Aromatikotasun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aromatiko» orritik birbideratua)
Bentzenoaren bi egitura erresonatzaileak eta horien irudikapean

Aromatikotasuna da molekula ziklikoen propietate kimiko bat, zeinaren bidez zikloko lotura asegabeen, elektroi-bikote bakartien eta orbital hutsen deslokalizazioak egonkortasun handia ematen dion molekulari[1].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historikoki aromatikotasunaren definizioa aldatuz joan da.

  • Hasieran, usain berezia zuten substantziak hartzen ziren aromatikotzat.
  • Ondoren, erreaktibotasun eskasa zuten hidrokarburoak hartzen ziren aromatikotzat.
  • Geroago, egonkortasun berezia zuten konposatuak hartzen ziren aromatikotzat.
  • Gaur egun erabiltzen den irizpidea egiturarekin loturik dago. Irizpide horri Hückel-en arau deritzo.

Horren arabera, honako hauek dira konposatu aromatiko izateko bete behar dituzten baldintzak:

  1. Egitura laua izatea.
  2. Konjugazioa edo deslokalizazioa maximoa izatea.
  3. π elektroien kopurua 4n+2 izatea (n = 1,2,3...), hau da, 4 baino handiagoa den π elektroi-kopurua izatea (6, 10, 14, …)

Hückel-en arauaren arabera π elektroien kopurua 4n bada, orduan ziklo hori antiaromatikoa da. Horregatik ziklobutadienoa antiaromatikotzat jotzen da; deslokalizatutako elektroi-kopurua 4 da.

Bestetik, ez-aromatiko esaten zaie lauak ez diren konposatuei eta konjugazio maximoa ez duten zikloei[2].

Konposatu aromatikoek egonkortasun kimiko handia dute, konparatzen badira antzeko molekula ez-aromatikoekin. Konposatu aromatikoek ordezkapen aromatiko elektroizaleak eta ordezkapen aromatiko nukleozaleak izaten dituzte, baina adizio elektroizalerik ez zeina ohikoa den karborno-karbono lotura bikoitza duten konposatuetan[2].

Konposatu aromatikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bentzenoaren deribatuak normalean aromatikoak izaten dira, adibidez: toluenoa eta xilenoak. Pirrolaren, furanoaren eta piridinaren moduko konposatu heteroziklikoak eta antrazeno edo fenantrenoaren moduko konposatu poliziklikoak ere aromatikoak dira.

Halaber, biziarentzat inportanteak diren konposatu anitz aromatikoak dira hala nola DNAren base organikoak, klorofila eta hemoglobina.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
  2. a b Anakabe, Eneritz & Arrasate,, Sonia. (2012). Kimika Organikoa. EHU, 51-65 or. ISBN 978-84-9860-672-0..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]