Aroztegia (proiektua)

Aroztegia, edo Arozteguía, Lekarozko auzo horretan (Baztan), Nafarroa Garaian, egin asmo den etxegintza proiektu handi bat da. Proiektuak 225 etxebizitza, 135 gelako hotel bat eta 46 hektareako golf zelai bat biltzen ditu. UPNk onartu zuen 2016an, eta PSNren zein Geroa Bairen onespena izan du. Palacio de Arozteguia SL konpainiak sustatzen du.[1]
Eraikitzeko lanak 2021eko apirilean hastekoak ziren, Covid-19 pandemiaren erdian eta oposizioko herri mobilizazioen artean, baina herri protesten erdian, urte bereko maiatzean eten ziren. Sustatzaileak 43 milioi euro erreklamatu zituen kalte-ordainetan. Proiektuak ez du Baztan osatzen duten herrien onespenik.

Bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Proiektuak berehala harrotu zituen kontrako iritzi eta jarrerak. 2016an, "Aroztegia eta gero zer?" plataformak lehendabizi. Baztango Batzar Nagusiak arbuiatu egin zuen Aroztegia proiektua, inposiziotzat hartuz. Hainbat mobilizazio antolatu ziren Baztanen eta Nafarroan. Ekologiaren, herri borondatearen eta eskualdeko herri nortasunaren eta herri euskal kulturaren kontrako erasotzat hartu izan da, eragingo lituzkeen kalte handiak gogora ekarriz.
Palacio de Arozteguia SLk, berriz, 50.000 euroko kalte ordaina eskatu zien plataformako zazpi kideri, "prentsaurreko batean parte hartzeagatik".[2][3] Enpresa horrek, gainera, Joseba Otondo eta Garbiñe Elizegi (EH Bildu) Baztango alkate eta alkate-ohiaren kontra jo zuen, prebarikazioa leporatzen zien demanda bat aurkeztuz 2016ko maiatzaren 2an.[4] EH Bilduk "UPNren pozoitutako herentziatzat" jo zuen.
Auzitegiek Garbiñe Elizegiri isuna jarri zioten proiektuari "hirigintza pelotazo" deitzeagatik. 2016ko ekainaren 5ean, proiektuari buruzko herri galdeketa egin zen Baztanen, eta bozkatu zutenen % 80k kontra egin zuten. Hamar alkatek emaitza onartzea eskatu zioten Nafarroako Gobernuari. Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidentea Baztanen egon zen urte bereko abenduaren 23an; proiektuak "interes turistikoa" duela esan zuen, eta aurka zeudenei "ikuspegi globala" galdegin zien.[5] 2017ko abenduaren 27an, Nafarroako Gobernuak behin betiko onartu zuen Aroztegia proiektua, Baztan, Etxalar eta Ultzamako udalen alegazioak baztertu ondoren.[6]
Protesten eta borroken erdian, 2021eko maiatzean obrak geldiarazi egin ziren, eta bertako hainbat herritarrek eta proiektuaren kontrako mugimenduak besta batez ospatu zuten hurrengo urteko maiatzean.[7] Haatik, 2022ko ekainean, proiektuaren sustatzaileak 43 milioi euro erreklamatu zituen kalte-ordainetan.[8]
2024ko uztailaren 16an jakinarazi zenez, Nafarroako Auzitegi Nagusiak hogei urteko kartzelaldia eskatu zuen guztira zuen zazpi herritarrendako, obrak geldiaraztearren. 56.000 euroren isuna ere ezarri zieten. «Talde kriminal antolatu bat izatea» leporatu zieten akusatuei. Herritarrek Nafarroako Gobernuari eskatu zioten «UGEPa bertan behera uzteko»,[oh 1] eta Euskal Herriari elkartasunerako deia egin zioten.[9] 2025eko maiatzean, epaiketa hasi zen, baita elkartasunezko kanpaldi bat ere.
