Edukira joan

Arrano kultur elkartea (Beasain)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Beasaingo Arrano Kultura

Datuak
HiriaBeasain
Probintzia/EstatuaGipuzkoa

Beasaingo Arrano Kultura (Beasain, Gipuzkoa) 1984an sortutako elkarte kulturala da. Kulturatik Beasain eta Euskal Herria euskaldun, justu eta biziagoa eraikitzea du helburu eta horretarako hainbat ekimen antolatzen ditu urtero. Besteak beste, Mariren jaitsiera, Baserritarren Eguna, Margo Sariketa, hitzaldiak, Sigi-Sagas jaialdia, bertso saioak, sendabelar tailerra eta pilota eta pala txapelketa. [1][2][3]

Arrano Kultur Elkartea 1984an sortu zen. Ofizialki “El Águila” zen, auzitegiek hala eskatuta. Frankismo itogarriaren osteko urteak ziren. Gatazka gordinaren testuinguruan, ez ziren urte xamurrak: kontrolak, hildakoak, tortura, eskubide zibil eta politikoen urraketa… Hala ere, pixkanaka irekiera politiko, sozial eta kulturala gauzatu zen, eta milaka elkarte, alderdi politiko edota kultur talde sortu ziren Euskal Herrian.

Beasainen ere halaxe izan zen. Beasain “lo egiteko herria” zen orduan, eta herria berpiztu nahian elkarte ugari sortu ziren garai horretan: dantza taldeak, elkarte gastronomikoak… Tartean baita Arrano Kultur Elkartea ere. Kasu honetan, elkartearen bidez beasaindarrei leku ireki eta bizia eskaintzea zen helburua, Beasain eta Euskal Herri euskaldun, justu eta biziagoa eraikitzeko. [4][5][6][7]

Hasierako lokala Oriamendi kalean hartu zuten. Ahalik eta jende gehienak parte hartu zezan, denen eskura jartzen ahalegindu ziren: bazkideen kuota baxua zen, beste taldeentzat ere irekia zen… Hori aprobetxatuz, hamarnaka lagun aritu ziren parte hartzen.

Beste elkarteetan bezalaxe oro har gizonak ziren protagonista nagusiak. Hala ere, parekidetasunaren bidean zenbait urrats eman ziren garai horretan. Adibidez, emakumeei sukaldean sartzeko aukera eskaini zitzaien. Orduan ez zen batere ohikoa.

Mariren jaitsiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mariren Jaitsiera Loinatz Jaietan

Behin elkartea lortuta, kideetako bati Mariren bueltan ekimena egitea bururatu zitzaion. Joxe Migel Barandiarangana jo zuten Mariren historia jasotzera, eta irakaspen horietan oinarrituz Mari, Muruko Dama ikuskizuna egin zuten 1986an, San Joan bezperan. Ekimen hartan, besteak beste, herriko idazleek, haur eta gazteek, musikariek, margolariek eta bertsolariek hartu zuten parte. Garai hartako esku orriak dioenez, «herri osoaren ikuskizuna» izan zen, «beasaindarrek egina eta beasaindarrentzat».

Hortik abiatuta, hurrengo urteetan Mariren Jaitsiera antolatzen hasi ziren Aurtzaka dantza taldearekin eta Loinatz Abesbatzarekin batera. Orduaz geroztik, Beasaingo Loinaz jaiei Mariren aldarri eta irrintzi artean ematen zaie hasiera, euskaratik eta euskaraz.

Lokal eta ekimen berriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste hainbat ekimen ere egin zituzten hamarkada horretan: elkartearen urteurrena ospatzeko festak, sendabelar tailerrak, musika jaialdiak, preso politikoen aldeko Olentzeroa, bertso saioak, mus txapelketak... Tartean azpimarratzekoa da Baserritar Eguna. Aurretik herriko festetako lehen asteartean “Ezkonduen eguna” egiten zen. Ospakizuna, baina, erabat zaharkituta zegoen, eta beste zerbait egin behar zela pentsatu zuten. Beasainmendiko kuadrillaren laguntzaz, Baserritarren Eguna antolatzeari ekin genion.

Ekimenak eta bazkideak gehitu ahala, Oriamendiko lokala txiki geratu zitzaien. Hala, 1991an Kale Nagusira egin zuten aldaketa. Elkarte berria auzolanean eraiki zuten, bazkideen arteko elkarlanean. Astebukaeraro elkartzen ziren: hondakinak atera, paretak margotu… Era horretan, oraindik ere martxan jarraitzen duen txokoa eraiki zuten.

