Nations (1776); eta Montesquieu-ren De l'esprit des lois (1748).

Ehun Urteko Bigarren Gerraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Amerikaren banaketa 1750ean.
Sakontzeko, irakurri: «Ehun Urteko Bigarren Gerraldia»

Zenbait historialarik Ehun Urteko Bigarren Gerraldia terminoa erabiltzen dute Britainia Handiak eta Frantziak 1689tik (edo 1714tik, beste batzuen iritziz) 1815era bitarte izandako gatazka militarrak deskribatzeko. Terminoa J. R. Seeley historialariak sortu zuen 1883an.

Izan ere, Herbeheretan jaiotako Gilen III.a 1688ko Iraultzaren bitartez Ingalaterrako tronuan eseritakoan, protestantea izanik, hasi zen Frantziako Louis XIV.ari aurre egiten, bere aurrekoak ez bezala.

XVIII. mendean, aurkaritza erlijioa ekonomiara pasa zen: bi estatuak borrokatu ziren Ameriketako eta Asiako nagusitasuna lortzeko. Zazpi Urteko Gerra horren gatazkarik garrantzitsu eta erabakigarrienetakoa izan zen. Frantziak, halaber, Ipar Amerikako kolonoen independentzia babestu zuen Independentziaren Gerran. Bi herrialdeak borrokan hasi ziren berriz Frantziako Iraultzaren ondorioz sortutako gerretan eta Napoleonen garaiko ondorengoetan.

Prusiaren goraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prusiako hedapena.

Prusia izan zen Westfaliako Bakeetan etekin handienatakoa atera zuen Inperioko estatua, Ekialdeko Pomerania eskuratu baitzuen. Baina estatu aski handia zen horren aurretik ere, 1618an Prusiako Dukerria eta Brandenburgeko Margraverria batu zirenetik, hain zuzen. Inperiotik kanpo lurraldeak ere bazituenez, 1701ean Prusian Erregeko titulua (ez Prusiako erregea, enperadorea ez eragoztearren) hartu zuen Frederick I.ak.

Frederick Wilhelm I.arekin izugarrizko armada eraiki zuen Prusiak. Voltaireren hitzetan: "Estatu gehienek armada dute, baina Prusian, berriz, armadak du estatua". Suedia garaitutakoan, Pomeraniako gainerakoa eskuratu zuen Prusiak. Frederick II. Handiak Silesia konkistatu zuen Austriatik beratik hiru Silesiako gerretan (1740-1763). Prusiak, gainera, arrakastas aurre egin ahal izan zion Zazpi Urteko Gerran, Austriak, Frantziak eta Errusiak osaturiko koalizioari. Orduz geroztik, Alemaniako politika Prusia eta Austriaren arteko lehiak (Alemaniako dualismo) markatu zuen 1866 arte.

Errusiaren goraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusia XVII. mendean zabaldu zen Ozeano Bareraino. XVIII. mendearen hasierarako, munduko herrialderik zabalena zen, baina 14 milioiko populazioa baino ez zuen. Petri Handiak (1672-1725), gainera, Suediari gerra egin ondoan, irteera bat eman zion Itsaso Baltikora: San Petersburgo (1703), Errusiako hiriburu berria.

Europara begira San Petersburgotik, Petri Handiak herrialdearen administrazioa eraberritu zuen (lanpostuak mailakatu zituen 1917ra arte iraun zuen sistema berri batean), eta Eliza Ortodoxoa estatuaren egituraren parte bihurtu zuen. Petrik enperadore titulua hartu zuen (tzar), 1721ean.

Hurrengo agintari berritzailea Katalina II.a izan zen. 1762tik 1796ra arte egon zen agintean, senarraren heriotzaren ondoren. Ilustrazioaren ideiei jarraituz, artea, zientzia eta ikasketa bultzatu zituen. Otomandar Inperioaren kontra borrokatu ondoren, Errusiako muga Itsaso Beltzera eraman zuen. Poloniaren zatiketen ondorioz, Errusia Europako erdialderaino ailegatu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Datuak miliatan
  2. Ribot García, Luis (koord.) Historia del Mundo Moderno, Madril, 1996, 23-52 or.