Aroztegiaren aurkako akanpada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2021eko apirilaren 8an proiektua gauzatzeko obrak hasi baziren, protestariak obrak geldiarazten saiatu ziren hondeamakinen aurrean jarriz. Apirilaren 16an, bestetik, Aroztak herri ekimenak lursailetan aurkako erresistentzia-akanpada egitera deitu zuten. Baztango nahiz kanpoko jendeak akanpada antolatu zuten bertatik proiektu txikitzailea gera arazteko asmoz. Astebete ondoren, TEX enpresaren makinak lekutik eraman zituzten eta ekologistek akanpada altxatu zuten, aldi berean, maiatzaren 15ean, Elizondon, manifestazio batera deituz.[10]
2025eko maiatzean, epaiketaren bezperetan, Aroztegiko Elkartasun Komiteak zazpi auzipetuen absoluzioa aldarrikatzeko kanpaldia antolatu zuen, maiatzaren 4tik 10era, Elizondoko Plazan. Aldi berean, ekimen anitz iragarri zituzten, baita auzi garairako mobilizazioak ere, elkartasuna albait zabalena izan zedin.[11]
Epaiketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2021eko apirilean Lekarozen (Baztan, Nafarroa) Aroztegiko obrak geldiarazteko egin zituzten kanpaldiengatik, guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatu dituzte zazpi baztandarrentzako. Ernairen ustez, auzia ez da «bakana», ezta «ausazkoa» ere; are, iritzi dio «sistema kapitalista, ekozida eta zisheteropatriarkalari» mesede egiten dion aurrekari bat sortu nahi dutela, eta ziur da mugarria ezarriko duela «herri mugimenduen kriminalizazioan». Aroztegiko auzipetuei babesa erakusteko, herritarrak mobilizatzera deitu zituzten otsailaren 1erako, Iruñean.[12]
Manifestazioa Aroztegiko Elkartasun Komiteak antolatu zuen, eta milaka pertsona elkartu ziren Iruñeko kaleetan, antolatzaileen esanetan 18.000 lagun. Lekarozen (Baztan, Nafarroa) eraiki nahi zen hirigintza proiektu «espekulatzailearen eta suntsitzailearen» aurka egin zuten protesta, eta galdegin zuten Aroztegiko auzian epaituko zituzten zazpi herritarrak absolbitzeko, Lurraren defentsan, kriminalizaziorik ez lelopean. «Absoluzioa eskatu nahi dugu, eta horrez gain, salatu nahi dugu Aroztegiko proiektua martxan dela oraindik, eta Nafarroako Gobernuak babesten duela, udalerriz gaindiko eragina duen plana den heinean», salatu zuen auzipetuetako batek, Aintzane Ariztegik. Epaiketa: otsailean egitekoa zen, baina maiatzaren 19tik 23ra bitartean eginen dute.[13]
2025eko maiatzean, akusatuen kontrako epaiketa hasi zen. Zazpi pertsona zeuden auziperaturik, eta guztira, 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatzen zitzaien zazpi auzipetuei.[14] Haietako seik beren abokatuen galderei erantzun zieten soilik; Garbiñe Elizegik, berriz, galdera guztiei, eta adierazi zuen «sorgin ehiza batean» sentitu zela. Guztiek azaldu zuten ekintza baketsuak egin zituztela.[15] Kontrako aldean, akusazioren hiru lekukok (bi guardia zibilek eta hirigintza proiektuaren bazkideetako batek) adierazi zuten akusatuek «talde antolatua» osatzen zutela.[16]
2025eko irailean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen auzipetuek ez zutela kartzelara joan beharko, baina guztiek isunak ordaindu beharko zituztela: protestetan identifikatu zituzten aldien araberako isuna izanen zen, gehienez 9.900 eurokoa. Epaiaren arabera, zazpi auzipetuek obrak gelditu zituzten eta langileen lana oztopatu zuten, eta, hortaz, derrigortze delituagatik akusatu zituzten; baina ez zegoen froga nahikorik «talde kriminal» bat zirela ondorioztatzeko. Sententzia ez zen irmoa, eta helegitea aurkezteko atera irekita uzten zuen.[17]
2025eko irailaren 19an, Nafarroako Auzitegi Nagusiak sententzia eman zuen auziaren gainean: zazpi auzipetuek ez zuten kartzela zigorrik bete beharko, baina isunak ordaindu beharko zituzten. Auzitegi horrek ebatzi zuen ez zegoela frogarik «talde kriminal» bat zirela ondorioztatzeko. 2026ko urtarrilean, Iruñeko 3. Zigor Epaitegiak baztertu egin zuen Aroztegi makroproiektuaren sustatzaileek jarritako helegitea, «banda kriminaleko kide» zirela argudiatuz aurkeztua. Hala ere, azken hitza Espainiako Auzitegi Gorenak izan zezakeen.[18]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ UGEP da Udalez Gaindiko Eragina duen Plana.
Erreferentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «50.000 euroko kalte ordaina eskatu diete Aroztegiaren aurkako plataformako zazpi kideri» Argia (kontsulta data: 2021-04-18).
- ↑ «50.000 euroko kalte ordaina eskatu diete Aroztegiaren aurkako plataformako zazpi kideri» Argia (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ «Aroztegia proiektuaren aurkako zazpi herritarrek bake epaitegira aurkeztu behar izan dute» Argia (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ «Aroztegia enpresaren salaketagatik deklaratuko dute Baztango alkateak eta alkate ohiak» Argia (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ «Aroztegiaren inguruko galdeketaren emaitza onartzeko eskatu diote hamar alkatek Nafarroako Gobernuari» Argia (kontsulta data: 2021-04-18).
- ↑ Orzaiz, Ion. «Nafarroako Gobernuak behin betiko onartu du Aroztegiko proiektua» Berria (kontsulta data: 2021-04-19).
- ↑ «Aroztegiako obrak geratzea lortu eta urtebetera, festa egin dute Lekarozen» Argia (kontsulta data: 2022-06-30).
- ↑ (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2022-06-28). «El impulsor de Aroztegia reclama 43 millones de euros por la suspensión de las obras» naiz: (kontsulta data: 2022-06-30).
- ↑ «Hogei urteko kartzela zigorra eskatzen dute zazpi herritarrendako, Aroztegiko obrak geldiarazteagatik» Berria 2024-07-16 (kontsulta data: 2024-07-17).
- ↑ «Hondeamakinek Aroztegitik alde egin dutela ikusita, “garaipena ospatu” eta kanpalekua utzi du Aroztak-ek» Argia (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ elkartea, IPARLA BAIGURA KOMUNIKAZIOA. (2025-04-30). «Aroztegiko auzipetuen aldeko elkartasun kanpaldia izanen da maiatzaren 4tik 10era» Kazeta.eus (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ «Ernaik salatu du «militantzia politikoagatik» epaituko dituztela Aroztegiko auzipetuak» Berria 2025-01-25 (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ «Aroztegiko zazpiak absolbitzeko eta «proiektu espekulatzaileak eta suntsitzaileak gelditzeko» eskatu du jende olde batek Iruñean» Berria 2025-02-01 (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ «Gaur, 2025eko maiatzaren 19an, hasi da Aroztegiko lanak geldiarazteagatik» orain.eus (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ «Aroztegia epaiketa: protestetan ez zela indarkeriarik erabili deklaratu dute auziperatuek» orain.eus (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ «Gaur, 2025eko maiatzaren 19an, hasi da Aroztegiko lanak geldiarazteagatik» orain.eus (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ Jaurena, Isabel. (2025-09-19). «Aroztegiko zazpi auzipetuek ez dute kartzela zigorrik bete beharko, baina isunak ordaindu beharko dituzte» Berria (kontsulta data: 2025-09-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2026-01-14). «La Audiencia navarra rechaza el recurso de las empresas contra la sentencia de Aroztegia» naiz: (kontsulta data: 2026-01-15).