Lokal berriaren babesean, pixkanaka urteroko ekimenak egonkortu egin ziren: udaberrian bertso afaria egiten zuten elkartean; ondoren Mus Txapelketa plaza azpian; herriko festetan Mariren jaitsiera eta Baserritarren Eguna antolatzen zituzten; udazkenean, berriz, Margo Sariketa egiten zuten; azkenik, bertso saioa egiten zuten. [8]

Herriko bertsolarien laguntzaz, bertsotan zenbait berrikuntza ere egin zituzten: bertso paperak eta Bertsomovieda ekimena,[9][10] esaterako. Horrez gain, euskara bultzatzeko beste zenbait ekimen ere egin zituzten. Adibidez, Kilometroak, Araba Euskaraz, Herri Urrats, Nafarroa Oinez eta beste zenbait ekimenetara autobusa antolatzen zuten herriko beste elkarte batzuekin batera.

Oztopoak eta itxiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Beasaingo Arrano Kultura Elkarteak antolatutako margo sariketa 2007.

2000ko hamarkada hasieran estatu espainiarrak “Dena da ETA” doktrina zabaldu zuen eta oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratu zituen: alderdiak eta erakundeak ilegalizatu, ‘Egin’ eta ‘Euskaldunon Egunkaria’ hedabideak bortxaz itxi… tartean, Euskal Herriko Arrano elkarte eta tabernak ere jopuntuan jarri zituzten.

Beasaingo Arrano elkarteak zigor bikoitza jasan zuen. Batetik, Batasunako Mahai Nazionalaren kontrako operazioaren harira, 2007an itxi zuten. Bestetik, “Herrikoen” auzian sartu eta zigortu egin zuten.

Trabak traba, Arrano Kultur Elkarteko kideek jarduerak mantentzeko konpromisoa hartu zuten. Elkartea itxita egonagatik, aipatutako ekimenak antolatzen jarraitu zuten. Horretarako, herriko beste elkarteengandik ezinbesteko babesa jaso zuten. Adibidez, beraien atxikimenduekin agiri bat atera zuten.

Taldearen eraberritzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pixkanaka egoerari buelta eman eta betiko martxari heldu zioten. Adibidez, 2017an Kale Nagusiko elkartearen 25. urteurrena ospatu zuten, herri bazkaria, hitzaldia, argazki erakusketa eta abar eginez.

Hala ere, elkartearen hasierako sua pixkanaka itzaltzen hasita zegoen: errelebo falta, ekimen berriak pentsatzeko ezina… Hori kontuan izanik, taldea birpentsatu eta arnasberritzea erabaki zuten 2022an.

Horretarako hiru saio ireki egin zituzten. Belaunaldi, ibilbide eta interes oso ezberdinetako 25 lagun elkartu ziren, eta helburuen, ekimenen eta antolatzeko moduaren inguruko gogoeta sakona egin zuten.

Bilera horietan ordura arteko printzipio nagusia berretsi zuten: kulturatik bestelako Beasain eraiki nahi dute. Zehazki, euskaran, feminismoan, ekologismoan, herri-kohesioan eta burujabetzan oinarritutakoa.

Antolaketan zenbait aldaketa egin ostean, aurretik egiten ziren ekimenei jarraipena emateaz gain, berriak ere planteatu zituzten: Sigi-Sagas jaialdia, hitzaldiak, pilota eta pala txapelketa, pote filosofikoak, Izarren gaua, sendabelarren tailerra, mendi martxa…

Tartean izena eta logoa ere egokitu zituzten: izen ezberdinen arteko bozketa egin ostean, aurrerantzean Arrano Kultura izango da. Horrez gain, 40. urteurrena ospatzeko aste osoko egitaraua eta dokumentala ere egin zituzten 2024an.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. lehenetsia, Gune. (2023-01-21). «Beasaingo Arrano kultur elkarteak aro berria hasi du, lantaldeak birmoldatuta eta irudia berrituta» Goierriko Hitza (kontsulta data: 2026-01-07).
  2. «Arrano Kultur Elkartea» Beasain Jaietan (Beasain: Beti Bizi KE): 64..
  3. Nola Itsatsi Beasainen gure cultura?. Beasain: Beti Bizi KE, 72 or..
  4. «Arrano Kultru Elkartea» Beasain Jaietan (Beasain: Beti Bizi KE): 85..
  5. Mujika, Iñaki. (2000). «Arrano Beltza K. E. – 20 urte herrikirol taldea» Beasain Jaietan (Beasain: Beti Bizi Elkartea): 144..
  6. Muxika, Iñaki. (2003). «Beasaingo Arrano beltza Euskal herri-kirol taldea» Beasain Jaietan (Beasain: Beti Bizi KE): 146..
  7. «Beasainen Euskal Cultura berpizteko ahaleginean» Beasain Jaietan (Beasain: Beti Bizi KE): 89..
  8. «VI. Neguko Bertso-paper lehiaketa» Beasain Jaietan (Beasain: Beti Bizi KE): 54..
  9. Gurrutxaga, Iñaki. (2018-05-03). «Zazpigarren Bertsomovieda ere, kalitatezkoa» Goierriko Hitza (kontsulta data: 2025-11-13).
  10. «Indartsu jaio da bertso movi(e) da!» Beasain Jaietan (Beasain: Beti Bizi KE): 177..
Ikus kategoria: «Beasaingo elkarteak»